107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

5E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide batzuk izendatzen dituena.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emailea da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikia, eta haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuan arautuak daude.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzen dituen maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuaren 4. artikuluak adierazten duenez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen da Kontseiluko burua, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea lehenbiziko buruordea. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak izendatuko eta kargutik kenduko ditu kontseilua osatzen duten pertsonak, beren kargua dela kausa kontseilukide izan behar direnak izan ezik, bai eta haien ordezkoak ere.

Arau beraren 6. artikuluak, bestalde, adierazten du ezen Kontseiluko burua eta lehenbiziko buruordea postu horietan arituko direla izendapen bidezko kargua betetzen duten bitartean. Kontseiluko kideei dagokienez, lau urterako hautatuko direla ezartzen du, eta izendapena iraupen bereko aldietarako berritzen ahalko da.

Azkenik, 7. artikuluak xedatzen du kargualdia bukatzeaz besteko arrazoiren batengatik kontseiluan sortzen diren hutsuneak kasuan kasuko ordezkoak beteko dituela, eta horren kargualdia bukatuko dela, betiere, gainerako kideena bukatzearekin batera.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak eman abuztuaren 30eko 39/2018 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideak izendatu ziren.

Izendapen horren indarraldia bukaturik, eta goian adierazitakoa betez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak erakundeei eta entitateei eskatu die izenda ditzatela kontseiluan bakoitzari esleitutako lekua bete behar duen kide titularra eta haren ordezkoa.

Horiek guztiek dagozkien izendapenak egin dituzte, bi hauek izan ezik: emakume gazteak ordezkatzeko kidea (horren proposamena Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak egin behar du) eta ijito etniako emakumeak ordezkatzeko kidea (horren proposamena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak egin behar du). Beraz, kide horien izendapena atzeratu egin da emakume talde horiek dagozkien ordezkariak hautatu arte.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak eman martxoaren 15eko 2E/2024 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideak izendatu ziren.

Maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuaren 4.g) artikuluak ezartzen du emakume bat izendatuko dela ijito etniako emakumeen ordezkari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak proposaturik, Nafarroan aktibo dauden ijitoen elkarteen artetik.

Hala, martxoaren 15ean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak dagokion izendapena egin zuen.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua osatzeko hautatu diren pertsonak izendatzeko proposamena egin du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako pertsona hauek Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kide izendatzea, bat etorriz Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzen dituen maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin:

–Ijito etniako emakumeak ordezkatzeko, María Antonia Borja Salazar andrea kide titular gisa eta Yolanda Amador Jiménez andrea ordezko gisa.

2. Foru agindu hau interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 9an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2407576