107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

55/2024 FORU DEKRETUA, maiatzaren 8koa, 2024. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria Alfredo Sanzol Sanz jaunari ematea xedatzen duena.

"Vianako Printzea" Kulturaren Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen 1990. urtean, aintzat hartzeko asmoz kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Nafarroako Gobernuari proposatzea Alfredo Sanzol Sanz jaunari eman diezaiotela 2024. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria, bildu dituen merezimendu nabarmenengatik.

Alfredo Sanzol zuzendari eta antzerkigilea dramaturgia garaikideko erreferente bat da, gure herrialdeko kultur panoraman izen handia duena. Sanzolek bere baitan biltzen eta ordezkatzen ditu sari honek berezkoak dituen balioak; izan ere, saria gizartearen eraikuntzan eta garapenean funtsezkoak diren kultur arloko ibilbide pertsonal edo kolektiboak nabarmentzeko sortu zen 1990. urtean.

Bere ibilbidean zehar, Sanzolek bere testuen zuzendari-lana eta Sofokles, Oscar Wilde, Valle-Inclán, Lope de Vega, Shakespeare eta beste klasiko batzuen lanen zuzendaritza uztartu ditu. Ibilbide horretan, sorkuntza-lana irakaskuntzarekin ere uztartzen jakin izan du, antzerki-lanak sortzeko eta zuzentzeko tailerrak eta ikastaroak egin baititu, eta zenbait liburu argitaratu.

Ibilbide profesional horretan, nabarmen da Nafarroarekin, bere lurrarekin, duen lotura, beti eramaten baitu bere iruditerira, eta bere testuetan ere agertzen baita. Izan ere, bere irizpidea da tokikoa unibertsalizatzea eta anekdota bat gauza handi baten metafora bihurtzea. Nabarmentzekoa da, orobat, Zentro Dramatiko Nazionaleko zuzendari gisa egin duen lana, non, preseski, kargualdia luzatu baitiote duela egun gutxi; izan ere, bere zuzendaritzapean espazio multikulturala, polifazetikoa, irekia, integratzailea, feminista, berritzailea eta trebatzailea bilakatu da.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2024. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko maiatzaren zortzian egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. 2024. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria Alfredo Sanzol Sanz jaunari ematen zaio.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Alfredo Sanzol Sanz jaunari jakinaraztea.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2407429