107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1794/2024 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Carmen Casado Ullate andrea izendatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario, laborategiko laguntzaile teknikoen lanpostuetan aritzeko, eta lanpostua esleitzen baitio.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 27ko 2474/2022 Ebazpenaren bidez, zenbait sarrera-prozeduraren deialdiak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko C mailako lanpostu batzuetan, haren II. eranskinean zerrendatzen zirenetan, gehieneko plaza kopuru bat salbuespenez merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan. Ebazpen hori 2022ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3koan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 9ko 94/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko urtarrilaren 23an.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 949/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko martxoaren 16an.

Merezimendu-lehiaketaren baremazioa bukaturik, deialdiaren web-fitxan, 2023ko azaroaren 16an, puntuazio handiena zuten eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen zituzten izangaiak izendatzeko proposamena argitaratu zen. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abenduaren 21eko 4386/2023 Ebazpenaren bidez eta urtarrilaren 25eko 310/2024 Ebazpenaren bidez, eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta baldintzak betetzen zituzten izangaiak izendatu ziren.

Horretarako zeukan epearen barruan, Ana Cristina Granados Olivares andreari borondatezko eszedentzia eman zitzaion, lanpostuaz jabetu zenetik aurrerako ondorioekin, administrazio bereko beste lanpostu baten titularra delako, eta, ondorioz, Nuria Martínez andrea sartu zen 2024ko martxoaren 12an argitaratutako izendapen proposamen osagarrian. Nuria Martínez Muñoz andreak uko egin zion hautapen prozesuan parte hartzeari.

Azkenik, 2024ko apirilaren 11n, bigarren izendapen proposamen osagarria argitaratu zen, Carmen Casado Ullate andrearen alde, izangai hori haren jarrai-jarraian ageri baitzen izangaien zerrendan.

Eskatutako dokumentazioa behar zen epean aurkezturik eta proposatutako izangaiak betebeharrak betetzen dituela egiaztaturik, bidezkoa da izendapena egitea eta dagokion lanpostu hutsa esleitzea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Carmen Casado Ullate andrea Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzea, laborategiko laguntzaile teknikoen lanpostuetan aritzeko, eta 2213 zenbakia duen lanpostua esleitzea, funtzionarioen araubidekoa eta destinoa Atarrabian duena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikia.

2. Izendatutako izangaiak 2024ko maiatzaren 30ean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian.

Lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

3. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzura, eta interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 8an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2407605