107. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

53E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zenbait eskumenen erabilera eskuordetzen baitzaie Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendariari.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Horrez gain, artikulu horrek ezartzen du eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo errebokatu daitekeela, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela. Ezartzen du, orobat, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Zuzendaritza nagusiaren jarduerak aurrera eramateko behar diren eraginkortasuna eta lastertasuna lortzeko, egokitzat jotzen da Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagozkion zenbait eskumenen erabilera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea indarreko xedapenen arabera Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagozkion eskumen hauek, merkataritzaren eta artisautzaren arlokoak:

a) Zerbitzuak tramitatzen dituen dirulaguntzak ordaintzea, haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta dirua itzultzeko eskatzea.

b) Nafarroako Artisautza Erregistroarekin lotutako prozedurak.

c) Merkataritza arloko arau-hauste arin eta larriengatik irekitzen diren zehapen prozedurak hastea eta ebaztea.

2. Kontsumo Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea indarreko xedapenen arabera Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagozkion eskumen hauek, kontsumoaren arlokoak:

a) Zerbitzuak tramitatzen dituen dirulaguntzak ordaintzea, haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta dirua itzultzeko eskatzea.

b) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen eta erakundeen Erregistroarekin lotutako prozedurak.

c) Merkataritza arloko arau-hauste arin eta larriengatik irekitzen diren zehapen prozedurak hastea eta ebaztea.

3. Ebazpen hau Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura eta Kontsumo Zerbitzura igortzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 7an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.

Iragarkiaren kodea: F2407404