106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

218E/2024 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, errepide bidezko garraioan prestakuntza-ekintzak antolatzeko dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 753809.

Etengabe eboluzioan ari den gizarte baten behar aldakorrek ekartzen dute garraioaren sektoreko enpresek dinamika berritzaile horretara egokitu behar izatea.

Testuinguru horretan, langileen prestakuntza funtsezko tresna bat da sortzen diren erronkei erantzuteko. Horregatik, egokia da dirulaguntzak ematea errepideko garraioaren sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko, sektore horren profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, bertaratu gabeko ikaskuntza elektronikoa pixkanaka ezarri behar izan da, funtsezko tresna bihurtu baita prestakuntza emateko, ez prestatzaileak ez parte-hartzaileek lekualdaketa fisikorik egin behar izan gabe.

Hala, ebazpen honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, 2024an Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat prestakuntza-ekintzak antolatzeko (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak).

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2024an, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, baita ebazpen honen eranskin moduan bildutako oinarri arautzaileak ere.

2. 35.000 euroko gastua onestea, 2024ko gastu aurrekontuko "Garraio sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko laguntza" izeneko 230002/23200/4819/441102 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ERREPIDEKO GARRAIO PUBLIKOAREN SEKTOREAN PRESTAKUNTZA-EKINTZAK ANTOLATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK. LAGUNTZAK NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEARI JARRAIKIZ BANATUKO DIRA

Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.

1. Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea prestakuntza-ekintzak antolatzeko (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat.

2. Ekintza horiek 2024ko azaroaren 1a baino lehen egin beharko dira.

Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira lanbide gaitasunaren ziurtagiriak, segurtasun aholkulari izateko ziurtagiria eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak lortzeko antolatzen diren ikastaroak.

3. Ekintzak aurrez aurre edo bertaratu gabe egiten ahalko dira, baldin eta bertaratu gabeko edo urrutiko prestakuntza ematea deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren aurkakoa ez bada.

Urrutiko prestakuntzak ezinbestekoa du antolatzaileak, prestatzaileak eta bertaratzen direnek baliabide telematikoak izatea, sortutako ingurunean prestatzaileak edo hizlariak eta ikasleek batera eta denbora errealean elkarrekin jardun dezaten.

Zehazki, komunikazio-sistema telematiko sinkronoa izan behar da, uneoro bermatzeko konektagarritasun sinkronizatua dagoela hezitzaile edo hizlarien eta parte hartzen duten ikasleen artean, eta komunikazioak bi noranzkokoak direla, ikasle horiek parte har dezaten.

Era berean, laguntzak emateko baldintzak betetzearen gaineko kontrola bermatzeko, sistema bat prestatu beharko da, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aipatu konexioen jarraipena egin dezan, denbora errealean (prestakuntza eman bitarteko konexioa) bezala ondoren ere.

Bigarrena.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2024ko gastu-aurrekontuko "Garraio sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko laguntza" izeneko 230002/23200/4819/441102 partidaren kargura finantzatuko dira. Egiten diren prestakuntza-ekintzei dagokien dirulaguntza 35.000 eurokoa da.

Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza-ekintzetarako, kostuaren %100era bitarteko dirulaguntza ematen ahalko da, gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, oinarri honetan eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera zehaztuta, seigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuazioen arabera haztatuko da.

Horrela kalkulatutako dirulaguntzen zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.

2. Agiri bidez justifikatutako gastu hauek baino ez dira izanen diruz lagungarriak:

2.1. Irakasleak edo hizlariak: kontratu finkoa edo behin-behineko kontratua duten langileen soldata edo ordainsariak edo kanpoko irakaskuntza-zerbitzuak, eta kasu honetan sartuko dira joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

2.2. Prestakuntza-ekintza gauzatzeko emandako material didaktikoa.

2.3. Ikasgelak:

2.3.1. Erabilitako instalazioak hirugarren baten jabetzakoak badira, erabilitako ikasgelak alokatzeko gastuak.

2.3.2. Erabilitako instalazioak onuradunarenak badira, higiezina amortizatzeko kostua (oro har onartutako kontabilitate arauen arabera kalkulatua), eta argindarrari, urari eta ikasgelen garbiketari dagozkien gastuen zati proportzionala, horiek guztiak prestakuntza zehatzari ematen zaizkion denboraren eta metroen arabera kalkulatuak.

2.4. Ikastaroak egiten diren instalazioetan jarritako lan ekipo eta tresnak, hau da, hezkuntza jarduketa egitea ahalbidetzen dutenak. Instalazioen irizpide bera aplikatuko da ekipoak alokatzeko gastuarekin edo amortizazio kostuarekin, ondasun inbentariagarrien kasuan.

2.5. Prestakuntza-ekintzaren publizitate eta propaganda gastuak: ekintzen publizitatea (besteak beste, afixak, liburuxkak eta iragarkiak) egiteko behar diren gastuak.

2.6. Prestakuntza-ekintza antolatzeko eta kudeatzeko gastuak.

Partida horretan egotziko dira prestakuntza-ekintzen antolaketa, jarraipen eta kontrol prozesu osoak eragindako langile-kostuak. Egozpena ikastaroak irauten duen ordu kopuruarekiko proportzionala izanen da.

Atal honetan biltzen dira aseguruko primen gastuak, prestakuntza-ekintza bermatzeko beharrezko direnak.

3. Prestakuntza-ekintzen diru-sarrerak:

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren prestakuntza-ekintzen kasuan, entitate antolatzaileak ekintza bakoitzean izandako diru-sarreren berri eman beharko du. Horiek ekintzaren kostutik kenduko dira, dirulaguntzak eta diru-sarrerak baturik aipatu kostua gainditu ez dezaten.

Hirugarrena.–Gastu diruz lagungarrietarako mugak.

Bigarren oinarriko 2. atalean zehaztutako gastu diruz lagungarriak proposatzen diren ekintzen araberakoak izanen dira. Horien barruan, eta gastua zentzuzkoagoa izan eta hobeki egokitzeko lortu nahi diren helburuetara, honako muga hauek ezartzen dira:

1. Irakasleen edo hizlarien gastuak:

1.1. Kanpoko langileak badira eta ez badaude entitate eskatzailearen soldatapean, gastu diruz lagungarria 135 euro dira gehienez, pertsona eta ordu bakoitzeko, barnean direla ordainsariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

1.2. Entitate eskatzailearen soldatapeko langileak badira, justifikatzen den lan kostua besterik ez da diruz lagunduko.

2. Material didaktikorako gastuak: inskribatutako ikasle kopuruaren baliokidea, gehienez ere aleen %10 handituta (ulertuta barneko irakaskuntza erabilerakoak direla). Kostuak bat etorri beharko du dirulaguntzaren eskaeran adierazitako ikasleko zenbatekoarekin.

3. Ekintza antolatzeko eta kudeatzeko gastuak: langile-kostuei dagokienez, gastu diruz lagungarria emandako dirulaguntzaren %10 izanen da gehienez ere.

Laugarrena.–Onuradunak.

Garraiolari elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak, baldin eta legearen arabera eratuak badaude eta helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute.

Ez zaie dirulaguntzarik ematen ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan (aurrerantzean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea) aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.

Bosgarrena.–Eskaerak eta eskatzen diren agiriak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak nahitaez aurkeztu behar dira telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (hemendik aurrera, katalogoko fitxa); fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da. Identifikatzeko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, eta jakinarazpenak jasotzeko, gaitutako helbide elektronikoa, hamabigarren oinarrian zehaztutako eran lor daitekeena.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, elkarte edo entitate interesdunari aurkezpen telematikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

3. Elkarte edo entitateak prestakuntza-ekintza bakoitzeko eskaera bat eginen du, honako dokumentazio hau erantsita:

3.1. Laugarren oinarrian eskatzen dena betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa:

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribaturik egotearen frogagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura, eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Honako hau frogatzen duten agiriak: Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza edo garraioaren arloko prestakuntzan duen esperientzia.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, a), b), c), d) edo e) ataletan zehaztutako agiriak ez dira aurkeztu behar, baldin eta administrazioaren eskuetan badaude. Hala bada, horien ordez entitatearen ordezkariak egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten ahalko da, eskaeraren formularioan dagoena (III. eranskineko eredua, katalogoko fitxan dagoena), eta hartan berariaz adierazi beharko da agiriak noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu ziren, eta, orobat, ez dela aldaketarik izan haiek aurkeztu zirenetik, aipatutako legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, datuak Datuak Egiaztatzeko eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez kontsultatzeko baimena espresuki ukatzen badu, III. eranskineko formularioan horretarako dagoen laukia markatuta. Aipatutako baimen hori Egiaztatze Sistemara sartzeko konfigurazioa, ezaugarriak, betekizunak eta prozedurak ezartzen dituen abenduaren 26ko PRE 3949/2006 Aginduan ezarrita dago.

3.3. Prestakuntza-ekintzei buruzko dokumentazioa:

a) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren eskaera, I. eranskineko ereduaren araberakoa, honako datu hauek nahitaez bilduko dituena:

–Ekintzaren izena eta zenbakia.

–Deskripzio-memoria, prestakuntza-ekintzaren helburuak, erantzun beharreko premiak eta eskura dauden baliabideak adieraziko dituena.

–Irakasleei dagokienez, prestakuntza-ekintzak eman behar dituzten pertsonen izen-abizenak eta lanbide-kualifikazioa adierazi beharko dira.

–Prestakuntza aurrez aurrekoa edo urrutikoa den zehaztu beharko da. Ekintza urrutikoa bada, erabili beharreko programa edo aplikazio informatikoaren eta programa edo aplikazio horren bertaratze-kontrolerako sistemaren deskribapena.

–Prestakuntza-ekintza gauzatzeko data, ordutegia eta tokia adieraziko dira, baita haren iraupena eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua ere.

–Eskatzen den dirulaguntza.

b) Jarduera bakoitzerako aurreikusitako gastuen aurrekontua, kontzeptuka banakatua, II. eranskineko ereduaren arabera.

c) Prestakuntza-ekintzaren programa, emanen diren edukiak eta plangintza zehaztuko dituena.

d) Prestakuntza-ekintzak emanen dituzten irakasleen curriculum vitaea. Curriculuma aurreko deialdiren batean aurkeztu bada, aski izanen da eskaeran hori aipatzea.

3.4. Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, interesdunari jakinarazita.

3.5. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak noiznahi eskatzen ahalko dio eskatzaileari aurkeztu den eskaera behar bezala ebazteko beharrekotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.

Diruz laguntzeko eskatzen den prestakuntza-ekintza bakoitza irizpide eta gehieneko puntuazio hauen arabera baloratuko da:

a) Egin behar den jarduera (20 edo 15 puntu):

–Egun bat baino gehiagoko prestakuntza-ekintzak: 20 puntu.

–Egun bat edo gutxiagoko prestakuntza-ekintzak: 15 puntu.

b) Lurreko garraioaren sektoreari lotuta egotea (20, 15 edo 0 puntu):

–Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio esparruan duen ordezkaritza maila (20 puntu).

–Garraioen arloko prestakuntzan esperientzia frogatua izatea (15 puntu).

c) Proposatzen diren helburuek bat egitea Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (30, 25 edo 0 puntu):

–Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 30 puntu.

–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak: 25 puntu.

–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak: 25 puntu.

–Garraio enpresa bat kudeatzeko edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 25 puntu.

d) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena prestakuntza orduetan eta eskainitako tokien kopurua (30 puntu gehienez), honela kalkulatuta:

Ekintzaren kostua zati ordu kopurua eginen da, eta emaitza hori zati parte-hartzaile kopurua.

Bigarren zatiketaren emaitzari honako eskala hau aplikatuz lortuko da puntuazioa:

0 eta 10 artean: 30 puntu.

11 eta 20 artean: 27 puntu.

21 eta 30 artean: 24 puntu.

31 eta 40 artean: 21 puntu.

40 baino gehiago: 18 puntu.

Aurreko a), b) eta c) ataletan deskribatutako irizpideak baztergarriak dira haien artean atal bakoitzean.

Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era bitartekoa izanen da. Guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak du prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, bai eta aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa ere.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen haztapena eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.

2. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak emateaz. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetako bat egiten ez bada, laguntzen onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, azalduz zergatik utzi den bertan behera.

Kasu horretan, entitate onuradunak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari eskatzen ahalko dio, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituen beste batekin ordezteko, hasi baino 5 egun lehenago gutxienez. Hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada, ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordezteko egiten den beste ekintzarik, aldez aurretik jakinarazten ez bada. Ordezpena VI. eranskineko ereduaren arabera jakinaraziko da, eta I. eranskinaren araberako eskabide-orria erantsiko da (biak katalogoko fitxan eskuragarri daude), baita ekintzaren edukiak biltzen dituen programa ere.

3. Dirulaguntza jasotzen dutenek Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraziko diote, prestakuntza-ekintza hasi baino lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, baldin eta aurkeztutako eskaeran datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak haren garapenaren segimendua egin dezan. Aldaketaren berri VI. eranskineko ereduaren arabera emanen da (katalogoko fitxan dago).

4. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren formulario telematikoa aurkeztu beharko dute katalogoko fitxaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin.

5. 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen onuradunek gardentasun betebeharra bete beharko dute, gutxienez bi hauetako bat gertatzen denean:

a) 20.000 euro baino gehiagoko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea urtebetean.

b) Entitateak jasotako laguntzen edo dirulaguntzen zenbatekoa bere urteko diru-sarreren %20 edo handiagoa izatea, baldin eta urteko diru-sarrerak gutxienez 5.000 eurokoak badira.

Gardentasun betebeharra duten onuradunek honako informazio hau komunikatu beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori guztia, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, telematikoki aurkeztuko da Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko Kudeaketa Atalari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Entitate onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Onuradunak beste dirulaguntza bat eskatu edo jasotzen badu beste edozein administrazio edo entitatetatik jarduera berbererako, haren berri eman behar dio Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, IV. eranskineko ereduaren arabera (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

7. Publizitatean eta informazioa emateko jarduera guztietan, Nafarroako Gobernuaren komunikazioaren arloan indarra duen araudia aplikatuko da. Nolanahi ere, diruz lagundutako jardueren gaineko dokumentu guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan berariaz adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bitartez.

8. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da datu pertsonalen titularrei aipatu Erregelamenduaren 13. artikuluan aipatutako informazioa ematea, barnean hartuta deialdian eskatutakoa betetzeko lortzen dituzten datu pertsonalak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraziko zaizkiola dirulaguntzaren emate, kudeaketa, jarraipen eta kontrol ondorioetarako.

Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. 2024. urtean egiten diren prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzen onuradunek ordainketa-eskaera eta egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2024ko azaroaren 1etik 15era bitarte, biak barne.

Frogagiriak epe horretatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza jardunaldietako parte-hartzaileen kopuruak eskainitako postuen %60tik gorakoa izan behar du gutxienez. Hori egiaztatzeko, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako dirulaguntzarik jasoko.

Gutxienez ikastaroaren %60ra joaten diren ikasleak bakarrik hartuko dira bertaratutzat, eta ez dira inola ere parte-hartzaile gisa kontabilizatuko dirulaguntza eskatzen duten entitateetako langileak, prestakuntza-ekintzetara joaten direnean.

Dokumentazioa behar bezala aurkeztu ondoren, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak prestakuntza-ekintzetako dirulaguntzen ordainketa ebatziko du.

2. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte ekintza bakoitzeko:

a) Memoria, jardueraren bilakaerari eta aprobetxamenduari buruzkoa:

Memoria horrek prestakuntza-ekintza eman duen irakasleak sinatuta egon beharko du.

b) Bertaratuei buruzko informazioa.

Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzetan, ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda aurkeztuko da, bakoitzaren izena, abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita, bai eta bertaratze-orriak ere, behar bezala sinatuta.

Urrutitik emandako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen zerrenda aurkeztuko da, honako hauek adierazita: izena, abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, parte-hartzaile horiek identifikatzen diren aplikazioak sortutako konexio erregistroa, ekintzak iraun bitarteko nahitaezko bertaratzea gauzatu den jakiteko.

c) Justifikazio-kontua, dirulaguntzaren xede den ekintzaren kostuaren adierazpena eta egindako gastu bakoitza banakatuta ekarriko dituena.

Gastuak fakturen eta bankuko frogagirien bidez frogatuko dira. Egindako ekintzei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko.

Administrazio- eta kudeaketa-gastuei eta irakasleenei dagokienez, prestakuntza-ekintza entitateko langileekin egin bada, entitate onuradunak parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua (egotzitako hilabeteetako nominak) eta enpresaburuek haiengatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota justifikatu beharko ditu, bankuko frogagiriekin batera. Era berean, VII. eta VIII. eranskinetako ereduak osatu eta aurkeztu beharko ditu ("Langileen nominetako kostuen kalkulua" eta "Langileen nominetako kostuen banaketa"). Biak daude eskura katalogoko fitxan.

Material didaktikoari dagokionez, modu argian eta zehatzean aipatuko da ekintza bakoitzean erabili den material-mota eta unitate-prezioa.

d) Matrikulengatik jasotako diru-sarrerak.

e) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita egindako ekintzak beste dirulaguntzarik jaso duen, edozein administrazio publikok, erakunde publiko nahiz pribatuk edo partikularrek emanak. Horretarako, IV. eranskineko eredua erabiliko da (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

f) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa (katalogoko fitxan eskura dago), honako hauek azaltzen dituena: batetik, Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarri duela lagundutako jarduerei buruzko agiri guztietan, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera), eta, bestetik, deialdi honen karietara garatutako ekintzen zabalkunde publikoan agerian jarri duela Nafarroako Gobernuak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez izan duen partaidetza.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar badira, dirulaguntza jasotzen duen entitateak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, non azalduko baita efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz kontratatu direla lagundutako jarduerak egiteko hornitzaileak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

h) Behin onuradunak diruz lagundutako ekintzak justifikatuta, inbertitu gabeko gerakinik badago, organo emaileari eskatzen ahalko dio baimena emateko gerakin horiek izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko; hau da, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak diren beste jarduera batzuetan erabiltzeko, onuraduna horiek gauzatzen ari bada. Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28 bis artikuluarekin bat.

Hamargarrena.–Ez-betetzeak.

Ez badira betetzen deialdi honetan eta legezko gainerako kasuetan ezarritako baldintzak, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, eta, hala egokituz gero, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

Gardentasun betebeharra konplitu behar duten onuradunek ez badute behar den informazioa ematen, emandako dirulaguntza ez zaie ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Gorago xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, aipatutako foru legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera bera garatzeko jasotzen diren beste batzuekin, izan beste administrazio publikoren batek emanak, erakunde publikoek nahiz pribatuek emanak edo partikularrek emanak, eta izan horiek Espainiakoak nahiz nazioartekoak.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Eskaeren aurkezpen telematikoak ekarriko du laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioa eta egintza administratiboak modu telematikoan jakinaraztea eskatzaileen gaitutako helbide elektronikora (DEH). Horretarako, eskatzaileak, DEHa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru-kopurua.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Gardentasun betebeharrak dituzten onuradunei buruzko informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Hamalaugarrena.–Datuen babesa.

Aintzat hartuta 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Lurralde Kohesiorako Departamentuak tratatuko ditu, datuen trataeraren ardura baitu, dirulaguntza honen emate-, kudeaketa-, jarraipen- eta kontrol-helburuetarako.

Halaber, interesdunei jakinarazten zaie eskubidea dutela Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko Kudeaketa Atalean edo gestiontransportes@navarra.es helbide elektronikoan datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta eramateko, eta datuak tratatzeari mugak jartzeko edo aurka egiteko, bai eta datuen tratamendu automatizatuan oinarritutako erabakien xede ez izateko ere, bidezkoa denean.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta hura aplikatzearen ondorioz emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKAERA

……………….....................................……………….. jaunak/andreak, ……....……........……. NAN/IFZ zenbakidunak, ……………………….........………... ordezkatuz eta III. eranskinean aipatutako identifikazio-datuak emanez, dirulaguntza eskatzen du prestakuntza-ekintza honetarako:

EKINTZAREN IZENA ETA ZENBAKIA:

DESKRIPZIO-MEMORIA:

Helburuak:

Erantzun beharreko premiak:

Eskura dauden baliabideak:

IRAKASLEAK:

PRESTAKUNTZA EMATEKO MODUA: PRESENTZIALA URRUNEKOA

–Aplikazioa, prestakuntza urrutitik emanen bada:

IKASTAROAREN DATUAK:

–Data eta ordutegia:

–Non eginen den:

–Iraupena:

–Aurreikusten diren parte-hartzaileak:

ESKATUTAKO DIRULAGUNTZA:

Iruñean, ….........…(e)ko ………...........………aren ..........(e)(a)n

(Sinadura)

II. ERANSKINA.–AURREKONTUA

EKINTZAREN IZENA ETA ZENBAKIA

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIEN KALKULUA

IRAKASLEAK

Eskolak ematea

Bidaiak eta joan-etorriak

Egonaldia

Mantenua

IRAKASLEAK, GUZTIRA

IKASGELAK

Instalazioen alokairua

Gastua instalazio propioetan

INSTALAZIOAK, GUZTIRA

MATERIAL DIDAKTIKOA

LANEKO EKIPO ETA TRESNAK

PUBLIZITATEA ETA PROPAGANDA

ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA GASTUAK

GASTUAK, GUZTIRA

AURREIKUSITAKO DIRU-SARRERAK

Iruñean, ….........…(e)ko ………...........………aren ..........(e)(a)n

(Sinadura)

III. ERANSKINA.–ENTITATEAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAK.

...................................................................................................................... jaunak/andreak (NAN/IFZ: ......................................; helbidea: ............................................; kalea: ....................................................................................; posta-kodea: ............................; telefonoa: ...........................), honako hau ordezkatuz: ............................................................ (IFZ: .............................; helbidea: ................................................; kalea: ...........................................................................................; posta-kodea: .....................; telefonoa: ......................; helbide elektronikoa: ............................................................................................................................).

Eta, deialdiko laugarren eta bosgarren oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1) Adierazten du ez duela Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik.

2) Deialdiaren bosgarren oinarriko 3.1 atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten du, edoadierazten du dokumentazio hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ......................... Departamentuan aurkeztu zela, ................(e)ko ..........................aren ...........(e)(a)n, eta adierazten du dokumentazio hori ez dela aldatu aurkeztu zenetik (markatu dagokiona).

3) Adierazten du ez duela nahi Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko Kudeaketa Atalak bere zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela frogatzen duten daturik kontsultatzea SVCD bidez bosgarren oinarriaren arabera (deialdiko 3.2. atala).

Iruñean, ….........…(e)ko ………...........………aren ..........(e)(a)n

(Sinadura)

IV. ERANSKINA.–BESTE DIRULAGUNTZA BATZUEN JAKINARAZPENA

..................................................................................................................... jaunak/andreak (NAN/IFZ: ......................................; helbidea: ............................................; kalea: ....................................................................................; posta-kodea: ............................; telefonoa: ...........................), honako hau ordezkatuz: ............................................................ (IFZ: .............................; helbidea: ................................................; kalea: ...........................................................................................; posta-kodea: .....................; telefonoa: ......................; helbide elektronikoa: ............................................................................................................................), Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen onuradunak, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ………………………aren .............(e)ko ...../…… Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileen arabera (............(e)ko ............. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, …………… aren ……(e)(a)koa).

Garraioetako Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako ………………………………….........................…………………………... prestakuntza-ekintzari buruz, adierazten du:

………………………………………………k emandako ……………………… euroko dirulaguntza edo laguntza jaso dela.

ez dela jaso beste administrazio edo entitate batzuen bestelako dirulaguntzarik edo laguntzarik.

(Sinadura)

V. ERANSKINA.–LOGOTIPOA SARTU IZANAREN JAKINARAZPENA

..................................................................................................................... jaunak/andreak (NAN/IFZ: ......................................; helbidea: ............................................; kalea: ....................................................................................; posta-kodea: ............................; telefonoa: ...........................), honako hau ordezkatuz: ............................................................ (IFZ: .............................; helbidea: ................................................; kalea: ...........................................................................................; posta-kodea: .....................; telefonoa: ......................; helbide elektronikoa: ............................................................................................................................), ................................................ Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen onuradunak, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ………………aren .............(e)ko ...../…… Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileen arabera (............(e)ko ...... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ……………aren …(e)(a)koa).

Adierazten du ezen diruz lagundutako jarduerei buruzko agirietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarri duela, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera), eta agerian jarri duela Nafarroako Gobernuak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez izan duen partaidetza.

(Sinadura)

VI. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA-EKINTZAREN ALDAKETA/ORDEZPENAREN JAKINARAZPENA

PRESTAKUNTZA EKINTZEN ORDEZPENA

ORDEZTUTAKO EKINTZAREN IZENA ETA ZENBAKIA:

HURA ORDEZTUKO DUEN EKINTZAREN IZENA ETA ZENBAKIA:

GASTU DIRUZ LAGUNGARRIEN KALKULUA

IRAKASLEAK

Eskolak ematea

Bidaiak eta joan-etorriak

Egonaldia

Mantenua

IRAKASLEAK, GUZTIRA

IKASGELAK

Instalazioen alokairua

Gastua instalazio propioetan

INSTALAZIOAK, GUZTIRA

MATERIAL DIDAKTIKOA

LANEKO EKIPO ETA TRESNAK

PUBLIZITATEA ETA PROPAGANDA

ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA GASTUAK

GASTUAK, GUZTIRA

AURREIKUSITAKO DIRU-SARRERAK

PRESTAKUNTZA-EKINTZAREN ALDAKETA

EKINTZAREN IZENA ETA ZENBAKIA:

ALDAKETA:

VII. ERANSKINA.–LANGILEEN NOMINETAKO KOSTUEN KALKULUA (IRAKASLEEN ETA/EDO KUDEAKETAREN PARTIDAK)

Langilearen izena

LANGILEAREN ORDUKO KOSTUAREN KALKULUA

IKASTAROARI BURUZ

Urteko
ordainsari gordina = A

GSko kostuak enpresaren
kargura = B

Urteko kostu osoa = C

Orduak hitzarmenaren arabera = D

Orduaren kostua = E

Ikastaroa

Langilearen orduak = F

Orduaren kostua = E

Ikastaroari
egotzitako
kopurua

JARRAIBIDEAK:

–Urteko ordainsari gordina: langilearen aparteko pagak sartu.

–GSko kostuak enpresaren kargura: zehaztu enpresaren kargura den Gizarte Segurantzaren kostua.

–Urteko kostu osoa: A + B.

–Orduak hitzarmenaren arabera: adierazi enpresaren hitzarmen kolektiboko urteko orduak (datua jakin ezean, lehenetsi 1.760 orduko balioa).

–Orduaren kostua: C / D.

–Ikastaroari egotzitako kopurua: F x E.

VIII. ERANSKINA.–LANGILEEN NOMINETAKO KOSTUEN BANAKETA (IRAKASLEEN ETA/EDO KUDEAKETAREN PARTIDAK)

Langilearen izena

IKASTAROEN IDENTIFIKATZAILEAK (ID)

Langileari egotzitako guztizkoa

1.
ikastaroa

2.
ikastaroa

3.
ikastaroa

4.
ikastaroa

5.
ikastaroa

6.
ikastaroa

.....

.....

.....

.....

.....

Ikastaroari egotzitakoa, guztira

Iragarkiaren kodea: F2406087