106. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

2024ko Herritarren Partaidetzako dirulaguntza-deialdia. Laburpena

DDBN (identifikazioa): 759738.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan eza­rritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/759738).

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea, deialdi honetako B) apartatuan zehaztutako jarduketak egiteko, horrela betez Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa, zeina Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak 2005eko azaroaren 3an hasiera batez hartutako erabakiaren bidez onetsi baitzuen –erabaki hori behin betiko bihurtu zen, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez zelako–. Deialdi honetan aurreikusi gabeko orotan, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorreko aginduak izanen dira aplikagarri. (2006ko 21. NAOn, otsailaren 17koan, argitaratua).

Lehena.–Onuradunak.

Irabazi-asmorik gabeko Iruñeko elkarte eta beste entitate batzuk, 2024an proiektuak eta jarduketak egin ditzaten herritarren partaidetzaren, herritartasun aktiboaren eta gizarte-loturaren esparruetan, Iruñeko udalerrian.

Bigarrena.–Xedea.

Deialdi honek elkarlanerako laguntza-tresna izan nahi du Udalaren esparruan, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek proiektuak, jarduketak eta prestakuntzak egin ditzaten, ehun soziala bultzatzea helburu harturik, herritarren partaidetza, herritartasun aktiboa eta gizarte-loturak erabilita, eta aldi berean genero-berdintasuna sustatuta.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Deialdiaren guztizko zenbatekoa, gehienez, kreditu erabilgarrien barruan: 500.000 euro:

–A epigrafea: 90.000 euro.

–B epigrafea: 270.000 euro.

–C epigrafea: 50.000 euro.

–D epigrafea: 90.000 euro.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Telematikoki aurkeztu beharko dira, Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan (www.pamplona.es/eu) argitaratutako "Pertsona juridikoendako dirulaguntzen eskaera elektronikoa" izapidearen bidez.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 35 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroakoa Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Seigarrena.–Dirulaguntzen xede izaten ahal diren gastuak egiteko epea.

2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra.

Zazpigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga.

Behin betiko memoria eta justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 11n amaituko da (egun hori barne).

Salbuespenez, data horretan diruz lagundutako jarduera guztiak amaitu ez badira eta justifikazioa ezin bada data horretan osorik aurkeztu, elkarteek behin-behineko memoria eta ordura arte, hau da, 2024ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren justifikazioak aurkeztu beharko dituzte. Behin betiko memoria eta azaro-abenduan egindako jardueren justifikazioa 2025eko urtarrilaren 3a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Zortzigarrena.–Ordaintzeko modua.

Ordainketa mistoa, ordainketa zatikatuaren eta aldez aurrekoaren artekoa: entitate eskatzaile bakoitzaren guztizko dirulaguntza onesten duen ebazpenean, emandako dirulaguntzaren %75 ordaintzeko aginduko da. Gainerako %25 ordainduko da onuradunek galdatutako egiaztagiriak aurkeztutakoan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 6an.–Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria, Zaloa Basabe Gutierrez.

Iragarkiaren kodea: L2407585