2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
URDIAIN
Zirkulazioa eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena
Urdiaingo Udalak, 2024ko otsailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Urdiaingo zirkulazioa eta trafikoa arautzen dituen udal ordenantza.
Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, hura behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako toki administrazioa), zeina aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak.
Urdiainen, 2024ko apirilaren 22an.–Alkatea, David Carmelo Oroz Alonso.
URDIAINGO ZIRKULAZIOA ETA TRAFIKOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Ordenantza honen xedea da zirkulazioa arautzea Urdiaingo udal-mugarteko bideetan, aparkalekuei dagokienez. Izan ere, Urdiaingo Udalaren eskumena da hori arautzea.
2. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.
1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean, partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, eta arau-hauste astuntzat hartuko dira.
2. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, berrantolatuz eta arautuz aparkalekuak, zama-lanak eta pertsona zein salgaien garraioa. Debeku dute Urdiaingo hirigunetik zirkulatzea gehieneko pisu baimendua 5.500 kilogramo baino gehiago duten ibilgailuek, gai arriskutsuen garraioan aritzen direnek eta 21 eserleku baino gehiago dituzten autobusek, salbu eta xede zehatz bat badute udal-mugartean (baimendutako zamalanak, baimendutako aparkalekua, garraio publikoa, bidaiarien eskatu ahalako garraioa eta abar).
3. Udaltzainek trafikoari dagokionez ematen dituzten aginduek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinale edo araudiren aldean. Agindu horiek izan beharko dute argiak eta gidariarendako edo oinezkoendako ulerterrazak.
4. Udalak aldi baterako debekatzen ahalko du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan.
5. Bide publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren bizkar, eta berdin gertatuko zaie baimena dutenei ere, haiei dagokienez bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartzen ez badira.
6. Debeku da arras zirkulazio seinaleak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe. Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan paratzea.
7. Urdiaingo udal-mugarteko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.
3. artikulua. Gelditzeko eta aparkatzeko arau orokorrak.
1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea. Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.
2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko edo pertsonen zirkulazioa eragotziko, eraikinetatik sartzea eta ateratzea barne, ezta arriskurik sortuko ere karrikaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin. Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da. Aparkatzeko moduari dagokionez, aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.
3. Gelditzea da ibilgailua 2 minutuz baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea, jendea hartu edo uzteko, edo zamalanak egiteko, gidaria ibilgailutik atera gabe. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.
4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.
Debekatuta dago gelditzea honako kasu eta leku hauetan:
a) Oinezkoen babesguneetan, irlatxoetan, erdibitzaileetan, oinezkoen guneetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.
b) Eraikinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.
c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.
d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.
e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.
f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen guneetan eta lorategietan.
g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide zatietan.
h) Urritu fisikoendako edo beste erabilera batzuetarako espaloi-beheratzeetan.
i) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.
j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.
k) Seinale bidez biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.
l) Autobus, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.
m) Taxi-geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.
n) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.
5. Autobusak Udal Administrazioak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.
6. Eskola garraioaren eta haren geralekuen kasuan, 443/2001 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.
7. Aparkatzea da ibilgailu bat 2 minutuz baino gehiagoz ibilgetzea, baldin eta zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.
8. Gidariek ezin izanen dute motorra piztuta utzi ibilgailua geldirik edo aparkaturik dagoenean, ibilgailuaren barruan ez badaude.
9. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.
Honelakoetan debeku da aparkatzea:
a) Gelditzeko debekua seinale bertikal nahiz horizontalen bidez seinalaturik dagoen tokietan.
b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.
c) Autobus, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.
d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.
e) Gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.
f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.
g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.
h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatuta.
i) Aparkaleku publikoetan, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotzi edo oztopatuta.
j) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan.
k) Espaloirik ez duten karrika urbanizatuetan, horretarako seinalaturik dauden tokietan izan ezik.
l) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.
m) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.
n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.
o) Ordutegi mugatua duten aparkatzeko eremuetan, udal agintaritzak hala gaituta, gehieneko denbora gainditzen denean.
p) Oinezkoendako pasabideetan, ziklistendako pasabideetan eta bide gorrietan.
q) Ilaran aparkatzean, dauden seinaleen arabera zeharka aparkatu behar bada.
r) Bazterbidean.
s) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinaleztatu beharko dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.
t) Ibilgailu bat bide publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokairuan jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez-zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.
u) Lorategietan.
v) Aparkatzea, aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz.
w) Aparkatzea, desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.
10. Urdiaingo Udalak aparkatzeko baimen-txartelak ematen ahal ditu ibilgailu jakin batzuetarako, bat etorriz udaleko organo eskudunak txartelak emateko onetsitako irizpideekin.
Aparkatzeko baimen-txartela behar ez bezala erabiliz gero, baliteke txartela aldi baterako edo behin betiko kentzea, legez dagozkion zehapenak ezartzeaz aparte.
11. Nolanahi ere, ibilgailuaren jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela modu desegokian aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, eta horretarako egun baliodunak kontatuko dira.
4. artikulua. Kamioiak, atoiak, karabanak, autokarabanak eta gai arriskutsuen garraioa.
1. Oro har, debekatuta dago 5,5 tonatik gorako gehieneko pisu baimendua duten ibilgailuek udal-mugarteko bide guztietan zirkulatzea eta aparkatzea, industrialdeetan izan ezik.
Debeku dute Urdiaingo hirigunean zehar ibiltzea Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren gainean indarra duen Erregelamendu Nazionalaren 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, aldi berean Erregelamendu horren 1 edo 2 arrisku etiketak eraman behar badituzte.
Ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.
2. Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak eremu espezifikoak ezartzen ahalko ditu 5,5 tonatik gorako gehieneko pisu baimendua duten ibilgailuak aparkatzeko. Eremu gaituetan aparkatzeko baimena emanen da baimen-txartel baten bidez, eta txartel hori lortzeko honako baldintza hauek bete beharko dira ezinbestean:
a) Pertsona fisikoa edo juridikoa izatea, gehieneko pisu baimendua 5,5 tonatik gorakoa duen ibilgailu baten titularra izatea, eta familia unitatearekin batera Urdiainen kokatutako etxebizitza batean erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da eta haren ohiko gidariak titularrak bete beharreko baldintza berak bete beharko ditu.
b) Ordainketa egunean izatea, zer ibilgailutarako eskatzen den baimen-txartela, harexen zirkulazioaren gaineko zerga.
c) Urdiaingo Udalari baimen-txartela eskatu eta hura erdietsi izana, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:
–Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua.
–Ohiko gidariaren gidatzeko baimenaren kopia.
–Ibilgailuaren zirkulazio baimenaren fotokopia.
–Ibilgailuaren aseguru poliza indardunaren kopia eta ibilgailuen azterketa teknikoaren adostasun txostena, hura aginduzkoa bada.
d) Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.
Baimen-txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barnealdean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran.
Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, harexena.
Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie, horretarako eskubiderik ez badute.
Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe indargabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko da.
Baimen-txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean.
Halaber, txartela itzuli beharko da baldin txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, helbidez aldatzeagatik edota baldintzaren bat ez betetzeagatik, Udalari horren berri ematen zaion unean berean; berdin jokatuko da baldin hartarako eskubidea izanik ere hura berritu nahi ez bada.
Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.
Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz ea betetzen diren txartelak emateko ezarritako baldintzak, eta betetzen ez dituztenei txartelak indargabetuko dizkie, galarazi gabe bidezkoak izan daitezkeen bestelako neurriak edo zehapenak.
Eremu horiek behar bezala seinaleztatuko dira, eta sarbidea galarazteko, murrizteko edo kontrolatzeko baliabide teknikoak jar daitezke. Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi. Ezarritako lekuetara sartzeko arauak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak txartela baliogabetzea erabaki dezake.
Arau-haustetzat hartuko dira aparkatzeko murriztuko eremuetan:
–Bizilagunendako baimen-txartela indarrean ez dagoela aparkatzea.
–Bizilagun-txartel faltsutuak edo manipulatuak erabiltzea.
–Bizilagun-txartela faltsutzea edo manipulatzea.
–Erabiltzea bertan baimendutako ibilgailuari ez dagokion bizilagun-txartela.
–Aparkatze murriztuetarako bizilagun txartela ongi ikusteko maneran ez paratzea.
Hona hemen artikulu honen 1. puntuan adierazitako debekua ez betetzeagatik jarri beharreko zehapenak:
1. 96,16 euroko isuna: aparkatze mugatuko eremuan indarreko baimen-txartelik gabe edo, baimena duen ibilgailuarena ez, beste baten txartelarekin aparkatzeagatik, faltsifikatu edo manipulatu diren txartelak erabiltzeagatik edo txartelak faltsifikatu edo manipulatzeagatik, bidezko litezkeen beste neurri edo zehapen batzuk deusetan galarazi gabe.
2. 60,10 euroko isuna: baimen-txartela begi-bistan ez jartzeagatik edo ordenantza honetan ezarririk dagoen aparkatzeko aldia gainditzeagatik.
Hori hala izanik ere, zehapenak mailakatzen ahalko dira, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 69. artikuluan ezarritako irizpideetan oinarriturik.
3. Artikulu honen 1. eta 2. puntuetan jasotako debekuak ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, baldin eta aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu badute.
4. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da Udalaren baimen berariazkoa eskuratzea.
5. Debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Toki horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute, bai eta trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak ere.
5. artikulua. Garraio publikoaren ibilgailuen geralekuak.
1. Urdiaingo Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa. Autobusak horretarako prestatutako tokian gelditu beharko dira, zirkulazio erreiak libre uzten dituztela. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2406578