2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IMOTZ
Ordenantza, hobariak arautzen dituena ibilgailu elektrikoen zirkulazioaren gaineko zergarako. Behin betiko onespena
Imozko Udalak, 2024ko maiatzaren 2an egindako osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen ordenantza bat, hobariak arautzen dituena ibilgailu elektrikoen zirkulazioaren gaineko zergarako.
Onespenaren erabakia 2022ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2an. Jendaurreko epea iraganik, ordenantza horiek argitara ematen dira, eta eranskinean agertzen diren bezala geldituko dira. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Imotzen, 2024ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Alfredo Alzueta Unzue.
ORDENANTZA, HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA IBILGAILU ELEKTRIKOEN ZIRKULAZIOAREN GAINEKO ZERGARAKO
1. artikulua. Izaera eta oinarriak.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean derrigorrez ezarria (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) . Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauek jarraitzen diote aipatu foru arauaren 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari.
2. artikulua. 0 isurpeneko ibilgailuak.
Ordenantza fiskal honen ondorioetarako, 0 isurpeneko ibilgailutzat jotzen dira honako hauek: bateriazko ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriak (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak, baldin eta 12 zaldi-potentziatik beherakoa bada.
3. artikulua. Hobariak.
1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko zaizkie 0 isurpeneko ibilgailuei, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:
a) %25eko hobaria "EKO ibilgailuetarako".
b) %50eko hobaria "0 isurpeneko ibilgailuetarako".
2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari frogatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Zirkulazio-baimenaren kopia.
–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, adieraziko da ibilgailua eraberritu dela, eta noiz eraberritu den.
3. Hobariek ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen. Hala ere, hobariek ondorioak izan ahalko dituzte uneko ekitaldian, honako kasu hauetan:
–Matrikulazioaren eta zirkulatzeko baimenaren ondorioz tributuan alta emandako ibilgailuen kasuan, baldin eta eskabidea eta frogagiriak aurkezten badira dagokion autolikidazioa aurkeztu edo ordaintzeko unean, galarazi gabe Udal Administrazioak dagokion egiaztapena egitea.
–Gainerako kasuetan, eskaera eta frogagiriak aurkezten badira zerga borondatez ordaintzeko epearen barnean.
Iragarkiaren kodea: L2407262