104. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Kirol instalazioak erabiltzeko erregelamenduaren behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2024 otsailaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua.

Espedientea 2024ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da erregelamendua, eta argitaratu egin behar da.

Fiteron, 2024ko apirilaren 30ean.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

Hitzaurrea

Fiterok udal instalazio batzuk ditu, kirol, gizarte eta kultura arlokoak, eta herritar guztien eskura jartzen ditu.

Azken urteetan, desegokiak diren eta gizalegezkoak ez diren diren eta herritarrei ezinegona eragiten dieten portaerei buruzko kexa, iradokizun eta proposamen ugari jaso dira udal honetan.

Egungo tokiko gizarteak argi eta garbi eskatzen du denon bizikidetzarekiko errespetua. Hiriguneak espazio bera partekatzen duten pertsonen arteko liskarrerako sorburu dira batzuetan.

Arazoak eta liskarrak saihestu eta konpontzeko lehenengo tresna hezkuntza bera eta printzipio pertsonalak dira, zalantzarik gabe. Hortik abiatuta, gizarte antolatuak arau zibil, administratibo eta penalak zehazten ditu.

Larritasun horren barruan jorratu behar dira egoera guztiak; hori horrela, bide pribatutik arrakastarik izan ez denean, administrazioarengana jotzen da, baina ez zuzenean bide judizialera; are okerrago, bide penalera jotzen da.

Desoreka nabarmen hori leuntzeko, gaur egun, suposizio txiki horiek guztiak –herritarren kezka iturri zuzena dira beren egunerokoan– aurreikusiko dituzten arau batzuez hornitu daiteke herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa.

Gauzak horrela, Fiterok ez du inoiz izan udal instalazioak erabiltzeko erregelamendurik. Uste dugu erregulazio bat izateko garaia dela; asmoa da askatasunik handiena eskaintzea, baina ez gutxiengo baten gizalegezkoak ez diren portaeren kontura.

Horrelaxe egin izan dute herri eta hiri askok, direla biztanle kopurua areagotu zaienek, direla beren bizilagunei ezinegona eragiten dieten egoerak areagotu zaizkienek –zenbait kasutan, gainera, beren eguneroko jarduera aldatu behar izan dute bizilagunek–.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz edo bizilagunen bizitza aldatzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain justu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako. Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Ezin ahaztu dezakegu gizalegearen kontrako portaerek, batzuetan, behartzen dutela funts publikoen zenbateko handiak erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak altxor publikoaren kudeaketa hobetzen laguntzen du.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Erregelamendu honen xedea da udal titulartasuneko kirol instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzea.

Erregelamendu honek espazio hauei egiten die erreferentzia:

–Gimnasioa.

–Pilotalekua.

–Padel pistak.

–3x3ko kanpoko pista.

–Kirol anitzetako pista.

–Kirola egiteko direnak eta aurrerago eraikiko direnak.

Instalazioetan erreklamazio orriak daude erabiltzaileen eskura.

2. artikulua.

Fiteroko Udalaren helburua da herritarrek kirol jardueretarako sarbidea izan dezaten sustatzea, inolako diskriminaziorik eta adin mugarik gabe, eta kirola eta kirol jarduerak sustatzea. Hori horrela izanik, mekanismo egokiak ezartzen ditu kirolarekin lotutako beste jarduera batzuk sustatzeko.

3. artikulua.

1. artikuluan aipatzen diren udalaren kirol instalazioak, zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira eta Foru Erkidegoan indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen eta aisialdiko jardueren arloan eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

4. artikulua.

a) Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honen 1. artikuluan aipaturiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

b) Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitateak edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean.

c) Juan de Palafox ikastetxearen barruan dagoen kirol anitzetarako pistan ikastetxeak izanen du lehentasuna, bertako ikasleei gorputz hezkuntza irakasteko edo haientzako kirol jarduerak antolatzeko.

5. artikulua.

1. Kirol jarduerak egin nahi dituzten edo instalazioak erabili nahi dituzten herritar guztiek erabil ditzakete kirol instalazioak, kirol- eta kultura-instalazioak erabiltzeko diru sarrerak arautzen dituen ordenantzan ezarritako tarifak ordaindu ondotik.

2. Honako prozedura hauen bidez sar daiteke instalazioetara:

a) Sarrerak erostea.

b) Abonamenduak erostea.

c) Fiteroko kirol txartela.

Horiek guztiak beren modalitate desberdinetan.

3. Kirol-lehiaketetara eta/edo -jardueretara joaten diren pertsonak ikusle gisa sartzen ahalko dira udalaren kirol instalazioetara, udalak hala ezartzen duenean. Ikastaroetako ikasleak, adingabeak, sartzen ahalko dira ere zehazten diren egunetan, ematen ahal diren ikastaroetarako.

6. artikulua.

1. Ikastaroetako ikasleen ikusle edo laguntzaile gisa udalaren kirol instalazioetara sartzen direnak igerilekuan egoten ahalko dira ikasle horiek parte hartzen duten programen ordutegian edo baimendutako ordutegian bakarrik, eta jarduera egiten den tokian bakarrik egoten ahalko dira, ez instalazioen gainerakoan.

2. Udalaren kirol instalazioetan lehiaketak edo bestelako kirol eta/edo josteta jarduerak egiten badira, horiek antolatzen dituen erakundearen ardura izanen da erabilitako espazioaren erabateko ordena kontrolatzea.

3. Udalak, bere udal zerbitzuen bidez, eskumena du udalaren kirol instalazioetara sartzen diren guztiei nortasun agiri nazionala edo nortasuna egiaztatzeko beste edozein agiri eskatzeko.

7. artikulua. Ordutegiak eta erabilerak.

1. Fiteroko Udalak zehaztuko ditu udalaren kirol instalazioen ordutegiak eta erabilerak. Instalazioetara sartzeko gunean ongi ikusten den toki batean jarriko da ordutegia, koadrante batean. Fiteroko Udalak, egoerak behartuta, aldatzen ahalko du ordutegia, aldi baterako edo betiko.

2. Fiteroko Udalak eskubidea izanen du, salbuespen gisa, ordutegi batzuk aldatzeko, horretarako arrazoirik aski baldin badago, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, aldi baterako, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.

3. Instalazioak itxi behar badira garbitu behar direla eta, eta mantentze-lanak egin behar direla eta, besteak beste, Fiteroko Udalak behar bezala emanen du itxieraren berri. Kirol instalazioak modu urgentean eta ezustekoan konpondu behar badira, ahal den neurrian, ahalik eta azkarren eginen dira, erabiltzaileei kalte egitea saihesteko.

8. artikulua.

Aurretik instalazio bakoitzari berariaz zer kirol esleitu zaion, horixe praktikatu beharko da bertan, lehentasunez. Beste batzuk ere praktikatzen ahalko dira, edo uzten ahalko da kirol arlokoak ez diren jarduerak egiten, baldin eta teknikoki egiten ahal badira eta udalak idatzizko baimena eman badu, alkatearen edo arloan eskumena duen zinegotziaren ebazpen bidez.

9. artikulua.

Fiteroko Udalak beretzat gordetzen du jada emandako erabilerak aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, baita zerbitzua aldi baterako eteteko ahalmena ere, udal intereseko arrazoiak direla medio. Hori dela eta, ez zaie interesdunek izan ditzaketen kalteei erantzun beharko, ordaindutako prezioen itzulketa proportzionala izan ezik, hala badagokio.

10. artikulua.

Salbuespen modura, ohiko irekiera ordutegitik edo egutegitik kanpo baimentzen ahalko da kirol instalazioak erabiltzea, behar bezala justifikatutako kausa bat badago. Horretarako, eskaera orokor bat egin behar zaio idatziz Fiteroko Udaleko Kiroleko zinegotziari.

11. artikulua.

Udalaren kirol instalazioan egin beharreko jarduerak –kirolekoak izan edo ez– egiteko, ekipamenduak muntatu eta desmuntatu behar badira, kirol instalazioa erabiliko duenak eginen ditu lan horiek, kirol instalazioko langileek edo Fiteroko Udaleko udal zerbitzuek gainbegiratuta. Gainera, bera kontura izanen dira zaintza, garbiketa, lotura, energia elektrikoaren kontsumo eta ekipamenduak muntatzearen eta desmuntatzearen ondoriozko gainerako zerbitzuen gastuak, baita jarduera egitearen ondoriozkoak ere.

12. artikulua.

Fiteroko Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazio guztietan kirola egitearen ondorioz gertatzen diren istripuen gainean.

13. artikulua.

Instalazioak erabiltzen ez dituztenak ezin dira aldageletara sartu, adinagatik edo egoerarengatik aldageletan modu autonomoan moldatu ezin diren erabiltzaileen laguntzaileak izan ezik.

14. artikulua.

Udala ez da bere instalazioen barruan lapurtzen edo galtzen diren objektuen erantzule izanen.

15. artikulua.

Instalazioko langileak –behar bezala identifikatuta egonen dira– eta Fiteroko Udaleko langileak eta udal zerbitzuak arduratuko dira erabiltzaileek erabilera arau hauek guztiak betetzen dituztela ziurtatzeaz.

16. artikulua.

Kirolarien eta jendearen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, ez zaie ikuskizunetarako eta kirol saioetarako Udalaren kirol instalazioen barrenera pasatzen utziko honako hauek sartu nahi dituzten pertsonei:

–Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idatziak.

–Armak edo arma gisa erabil daitezkeenak.

–Bengalak edo su artifizialak.

–Erregelamenduz ezartzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

17. artikulua.

Kirol instalazioetako etxezaintzan, nahitaezkoa izanen da agerian paratzea argibide hauek:

a) Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala behar denean, horiengatik zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

b) Udal instalazioen irekiera orduak zein diren.

c) Fiteroko udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamenduaren kopia bat.

d) Instalazioaren titularra nor den eta, hala bide denean, bertan egiten den kirol jardueraren antolatzailea nor den, instalazioaren titularra ez beste norbait denean.

e) Debeku dela instalazioan egiten diren jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueretara inor sartzea aurretik aipatu tresna eta objektuak aldean dituela.

f) Zer arrisku sortzen ahal diren instalazioko kirol ekipamendua, mugigarria nahiz finkoa, desegoki erabiltzeagatik.

18. artikulua.

Kirol entitateren batek hala eskatzen badu, Fiteroko Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, bai eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak ere.

19. artikulua.

a) Edozein kirol eremu erabiltzerakoan, material eta janzkera egokiekin eginen da. Arreta berezia ezarriko zaio oinetakoei, zolekin ez dadin espazioetako zorua markatu edo kaltetu.

b) Ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea, baloiak, pilotak edo bestelako objektuak erabilita, aldageletan, pistetara edo harmailetara joateko pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.

20. artikulua.

Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.

II. KAPITULUA.–EMATEKO ETA ESKATZEKO ARAUAK

21. artikulua.

1. Instalazioak bakarka erabiltzeko eskaera instalazioan bertan egin daiteke, edo telefonoz, eta eskaera hartzen duen langileak berehala emanen dio erantzuna, baina, betiere, erregelamendu honetako arauak betez gero. Eguna eta ordua erreserbatzeko eskaera egiten ahalko da gehienez ere egin nahi den kirol jarduera hasi baino 24 ordu lehenago.

2. Erreserbak zuzen egiteko, beharrezkoa izanen da erreserbatutako kirolgunea erabili nahi duten pertsonen izenak aurkeztea, zehatz-mehatz ezarri ahal izateko gehienez ere zenbat denboraz erabiltzen ahal den. Adingabeen eskaerak 18 urtetik goitiko batek egin behar ditu beti, adingabeen ardura hartuko duenak.

3. Erreserbatutako ordua hasten denetik hamar minutura erreserba egin duen pertsona ez bada eskatutakoa erabiltzen ari, erreserba besterik gabe deuseztaturik geldituko da eta ordu hori beste eskatzaileren bati ematen ahalko zaio. Hasierako eskatzaileak ez du ordaindutako zenbatekoa eskatzen ahalko horregatik.

4. Ez da inola ere erreserbatzen ahalko ordu bat baino gehiago egun bakoitzeko, eta, emandako denbora bukatutakoan, erreserbatutako tokia erabiltzen jarraitzen ahalko da, baldin eta gerorako erreserbarik ez bada. Nolanahi dela ere, erreserbako denbora amaitu ondotik, nahiz eta geroagorako erreserbarik ez izan, instalazioko atezainak hala eskatuz gero, erabiltzaileek utzi beharko dute erabiltzen ari diren kirolgunea.

22. artikulua.

1. Udalaren kirol instalazioak multzoka erabiltzeko eskaera egin beharko da eskaera orokor baten bidez. Eskaera Kiroleko zinegotziari zuzendu behar zaio. Eskabide hori behar bezala beterik aurkeztu beharko da, eta bertan argi adierazi beharko da zer instalazio eskatzen den, zertarako nahi den, zer egunetan hasiko eta bukatuko den erabiltzen, eta zer ordutegitan, eta informazioa emanen da instalazioan egin nahi den jarduerari buruz. Ahal izanez gero, eskatutako ordutegiaren ordezko beste ordutegi batzuk emanen dira, bai eta taldeko kideen izenen zerrenda ere, bakoitzaren NANa eta helbidea adierazita.

2. Fiteroko Udala saiatuko da eskaera guztiei erantzuten, instalazioak noiz dauden erabilgarri kontuan harturik, eta horretarako eskaera guztiak batera aztertu eta eman diren ordezko egun eta ordutegiak begiratuko dira, halakorik bada. Baldin eta instalazio jakin bat erabiltzeko eskatzaile bat baino gehiago bada egun eta ordu berean, eskaerak aurkezteko ordena hartuko da kontuan, betiere eskatzaile horiek beraien artean ados jartzen ez badira.

3. Fiteroko Udalak eskatzen ahalko du fidantza jartzeko, instalazioetan egiten diren kalteei erantzuteko; emakida erabakiko da hobekien irizten zaion moduan.

4. Emandako kontzesioa baliozkoa dela ulertuko da, udal honetan jasotzen denean lekualdaketaren ziurtagiria, ordezkariaren "hartu dut" daukana, bai eta (eskatzen bada) eratu beharreko fidantza ordaindu izanaren ziurtagiria ere.

23. artikulua.

Entrenamendu saioak instalazio jakin batean egiten dituzten taldeek eta klubek lehentasuna izanen dute partidak instalazio horretan bertan jokatzeko. Kirol taldeak programatuta daukaten entrenamendua hasi baino 15 minutu lehenago eta partida hasi baino 30 minutu lehenago sartzen ahalko dira aldageletara.

24. artikulua.

Aurreikusten ahal ez diren arrazoiak direla medio, entitateren batek erabakitzen badu uko egitea emakidari, idatziz jakinarazi beharko dio Kirolak Kudeatzeko Zentroari, gutxienez ere egun bat lehenago, eta ez dio beste entitate bati lagatzen ahalko bere erabilera eskubidea.

24. artikulua.

Erakunde pribatu batek kirol instalazioa erabili ahal izateko, ordainduta izan behar ditu udalaren edozein kirol instalazio erabiltzeagatiko tasak, urteko tasen ordenantzan jasotzen denaren arabera.

25. artikulua.

Berariazko debekuak:

a) Debeku da kirol instalazioetan erretzea, aire zabalekoetan izan ezik.

b) Debeku da saldu eta kontsumitzea edari alkoholdunak eta beste droga edo estupefaziente mota oro.

c) Oro har, debeku da animaliak sartzea udalaren kirol instalazioetan, udalak berariaz baimentzen ez badu behintzat, eta betiere ikusmen galera handi edo erabatekoa duten pertsonekin doazen itsu zakurrak izan ezik.

III. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

26. artikulua.

Eskubideak:

a) Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du, erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

b) Erabiltzaileek udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

c) Herritarrak eskubidea du informazioa jasotzeko udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

d) Erabiltzaileek egoki iritzitako oharrak, kexak eta iradokizunak egiteko eskubidea dute udalaren kirol instalazioen funtzionamenduaren gainean.

e) Eskubidea dute, orobat, eskatzeko udalak bete ditzala bere zerbitzu-kartetan hartzen dituen konpromisoak.

27. artikulua.

Betebeharrak:

a) Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barnean, hala hitzez nola egitez, gainerako erabiltzaileei eragotzi gabe eta gizalegezko elkarbizitzak ezartzen dituen mugen barnean.

b) Funtsezkotzat jotzen da, orobat, erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarri begirunea izatea, erabiltzaileek langile horien esanak, hasteko eta behin, onartu beharko dituztelarik.

c) Erabiltzaileek zuzen erabili behar dituzte instalazio eta espazio guztiak, zaindu egin behar dituzte eta zainarazi, erabiltzailea izanen baita erantzulea horiek gaizki erabiltzeagatik hondaketak egozten ahal bazaizkio.

d) Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute garbi edukitzen erabiltzen dituzten eremuak, paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz horretarako.

e) Haurrek gurasoen edo haien ardura dutenen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihesteko eta gainerako erabiltzaileei ez eragozteko.

f) Erabiltzaileek beti errespetatu beharko dituzte instalazioaren funtzionamendu ordutegiak, bai eta erregelamendu hau ere, eta kasu eginen diote langileek edo udal zerbitzuek horren inguruan esaten dutenari.

g) Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza arrunta nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

h) Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kiroleko zinegotziaren eskuetan jarriko da, behin betiko ebazpena eman dezan.

i) Erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera.

IV. KAPITULUA.–UDALAREN KIROL INSTALAZIOETAKO BERARIAZKO ARAUAK

28. artikulua.

Aldageletan aplikatuko diren arauak hauek dira:

a) Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.

b) Ezin da beste sexukoen aldageletara sartu.

c) Zazpi urtetik goitiko haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduaren eskutik ere.

d) Norberaren higieneko ekintza hauek debekatuta daude: depilatzea, azazkalak moztea eta txukuntzea, ilea tindatzea eta gorputzeko ileak kentzea.

e) Orobat, ezin da jan, edan eta arriskutsua gerta daitekeen kristalezko gairik edo antzekorik sartu, hausten badira erabiltzaileei kalte egin diezaiokeenik.

f) Ezin da barruko arroparekin dutxatu.

g) Ezin da instalazioetako altzaririk sartu dutxetan (besaulkiak, aulkiak, banketak, eta abar).

h) Ezin da ura modu desegokian erabili; ondasun urria da. Errutinazko dutxa bat hartzeko behar den ura baino ez da erabiliko.

i) Ezin da oinutsik ibili.

j) Ezin da musika gailurik sartu, baldin eta hori erreproduzitzeak gainerako erabiltzaileak gogaitzen baditu.

k) Erabat debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako.

l) Giltza galduz gero, instalazioaren arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barruan utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badu, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko.

29. artikulua.

Pilotalekua erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Pilotalekua, material eta neurri aldetik, pilotan aritzeko berariaz diseinaturik dago, hau da: esku pilotan, gomazko pilotaz, larruzko pilotaz, frontenisean, eta pilota federazioaren barnean sartzen diren kirol modalitate guztietan. Bestela ere erabiltzen ahalko dira, salbuespenez, aurretik udal baimena izanda.

b) Pilotalekua gehienez ere ordubetez erabiltzen ahalko da.

c) Pilotalekua zabalik dago erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

d) Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

30. artikulua.

Gimnasioa erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Nahitaezkoa izanen da 16 urte beterik izatea muskulazio geletara sartzeko, nahiz eta 12 urte beterik dituztenei kardio makinak erabiltzen utziko zaien, betiere adingabearen legezko ordezkariak sinatutako baimena aurkezten badiete instalazioaren arduradunei.

b) Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

c) Nahitaezkoa da eskuoihala erabiltzea makina eta aparatuetako izerdia, bai eta lurrekoa ere, xukatzeko. Erabili ondotik, elementu mugikorrak dagokien tokian utziko dira.

d) Errekuperazio aldian, aparatua zain dagoen beste erabiltzaile bati utzi beharko zaio.

e) Materiala erabili ondotik bere tokian utzi beharko da.

f) Ezin da musika gailurik sartu gimnasioan, baldin eta hori erreproduzitzeak gainerako erabiltzaileak gogaitzen baditu.

31. artikulua.

Padeleko pistak erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Horietan, padelean bakarrik aritu daiteke.

b) Esparru hori erabili nahi dutenak gehienez ere ordubetez aritzen ahalko dira, baldin bi pertsona baino gehiago badaude, eta kirolean ari daitezke gehienez ere lau pertsona, binakako partidetan.

c) Padeleko pistak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

d) Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

32. artikulua.

3x3 pistak erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Pista zabalik dago bizilagun, erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

b) Pista adingabeek erabiliko badute, heldu batek egin beharko du erreserba eta gainbegiratu beharko du jokoa.

c) Ordubetez jarraian jokatzen ahal da, eta ez da ordu hori luzatzen ahalko, salbu eta ez badu inork ondoko ordua eskatu.

d) Pista ordubetez erabili duten erabiltzaileek ez dute berriz ere erreserba egiten ahalko, ez eta pista erabiltzen ahalko ere ondoko orduan, salbu eta ez badu inork ondoko ordu hori eskatu.

33. artikulua.

Kiroldegia erabiltzeko arau hauek ezarri dira:

a) Kirol eremu horretan mota guztietako kirolak praktikatzen ahalko dira, baldin eta kantxaren neurriak eta sabaiaren altuera bat badatoz kirol bakoitzaren berezko erregelamenduak onartzen duenarekin. Horretarako, kirol anitzeko pistaren lurrean markatuko dira joko eremurako behar diren neurriak.

b) Gehienez ere ordubetez erabiltzen ahal da.

c) Kirolgune hau zabalik dago erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

d) Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

V. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA

34. artikulua.

Fiteroko Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileentzako behar diren diziplina neurriak hartzea, betiere erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazio bakoitzaren barreneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.

35. artikulua.

Instalazioetako edo udal zerbitzuetako langileek txartela kendu eta abonatu edo erabiltzaileak handik bidaltzeko ahalmena dute, baldin eta haien jarraibideei edo ahozko ohartarazpenei kasurik egiten ez badiete, eta erregelamendu honetako (edo aplikatzekoa den legezko araudiko) arauetakoren bat behin eta berriz hausten badute, edo erabiltzaileen segurtasuna edo lasaitasuna arriskuan jartzen badute, batere ukatu gabe arau-hausleari gerora ezartzen ahal zaion zehapena.

36. artikulua.

Erregelamendu honetako edozein arau eta araudi ez betetzeak berekin ekar dezake zehapena ezartzea. Alkateak jarriko ditu zehapenak, aitzinetik txostena eginda, falta astunen edo oso astunen kasuan, eta Kirol Arloko zinegotzi ordezkariak, berriz, falta arinen kasuan. Zehapenak gertakariaren larritasuna eta berrerorketak kontuan hartuz jarriko dira, eta erabiltzaile izateari utzi beharra ere ekartzen ahal dute ondorioz. Baldin eta zehatutako gertakariak galera ekonomikoa eragiten badu, instalazioko zerbitzuren edo altzariren bat hautsi edo hondatzeagatik, besteak beste, egileak, zehapenaz gain, eragindako gastua ordaindu beharko du.

37. artikulua.

1. Zehapenera iritsi bitarteko prozedura hau da:

a) Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake, prebentziozko neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

b) Sartzeko bitartekoa (txartela, eguneko sarrera...) kendu eginen da, dagokion espedientea izapidetu eta arau-haustea egin duen erabiltzaileari, bidezkoa bada, zehapena jarri arte.

c) Sartzeko bitartekoa kenduko da ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean, baldin eta zehapenak instalazioa erabiltzeko eskubidea aldi baterako kentzen badu.

d) Behin egun horiek iraganez gero, sartzeko bitartekoa berriz emanen da eta erabiltzaileak instalazioa berriz erabili ahalko du.

2. Falten sailkapena:

a) Falta arinak: Erregelamendu honetan ezarritako funtzionamendu arauetako edozein ez betetzea, falta astun edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik, eta aitzinetik emandako kirol gune bateko erreserba bat ez erabiltzea, hirugarren bat kaltetuz, gainera.

b) Falta astuna: Bi falta arin edo gehiago egitea, beste erabiltzaile batzuen edo arau-hausle beraren segurtasunari eragiten ahal dion edozein ez-betetze egitea, bereziki hauek: udalaren kirol instalazioak oro har gaizki erabiltzea, instalazioaren edozein ondasun higigarri edo higiezin hondatzea, eta instalazioaren barruan ordena modu larrian aldatzea eragiten ahal duen edozein ekintza edo ez-egite.

c) Falta oso astunak: Instalazioaren barnean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dioten falta astunak bitan edo gehiagotan errepikatzea.

38. artikulua.

Falta arinek berekin ekarriko dute instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua; aldi hori 5 egunetik 15 egunera bitartekoa izanen da, arau-haustearen egunetik kontatzen hasita. Gainera, ekarriko dute 50 eta 100 euro arteko zehapen ekonomikoa edo komunitatearen onurarako diren lanak bost orduz egitea.

39. artikulua.

Falta astunek berekin ekarriko dute instalazioa aldi batean erabiltzeko debekua; aldi hori 15 egunetik 30 egunera bitartekoa izanen da, arau-haustearen egunetik kontatzen hasita. Gainera, ekarriko dute 100 eta 150 euro arteko zehapen ekonomikoa edo komunitatearen onurarako diren lanak hamar orduz egitea.

40. artikulua.

Falta astunak edo oso astunak alkateari igorriko zaizkio, kasu bakoitza azter dezan eta behar den zehapena ezar dezan: instalazioa erabili ezina ekarriko du (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), alde batera utzita Fiteroko Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak.

41. artikulua.

Falta arinak hilabeteren buruan preskribatuko dira, astunak urtebeteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan. Falten preskripzio epea falta egin denean hasten da kontatzen.

42. artikulua.

Ematen diren ebazpenen kontra, aurkezten ahal dira indarreko legerian kasu orokorretarako jasotzen diren errekurtsoak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honetatik kanpo dago udalaren titulartasunekoa den El Olmillo udal zelaia erabiltzea.

Iragarkiaren kodea: L2406969