104. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Udal igerilekuak erabiltzeko erregelamenduaren behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2024 otsailaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udal igerilekuak erabiltzeko erregelamendua.

Espedientea 2024ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da erregelamendua, eta argitaratu egin behar da.

Fiteron, 2024ko apirilaren 30ean.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

UDAL IGERILEKUAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

Hitzaurrea

Fiterok udal instalazio batzuk ditu, kirol, gizarte eta kultura arlokoak, eta herritar guztien eskura jartzen ditu.

Azken urteetan, desegokiak diren eta gizalegezkoak ez diren diren eta herritarrei ezinegona eragiten dieten portaerei buruzko kexa, iradokizun eta proposamen ugari jaso dira udal honetan.

Egungo tokiko gizarteak argi eta garbi eskatzen du denon bizikidetzarekiko errespetua. Hiriguneak espazio bera partekatzen duten pertsonen arteko liskarrerako sorburu dira batzuetan.

Arazoak eta liskarrak saihestu eta konpontzeko lehenengo tresna hezkuntza bera eta printzipio pertsonalak dira, zalantzarik gabe. Hortik abiatuta, gizarte antolatuak arau zibil, administratibo eta penalak zehazten ditu.

Larritasun horren barruan jorratu behar dira egoera guztiak; hori horrela, bide pribatutik arrakastarik izan ez denean, administrazioarengana jotzen da, baina ez zuzenean bide judizialera; are okerrago, bide penalera jotzen da.

Desoreka nabarmen hori leuntzeko, gaur egun, suposizio txiki horiek guztiak –herritarren kezka iturri zuzena dira beren egunerokoan– aurreikusiko dituzten arau batzuez hornitu daiteke herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa.

Gauzak horrela, Fiterok ez du inoiz izan udal instalazioak erabiltzeko erregelamendurik. Uste dugu erregulazio bat izateko garaia dela; asmoa da askatasunik handiena eskaintzea, baina ez gutxiengo baten gizalegezkoak ez diren portaeren kontura.

Horrelaxe egin izan dute herri eta hiri askok, direla biztanle kopurua areagotu zaienek, direla beren bizilagunei ezinegona eragiten dieten egoerak areagotu zaizkienek –zenbait kasutan, gainera, beren eguneroko jarduera aldatu behar izan dute bizilagunek–.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz edo bizilagunen bizitza aldatzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain justu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako. Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Ezin ahaztu dezakegu gizalegearen kontrako portaerek, batzuetan, behartzen dutela funts publikoen zenbateko handiak erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak altxor publikoaren kudeaketa hobetzen laguntzen du.

LEHEN KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK.

1. artikulua.

Erregelamendu honen xedea da Fiteroko udal igerilekuen erabilera eta funtzionamendua arautzea. Igerilekuak udalaren titulartasunekoak dira, eta hark kudeatzen ditu.

Instalazioetan erreklamazio orriak daude erabiltzaileen eskura.

2. artikulua.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokio udal igerilekuaren kalitate higieniko-sanitarioa eta segurtasuna arautzen dituzten arauak ezartzea, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren urteko ebazpenetan (horien bidez onesten dira Nafarroako igerilekuen osasun zaintzako programak) xedatutakoaren arabera. Bai eta irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretua igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen duenaren arabera ere.

Arau horiek aldaketak izaten ahal dituzte.

3. artikulua.

Fiteroko Udalaren helburua da herritarrek uretako kirol jardueretarako sarbidea izan dezaten sustatzea, inolako diskriminaziorik eta adin mugarik gabe, eta kirola eta igeriketarekin lotutako jarduerak sustatzea. Hori horrela izanik, mekanismo egokiak ezartzen ditu igeriketa ikastaroak, halakorik balego, eta igeriketarekin lotutako beste jarduera batzuk sustatzeko.

BIGARREN KAPITULUA.–INSTALAZIOETARA SARTZEA

4. artikulua.

1. Uretako jarduerak egin nahi dituzten edo instalazioak erabili nahi dituzten herritar guztiek erabil dezakete udal igerilekua, kirol- eta kultura-instalazioak erabiltzeko diru sarrerak arautzen dituen ordenantzan ezarritako tarifak ordaindu ondotik.

2. Honako prozedura hauen bidez sar daiteke instalazioetara:

a) Sarrerak erostea.

b) Abonamenduak erostea.

c) Fiteroko kirol txartela.

Horiek guztiak beren modalitate desberdinetan.

3. Kirol-lehiaketetara eta/edo -jardueretara joaten diren pertsonak ikusle gisa sartzen ahalko dira udal igerilekura, udalak hala ezartzen duenean. Ikastaroetako ikasleak, adingabeak, sartzen ahalko dira ere zehazten diren egunetan, ematen ahal diren ikastaroetarako.

4. Instalaziora sartzeko kontrolak ezarri behar direnez, eta horrela edukieraren kontrola bermatu behar denez, QR kode sistema bat erabiliko da sartzeko, bai formatu digitalean (telefono mugikorra), bai formatu fisikoan (txartela).

Instalazioetara sartzean eta handik ateratzean beharko da QR kodearen bidezko egiaztapena.

5. artikulua.

1. Ikastaroetako ikasleen ikusle edo laguntzaile gisa igerilekura sartzen direnak igerilekuan egoten ahalko dira ikasle horiek parte hartzen duten programen ordutegian edo baimendutako ordutegian bakarrik, eta jarduera egiten den tokian bakarrik egoten ahalko dira, ez instalazioen gainerakoan.

2. Igerilekuetan lehiaketak edo bestelako kirol, josteta edo jolas jarduerak badira, erakunde antolatzailea arduratuko da barrutiko ordenaz, bai bainu gunean, bai aldageletan, bai gainerako guneetan, eta erantzukizuna izanen du instalazioak behar bezala erabil daitezen.

3. Udalak, udal zerbitzuen bidez, eskumena du udal igerilekura sartzen diren guztiei nortasun agiri nazionala edo nortasuna egiaztatzeko beste edozein agiri eskatzeko.

HIRUGARREN KAPITULUA.–FUNTZIONAMENDU ARAUAK

6. artikulua. Ordutegiak.

1. Fiteroko Udalak zehaztuko ditu udal igerilekuaren ordutegiak eta erabilerak. Denboraldi bakoitzerako hasiera batean zehaztutako ordutegia 10:00etatik 21:00etara da, instalazioak hustea barne. Instalazioetara sartzeko gunean ongi ikusten den toki batean jarriko da ordutegia, koadrante batean. Fiteroko Udalak, egoerak behartuta, aldatzen ahalko du ordutegia, aldi baterako edo betiko.

2. Instalazioak itxi behar badira garbitu behar direla eta, mantentze-lanak egin behar direla eta, edo ontzietako ura berritu behar dela eta, besteak beste, Fiteroko Udalak behar bezala emanen du itxieraren berri.

7. artikulua.

1. Instalazioak erabiltzen ez dituztenak ezin dira aldageletara sartu, adinagatik edo egoerarengatik aldageletan modu autonomoan moldatu ezin diren erabiltzaileen laguntzaileak izan ezik.

2. Instalazioetara tabernara sartzeko, ezinbestekoa izanen da pertsonak sarrera, abonamendua edo Fiteroko kirol txartela izatea.

8. artikulua.

Udala ez da bere instalazioen barruan lapurtzen edo galtzen diren objektuen erantzule izanen.

9. artikulua.

Instalazioetako soroslea –behar bezala identifikatuta egonen da–, igerileku denboraldirako kontratatzen diren Fiteroko Udaleko langileak eta udal zerbitzuak arduratuko dira erabiltzaileek erabilera arau hauek guztiak betetzen dituztela ziurtatzeaz.

LAUGARREN KAPITULUA.–DIZIPLINA- ETA SEGURTASUN-ARAUAK

10. artikulua.

Instalazioen funtzionamendu ona lortzeko eta bainu modalitate guztien ohiko garapena ahalbidetzeko, honako arau hauek ezartzen dira, nagusiki ohitura higienikoak sustatu, instalazioak zaindu eta mota guztietako arriskuak prebenitzearren:

1. Kirol instalazioaren erabilera ezberdinetarako erreserbatuta dauden espazioak errespetatu beharko dira.

2. Debeku da bainu gunera –hondartzak barne– kaleko arropa eta oinetakoak, betaurrekoak eta edozein motatako beira sartzea.

3. Debeku da bainu arroparen azpian barruko arropa eramatea bainatzean.

4. Bainatu baino lehen, nahitaezkoa da dutxa erabiltzea, eta erabiltzaileak ziurtatu behar du kentzen dituela krema, zikinkeriak eta, barrutitik oinutsik ibili ondotik, oinetan izaten ahal dituen hondarrak.

5. Debeku da paperak eta hondakinak uztea instalazioetan. Horiek botatzeko, paperontziak edo bestelako ontziak erabili behar dira.

6. Debeku da animaliak sartzea instalazioetan (itsu txakurrak izan ezik, indarreko araudiaren arabera).

7. Instalazioak errespetatu egin behar dira, eta ongi erabili.

8. Instalazioak behar bezala erabili behar dira une oro, eta erabiltzaileak eta gune bakoitzaren erabilerak errespetatu behar dira, bai eta instalazioetako langileak ere.

9. Debeku da jolas bortitzak egitea uretan eta belardian.

10. Debeku da joko eta jokabide arriskutsuak egitea, korrika egitea, uretara bortizki jauzi egitea, gauzak botatzea, etab.; eta, oro har, egin beharreko jardueren garapena eta erabiltzaileen bainua trabatu edo eragozten duten egintza guztiak.

11. Ontzietara sartzeko berariazko tokiak daude; horiek erabili behar dira.

12. Zortzi urtetik beherako haurrak haien segurtasunaz arduratuko diren 18 urtetik goitikoek gainbegiratuko dituzte une oro.

13. Debeku da jatea horretarako ez diren tokietan eta debekatuta dago, halaber, edozein motatako beira erabiltzea instalazioetako tabernatik kanpo.

14. Debeku da ura zikintzea higienearen aurkako jokabideen bidez.

15. Ezin dira bainatu eritasun infekto-kutsakor bat dutenak, ez eta halako eritasun bat dutelako susmoa dutenak ere, batez ere azaleko eritasuna bada.

16. Igerilekuko soroslearen jarraibideei kasu egin behar zaie une oro.

17. Debeku da instalazioko altzariak (mahaiak, aulkiak, eta abar) lekualdatzea.

18. Debeku da erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen musika gailuak sartzea instalazioetara.

19. Debeku da igerileku ontzian egotea ekaitzik badago, urak korronte elektromagnetikoa erakartzen baitu, eta sorosleak hala erabakitzen duenean.

20. Debekatuta dute nerabe eta helduek plisti-plasta ibiltzeko ontzia, beren kasa moldatzen ez diren haurrei eusten dietenek izan ezik. Horiek helburu horretarako erabiltzen ahal dute ontzia.

21. Debeku da ohiko pixoihalak erabiltzea, irizpide higienikoak direla eta; izan ere, horiek erabiltzeak ez du kontaminazio bakterianoaren iturria ezabatzen, hori estali baizik. Berariazko pixoihalak erabiltzen ahal dira.

22. Haurrek plisti-plasta ibiltzeko ontzian kamisetak erabiltzen ahalko dituzte eguzkitik babesteko. Helduek berariazko kamisetak erabiltzen ahalko dituzte (neoprenozkoak, kasu), soroslearen dagokion justifikazioa eta baimena eman ondotik betiere.

23. Debeku da erregailuak erabiltzea horiek erabiltzea debekatzeko ohartarazpenik bada. Hori etortzen ahal da muturreko baldintza klimatologikoak eta/edo Nafarroako Gobernuko Babes Zibilerako Zerbitzuaren eskakizunak direla eta.

24. Debeku da erabat modu desegokian erabiltzea dutxetako ura (hondartzan eta aldageletan). Ura ondasun urria da eta denok erabili behar dugu modu egokian.

11. artikulua.

Instalazioak behar bezala erabiltzeko, honako gomendio hauek ezartzen dira:

1. Barrutian gainerako pertsonak eta haien bainua errespetatu behar dira.

2. Ez utzi arroparik aldageletan.

3. Ez ekarri baliozko objekturik igerilekuetara (instalazioak ez du galdutako objektuen ardurarik izanen).

4. Ez erabili koiperik edo oliorik igerilekuko uretara sartu baino lehen.

5. Ez hartu eguzkia gehiegi eta ez bainatu digestioa egin bitartean.

6. Erabiltzaileek, istripuak saihesteko, egiaztatu behar dute igerilekuetako tarte bakoitzaren sakontasuna hara sartu baino lehen.

7. Segurtasun eta higiene pertsonaleko neurriak zorrozki bete behar dira guztien onurarako.

8. Berariaz gomendatzen da txanoa janztea.

9. Bainua amaitu ondotik dutxatzea, azala lehortzea saihesteko. Igerilekuetako ura kloroa duten produktuekin desinfektatzen da.

12. artikulua.

1. Erabiltzaile izaeraren ondoriozko betebeharrak ez betetzea arau-haustetzat jotzen ahal da, eta zehatzen ahal da, erregelamendu honen arabera, hargatik eragotzi gabe izaten ahal diren erantzukizun zibilak, penalak eta beste ordena batekoak.

2. Zehapenen mailak zehazteko, aintzat hartuko dira arau-haustearen larritasuna, berrerortzea eta erabiltzaileei eta instalazioei eragindako kalteak.

3. Arau-hausterik eginez gero, aukera egonen da barrutitik kanporatzeko.

4. Dagozkion zehapenak ezartzeaz gain, arau-hauste baten ondorioz kirol instalazioaren elementu bat narriatu, apurtu edo hondatzen bada, egindako konponketen edo berriz jarritako materialen zenbatekoa ordaindu beharko du arau-hausleak.

5. Ondorio guztietarako, eragindako kalteen erantzukizun subsidiarioak izanen dira jarduera antolatu duten erakundeak edo, bestela, udalaren baimenarekin igerilekua erabili dutenak. Arau-hausteak behin baino gehiagotan eginez gero, aukera egonen da erakunde horiei eman zaizkien erreserbak aldi baterako ezeztatzeko edo bertan behera uzteko.

13. artikulua.

Arau-hausteak hiru motatakoak izaten ahalko dira:

1. Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arina izanen da erregelamendu honen 11. artikuluko betebeharrak eta debekuak ez betetzea, horren ondorioek ez dakartenean arau-hauste astuntzat jotzea.

b) Instalazioko beste erabiltzaile batzuk, sorosleak edo langileak modu desegokian tratatzea.

c) Kalte arinak eragitea, nahita, instalazioetan, edota haien materialean edo altzarietan.

2. Arau-hauste astunak:

a) Hiru zehapen arin pilatzea bainu denboraldi batean.

b) Instalazioko beste erabiltzaile batzuk, sorosleak edo langileak larri iraintzea.

c) Kalte larriak eragitea, nahita, instalazioetan, edota haien materialean edo altzarietan.

d) Instalazioko beste erabiltzaile batzuk, sorosleak edo langileak fisikoki erasotzea.

e) Udal igerilekuko instalazioetara sartzea aurretik sarrera erosi gabe edo dagokion bonua edo abonamendua erakutsi gabe.

3. Arau-hauste oso astunak:

a) Hiru falta astun pilatzea bainu denboraldi batean.

b) Instalazioko beste erabiltzaile batzuk, sorosleak edo langileak fisikoki erasotzea, osasunerako ondorio larriak badakarzkie.

c) Kalte oso larriak eragitea, nahita, instalazioetan, edota haien materialean edo altzarietan.

d) Udal igerilekuaren funtzionamendu arauak ez betetzea, baldin eta Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko otsailaren 21eko 4/2015 Legean aurreikusitako motetan sartzen ahal diren jokabideak badakartzate, lege horretan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira.

Erregelamendu honetan aurreikusitako arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioari eta mailaketari dagokienez, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikulutik 141. artikulura ezarritakoa aplikatuko da, Tokiko Gobernua modernizatzeko neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak sartutako aldaketan.

14. artikulua.

1. Falta arinak zehatzen ahal dira idatzizko ohartarazpenarekin, 15 egunetik eta 30 egunera arteko aldian erabiltzaile edo abonatu izaera galduz edo asko jota 300 euroko zehapen ekonomikoa ezartzearekin, egindako faltaren larritasunaren arabera. Zehapen ekonomikoaren ordez, 25 orduko komunitatearen mesedetarako lana ezartzen ahal da.

2. Falta astunak zehatzen ahal dira 30 egunetik eta bainu denboraldi baten arteko epean erabiltzaile edo abonatu izaera galduz edo asko jota 1.000 euroko zehapen ekonomikoa ezartzearekin, egindako faltaren larritasunaren arabera. Zehapen ekonomikoaren ordez, 60 orduko komunitatearen mesedetarako lana ezartzen ahal da.

3. Falta oso astunak zehatzen ahal dira bainu denboraldi baten eta hiruren arteko epean erabiltzaile edo abonatu izaera galduz edo asko jota 3.000 euroko zehapen ekonomikoa ezartzearekin, faltaren larritasunaren arabera.

15. artikulua.

Zehapenak jartzeko, jarraituko zaio administrazio publikoek zehapen ahalmena erabiltzeko zehaztutakoari. Arau-hauste arinak, astunak eta oso astunak egiteagatiko zehapenak Fiteroko Udaleko alkate udalburuak ezarriko ditu.

BOSGARREN KAPITULUA.–TOKIKO ELKARTEEK INSTALAZIOAK ERABILTZEA

16. artikulua.

Tokiko erakundeek, Elkarteen Udal Erregistroan behar bezala erregistratuta daudenek, instalazioak beren jarduerak (gizarte, kultura, kirol eta josteta arlokoak, besteak beste) egiteko erabiltzea eskatzen ahal dute. Horretarako, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago, eskaera egin behar dute idatziz.

17. artikulua.

Ez da baimenduko instalazioak bainu denboralditik kanpo erabiltzea. Fiteroko Udalak zehaztuko ditu denboraldiaren datak, urtero.

18. artikulua.

Jarduera bat egiteko dagokion udal baimena duen elkarteak ardura hauek hartuko ditu bere gain: jardueran ordenari eustea, jardueraren ondorioz sortu den zikinkeria garbitzea, bitarteko propioekin (eskuilak, zabor poltsak, jasotzaileak, eta abar) eta sortu dituzten kalteen kostua ordaintzea.

19. artikulua.

Tokiko elkarte batek antolatzen duen edozein jarduera egiteko ontziak erabili ahal izateko, udalak baimendutako ordutegia errespetatu behar da, instalazioko gainerako erabiltzaileen erabilera ez oztopatzeko.

20. artikulua.

Ez da baimenduko egun berean antzeko bi elkartek bi jarduera egitea.

21. artikulua.

Uretako puzgarriak erabiltzeko, horren berri eman behar zaio 30 egun lehenago Fiteroko Udalari, halako jarduerek ahalegina eskatzen baitiete sorosleei. Fiteroko Udalaren kasuan, Hego Nafarroa Kirol Mankomunitatearen mendekoak dira.

Nolanahi ere, puzgarriak erabiliko diren jarduerak antolatzen dituen elkarteak eta/edo erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, jardueraren antolaketaren eta zaintzaren ardura hartzen duela jasotzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.

Alkateari baimena ematen zaio, kirol arloan eskumena duen zinegotziari entzunda, erregelamendu honen 4. artikuluan aipatzen diren sarbide kategoriak aldatzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.

Udal titulartasuneko igerilekuen funtzionamendua, zeharka kudeatzen bada, administrazio klausula partikularren agirian eta preskripzio teknikoen agirian zehaztutako baldintzen arabera arautuko da, eta, modu osagarrian, erregelamendu honetan jasotako xedapenen arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honetako arauen interpretazioa alkateak eginen du, kirol arloan eskumena duen zinegotziari entzunda. Hura aplikatzeko behar diren jarraibideak ematen ahalko ditu.

Iragarkiaren kodea: L2406968