103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1460E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez martxoaren 21eko 506E/2024 Ebazpena aldatu eta 51.000 euroko gastu gehigarria baimentzen baita, 2024an elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza programak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 749168.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 506E/2024 Ebazpenaren bidez, elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza planak diruz laguntzeko oinarri arautzaileak eta deialdia onetsi ziren 2024rako.

Deialdiari buruzko aipatu ebazpen horren 4. puntuan adierazten da 50.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko dela.

Elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza programak finantzatzeko eskaera gero eta gehiago daudenez, eta kontuan hartuta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak programa honetarako 150.000 euro eman dituela, proposatu da hasieran aurreikusitako partida handitzea, arlo honetan ekintza gehiago egin daitezen sustatzeko.

Martxoaren 21eko 506E/2024 Ebazpenaren 4. puntua aldatzen da, adierazteko 51.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko dela.

Hasiera batean 99.000 zenbatekoa baimendu zen, eta 51.000 euro gehitzeko baimena ematea proposatzen da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 14ko 11/2005 Foru Legearen 30. artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 55. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Azaldutakoagatik, bigarren gastu-baimena proposatzen da, 51.000 eurokoa, 2024ko gastuen aurrekontuko "Elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002 96200 4819 242113 partidaren kargura.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. NL-NEZko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 506E/2024 Ebazpena, deialdi hori onesten duena, 4. puntuan aldatzea, adierazteko 51.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko dela.

2. 51.000 euroko gastu gehigarria baimentzea.

3. Aldaketarako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2407766