103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1316E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak. Oinarri horiek otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez onetsi, eta maiatzaren 8ko 1305E/2020 Ebazpenaren eta abenduaren 22ko 25361E/2022 Ebazpenaren bidez aldatu ziren. DDBN identifikazioa: 722601.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuak, abenduaren 27ko 340/2019 Foru Dekretuaren bidez aldatuak, xede du, gizarte bazterketaren kontrako politika publikoen esparruan, laneratze eta gizarteratze enpresen araubide juridikoa arautzea, bai eta enpresa horientzako laguntzen araubide orokorra ere (foru dekretuaren III. kapituluan xedatuta dago).

Foru dekretu horren 3. artikuluak xedatzen du laneratze eta gizarteratze enpresa bakoitzak izan beharreko teknikarien gutxieneko kopurua laneratze egoeran dauden langile kopuruaren araberakoa izanen dela, hala ezartzen baita 20.1 artikuluan, 25.2 artikuluan dagoen taularekin lotuta. Halaber, zehazten du, betiere, esku hartzeko eta laneratzeko lanak eginen dituen teknikari bat izanen dela gutxienez enpresa bakoitzean; eta izan beharreko teknikari kopuru jakin batean oinarrituta, horiek banatzeko irizpide proportzional batzuk ezartzen ditu, esku hartzeko eta laneratzeko lan horietan arituko diren teknikari kopurua finkatzeko.

Laneratze enpresek laguntza, jarraipen eta akonpainamendu sozialeko esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren, eta maiatzaren 8ko 1305E/2020 eta abenduaren 22ko 25361E/2022 ebazpenen bidez aldatu ziren.

Aldaketa honen helburua da, berriz, dirulaguntzaren zenbatekoa argitzea, eskaerak aurkezteko epea aldatzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa eguneratzea.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzak emateko deialdiaren 5.2, 6.2, 6.6, 9.1 eta 9.2 oinarri arautzaileak. Oinarri horiek otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez onetsi, eta maiatzaren 8ko 1305E/2020 Ebazpenaren eta abenduaren 22ko 25361E/2022 Ebazpenaren bidez aldatu ziren. Hau da oinarri horien testu berria:

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.2. Hilero ordaindu beharreko gehienekoa 2.000 euro izanen da, edo egindako lanaldiaren arabera dagokiona. Egotzitako soldatarekin ez bada iristen aipatutako zenbatekora, aurreko hileko gizarte aseguruekin osatzen ahalko da.

6.–Eskaerak eta aurkezteko epea.

6.2. Dirulaguntza eskatu eta ordaintzeko epea hilabetekoa izanen da, teknikarien soldatak ordaintzen direnetik kontatzen hasita, dagokion gasturako baimena argitaratu bada.

Deialdiaren aurreko urteko azaroaren eta argitaratu aurreko hilabetearen arteko aldirako eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia argitaratu eta biharamunetik.

6.6. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

9.–Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko justifikazioa.

9.1. Hilero eman eta ordainduko da dirulaguntza, laneratze enpresa bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio honekin:

–Inprimaki normalizatua, eskatutako dirulaguntzari dagozkion kalkuluak adierazita.

–Kontratatutako teknikarien nominen kopiak, zeinetarako eskatu baita dirulaguntza ematea eta ordaintzea, eta ordainagiriak.

–Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen kopia, gastua egozten bada, baita ordainagiria ere.

–IDC Kotizaziorako datuen txostena.

–Hileko lehen eskaerarekin batera egiaztagiri hauek ere aurkeztu beharko ditu, edo erantzukizunpeko adierazpena, kasua bada:

  • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.
  • Dirulaguntza hauen xede bererako beste laguntzarik ez duela hartzen, edo hartuz gero, guztien artean ez dela kostua gainditzen.
  • Baimena ematen duela datu pertsonalen tratamendurako eta fitxategi publikoetako datuen kontsultarako.
  • 4. oinarriaren i) letran gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak betetzen dituela.

Ez da beharrezkoa izanen informazio hori berrestea gerora dirulaguntzarako hilero egiten den eskaera bakoitzean, hasieran emandako datuak aldatu ez badira.

–Beste teknikari bat kontratatu behar bada:

  • Lan-kontratuaren kopia.
  • Gizarte Segurantzako alta-agiriaren kopia.
  • IDC Kotizaziorako datuen txostena.
  • Teknikariarentzat urtean aurreikusitako jarduera jasotzen duen memoria, egin behar diren jarduketak zehaztuta.
  • Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 19.2 artikuluan aurreikusitako titulazioa edo esperientzia betebeharra betetzearen frogagiriak.

–Kontratu baten luzapena bada:

  • Haren kopia.

9.2. Urte bakoitzeko urtarrileko eskaerarekin batera, memoria aurkeztuko da, eduki honekin:

–Laneratze enpresaren titulartasuna.

–Kokalekua.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Plantillaren osaera, adieraziz zer langile dauden laneratze prozesuan.

–Honako hauei buruzko txosten xehakatua: teknikariek aurreko urtean egindako jarduera, prestakuntza ekintzak, prospekzioak, etab.

–Egindako laneratze lanei buruzko xehetasunak eta lan merkatu arruntean zer mailatan lortu diren laneratzeak, laneratutako pertsonen zerrendarekin batera.

–Eskaeraren xede diren teknikarientzat urtean aurreikusitako jarduera jasotzen duen txostena, egin behar diren jarduketak zehaztuta.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 3an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2407381