Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
663E/2024 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 11ko 1316E/2022 Ebazpena, "Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa" finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta 2024rako gastua baimentzen baita. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 611539.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 11ko 1316E/2022 Ebazpenaren bidez, "Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa" finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ebazpena 2022ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 31koan.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 10764E/2022 Ebazpenaren bidez, martxoaren 11ko 1316E/2022 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren oinarriak aldatu ziren (2022ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 4koa).
Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 28ko 25408E/2022 Ebazpenaren bidez, 2023rako gastua baimendu zen, eta martxoaren 11ko 1316E/2022 Ebazpena aldatu zen (2023ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 10ekoa).
Landa eremuko emakumeen laneratze datuak ez dira oraindik ere Europako batezbestekora iristen, emakumeak ekoizpen-ehunetik aldentzen dituzten egiturazko kausa soziodemografikoak direla medio, hau da, neurri handi batean familiako zaintza-lanez arduratzen direlako, ordaindu gabeko jardueretan edo familia esparruan aritzen direlako, bai eta prestakuntza espezifikorik ezagatik ere, besteak beste.
Oinarri arautzaileen arabera, diruz lagundutako programek 12 hilabeteko iraupena izanen dute gehienez, eta diruz lagundutako jarduketak 2025eko martxoaren 31n bukatu beharko dira beranduenez. Oinarrietan ezartzen da, halaber, eskaerak aurkezten ahalko direla oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2024ko urtarrilaren 31ra arte.
360 emakumek hasi dituzte programa horiek. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 23. osagaian, "Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak" izenekoan, landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa bat dago aurreikusita. Horren barruan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako helburua da gutxienez ere 738 emakumek osatzea programa hori eta, horretarako, beharrezkoa da aldaketak egitea eskaerak aurkezteko epeetan, jarduketak justifikatzeko epeetan eta programaren edukian, jarduketa jakin batzuk argitzeko.
Zehazki, honako hauek aldatu behar dira: 1. oinarria (xedea), 3. oinarria (diruz lagundutako programak), 5. oinarria (programaren edukia), 7. oinarria (artatutako eta laneratutako parte-hartzailea), 9. oinarria (eskaerak eta horiek aurkezteko epea), 10. oinarria (aurkeztu beharreko dokumentazioa), 13. oinarria (entitate onuradunaren betebeharrak) eta 15. oinarria (ordainketa eta justifikazioa). Horrez gain, bi oinarri berri gehitzen dira: 13 bis oinarria, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzak lortzen dituzten onuradunen betebeharrak, eta 13 ter oinarria, iruzur-arriskuaren ebaluazioa.
Horiek horrela, ebazpen honen bidez ekarpena egin nahi da helburu hau bete dadin: gutxienez 22.240 emakumek gauzatzea "Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa", halaxe jasota baitago Europako Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision - CID), zehazki, 343. helburuan, eta kontuan hartu da 27.800 emakumek matrikula egin eta dagoeneko hasiak direla programa gauzatzen.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2024ko ekitaldirako, 1.334.167,74 euroko gastua baimentzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 11ko 1316E/2022 Ebazpenak arautzen dituen "Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa" finantzatzeko dirulaguntza publikoetarako (Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko 611539 zenbakia dute), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. NL-NEZeko 2024rako gastuen aurrekontuko "SEM Emakumeentzako programa integralak" izeneko 950003-96400-4819-241104 [PEP: E-21-000419-01] aurrekontu partidaren kargura ordainduko da gastua, honela banaturik:
• 466.958,71 euro, gaitasun eta enplegu digitalak garatzera bideratutako programak egiteko, deialdiaren 3. oinarrian ezarritakoarekin bat. Etiketatze digitalaren ondoriozko betebeharrak betetzeko (108-Gaitasun digitalen garapena bultzatzea)
• 466.958,71 euro, gaitasun eta enplegu berdeak garatzera bideratutako programak egiteko, deialdiaren 3. oinarrian ezarritakoarekin bat. Etiketatze klimatikoaren ondoriozko betebeharrak betetzeko (01-Gaitasun eta enplegu berdeetarako laguntza)
• 400.250,32 euro, proiektu horiek 5.000 biztanletik beherako udalerrietan gauzatzeko.
2. Aldatzea lehen aipatutako deialdiaren oinarri arautzaile hauek eta 13 bis eta 13 ter oinarriak gehitzea (aldaketak eta gehikuntzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen dituzte ondorioak):
–1. oinarriari 3. atala gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:
3. Laguntza hau Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 23. osagaiaren (Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak) "Emakumeen enplegua" izeneko 2. inbertsioaren barruan sartzen da. Ekimen honek laguntzen du helburu hau bete dadin: gutxienez 22.240 emakumek gauzatzea "Landa eta hiri eremuetako emakumeei laguntzeko programa", halaxe jasota baitago Europako Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision - CID), zehazki 343. helburuan, eta kontuan hartu da 27.800 emakumek matrikula egin eta dagoeneko hasiak direla programa gauzatzen.
Hauek dira ekimenaren identifikazio datuak:
23. osagaia: "Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak".
C23 neurria. I2: Emakumeen enplegua eta genero-zeharkakotasuna enplegurako aktibazioan laguntzeko politika publikoetan.
Ekimenaren kodea (CRU): C23.I02. P01. Behin-behinekoa. S15.
–3. oinarrian (diruz lagundutako programak) 3. atala aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
"3. Programek 12 hilabete iraunen dute gehienez. Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduketak 2025eko irailaren 30ean bukatuko dira beranduenez".
–5. oinarrian (programaren edukia) 2.c) eta 4.b) atalak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:
"2.c) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea garatzeko eta jarduera-konpromisoa betetzeko. Gutxienez 10 jarduketa eginen dira ibilbidea garatzen den bitartean. Tutore edo orientatzaile batek banakako jarraipen pertsonalizatua eginen du emakumeak bere ibilbidea gauzatzeko egiten dituen jarduketen gainean; ibilbidea berrikusi eta eguneratuko du, jomugak, etapak, betekizunak eta, prestazioak jasotzen dituzten emakumeen kasuan, jarduera-konpromisoa finkatuko ditu eta betetzen direla begiratuko du, eta aholkularitza, informazio eta laguntzako bestelako eginkizunak ere eginen ditu, emakumea aktibatzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko beharrezkoak badira".
"4.b) 2. Oinarrizko alfabetatze digitala. Banakako jarduketetan edo talde-jarduketetan (gehienez ere 20 pertsona jarduketa bakoitzeko) gauzatzen ahalko dira, eta helburua izanen da oinarrizko gaitasun digitalak eskuratzea enplegua modu aktiboan bilatzeko eta oinarrizko administrazio-izapideak egiteko. Gutxienez 20 ordu".
–7. oinarrian (artatutako eta laneratutako parte-hartzailea) 1. atala aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
"1. Artatutako parte-hartzailetzat hartuko da 5.2 oinarrian ezarritako ekintzak, lan-orientazioko ekintzak, ibilbide pertsonalizatua osatu dituen emakumea eta, horrez gain, 5. oinarriko 4.b) 2. puntuan (idazketa berrian) ezarritako alfabetatze digitaleko ezagutzak dituena. Era berean, bukatutzat joko da, ibilbideko ekintza guztiak bukatu ez arren, 5.2 oinarrian jasotako ekintzen %75 eginak badaude, hau da, lan-arloko orientazio ekintzen %75. Ibilbide pertsonalizatua; pertsonak enplegu bat lortzea, behar bezala egiaztatua; edo programa utzi behar badu, horretarako arrazoia behar bezala justifikatuta eta NL-NEZek baimenduta egonda.
Artatutako parte-hartzaileak programaren xede den banakako ibilbidea burutu edo gauzatu duten emakume parte-hartzailetzat hartuko dira."
–9. oinarrian (eskaerak eta horiek aurkezteko epea) 1. atala aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
"1. Eskaerak aurkezten ahalko dira oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2024ko ekainaren 30era arte".
–Deialdiaren 10.5. oinarria aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
"Dirulaguntzaren ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke url honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez. Onuradunak ezin badu bere kontua url horretan erregistratu ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik ez duelako, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du, behar den inprimakia url honetatik hartuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak".
–13. oinarrian (entitate onuradunaren betebeharrak) 5. puntua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
5. Etiketatze digitalak (108 etiketa-Gaitasun digitalak garatzeko laguntza) eta etiketatze berdeak (01 etiketa-Gaitasun eta enplegu berdeetarako ekarpena) eragindako betebeharrak betetzea".
–13 bis oinarria gehitzen da, eta hau dio, hitzez hitz:
Onuradunen betebeharrak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzak lortzeagatik.
Entitate onuradunek Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari buruzko betebeharrak (Europakoak eta Espainiakoak) bete beharko dituzte. Horretarako, honako hauek bete beharko dituzte:
1. Kontuan hartuz 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan eta Finantza Erregelamendua delakoaren [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua] 129. artikuluan ezarritakoa, Suspertze eta Erresilientzia Planaren funtsak jasotzeko baldintza izanen da idatziz aurkeztea konpromiso bat non behar diren eskubideak eta sarbideak emanen baitira, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontu Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Espainiako agintariek beren kontrol eskumenak egikaritu ditzaten. Era berean, onuradunak konpromisoa hartzen du egiten ahal diren ikuskapen eta egiaztapen guztiak errazteko.
2. Biltzea, funtsen ikuskapen eta kontrolerako eta formatu elektronikoan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak otsailaren 12an emandako 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan jasotzen diren datuen kategoria harmonizatuak. Datu horiek datu base bakarrean jasoko dira. Onuradunak (pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan) identifikatzeari lotutako betekizunak honako hauek dira, irailaren 29ko HPF/1030/2021 Aginduaren 8.1 artikuluaren arabera:
a) Onuradunaren IFZ.
b) Pertsona fisikoaren izena edo pertsona juridikoaren sozietate-izena.
c) Pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza fiskala.
d) Jarduera ekonomikoak egiten dituzten onuradunen kasuan, frogatu beharko dute Tributu Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen Erroldan izena emana dutela, edo Tributuen Foru Administrazioaren errolda baliokidean; laguntza eskatzen den unean benetan egiten den jarduera ekonomikoa islatu beharko da frogagirian.
3. Haien erantzukizunak izanen dira diruz lagundutako jarduketen gauzapenaren fidagarritasuna eta jarraipena, une oro ezagutu ahal izateko jarduketa bakoitzaren lorpen maila eta horri dagozkion mugarri eta helburuen betetze maila.
4. Mekanismo egokiak eratu beharko dituzte ziurtatzeko hirugarrenek gauzatu beharreko jarduketak lagungarriak direla aurreikusitako helburuak lortzeko, eta, kasua bada, hirugarren horiek ematen dutela Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarraipenerako adierazleen balioa zehazteko behar den informazioa.
5. Dirulaguntza honen esparruan egindako jarduketei dagokienez, beren gain hartuko dute auditoretzako arrasto egokia mantentzeko ardura eta dokumentazio euskarria gordetzeko betebeharra. Informazio emate hori eginen da Ogasunaren eta Funtzio Publikoaren Ministerioak ezartzen duen moduan, Espainiako eta Europar Batasuneko araudiak betez.
6. Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoa eta digitala erabat betetzen direla bermatuko dute, bat etorriz Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onetsitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena) aurreikusitakoarekin, bai eta Kontseiluak Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakian eskatutakoarekin ere.
7. Azpiko gastuaren erregulartasuna bermatu behar dute, eta neurriak hartu behar dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, eta interes gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.
8. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako jardueraren dokumentazioa gorde eta zainduko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz. Zentzu horretan, laguntza jasotzen dutenek frogagiriak eta finantzaketari dagozkion gainerako dokumentuak bost urtez gorde behar dituzte formatu elektronikoan, azken saldoaren ordainketa egiten denetik. Epe hori hiru urtekoa izanen da finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada.
9. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, ez dute kalte nabarmenik eraginen ingurumenean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikulua betez, hark ezartzen baitu esparru bat inbertsio jasangarriak errazteko, eta aldatzen baitu 2019/2088 (EB) Erregelamendua, era horretan betetzeko «kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioaren aplikazioari buruzko Gida Teknikoa (2021/C 58/01), 23. osagaian aurreikusitako baldintzen kasuan, eta bereziki Planaren Osagaiaren dokumentuko 3. eta 8. ataletan jasotakoak, kokatzen den inbertsioarekin lotuta, eta orobat, Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren balorazioa onesteko hartutako Betearazpen Erabakian eta haren eranskinetan eskatutakoarekin.
10. Nolanahi ere, entitate onuradunak jaso dituen funtsak itzuli beharko ditu, arau urratzeak eragozten duenean funts europarrak Altxorrera itzultzea, diruz lagundutako jarduketekin lotuta jaso ez den itzulketaren zenbateko berean. Gainera: a) Erakunde onuradunak jasotako diruak erabiltzen ez baditu diruz lagundutako jarduketetarako, oker erabilitako zenbatekoa itzuli beharko du Espainiako edo Europar Batasuneko agintariek garatutako edozein kontroletan erantzukizunpean dauden neurriei eragiten dieten irregulartasunek eragozten badute funtsak Altxorrera itzultzea. b) Erakunde onuradunak jasotako diruak erabiltzen ez baditu diruz lagundutako jarduketetarako, oker erabilitako zenbatekoa itzuli beharko du. c) "Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa betetzen ez bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu entitate onuradunak.
–13 ter oinarria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
Iruzur arriskuaren ebaluazioa.
Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 6ko 77/2022 Foru Aginduaren bidez, iruzurraren aurkako neurrien plana onetsi zen, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta haren erakunde autonomoek eta Nafarroako Gizarte Zerbitzu Publikoak Kudeatzeko Fundazioak (Gizain Fundazioa) egin eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatzen diren proiektuen kudeaketaren esparruan, baita plan horrekin lotutako neurriak ere. Plana esteka honetan kontsulta daiteke:
Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasota dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena.
Horrenbestez, onuradunak hautatzeko eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek indartu eginen dute iruzurra prebenitzeko helburua lortzeko duten inplikazioa, interes-gatazkarik ez dagoela dioen adierazpen baten bidez, eta hitz emanen dute adierazpen hori eguneratuta mantenduko dutela baldin eta jatorrizko adierazpena egitean zuten egoera aldatzen bada; izan ere, egoera aldatzeak prozeduran parte hartzea eragotziko die.
–15. oinarria (dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea) osorik aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
"1. Programaren %40 gauzatu eta gero, entitateak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, gauzatze-memoria tekniko bat aurkeztuta; eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Konturako bi ordainketa eskatzen ahalko dira gehienez, eta guztira ezin izanen dute emandako zenbatekoaren %80 gainditu. Konturako ordainketa hori eskatzeko azken eguna 2025eko ekainaren 30a da.
2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak, hilabeteko epean programa bukatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa memoria bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita; eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Memorian sartu beharrekoak:"
1.–Parte-hartzaile bakoitzari egindako banakako ibilbidearen ziurtagiria, honako hauek adierazita: ibilbidea osatu duten jarduerak, emandako ekintzen identifikazioa, edukia zein izan den adieraziz, non eta noiz eman diren, ordutegia, eman dituen tutorea edo irakaslea, eta haietako bakoitzera joan diren pertsonen zerrenda. Halaber, parte-hartzaileen sinaduren orria aurkeztu beharko da, egindako jarduketa bakoitzean parte hartu dutela egiaztatu ahal izateko.
2.–Laneratutako parte-hartzaileen izaera lortu duten emakumeei egin zaizkien kontratuen egiaztagiria eta langile autonomo nahiz beren konturako langile gisa ezarri izanaren ziurtagiria; laneratuaren izaera lortu duten parte-hartzaileen kopurua eta ehunekoa adierazi beharko da. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak parte-hartzaileen lan bizitzak kontsultatuta egiaztatuko du entitate onuradunak aitortutako benetako laneratze-maila.
3.–Proiektuari esleitutako baliabide materialen eta giza baliabideen zerrenda, proiektuari atxikitako langileen kontratuekin batera.
4.–Dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, aurkeztu den jarduketa-memorian adierazitako jardueren datuetan eta 8. oinarri arautzaileko moduluetan oinarriturik kalkulatua. Dirulaguntzaren likidazioa eginen da parte-hartzaile artatu eta laneratuen arabera, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Likidazioaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren kopurua.
5.–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita".
Iruñean, 2024ko martxoaren 21ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2405701
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
