1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
78/2024 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2024rako gastua baimentzen baita, desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak, laneratze prozesuan lagun eginez, lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako. DDBN identifikazioa: 745995.
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2024. urtea baino lehen onetsi dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2024. urterako gastua baimentzea, desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak, laneratze prozesuan lagun eginez, lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 23an emandako 972/2019 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 45.000,00 euroko gastua baimentzea, 2024ko Gastuen Aurrekontuaren "Enplegurako zailtasunak dituzten taldeen kontrataziorako laguntzak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241118 partidaren kargura, desgaitasuna duten eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak, laneratze prozesuan lagun eginez, lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako. Deialdia Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 23ko 972/2019 Ebazpenaren bidez arautu zen eta 745995 zenbakia du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
Era berean, 10.000,00 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura igortzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2024ko apirilaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2406368