2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
XABIER
Ordenantza fiskala, prezio publikoak arautzen dituena Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko. Behin betiko onespena
Xabierko Udalak, 2023ko abenduaren 26an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, arautzen dituena Xabierko Udalaren kirol-instalazioak (udal igerilekuak) erabiltzeko prezio publikoak.
Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, hura behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako toki administrazioa), zeina aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak.
Xabierren, 2024ko apirilaren 9an.–Alkatea, Laura Guindano Tainta.
ORDENANTZA FISKALA, PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA XABIERKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK (UDAL IGERILEKUAK) ERABILTZEKO
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz 2/1995 Foru Legeari, hain zuzen ere, lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari (2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa), eta baliatuz haren 28. artikuluko baimena.
Ordaindu beharra
2. artikulua. Ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik daude Xabierko Udalaren kirol-instalazioak (udal igerilekuak) erabiltzen dituztenak.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da eskuratzen denean Xabierko Udalaren kirol-instalazioetara (udal igerilekuak) sartzeko txartela edo abonua.
Tarifak
4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dira aplikatu beharreko tarifak.
Kudeaketa arauak
5. artikulua. Instalazioetan sartzeko unean emanen dira egun bateko balioa duten txartelak edo sarrerak. Dirua biltzeko arau berezia izanen da prezioa ordaindu beharra instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei. Haiek emanen dituzte txartelak, eta ordainketaren frogagiri izanen dira.
6. artikulua. Instalazioak abonuaren bitartez erabili nahi dituztenek –abonu hori izan denbora mugarik gabea nahiz denboraldikoa– hura eskuratuko dute Udalak finkatzen duen moduan eta baldintzetan.
7. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita instalazio bakoitza zer ordutan ireki eta itxi ere.
Honako ordutegi hauek ezarri dira:
–Udako denboraldia:
- Igerilekuak irekita egonen dira ekainaren 15etik irailaren 8ra arte.
- Instalazioak irekita egonen dira goizeko 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik gaueko 20:30era.
Ordu tarteak eta edukieren kontrola
Kirol-instalazioen erabilera optimizatzeko, edo indarrean dagoen araudia betetzeko, gerta daiteke ordu tarteak jartzea kirol-instalazioak erabiltzeko, eta edukierak kontrolatzea. Behar besteko denboraz jakinaraziko zaie erabiltzaileei erreserbatzeko prozedura.
Instalazioak erabiltzeko arauak
8. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean izan beharko dituzte txartelak –sarrera erosi izanaren frogagiria– eta arduradunei erakutsi, eskatzen badiete. Bestela, kanporatu eginen dituzte.
9. artikulua. Instalazioetan sartzen diren guztiek men egin beharko diete azaltzen diren funtzionamendu arauei. Beraz, instalazioen erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, zeinak ikusgai baitaude.
10. artikulua. Instalazioetan sartzeko, abonatuak nahitaez eduki beharko ditu ordainduta kuotak, tarifen eranskinean zehazten direnak.
Arau-hausteak eta zehapenak
11. artikulua. Arau-hausteek ekar ditzakete falta arinak, astunak eta oso astunak.
12. artikulua. Arau-hauste arinak.
–Hona hemen arau-hauste arinak:
1.–Esparruko instalazioak behar bezala ez erabiltzea.
2.–Behar bezalako oinetakoak ez erabiltzea bai berdeguneetan, bai igeri-ontzien esparruan.
3.–Jatea edo edatea horretarako eremuetatik kanpora.
4.–Ez erabiltzea paperontziak, hautsontziak eta instalazioa garbi edukitzeko gainerako elementuak.
5.–Zortzi urtetik beherakoak igerilekuen instalazioetan sartzea ondoan heldurik ez dutela. Helduak haurra babestu beharko du, eta portaera egokia duela begiratuko: etengabe gainbegiratuko du instalazioetan dagoen bitartean, eta, bereziki, igeri-ontzietan dagoen bitartean.
6.–Igerilekuan edo eremu hezeetan dutxatu gabe sartzea.
7.–Uretan erabiltzea uretako gauzaki edo bestelakoak, besteei traba egiten ahal dietenak, edo arriskuan jar dezaketenak norberaren nahiz besteen osotasun fisikoa. Orobat, jostatzea jaurtitzen diren gauzakiekin edo besteei traba egiten dietenekin.
8.–Helduak txipli-txaplako igerilekuan egotea beharrik gabe.
9.–Txipli-txaplako igerilekuan sartzea bainujantzirik edo pixoihalik gabe.
10.–Txipli-txaplako igerilekuaren barnean jatea edo jatera ematea.
11.–Erretzea gune itxietan, igeri-ontzietan, hondartzetan eta haurrendako jostaketa eremuetan.
12.–Aulkiak eta mahaiak okupatzea gainean gauzak ezarriz, berehalakoan erabiltzeko asmorik gabe.
13.–Aire zabaleko jantokia zikin uztea, erabili ondoan.
14.–Kasurik ez egitea instalazioko langileek egiten dituzten oharrei, erabilera dela-eta (begiraleek, sorosleek, udal langileek eta, oro har, mantentze lanetakoek egiten dituztenei).
15.–Instalazioko edozein arau ez betetzea, ez denean arau-hauste astuna edo oso astuna.
13. artikulua. Arau-hauste astunak.
Honako hauek dira arau-hauste astunak:
1.–Agiriaren titularra ez denak hura erabiltzea, salbu salaketa baldin badago hura galtzeagatik edo norbaitek ebasteagatik. Txartelaren titularra izanen da falta honen erantzulea.
2.–Egun berean 2 falta arin egitea.
3.–Bainulariei traba egitea.
4.–Bandalismoan aritzea.
5.–Horditurik edo edozein drogaren eraginpean bainatzea.
6.–Beste edozein arau ez betetzea, eragiten ahal badio beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari, bereziki oker erabiltzea igerilekuak, dutxak eta aldagelak.
7.–Kalte egitea instalazioko edozein higigarri edo higiezini.
8.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.
9.–Langile arduradunak eta instalazioan lan egiten dutenak iraintzea edo mendratzea.
10.–Instalazioetan sartzea hordi itxura nabarmenarekin edo drogen eraginpean.
14. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
1.–Falta astunak errepikatzea.
2.–Instalazioaren barnean egiten diren falta astunak, bereziki eragiten dietenak bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari.
3.–Faltsutzea instalaziora sartzeko abonuak edo giltzak.
4.–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea eta ebastea.
5.–Beste edozein eraso, erabiltzaileen edo instalazioko langileen kontra, larritzat hartzen dena.
6.–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
7.–Instalaziora sartzea edozein arma aldean eramanik.
8.–Sarbideen kontroletatik sartzea edo sartzen saiatzea abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe; edo sartzea edo sartzen saiatzea aurreikusitako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik.
9.–Jendaurreko ordutegitik kanpo sartzea instalazioetara, bidea edozein dela ere.
Zehapenak
15. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:
Arau-hausteak kalifikazioaren arabera zehatuko dira, kontuan hartuta ekintzen larritasuna, honako hauei dagokienez:
–Pertsonen segurtasuna, errespetua eta osasuna.
–Instalazioetan egindako kaltea.
–Indarrean dagoen araudia betetzea.
–Ekintzaren intentzionalitatea, errepikapena edo berrerortzea, eta arau-haustea astundu edo arindu dezaketen beste inguruabar batzuk.
Faltak, kalifikazioaren arabera, honela zehatuko dira:
–Arinek ekarriko dute ohartarazpena edo kirol instalazioetara sartu ezina, erabiltzeko eta gozatzeko, egun batetik 20 egunera bitarte.
–Astunek ekarriko dute ohartaraztea eta kirol instalazioetara sartu ezina, erabiltzeko eta gozatzeko, 30 egunetik 70 egunera bitarte.
–Falta oso astunek ekarriko dute abonatu edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak etetea, urte batetik 2 urtera bitartean, eta, kasu oso larrietan, kirol instalazioetatik behin betiko kanporatzea.
16. artikulua. Zehapenak aplikatzea.
Instalazioetako arduradunek (mantentze-lanetako langileak, sorosleak, sarbideen kontroletako langileak, zaintzaileak eta garbitzaileak) ofizioz jardun dezakete bete daitezen instalazioen funtzionamendu arauak: arau-hausleari hitzez jakinaraziz arau-haustearen gainean, ohartaraziz horrek dakartzan ondorio eta zehapenak, eta kautelazko zehapena ezarriz.
17. artikulua. Falten azkentzea eta preskripzioa:
1.–Faltek sortzen duten erantzukizuna honako kasu hauetan azkentzen da:
a) Zehapena betetzeagatik.
b) Faltek preskribatzeagatik.
c) Zehapenek preskribatzeagatik.
d) Arau-hauslearen heriotzagatik.
e) Zehapena kentzeagatik, dagokion errekurtsoa jarri ondoren.
2.–Faltek preskribatzea.
Falta arinek bi hilabeteren buruan preskribatuko dute, astunek lau hilabeteren buruan, eta oso astunek egin direnetik urtebeteren buruan.
Preskripzioa eten eginen da zehapen-espedientea hastea erabakitzen denetik, eta preskripzio-epea berriz zenbatuko da baldin espedientea geldirik badago bi hilabetez baino gehiagoz.
18. artikulua. Prozedura.
–Arau-hauste bat egin dela jakiten denean, kirol instalazioen arduradunak espedientea ebatziko du, entzunaldia eman ondoren interesdunari edo, adingabea bada, haren legezko tutoreari.
–Egindako arau-haustea falta oso astuntzat jo daitekeenean, Xabierko Udalak erabakiko du espedientea hastea, gertakariak argitzeko eta erantzukizunak zuritzeko. Horretarako, interesdunari helaraziko dizkio egotzitako egitateak eta egindako izendapenak, eta entzunaldia emanen dio.
Instrukzioa bukatutakoan, Xabierko Udalak dagokion erabakia hartuko du, espedientetik ondorioztatzen denaren arabera. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio idatziz.
–Ezarritako zehapena betetzen hasiko da, zehapena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera.
–Kontuan izanik egindako falta, inguruabarrak eta aurreikusten diren kalifikazioa eta zehapena, alkateak bere irizpidez erabaki dezake espedienteko abonatu edo erabiltzaileari kentzea instalazioetara sartzeko aukera edo horiek erabiltzeko eta horiez gozatzeko aukera, edo abonatu den aldetik dituen eskubide guztiak etetea, espedientea izapidetu bitartean.
–Xabierko Udalak (edo hark eskuordetza emandako pertsonak) ezarritako zehapen guztien aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Udalari, hamar egun naturaleko epean; baldin falta astun eta oso astunengatik ezarritako zehapenak badira eta aldez aurreko eta nahitaezko berraztertzeko errekurtsoa ezetsi bada, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, zeina zuzenduko baitzaio Udalak egiten duen hurrengo osoko bilkurari –ohikoa nahiz berezia izanik ere–, eta gora jotzeko errekurtso hori aurkeztu beharko da 30 eguneko epean, berraztertzeko errekurtsoaren ezestearen jakinarazpena egiten denetik aurrera kontatzen hasita.
19. artikulua. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan, instalazioak erabiltzeko araudiari jarraikiko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Modu osagarrian, aplikatuko da martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta behin iragandakoan Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea.
TARIFEN ERANSKINA
Xabierko udal igerilekuetako kirol-instalazioak.
DENBORALDIKO ABONUA (EKAINA-IRAILA) | TARIFA OROKORRA | FAMILIA UGARIENDAKO TARIFA / 65 URTETIK GORAKOAK |
ERROLDATUAK |
Helduak | 60 euro | 51 euro |
7 urtetik 17 urtera bitarteko haurrak | 35 euro | 30 euro |
6 urtera bitarte | Doan | Doan |
ERROLDATU GABEAK | | |
Helduak | 75 euro | 64 euro |
7 urtetik 17 urtera bitarteko haurrak | 40 euro | 34 euro |
6 urtera bitarte | Doan | Doan |
EGUN OSOKO SARRERA | TARIFA OROKORRA | FAMILIA UGARIENDAKO TARIFA / 65 URTETIK GORAKOAK |
Helduak | 10 euro | 9 euro |
7 urtetik 17 urtera bitarteko haurrak | 5 euro | 4 euro |
6 urtera bitarte | Doan | Doan |
GOIZEKO EDO ARRATSALDEKO SARRERA | TARIFA OROKORRA | FAMILIA UGARIENDAKO TARIFA / 65 URTETIK GORAKOAK |
Helduak | 5 euro | 4 euro |
7 urtetik 17 urtera bitarteko haurrak | 3 euro | 3 euro |
6 urtera bitarte | Doan | Doan |
TALDE ANTOLATUAK:
- Egun osoko sarrera; helduek eta haurrek osatutako taldeak, 15 pertsonatik gorakoak: 4 euro lagun bakoitzeko.
- 6 urte bitarte: doan.
HOTELETAN OSTATU HARTUTAKOEN TXARTELAK (XABIER HOTEL-JATETXEA / EL MESÓN HOTELA):
- Egun osoko sarrera, helduak: 4 euro.
- Egun osoko sarrera, 7 urtetik 17 urtera bitarteko haurrak: 2 euro.
- 6 urte bitarte: doan.
Iragarkiaren kodea: L2406746