103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35E/2024 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita gazteentzako informazio zerbitzuen elkarteei langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko dirulaguntzak emateko deialdia. DDBN identifikazioa: 758255.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honako hau dio gazteriaren arloko berariazko politikez 14. artikuluan: "Gazteentzako informazioa eta aholkularitza, hau da, gazteei orientazioa eta aholkuak modu integralean ematea, horrela aukera gehiago sortuz eta garapen pertsonalerako erabaki libre eta arduratsuak hartzen lagunduz. Hori guztia gazteentzako informazio zerbitzu onartuen bitartez".

Nafarroako Gazteriaren Institutuak Gazte Informazioaren Europako Gutuna sinatu zuen 2022an, eta horrela Gazteentzako Informazio eta Aholkularitzako Europako Agentzian (ERYICA) sartu da eskubide osoko kide gisa.

Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautu zen, eta onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek dirulaguntzen deialdian parte hartzen ahalko dutela ezarri zen.

Sostengu hori gauzatu nahian, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iritziz deialdi bat onetsi behar da gazteentzako informazio zerbitzuen elkarteei dirulaguntzak emateko norgehiagoka bidez 2024. urtean langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko egiten dituzten gastuak finantzatzeko (denak edo batzuk).

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak eskuordetzen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko elkarteei 2024an langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko dirulaguntzak emateko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 15.000 euroko gastua baimentzea: 10.000 euro Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako 340002 34100 4819 232103 partidaren kargura izanen dira ("Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko langileak kontratatzeko dirulaguntzak") eta 5.000 euro 340002 34100 7819 232102 partidaren kargura ("Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko ekipamenduak erosteko dirulaguntzak").

4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondoren.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 29an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–GAZTEENTZAKO INFORMAZIO ZERBITZUEN ELKARTEEI LANGILEAK KONTRATATZEKO ETA EKIPAMENDUA EROSTEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da arautzea nola emanen zaizkien dirulaguntzak 2024. urterako Nafarroako elkarteen gazteentzako informazio zerbitzuei (GIZ), ofizialki onartutakoei, beren informazio guneak eta bulegoak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da onarpen ofiziala duten GIZei (hemen zehazten dira: 109/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzen eta arautzen duena) honako hauek eragiten dizkieten gastuak (denak edo batzuk) finantzatzea:

–Langileen kontratazioak.

–Ekipamendua erosteak.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2. Entitate onuradunak.

2.1. Deialdi honetako dirulaguntzak honako hauek jasotzen ahalko dituzte:

–Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzen eta arautzen duenak, ezartzen duenari jarraikiz Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) modu ofizialean onartutako GIZen titularrak diren elkarteek.

–Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzen eta arautzen duenak, ezartzen duenari jarraikiz 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean GIZ bat sortzeko konpromisoa hartzen duten elkarteek.

2.2. Elkarteek jarraian azalduko diren baldintzak bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen dutenean (betetzen dituztela frogatzeko, eskabideko II. eranskina erabiltzen ahalko dute: "Erantzukizunpeko adierazpena"):

–Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki beharko dituzte.

–Ezin dute eduki debekatuta dirulaguntza-onuraduna izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezartzen denaren arabera.

–Gazteei informazioa ematen jardun behar dute eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lanpostuan ari denak gutxienez Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horren baliokidea eduki behar du. Pertsona horren asteko lanaldia 15 ordukoa izan behar da gazteentzako informazio gune batean ari bada eta 30 ordukoa bulego batean ari bada. b) Lanpostuko egitekoak honako hauek izan behar dira: gazteei zuzeneko informazioa ematea, informazioa zenbait euskarritan dinamizatzea eta abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan ezartzen diren beste batzuk.

c) Langilea gazteentzako informazioan trebatuta egon behar da edo konpromisoa sinatu behar du dirulaguntza-eskaera aurkeztu ondoko 12 hiletan trebatzeko.

3. Aurrekontua.

Deialdi honetarako ezarritako guztirako aurrekontua 15.000 eurokoa da: 10.000 euro Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako 340002 34100 4819 232103 partidaren kargura izanen dira ("Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko langileak kontratatzeko dirulaguntzak") eta 5.000 euro 340002 34100 7819 232102 partidaren kargura ("Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko ekipamenduak erosteko dirulaguntzak").

2024ko ekitaldian zehar partida horietan dirurik badago baliagarri, deialdi honetan aurreikusitako gastuari 50.000,00 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez. Hain zuzen ere, 340002 34100 4819 232103 partidari ("Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko langileak kontratatzeko dirulaguntzak") 33.500 euro gehitzen ahalko zaizkio eta 340002 34100 7819 232102 partidari ("Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko ekipamenduak erosteko dirulaguntzak") 16.500 euro.

Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3.a).1 artikuluan aurreikusten diren egoeretako bat gertatzen delako.

4. Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten GIZek dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko egiten dituzten gastuak finantzatzeko.

4.1. Langileak kontratatzeko gastuetan honako hauek sartuko dira: GIZetan aritzeko kontratatzen diren langileen soldatak eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak.

4.2. Ekipamenduak erosteko gastuetan honako hauek sartuko dira: jarduera egiteko behar diren material informatikoak eta digitalak, altzariak, tresnak material inbentariagarria erosteko egin beharrekoak.

Honako hauek dira material informatikoak eta digitalak: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki eta bideo kamerak, USBak eta beste gailu digital batzuk.

Honako hauek dira altzariak eta tresnak: mahaiak, aulkiak, apalak, armairuak, totemak, erakustokiak eta abar.

Material inbentariagarriak honako hauek dira: koadernagailuak, arbelak, plastifikatzaileak, birringailuak, panel informatiboak, ohol informatiboak eta abar.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluaren arabera, entitate onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, bi urtez gutxienez. Horretarako, dirulaguntza ematen denetik bi urte iragan ondoren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute eta bertan adierazi beharko dute dirulaguntza eman zaienetik eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili direla (VII. eranskina).

4.3. Deialdi zehatzago baten xede diren jarduerak eta GIZen berezko jarduerak ez direnak deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira.

5. Kredituaren banaketa.

Deialdi honetako kreditu baliagarria 15.000 eurokoa da: 10.000 euro langileen gastuetarako dirulaguntzak emateko eta 5.000 euro ekipamendu-gastuetarako dirulaguntzak emateko.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Langileak kontratatzeko dirulaguntzaren zenbatekoa kostuaren %100 izanen da gehienez.

6.2. Elkarteen GIZen ekipamenduak erosteko dirulaguntzaren zenbatekoa erosketa-kostuaren %100 izanen da gehienez

6.3. Aurkeztutako eskaeren kopurua ikusi eta deialdirako baliagarri dagoen aurrekontuko kreditua ez bada aski aurreikusitako gehieneko dirulaguntzak emateko, dagoen kreditua entitate onuradunen artean modu proportzionalean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den ehunekoan murriztuko dira.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa inolaz ere ezin da izan entitate onuradunak kontratatutako langileen edo erositako ekipamenduaren kostua baino gehiago.

7. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Dirulaguntza-eskaerak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari aurkeztu beharko zaizkio, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez erregistro orokor elektronikoaren bidez, ahal dela "Tramiteak" katalogoaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan (www.nafarroa.eus). https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=79574

7.2. Eskaerak aurkezteko epealdia hilabetekoa izanen da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.3. Dirulaguntza-eskaerak honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

–Eskaera-orri orokorra eta erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–GIZa 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen eduki duten elkarteek 2024ko urriaren 31tik aurrera gazteentzako informazioan ariko diren langileen aurreikusitako soldata-gastuen aurrekontua aurkeztu beharko dute (III. eranskina).

–GIZa 2024an zehar onartzea aurreikusten duten elkarteek GIZaren onarpen ofizialetik 2024ko urriaren 31ra arte langileek eragiten dituzten gastuen aurrekontua aurkeztu beharko dute (III. eranskina).

–Enpresa hornitzaileen aurrekontuak edota fakturak; horietan erosi nahi den edo erositako materiala agertu beharko da, bai eta horien laburpena ere, IV. eranskinean agertzen den moduan.

8. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

8.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

8.2. Langileak kontratatzeko, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko C mailako langileei 2024. urtean aplikatzen zaien hasierako soldata hartuko da erreferentziatzat, baita Gizarte Segurantzako enpresa kuota ere, eta abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan ezarritako lanaldiaren zati proportzionala aplikatuko da, gazteentzako informazio gune eta bulegoetarako.

8.3. Puntuazio-lehentasunak ezartzeko balorazio-irizpideak.

8.3.1. 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen sortutako GIZak:

–GIZen Sarearen bilerak 2023an:

  • Bilera bat: 5 puntu.
  • 2 bilera: 10 puntu.
  • 3 bilera edo gehiago: 15 puntu.

–NGIk eskaintzen duen prestakuntza jaso:

  • Prestakuntza bat: 5 puntu.
  • 2 prestakuntza: 10 puntu.
  • 3 prestakuntza edo gehiago: 15 puntu.

–2023. urte osoan GIZaren identifikazio-plaka jarrita eduki: 10 puntu.

–GIZa arratsaldez edota asteburuetan zabalik: 10 puntu.

–2023an egindako arreta-lanari buruzko memoria (edo horren zati bat) Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroari ematea 2024ko otsailaren 15a baino lehen: 10 puntu.

8.3.2. 2024ko urtarrilaren 1az gero sortutako GIZak:

–Gazteentzako informazio gunea izatea: 30 puntu.

–Gazteentzako informazio bulegoa izatea: 60 puntu.

8.3.3. Eskaera bakoitzak 60 puntu lortzen ahalko ditu gehienez aurreko apartatuan; dirulaguntza jasotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

9.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena daukan organoa Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da.

9.2. Eskaerak ahalik hobekien ebaluatu ahal izateko, NGIk eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskaera aurkeztu duen entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko jakinarazpenaren biharamunetik 10 egun baliodun iragan baino lehen, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

10.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak edukiko du eskumena dirulaguntzak emateari buruz ebazteko. Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epealdia hiru hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epealdia bukatzen denetik. Epealdi horretan ebazpen espresua ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11. Justifikatzeko epealdia eta modua.

2024ko azaroaren 10erako entitate onuradunek egindako jarduera justifikatu beharko dute.

Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastuaren justifikazioa elkarteko presidenteak egindako ziurtagiri bat aurkeztuz eginen da. Ziurtagiri horretan dirulaguntza jaso duten langileen jarduketak (V. eranskina) eta ekipamenduaren ingurukoak (VI. eranskina) eta haien kostua zehaztu beharko dira, haietan egin diren gastu guztiak banakatuta. Ziurtagiri horri fakturak eta froga-balio bereko agiriak erantsiko zaizkio, eta, behar denean, diruz lagundutako proiekturako esleitutako langileen nominak ere bai (VI. eranskina).

Kasu guztietan, egindako gastu eta ordainketa guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

12. Dirulaguntza ordaintzea.

12.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen eta jakinaraziko du justifikazioko frogagiriak 11. oinarrian ezartzen den bezala aurkeztu ondoren. Dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira ordainketa-ebazpena onetsi ondoren.

13. Betebeharrak.

13.1. Ekipamendurako dirulaguntza jasotzen duten elkarteek eman den xedeetarako erabili beharko dute dirua bi urtez gutxienez (VII. eranskina) eta hala egin dutela frogatu beharko dute agiri bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen duen bezala.

13.2. Elkarte onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan dirulaguntza-onuradunei ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

13.3. Halaber, entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak 12.4 artikuluan ezartzen duen gardentasun-betebeharra bete beharko dute. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Aldi hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta hilabete pasatu aurretik kendu beharko da, eskaera egiten denetik zenbatuta.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzetako bat jasotzen duten elkarte onuradunek beste administrazio, erakunde zein entitate batzuen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina denen guztirako zenbatekoa (barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako dirulaguntza) ez da gastuaren %100 baino gehiago izaten ahalko.

Kontzeptu beretarako bi erakunde edo gehiagoren laguntza jasotzen duten elkarteek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, presidenteak edo ordezkariak sinatua, eta bertan adierazi beharko dute dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino gutxiago dela.

15. Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezartzen dena betetzen ez bada, gezurrezko datuak ematen badira edo, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe, dirulaguntzaren helburuak aldatzen badira, dirulaguntza galduko da eta jasotako dirua itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Gainera, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak aplikatuko dira.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beraren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

17. Aplikatuko den legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2407308