Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
30E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko boluntariotza entitateei edo boluntariotza programak dituztenei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 754115.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak sustatzen duen kirol politikaren xedeen artean daude (3.c artikulua), besteak beste, kirol elkarteak sortzea eta, oro har, parte-hartze soziala eta kirol arloko boluntariotza bultzatzea eta kirol elkarteen egituren funtzionamendu demokratikoa eta parte-hartzailea zaintzea.
Horrela, kirol arloko foru arauak xedatzen du 11. artikuluan "kirol administrazioak guztientzako kirol jarduera sustatuko duela, eta jarduera fisiko libre eta bat-batekoa eta jarduera antolatua erraztuko dituela; halaber, prestakuntzako, sormeneko, parte-hartze sozialeko, oneratze fisikoko eta mantentzeko jarduera ahalik eta gehien eskainiko dituela, Nafarroako herritar guztiek bizi-kalitate hobea izan dezaten".
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomo horri dagokiola Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.
Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago boluntariotza sustatzea eta erregularizatzea, Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin elkarlanean.
Era berean, Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunetako bat da boluntarioen parte-hartzea sustatzea eta jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen laguntzea.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko boluntariotza entitateei edo boluntariotza programak dituztenei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Dirulaguntza horiek eskuratzeko aurkezten diren eskaeren baloraziorako baremoa eta irizpideak (foru agindu honen II. eranskina) onestea, baita gainerako eranskinak ere.
4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4819-336104: Dirulaguntza boluntariotza entitateentzat edo boluntariotza programak dituztenentzat, kirolaren arloan. | 2024 | 8.000,00 |
5. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatutako agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orrietan.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Oinarri hauen xedea da norgehiagokako araubidean laguntzak emateko prozedura ezartzea, Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribaturik dauden boluntariotza entitateek eta boluntariotza programak dituztenek ekintzak eta jarduerak egin ditzaten kirolaren eta jarduera fisikoaren arloan, boluntariotza proiektu baten barnean, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte, bi egun horiek barne.
Boluntariotza proiektu hori osatzen duten jarduerak askotarikoak izan daitezke: jostetakoak eta aisiakoak, lehiakoak, prestakuntzakoak eta abar, eta lehentasuna emanen zaie gizonen eta emakumeen partaidetza ekitatiboa dutenei.
2. Laguntzen helburua.
Laguntzak 1. oinarrian jasotako ekintzak gauzatzean sortutako defizitak ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta horien titularra boluntariotza entitate edo boluntariotza programak dituen entitate eskatzailea bada.
Deialdi honen bidez, interes sozialeko xede eta helburu hauek erdietsi nahi dira:
–Jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak edo kirol jarduerak egitea sustatzea, parte-hartze soziala eta jarduera fisikoaren ohiturak bultzatzen dituztenak, bai eta bizimodu osasuntsua ere.
–Boluntarioen parte-hartzea ikusaraztea eta bultzatzea jarduera fisikoen eta kirol jardueren antolakuntzan.
–Jarduera fisikoen eta kirol jardueren praktika erraztea biztanleriaren sektore guztietan.
–Kirola eta jarduera fisikoa gizarte ongizaterako eta integraziorako tresna bihurtzea; eta, horrela, biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzea.
–Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.
–Genero-ikuspegia duten jarduerak eskaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita gizon eta emakumeentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala ekartzen dutenak bai eta onurak ere osasunaren eta ongizatearen aldetik.
3. Erakunde onuradunak.
1. Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko dira boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dituzten entitateak, boluntariotza proiektu baten barnean eta 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitarte, bi egun horiek barne, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak antolatzen dituztenak edo jarduera horiek antolatzen laguntzen dutenak.
2. Entitate onuradunei dirulaguntza eman ahal izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribaturik egotea deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino lehenagotik. Inskripzioak indarrean egon beharko du aurkeztutako proiektua gauzatzen den bitarte guztian.
b) Entitatearen boluntariotza ekintzak "Nafarroa+Orotan lagun" plataforman inskribatzea (ekintza horiek dirulaguntzak banatzeko data baino lehen inskribatuta egon behar dute). Honen bidez inskribatuko dira: https://navarramasvoluntaria.navarra.es/eu/erakundeak. Inskripzioak indarrean egon beharko du aurkeztutako proiektua gauzatzen den bitarte guztian.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea deialdi honetako dirulaguntzak banatu aurretik.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarri diren gainerako debeku egoeretan ez izatea. Aurrekoa frogatzeko, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena baliatzen ahalko da eskaeraren 3. eranskinean, galarazi gabe Administrazioak adierazpenak edo aurkeztutako frogagiriak benetakoak diren ikertzeko ahalmena.
e) Laguntza eskatzen denean ez egotea administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik. Era berean, ez dira onuradun izaten ahal laguntza eskatzen denean arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena epai irmo bat bete zain dauden entitateak. Aurrekoa frogatzeko, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena baliatzen ahalko da eskaeraren 3. eranskinean, galarazi gabe Administrazioak adierazpenak edo aurkeztutako frogagiriak benetakoak diren ikertzeko ahalmena.
3. Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten entitateek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela boluntarioen jantzietan eta materialean.
4. Gastu diruz lagungarriak.
1. Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:
a) Boluntarioek jardueran aritzeko behar dituzten jantziak, boluntario izaeraren ikurra izan behar dutenak, modalitatearen araberakoa, gizonezkoena edo emakumezkoena.
b) Boluntarioek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak, jarduera fisikoetara eta kirol jardueretara bertaratzekoak bakar-bakarrik. Justifikazio-kontuan aurkeztutako zerbitzuaren kostua lagunduko da diruz, baina auto partikularren kasuan, zenbatekoen justifikazioa eta dirulaguntza moduluen arabera eginen da.
Auto partikularren kasuan, diruz lagundu beharreko moduluaren zenbatekoa zein den ezartzeko, 0,25 euro/km aplikatuko da bidaia bakoitzeko eta 4 boluntarioko.
Gastu horiek diruz lagungarriak izan daitezen honako inguruabarrak justifikatu beharko dira: jarduerara bertaratu den boluntario kopurua, irteera mota, nondik abiatu diren eta egindako kilometro kopurua.
Diruz lagundutako proiektuko jardueren gastuak zenbatuko dira kontzeptu honetan, prestakuntza-ikastaroetara joatea izan ezik.
c) Boluntarioen mantenua jarduera fisikoetara eta kirol jardueretara joateko. Halako gastuak diruz lagungarriak izan daitezen jarduerara bertaratu diren boluntarioen kopurua justifikatu beharko da, eta dagokion faktura edo frogagiria aurkeztu. Otordu eta lagun bakoitzeko 12 euroko gehieneko balioa aplikatuko da. Ez da kontzeptu honen kargura hartuko bilera edo prestakuntza-ikastaroen karietara klubaren egoitzan egiten den ezein gastu, ezta prestakuntza-ikastaroetara joatekoak ere.
d) Entitateko boluntariotzaren zabalkundea egiteak dakartzan gastuak (boluntariotza proiektuaren publizitatea egiteko web-orriaren diseinua eta mantentze-lana, eskuorri informatiboak, proiektuaren zabalkunderako hitzaldiak edo erakusmahaiak, sustapeneko materiala eta abar).
e) Boluntarioei zuzendutako prestakuntza-ikastaroak antolatzeko gastuak, aurkeztutako proiektuko kirol jardueretan eta jarduera fisikoetan erabil daitezkeen trebetasunetan prestatzeko. Kirol memorian jaso beharko dira ikastaroaren izena, parte hartu duten boluntarioen izen-abizenak, emandako edukien laburpena edo aurkibidea eta dokumentazio grafikoa.
f) Entitatean aritzen diren boluntarioen erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguruak.
g) Boluntariotza proiektuan sartutako jarduerak garatzeko behar den material suntsikorra.
h) Oro har, boluntarioen jardunerako beharrezkoa eta ezinbestekoa den beste edozein gastu.
2. Honako hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:
a) Dohaintzak eta eskuzabaltasunak.
b) Beste deialdi zehatzago batzuetan dirulaguntza jaso duten gastuak.
c) Entitate eskatzaileak kontratatutako langileak.
d) Entitatearen gastu arruntak (lokalaren alokairua, ura, gasa, argindarra eta telefonoa) eta kontabilitateko aholkularitza edo aholkularitza juridikoa.
e) Entitatearen zuzendaritza-batzordeak egindako bilerei dagozkien gastuak.
f) Material inbentariagarria.
5. Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.
1. Deialdiak, guztira, 8.000 euroko zenbatekoa izanen du, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirolaren arloko boluntariotza entitateentzako edo programak dituztenentzako dirulaguntzak" izeneko A50002 A5110 4819 336104 partidaren kargura.
2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak proiektu bakoitza finantzatzen ahalko du, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Zenbateko osoaren muga hori kontuan harturik, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren 2024ko ekitaldiko aurrekontuan horretarako kreditu egokia eta behar adinakoa egon beharko da ematen diren dirulaguntzetarako.
3. Eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntza honela zehaztuko da: guztira lortutako puntuazioa bider puntuaren balioa, II. eranskineko b. atalean adierazitakoari jarraikiz.
4. Eskaera bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko.
5. Entitate onuradunak aurkezten dituen frogagiriak ikusita, ordaindu beharreko zenbatekoa murrizten ahalko da, II. eranskineko c. atalean adierazten den moduan.
6. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.
1. Eskaerak, zeinetan gastuen eta diru-sarreren aurrekontua adierazi beharko baita, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoan dagokion esteka erabiliz.
Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orria ere baliatu daiteke horretarako: https://www.deportenavarra.es/eu/bolondres-eragile-bat-naiz
Eskaera Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat. Ez da aurkeztutzat joko telematika bidez aurkezten ez den eskaerarik. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar bezala beteta eta entitate eskatzailearen ordezkariaren sinadura digitalarekin:
a) 3. eranskina: eskaera. Erantzukizunpeko adierazpenetako laukitxoak markatu ezean, eskaeraren eranskin honetan markatu ez diren erantzukizunpeko adierazpen horiek ere erantsi beharko dira.
b) 4. eranskina: boluntariotza proiektua.
c) Entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Eskaera orrian adierazi beharko da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena ematen zaion ala ez egiaztapen hori zuzenean egin dezan Nafarroako Zerga Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean. Baimenik eman ezean, entitate eskatzailea arduratuko da egiaztagiri horiek aurkezteaz.
d) Hala badagokio, transferentzia bidezko ordainketa-eskaera (soilik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasoko duen lehen aldia bada edo orain arte Nafarroako Gobernuaren zenbatekoak sartzeko erabiltzen zen kontua aldatu bada).
4. Dirulaguntza eman ondoren, entitate onuradunak jardueraren justifikazioa aurkeztu beharko du telematikoki, betiere diruz laguntzen den proiektua bukatu denean, 12. oinarrian zehazten den bezala.
7. Antolamendua eta instrukzioa.
Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolamendurako eta instrukziorako organo eskuduna Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetza izanen da, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutukoa.
Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die entitate eskatzaileei Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak.
Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdi honetako betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da gaitutako helbide elektronikoaren bidez dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
8. Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9. Balorazioa.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak eginen ditu dirulaguntzen espedienteak tramitatu eta ebazteko bidezkoak diren ebaluazioak eta egiaztapenak, II. eranskinean horretarako ezarritako baremoari jarraikiz.
10. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
1. Dirulaguntzarako eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.
2. Laguntzak emateko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko da, gaitutako helbide elektronikoa erabiliz.
Hala ere, ebazpen horiek Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).
3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.
4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
5. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere, baldin eta laguntza horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, inola ere gainditzen ez badu garatu beharreko jardueraren kostua.
11. Laguntzen ordainketa.
1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren eta entitate onuradunak behin aurkeztu dituela 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio entitate onuradunari, dagokion ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.
2. Dirulaguntza osoa justifikatzen ez bada, emandako dirulaguntzaren ordainketa murriztu eginen da, II. eranskineko c. atalean adierazitako jarraibideen arabera. Horretarako, kontuan hartuko da ea entitate onuraduna hurbildu den nabarmenki baldintza guztiak betetzera eta, orobat, ea bere konpromisoak betetzeko prest agertu den argi eta garbi.
12. Justifikazio agiriak.
1. Justifikazio agiriak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 16an amaituko da.
2. Justifikazio-kontuaren prozedura erabiliz eginen da justifikazioa, salbu eta auto partikularretan egindako joan-etorrien gastuen kasuan, horietarako moduluen prozedura erabiliko baita.
3. Justifikazio-agirietan, adierazpena egiten duen entitatearen erantzukizunpean, dokumentu hauek jasoko dira, behar bezala beteta:
a) 5. eranskina: kirol-memoria. Agiri horretan, gauzatutako proiektuan egin diren prestakuntza-jarduera, -ekintza eta -ikastaro guztiak sartuko dira, eta eranskin horretan eskatzen diren datuak beteko dira.
b) 6. eranskina: justifikazio-kontua. Agiri horretan honako hauek jasoko dira:
–Jarduera finantzatu bada deialdi honekin ez ezik bestelako dirulaguntza edo baliabideekin ere, beste funts horien zerrenda zenbakitua eta xehea, zenbatekoa, jatorria eta zertan aplikatu den adierazita (6. eranskina).
–Diruz lagundutako proiektua dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen/frogagirien zerrenda xehea, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna (6. eranskina).
–Auto partikularretan egindako joan-etorrietako gastuen kasuan, egindako bidaien zerrenda aurkeztu beharko da, eta hartan zehaztu zein izan den xedeko jarduera, bertaratu den boluntario kopurua, nondik abiatu diren eta nora, eta kilometro kopurua (6. eranskina).
c) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko faktura/frogagiri eskaneatuak, aipatu zerrendan duten ordena berean. Fakturak jatorrizkoak izan beharko dira edo frogatarako balio bera duten agiriak.
d) Ordainagiriak; honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.
Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
e) Jantzien fakturak aurkezten badira, agiri grafikoak ere erantsi beharko dira, jantzietan boluntarioaren ikurra erakusten dutenak.
C.–Beste agiri batzuk.
Entitate eskatzaileak edo/eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak interesgarritzat jotzen duen beste edozein dokumentazio ere aurkeztuko da, gauzatutako jarduerekin zerikusia badu.
Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
13. Jarraipena eta kontrola.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko langileen bitartez, diruz laguntzen diren proiektuen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, bisitak eginen ditu proiektua garatu bitartean, eta proiektuen koordinatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.
Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute proiektua ez dela garatzen ari proiektatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, entitateari aldez aurretik jakinarazita.
14. Erakunde onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzen onuradun den entitateak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, eta hala egin dela justifikatu agiri bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.
2. Entitate onuradunek gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, 15. oinarri arautzailean azaltzen den moduan, bestela ezin izanen baitzaie ordaindu aldez aurretik onartutako dirulaguntza.
3. Emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, izan administrazio berak emanak nahiz Espainiako zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak. Alde horretatik, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. 6. eranskina erabiliko da horretarako.
4. Entitate onuradunek, kasua bada, 7. eranskinarekin bat frogatu beharko dute hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.
5. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua betez. Zehazki, dirulaguntzaren entitate onuradunek "Nafarroa, orotan lagun" ekimenaren web-orrian ere sartu beharko dute beren proiektua.
6. Kirol entitateak kirol jarduerak egin ohi baditu adingabeekin, ezinbestean bete beharko ditu ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoak, 48. artikuluan ezartzen dituen obligazioak. Aurreko inguruabar hori eskaeraren 3. eranskinean egiaztatuko da, entitatearen legezko ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, galarazi gabe Administrazioak adierazpenak edo aurkeztutako frogagiriak benetakoak diren ikertzeko ahalmena.
7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.
15. Gardentasun betebeharrak.
Entitate onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Horretarako, entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunari buruzko erantzunkizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute modu telematikoan, deialdi honen fitxa espezifikoaren bitartez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoan (www. nafarroa.eus), dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Gainera, lehen paragrafoko egoeran dauden entitateek foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta. Adierazpenaren eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).
16. Datu pertsonalak babestea.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia. Deialdi honen 9. eranskinean, datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da, web-orri honetan dagoena: https://www.deportenavarra.es/eu/bolondres-eragile-bat-naiz.
17. Ez-betetzeak.
1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
2. Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea frogatzen denean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
3. Entitateren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.
18. Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatuarekin bat.
19. Aplikatzekoa den legedia.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–BAREMOA
1. Xedea.
Eranskin honetan ezarritako baremoari jarraikiz baloratuko dira kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko boluntariotza entitateek edo boluntariotza programak dituztenek laguntzen deialdi honen babesean aurkeztutako eskaerak.
a. Balorazio-irizpideak: 69 puntu gehienez.
Arau orokor gisa, proportzionaltasun printzipioa aplikatuz esleituko dira puntuak.
1.–Eskatutako proiektuan parte hartzen duen boluntario kopurua. (5 puntu gehienez).
BOLUNTARIO KOP. | 5 ARTE | 6 ETA 10 ARTEAN | 11 ETA 30 ARTEAN | 31 ETA 60 ARTEAN | 60 BAINO GEHIAGO |
Puntuak | 1 | 2 | 3 | 4 | 5 |
2.–Boluntariotza proiektuak zenbat kiroletan eragiten duen. (5 puntu gehienez).
BOLUNTARIOTZA PROIEKTUAK ZENBAT KIROLETAN ERAGITEN DUEN | KIROL BAT | 2 KIROL ETA 5 KIROL ARTEAN | 5 KIROL BAINO GEHIAGO |
Puntuak | 1 | 3 | 5 |
3.–Zenbat entitaterekin batera lan egiten den boluntariotza proiektuan. (6 puntu gehienez).
ENTITATE KOPURUA | 2 ENTITATE ARTE | 3 ETA 5 ENTITATE ARTEAN | 6 ETA 9 ENTITATE ARTEAN | 10 ENTITATE EDO GEHIAGO |
Puntuazioa | 1 | 2 | 4 | 6 |
4.–Boluntariotza proiektuaren zabalkundea entitatearen web-orrian. (10 puntu gehienez).
PROIEKTUAREN ZABALKUNDEA | BOLUNTARIOTZAREN ATALA | PROIEKTUAREN EKINTZEN BERRI EMATEA WEB-ORRIAN ETA SARE SOZIALETAN |
Puntuazioa | 5 | 5 |
5 –Boluntarioen sorrera sustatzea. (8 puntu gehienez).
PROIEKTUAREN | WEB-ORRIAN AZALTZEA BOLUNTARIO | WEB-ORRIAREN BIDEZ BOLUNTARIO |
Puntuazioa | 3 | 5 |
6.–Boluntariotza proiektuaren berezitasuna eta garrantzi berezia: (30 puntu gehienez).
–Entitateentzat:
A) Boluntariotzakoak (5 puntu).
B) Boluntariotza programak dituztenak (2 puntu).
–Inklusioa kontuan hartzea:
A) Dibertsitate funtzionala duten boluntarioek parte hartzen duten proiektuak (gutxienez %33ko desgaitasun aitortua) (5 puntu).
B) Dibertsitate funtzionala duten pertsonei zuzendutako ekintzak barne hartzen dituzten proiektuak (gutxienez %33ko desgaitasun aitortua) (5 puntu).
–Berdintasun printzipioa:
A) Sexu bateko zein besteko boluntario kopurua berdina izatea (5 puntu gehienez):
SEXU BATEKOEN PARTAIDETZAREN % | %0 | > 0tik < %20ra | %20tik < %40ra | %40tik < %48ra | %48tik < %52ra |
Puntuazioa | 0 | 1 | 2 | 4 | 5 |
–Bertako kirolak:
A) Bertako kirolei zuzendutako ekintzak jasotzen dituzten proiektuak: pilota edo herri kirolak (5 puntu).
–Proiektuak zenbat ekitaldi/jardueratan parte hartzen duen (zein den ere ekitaldi/ekintzaren egun kopurua):
A) 5 artean (puntu 1).
B) 6 eta 10 artean (2 puntu).
C) 11 eta 15 artean (3 puntu).
D) 16 eta 20 artean (4 puntu).
E) 20 ekitaldi baino gehiago (5 puntu).
7.–Boluntarioentzako prestakuntza-ikastaroen kopurua. (5 puntu gehienez).
IKASTARO KOP. | 1 | 2 ETA 3 ARTEAN | 4 ETA 5 ARTEAN | 6 ETA 7 ARTEAN | 8 EDO GEHIAGO |
Puntuazioa | 1 | 2 | 3 | 4 | 5 |
b. Emakidarako kalkulua:
Eskaera bakoitzari puntuazio bat emanen zaio, aurreko atalean oinarrituta. Aurkeztutako eskaerei puntuazioak eman ondoren, deialdiaren zenbateko osoa eskaera guztiek lortutako puntuen baturarekin zatituko da, eta emaitza puntuaren balioa izanen da.
Aurkeztutako eskaera bakoitzak lortutako puntuekin biderkatuko da puntuaren balioa.
Eskaera bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoak ez du jardueraren defizita gaindituko. Eskaera bakoitzean soberan dauden diru kopuruak gainerako entitate onuradunen artean banatuko dira, esleitutako kopuruaren proportzioan.
Adibidez:
1. ENTITATEA | 2. ENTITATEA | 3. ENTITATEA | |
Lortutako puntuak | 100 | 150 | 50 |
Puntuen arabera dagokion zenbatekoa | 1.000 euro | 1.500 euro | 500 euro |
Aurkeztutako defizita | 200 euro | 3.000 euro | 1.500 euro |
Hasieran esleitutako zenbatekoa | 200 euro * | 1.500 euro | 500 euro |
Soberakoa | 800 euro | 0 euro | 0 euro |
* Aurkeztutako defizita ematen zaio. Eta beraz 800 euro daude soberan, 2. eta 3. entitateen artean banatzeko.
Soberako kopurua banatzeko:
2. ENTITATEA | 3. ENTITATEA | ||
Puntuen arabera dagokion zenbatekoa | 1.500 euro | 500 euro | |
Ehunekoa | %75 | %25 | |
Soberako dirutik emandako zenbatekoa | 600 euro | 200 euro |
Beraz, guztira emandako dirulaguntza hau litzateke:
1. ENTITATEA | 2. ENTITATEA | 3. ENTITATEA | |
Emandako zenbatekoa, guztira: | 200 euro | 2.100 euro | 700 euro |
Eragiketa hori egin ondoren kreditu erabilgarria agortzen ez bada, aurreko urratsean bezala banatuko da saldoa defizitera iritsi ez diren entitateen artean. Eta horrela behin eta berriz, kreditua agortu arte.
c. Ordainketa kalkulatzea justifikatu ondoren:
Entitate onuradunak aurkezten dituen ziurtagiriak ikusita, ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da geroago, baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzen banaketan lortutako puntuak justifikazioaren arabera dagozkionak baino gehiago direla.
Ez da murrizketa aplikatuko, dena dela, birkalkulatu ondoren epigrafe batean galdutako puntuak konpentsatu ahal badira beste epigrafe batzuekin.
Adibidez:
1. ENTITATEA | 2. ENTITATEA | 3. ENTITATEA | |
Eskaera eginda lortutako puntuak | 100 | 150 | 50 |
Eskaeran emandako zenbatekoa | 200 euro | 2.100 euro | 700 euro |
Justifikazioan lortutako puntuak | 100 | 150 | 25 |
Puntuen arabera dagokion zenbatekoa | 200 euro | 2.100 euro | 350 euro |
F2406076
Iragarkiaren kodea:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
