Iragarkia
103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ANDOSILLA
Ordenantza, arautzen duena herri-larreen aprobetxamendua. Behin betiko onespena
Andosillako Udalak, 2017ko abenduaren 11n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Andosillako herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hasierako onespena argitaratu zen 2017ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 26an.
Jendaurreko aldia iragan denez inork aurkeztu gabe alegaziorik, kexarik nahiz oharrik, ordenantza behin betiko onetsirik gelditzen da, eta agintzen da osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).
Andosillan, 2024ko apirilaren 29an.–Alkatea, José Manuel Terés Azcona.
ORDENANTZA, ANDOSILLAKO UDALAREN HERRI-LARREN APROBETXAMENDUA EGITEKO
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak jartzea Andosillako udal-mugarteko herri-lurren administraziorako, xedapen egintzetarako, defentsarako, berreskuratzeko eta aprobetxamendurako.
2. artikulua. Herri-lurren izaera eta tratamendu juridikoa ez dira aldatuko, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko modua.
3. artikulua. Honako hauek dira herri-lurretako aprobetxamenduen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau; eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe ezarrita dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
Administrazioa eta xedapen-egintzak
4. artikulua. Andosillako Udalaren ahalmena da herri-larreen gainean xedatzea, haiek administratzea, eta haien aprobetxamendua arautzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-lurretako aprobetxamenduen inguruan Andosillako Udalak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
Herri-larreen aprobetxamenduak
Xedapen orokorrak
5. artikulua. Andosillako Udala ahaleginduko da herri-larreen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori dena.
6.1. artikulua. Oro har, Andosillako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.
c) Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
6.2. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.
Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Andosillako Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.
Herri-larreen aprobetxamendua
7. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko moduak.
Herri-larreen aprobetxamendua honela adjudikatuko zaie Andosillako herritarrei, ondotik ematen den lehentasun-ordenari jarraikiz:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Enkante publikoan adjudikatuz.
Enkanteetan parte hartzeko, bete beharko dira Administrazioarekin kontratatzeko orokorrean ezartzen diren baldintzak, eta, horretaz gain, lizitatzaileek alta emanda egon beharko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta Abeltzaintzako Ustiapenaren Liburuaren titularrak izan.
8. artikulua. Zuzeneko adjudikazioaren onuradunak.
Onuradun izanen dira ordenantza honen 6.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundeen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
9. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Andosillako Udalak honako kasu hauetan ulertuko du onuradunek ez dituztela larreak zuzenean aprobetxatzen:
a) Beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenean Andosillako Udalean.
b) Abeltzaintzako etekinik aitortzen ez dutenean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.
c) Bazkalurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanda dauzkatenean.
d) Aprobetxamendua zuzenean egiten dutela frogatzeko agiriak eskatzen zaizkienean eta, behar den epean, aurkezten ez dituztenean. Esaterako, honako agiri hauek: artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.
Udal loteen adjudikazioa hartu duen familia-unitatearen titularrak abeltzaintza uzten baldin badu ezarritako epea bukatu baino lehen, Udalak erabakiko du larre horiek nola erabili adjudikazioaldia bukatu arte.
10. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.
11. artikulua. Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, egokitu dadin bizitzaren kostuak izaten duen igoerara, jarraikiz erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeei.
12. artikulua. Urte bakoitzeko kanonaren zenbatekoa aurretik ordaindu beharko da, urtean behin, bigarren seihilekoaren lehenbiziko 15 egunen barrenean.
Ordaintzen ez bada, edo berandu ordainduz gero, premiamendu bidea erabiliz ordainaraziko da; horrez gain, adjudikazio kontratua suntsitzen ahalko da.
13. artikulua. Fidantza. Onuradunak, adjudikatu ondoko hamar egunean, fidantzatako utzi beharko du adjudikazioaren prezioa bider zortzi egitetik ateratzen den zenbatekoaren %2.
Fidantzak honela ordaintzen ahalko dira: eskudirutan, erabiliz Nafarroako zorra edo erregelamenduaren araberako abala –abal emaileak idatziz uko egin beharko dio Nafarroako Zuzenbide Zibil Pribatuaren bildumako 525 Legeak aipatzen duen eskusio-eskubideari–, baliatuz balio publikoak nahiz pribatuak, kauzio kontratua eginez aseguru-entitate baimendu batekin, edo erabiliz maiatzaren 18ko 13/1995 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan onartutako beste edozein bide (Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legea).
Fidantza erabiliko da honako gastu hauek estaltzeko: kontratistari, kontratuaren betearazpena dela-eta, ezarri beharreko zehapenak, kontratuak ekarritako obligazioak, berandutza gastuak, kontratua betetzeak edo ez betetzeak dakartzan kalte-galerak, edo konfiskazioa, baldin kontratistaren erruz suntsitzen bada kontratua.
14. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko dira foru lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.
15. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikaziorako prozedura.
Udalak aurretik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, herri-larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten ordenantza honen 6.2 artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituztenek, aurretik ediktua jarrita Udalaren iragarki-taulan. Erabaki horretan, Udalak ezarriko ditu urteko prezioak, lote bakoitzeko aprobetxamenduaren kanonerako.
16. artikulua. Andosillako Udalak behin-behinekoz adjudikatuko ditu lurrak, kontuan hartuz honako inguruabar hauek:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.
b) Jasan dezaketen abelburu kopuruaren arabera sailkatuko dira bazkalekuak, adjudikatu daitezen antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
c) Bazkaleku bera adjudika dakioke abeltzain bati baino gehiagori, baldin guztiek dituzten abelburuen kopurua, baturik, ez bada handiagoa bazkalekuak har dezakeen abelburu karga baino. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.
d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku edo gehiago adjudikatzen ahal zaizkio, baldin behar adina azienda badu eta bete badira herriko gainerako abeltzainen eskaerak.
Udalak beretzat gordetzen du herri-larreen bostetik bat, onuradun berririk balitz urteko adjudikazioa egiteko.
17. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
18. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 10 urterako, betiere betez indarrean dagoen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena.
Betebeharrak eta debekuak
19. artikulua. Betebeharrak eta debekuak:
a) Adjudikaziodunak ordenantza honetan ezartzen den epean ordaindu beharko du kanona.
b) Adjudikaziodunak bete beharko ditu Udalak ematen dituen ediktuak, azienda sartzeko eta ateratzeko egunei dagokienez edo beste edozeri dagokionez.
c) Debeku da aziendak larratzera sartzea mugatutako lurzatietan.
d) Debeku da aziendak larratzera sartzea ardiak ez badira.
e) Labore alorretan aziendak ez dira larratzera sartuko harik eta uzta bildu eta 7 egun iragaten diren arte. Epe hori iraganik, abeltzain adjudikaziodunak uztondoak baliatzeko sartzen ahalko dira, askatasun osoz sartu ere. Dena den, jabeak kanaberak paratzen ahalko ditu, eta horrek adieraziko du abereak ezin izanen direla sartu beste zazpi egun iragan arte. Abuztuaren 15a etorri eta uzta bildu ez bada, aziendak nahi bezala larratzen ahalko dira finketan.
f) Debeku da aziendak larratzera sartzea baso-landaketak dituzten lurzatietara. (5 urte)
g) Simaurra abeltzainaren esku geldituko da, eta zernahitarako erabiltzen ahalko du; betiere adjudikazioaldia bukatu aurretik bildu beharko du. Bestela, Udalari laga diola ulertuko da.
h) Euria ari duenean aziendak ezin izanen dira lurzatietan sartu harik eta hiru egun iragan arte.
i) Aziendek Udalaren eskortetan egiten duten gorotza azienda gordetzen duenarena izanen da.
j) Azienda gordetzeagatik edo gorotza ateratzeagatik zerbait hondatuz gero, kasuan kasuko lotearen errentariaren bizkar izanen da.
k) Eskorta bat baldin bada zenbait adjudikaziodunen aziendendako, Udalak eta ez beste inork banatuko ditu haien artean eskortaren atalak, eraikinak eta sarbideak, eta ez da eskubiderik izanen horren gainean erreklamatzeko, ez kalte-ordainik biltzeko. Betiere, Andosillako Udalak ebatziko ditu eskorten gaineko liskar, afera edo auzi guztiak.
l) Eskortak gaizki erabiltzen direnean, adjudikaziodunaren bizkar izanen dira horren ondoriozko hondaketak, eta konpondu beharko ditu Udalak adierazten dituen epeetan. Hori ez betetzeak ekarriko du Udalak subsidiarioki konpontzea, adjudikaziodunaren kontura. Orobat, adjudikaziodunak berak kendu beharko ditu eskorta eta estalpeetan egindako eta paratutako oholesiak, langak eta gainerakoak, errentaldian jarri dituenak aziendak hobeki egon beharrez.
m) Adjudikaziodunak bere bizkar desinfektatu, zuritu eta garbituko ditu eskortak edo artegiak, hiru urtean behin bederen eta, bereziki, aprobetxamenduaren epea bukatzean.
n) Udal lizentzia beharko da artegiak, pasabideak eta idoiak hobetzeko lan guztietarako; beraz, ez daitezke egin Udalaren baimenik gabe.
o) Belarren aprobetxamenduak iraun bitartean, Udalak erabakitzen baldin badu bazkalekuetan artegi berriak egitea, adjudikazioaren prezioa goitituko da, eta adjudikaziodunak ordaindu beharko du, Udalak paratuko duen ehunekoan, egindako hobekuntza lanak amortizatu beharrez.
p) Onuradunak edo adjudikaziodunak ezin izanen ditu eskualdatu edo laga errentan hartutako lurrak, baldin Udalaren berariazko baimena ez badu.
q) Onuradunak edo adjudikaziodunak bete beharko ditu bere aziendari dagozkion osasun arloko xedapen guztiak.
r) Debeku da arras animalia hilak lurperatzea edo uztea horretarako propio finkaturiko tokietatik at.
s) Baldin lotean sartzen diren lurretan landatzen badira fruta arbolak, olibondoak, almendrondoak edo mahastiak, edo egiten bada aziendekin bateraezina den beste edozein laborantza, laborariak ez dira beharturik egonen lotearen errentariari kalte-ordainik ematera, ezta errentamenduaren zati proportzionala ordaintzera ere; aldiz, abeltzainek kalte-ordainak eman beharko dizkiete, baldin aziendak kalterik egin badu.
t) Udalak beretako gordetzen du gaur egun elkorrak diren lurrak eskura izateko eskubidea, horiek erabiltzeko laborantzarako, larreak edo oihan berriak sortzeko eta interes publikokotzat jotzen ahal den beste edozein erabilera emateko. Hala izanez gero, adjudikaziodunak eskubidea izanen du aprobetxamenduaren kanona berrikusteko, kentzen zaizkion larreen azaleraren eta ezaugarrien neurrian.
u) Adjudikaziodunak izanen dira erantzuleak baldin artzaintza dela-eta kalteak egiten badira doloz nahiz erruz lurretan edo laborantzetan. Horregatik isunak jartzen badira, berek ordaindu beharko dituzte.
v) Adjudikatu gabeko loterik gelditzen bada, debeku da guztiz haietan aziendak sartzea.
x) Adjudikaziodunak klausula eta baldintza guztietan bete beharko ditu ordenantza hau eta Andosillako Udalak onesten dituen baldintza-orri guztiak.
20. artikulua. Barrutiak: Finken jabeek eskubidea dute beren jabetzak errespeta daitezen edo mugatu daitezen, azienda sar ez dadin; halakoetan, Udalari 25 euro ordaindu beharko dizkiote hektareako eta urteko.
Landare bizia: Finken jabeek, baldin finkak erabiltzen badituzte landatzeko mahastiak, almendrondoak, olibondoak, fruta arbolak nahiz bestelakoak, bateraezinak direnak aziendarekin, Udalari 25 euro ordaindu beharko dizkiote hektareako eta urteko.
Eraikuntzak: Finken jabeek, baldin eraikuntzak badituzte, edo jarduerak egiten badituzte, eta horiek bateraezinak badira aziendarekin, Udalari 25 euro ordaindu beharko dizkiote hektareako eta urteko.
Arau-hausteak eta zehapenak
21. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
Arau-hauste administratiboak izan daitezke arinak, astunak eta oso astunak.
–Hona hemen arau-hauste arinak:
a) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Andosillako Udalak finkatzen dituen epeetan.
b) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
c) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
d) Azienda edukitzea bazkatzeko ez diren lurretan edo adjudikatu gabekoetan.
e) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
f) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.
g) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein egintza, ez dena arau-hauste astuna edo oso astuna.
–Hona hemen arau-hauste astunak:
a) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.
b) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
c) Adjudikatutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, salbu ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan.
d) Adjudikatu gabe animaliak bazkatzea.
e) Azienda sartzea landatutako lurretan edo ereiteko prest dauden lugorri landuetan, edo euri jasa handiak egin berritan, errespetatu gabe euriondoko aldiak eta berazainak.
f) Azienda finketan sartzea uzta bildu ondoren eta ordenantza honetan ezarritako epea bukatu baino lehen.
g) Andosillako Udalari ez komunikatzea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketak, fede gaiztoz.
h) Indarra duen legediaren arabera identifikatu ez diren animaliak bazkatzea.
i) Hildako animaliak bertan behera uztea.
j) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.
k) Kalteak egitea artegietan, aziendarendako idoietan, baso landaketetan eta biodibertsitatea dela-eta babestutako eremuetan.
l) Ez errespetatzea atsedenaldiak eta loteetan bazkatzeko ez diren lurrak.
–Hona hemen arau-hauste oso astunak:
a) Azienda behin eta berriz larratzea bazkatzeko ez diren lurretan edo adjudikatu gabekoetan.
b) Gaixorik dauden edo gaixo itxura duten animaliak bazkatzea, eta hildako animaliak bertan behera uztea, pertsonen osasuna arriskuan jarriz.
c) Urtebeteko epean, bi falta astun egitea.
22. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:
a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.
b) Arau-hauste astunak egiteagatik, 301,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.
c) Arau-hauste oso astunak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.
Zehapen horiek mailakatu eginen dira, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeko irizpideei (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
23. artikulua. Zehapen ekonomikoak (halakorik bada) gorabehera, eta galarazi gabe egindako kalte-galerak ordaindu beharra, baldin kalte-galerak badira benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak, eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, ondotik ematen diren zehapen osagarriak ezartzen ahal ditu:
Arau-hausteak astunak edo oso astunak direnean, berekin ekarriko dute adjudikazioa kentzea eta beste bi adjudikazioalditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzea. Arau-hauste oso astun batzuen kasuan, kentzen ahalko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea, inguruabarrak kontuan izanik.
24. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak izanen dira arau-hausteen erantzuleak, egitez edo omisioz, edo, kasua denean, egitateetan parte hartu duten pertsonak.
25. artikulua. Andosillako Udaleko alkatea da arau-hauste arinak zehatzeko organo eskuduna. Andosillako Udaleko osoko bilkura izanen da arau-hauste astun eta oso astunetarako organo eskuduna.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin ordenantzaren testua osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta behin iragandakoan Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko epea, hots, behin iragandakoan toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Berariaz aldatu, berrikusi edo indargabetu arte izanen du indarra.
Iragarkiaren kodea: L2406908
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
