103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144/2024 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari kudeaketa-esleipen bat egiten baitzaio zamak maneiatu beharra ezarrita duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak betetzeko gaitasunari buruzko txosten medikoak egin ditzan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 855/2023 Ebazpenaren bidez, deialdi batzuk onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko D mailako lanpostu batzuk, I. eranskinean zerrendatzen zirenak, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan.

Deialdiaren oinarriak lehiaketaren lege dira, eta, horrenbestez, administrazio hau lotzen dute. Zehazki, ebazpen horren 3.6 oinarrian ezartzen denez, zamak maneiatu beharra ezarrita duen lanposturen bat eskuratu nahi izanez gero, nahitaezkoa izanen da txosten mediko bat, lanpostu horretan aritzeko gaitasuna ziurtatzen duena. 4.3.3 oinarrian ezartzen denez, 3.6 oinarriko baldintza egiaztatzearren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txosten medikoa beharko da. Horretarako, izena emateko eskaeran eskatu beharko da osasun azterketa hori.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, Foru Administrazio publikoko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak beste organo edo erakunde batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Eginkizunak egokitzeko asmoz, gomendagarria da O-NOZeko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egitea nahitaezko txosten mediko hori, hots, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan zamak maneiatu beharra ezarrita duen lanposturen bat aukeratu duten izangaiena.

Kontuan hartuz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak proposatu zuela kudeaketa-esleipen hori egitea, eta Osasuneko kontseilariaren martxoaren 6ko 70E/2024 Foru Aginduaren bidez baimendu zela Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak kudeaketa-esleipen hori egitea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari, zamak maneiatu beharra ezarrita duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak betetzeko gaitasunari buruzko txosten medikoak egin ditzan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 855/2023 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdian xedatutakoa betetzeko, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari kudeaketa-esleipen bat egitea zamak maneiatu beharra ezarrita duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak betetzeko gaitasunari buruzko txosten medikoak egin ditzan.

2. Kudeaketa-esleipen hori indarrean egonen da Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 855/2023 Ebazpenaren bidez deitu ziren eta zamak maneiatzea ezarrita duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak bete arte beharrezkoa den bitartean.

3. Ebazpen hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura, Araubide Juridikoaren Zerbitzura eta Profesionalen Zuzendaritzara eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Ángeles Nuin Villanueva.

Iragarkiaren kodea: F2406329