1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
340E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baitzaio haize-sektoretik etorritako material konposatuak birziklatzeko eta balorizatzeko instalazioaren proiektu bati. Proiektua Acciona Global Renewables SLk sustatu du.
2023ko abenduaren 19an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuaren Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan sartuta dago.
Konpositeen instalazio bat proiektatzen da Irunberriko udalerriko jarduera ekonomikoen eremuaren barruan, erabiltzen ez diren haize-sorgailuen palak prozesatzera bideratua (8.000 tona/urte). Pala horiek dituzten material konposatuen birziklatze termiko jarraituaren teknika erabiliko dute, eta lehengai birjinen pareko kalitateko bigarren mailako materiak lortuko dira.
Prozesua funtsean pirolisi bat da, baina erraustu eta kutsatzaileak igorri gabe; guztiz elektrifikatua egonen da, eta kontsumitzen duen energia elektriko guztia jatorri berriztagarrikoa izanen da.
Txosten honen I. eranskinean xehetasun handiagoz azaltzen dira instalazioak eta ekoizpen prozesua.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, 45. artikuluan zehazten denarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Izapide horretan kontsulta egin zaie Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, baita honako erakunde hauei: Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Accion, Gurelur-Ingurumena Babesteko Nafarroako Fondoa, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Cederna-Garalur Elkartea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa. Izapide horretarako epea amaituta, ez dute erantzun, Hondakinen Atalak eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak izan ezik; azken horiek adierazi dute ezen, indarreko legeriari jarraikiz, ez dago zertan jarduera baldintzatu instalazio horren jarduera proiektuan jaso behar ez diren alderdien gainean.
2024ko otsailaren 19an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi du ez dela alegaziorik jaso proposamenaren ingurumen baimen bateratuaren espedientea jendaurrean jartzeko aldiaren ondotik.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen-inpaktuaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:
Jarduerak lagunduko du hondakinak gutxitzen, baliabideak kontserbatzen eta ingurumen eragina murrizten, eta aukera emanen du natur baliabide gutxiago erabiltzeko eta karbono zuntza eta beira zuntza probesteko.
Irunberriko jarduera ekonomikoen eremuaren barruko lurzoru urbanizatuan egonik, proiektuak ez die zuzenean eragiten proiektuaren eremuko ingurune naturalaren balioei. Bestalde, ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen, lurzoruaren eta uren kalitatean izan litzakeen eraginak kontrolatuko dira, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Kontsulten emaitza eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, hori guztia alde batera utzi gabe indarreko legeriari jarraikiz beharrezko diren bestelako baimenak eskuratzea, eta bereziki, hondakinen kudeatzailearen baimena, hor jasoko baitira funtzionamenduak behar dituen baldintza guztiak, eta integratuko dira proiektuaren ingurumen baimen bateratuan.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua
EBAZTEN DUT:
1. Haize-sektoretik heldu diren material konposatuak birziklatzeko eta balorizatzeko instalazioaren proiektuak, Acciona Global Renewables SL enpresak sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako moduan, eta beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta.
2. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Irunberriko Udalari, Basozaintzari (8. barrutia, "Agoitz") eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Haize-sektoretik heldu diren material konposatuak birziklatzeko eta balorizatzeko jarduera proiektatua Irunberriko 3. poligonoko 199., 238., 251., 252. eta 253. lurzatietan ezarriko da, Irunberriko udalerriko jarduera ekonomikoen eremuaren barruan. Instalazio berrietan honako hauek egonen dira: zelaia, birrindu eta banantzeko nabea, birziklatze termikoko nabea, eraldatu eta biltegiratzeko nabea, prozesurako modulu teknikoa, zelaian hondakinak biltegiratzeko gunea eta bulegoen eta aldagelen gunea.
Jardueraren zelaiak 4.600 m² izanen ditu, eta hormigoi birziklatuaren hondarretatik heldu den zabor-legarrezkoa izanen da. Hartutako haize-sorgailuen palak bilduko dira bertan; halaber, hormigoizko eremu bat egonen da, maniobrak egiteko, eta kanpoko gune bat, ebakitzeko. Zelaian hondakinak biltegiratzeko gune bat ere egonen da.
Birrintzeko eta banantzeko nabea 1.000 m² ingurukoa eta 12,5 metroko altuerakoa izanen da; birziklatze termikoko nabea: 836 m² eta 12,5 m-ko altuera; eraldatzeko eta biltegiratzeko nabea: 943 m² eta 14 m-ko altuera; prozedurako modulu teknikoa: 200 m² eta 2,5 m-ko altuera.
Jarduera urteko 278 egunetan eta eguneko 16 orduetan eginen dute (24 ordu/egun birziklatze termikoko nabean). Aurreikusita dago birziklatzeko 8.000 tona material jasotzea urtean, eta honako hauek ekoitziko dituzte, urteko: 1.072 tona zuntz hauts, 1.072 tona beirazko zuntz hari (2.145 tona), 1.479 tona poliolefina, 400 tona fenol, 200 tona estireno eta 27 tona tolueno.
Jasotzen diren palak ebaki eta birrinduko dira, harik eta 5 cm-ko zatiak lortzen diren arte. Zati horiek, ebakitzean eta birrintzean sortzen diren hondarrekin batera, (banandu ondotik) tratamendu termikotik (pirolisia) pasaraziko dira, eta prozesu horretan erretxina gas bihurtzen da eta zuntzetik banantzen da (beira edo karbono zuntza da, pala motaren arabera). Zuntzek ez dute inolako eraldaketarik izaten prozesu horretan. Zuntzak oxidazio bidez deskarbonizatzen dira, eta CO2 sortzen da;erretxinak, gas egoeran, hoztu egiten dira, eta merkaturatzeko moduko substantzia kimikoak lortzen dira (estirenoa, fenola, toluenoa eta poliolefinak).
Zuntzari dagokionez, hauek lortuko dira: zuntz laburra, zuntz luzea eta zuntz hautsa. Zuntz laburrari eta zuntz luzeari dagokienez, ur disoluzio batean inpregnatu behar dira ("sizing"), eta horren ondotik idortu; horretarako, pirolisiaren ondotik lortutako gas kondentsagaitzak erabiltzen dira. Erretxinetatik heldu diren substantziak ontzi homologatuetan biltegiratuko dira bidali aurretik.
Biltegiratutako material bukatua (beira zuntza eta karbono zuntza) gorakako paletetan paratuko da, apaletan, dagokion nabean. Sortutako produktu kimikoak eraikinaren hegoaldean biltegiratuko dira; bi gela egonen dira: bata, produktu sukoietarako (estirenoak, toluenoa, etilbentzenoa), eta bestea, produktu toxikoetarako (fenolak).
Konpositeen instalazioak euri urak bereizteko sarea izanen du, eta aurreikusita dago saneamendu instalazioa ezartzea, bertan sortutako hondakin urak husteko.
Iragarkiaren kodea: F2407387