103. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

305E/2024 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuen txostena egiten baita Construcciones Luis Fernández SA enpresak Larragako 1. poligonoko 1502. lurzatian eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko sustatutako jarduera-proiektuaren inguruan.

2023ko maiatzaren 18an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Horretarako, txostena eskatu behar zaio Hondakinen Atalari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen-organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

Jarduera bat instalatzea proposatzen da, agregakin birziklatua lortzeko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen harri-frakzioa balorizatuz. Tokia Larragako industrialdeko 1-C lurzatia da (UA-21 unitatearen birpartzelazioa), Larragako 1. poligonoko 1502. katastro-lurzati zaharrari dagokiona. Jarduera planteatzen da industria-nabearen kanpoaldean egiteko. Bakarrik balorizatuko da sustatzailearen obretan lortutako materiala, eta lortzen den agregakin birziklatua obra propioetan berrerabiliko da. Balorizazioa eginen da materiala birrinduz. Horretarako, hondeamakina bat erabiliko da, palo birrintzailearekin. Instalazioan hondakin kantitate txikiak jasoko dira, eta birrinketaren bidez balorizatu arte pilatuko dira. Balorizazioaren ondoren, berrerabiltzeko dagoen material birziklatua metatuko da. Balorizatutako materialaren kantitatea urtean 500 metro kubiko ingurukoa izan daitekeela kalkulatzen da.

Proiektuko lurzatia industria-lurzoruan dago, lur-erauzketan zabalduta dago eta ez du itxiturarik. Ez da behar ur-, energia- eta saneamendu-hornidurarik, besteak beste.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

Kontsulten emaitzak kontuan izanik eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, jakinarazi du proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, betetzen badira ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak eta, horrez gain, hondakinak kudeatzeko baimenaren ebazpenean jasotakoak. Ebazpen horrek beharrezko funtzionamendu baldintza guztiak jasoko ditu, eta proiektuaren baimen substantiboan txertatuko dira.

Proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazio sinplifikatua ongi burutu denez gero, adierazitakoarekin bat etorriz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoan ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Larragako 1. poligonoko 1502. lurzatian eraikuntza eta eraispeneko hondakinen balorizaziorako jarduera egiteko proiektuak, Construcciones Luis Fernandez SAk sustatuak, ez du eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten diren baldintzetan. Beraz, ez da egin behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusia.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Larragako Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2406389