102. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

692E/2023 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Barasoain udal-mugarteko zerri ustiategi baten (umetarako zerramak) instalazioaren funtsezko aldaketarako baimena. Gam Ganadera SLU da titularra.

2020ko irailaren 14an, instalazio horren titularrak instalazioaren funtsezko aldaketa eskatu zuen, 1.536 umetarako zerrama izatetik 3.456 izatera igarotzeko handitze proiektua gauzatu ahal izateko. Instalazioak –gaur egun funtzionamenduan dago– ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 875/2008 Ebazpenaren bidez emana, eta, ondoren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 361E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 8ko 30E/2016 Ebazpenaren eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 7ko 283E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 292E/2020 Ebazpenaren bidez berrikusia.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusten diren ingurumen ebaluazioko jarduketak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 759E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren kontrako adierazpena egin zen 1.536 umetarako zerrama izatetik 3.456 izatera igarotzeko Gam Ganadera SLUk sustatutako handitze proiektuari buruz, proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin ondoren, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoari jarraikiz.

Espedientearen analisi teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu zuen ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura egokiro egin zela eta proiektuaren eraginek, proposaturiko neurri zuzentzaileak aplikatuta ere, eragin kaltegarria edukiko luketela bai ur ingurunean bai nitratoez kutsatutako uren kalitatean. Gainera, proiektua proposatutako baldintzetan ezarriz gero, presio handiagoa eta kalitate helburuak ez betetzeko arrisku handiagoa sortuko lituzke "3. eremua: Zidakos ibaiaren arroa" delakoaren barruan (eremu hori ura nekazaritzako nitratoez kutsatzen ahal den eremutzat jotzen da). Horregatik guztiagatik, kontrako ingurumen eraginaren ebaluazioa formulatzea proposatu da.

Horren ondorioz, 2022ko abuztuaren 5ean, Industriako Isurpenen Erregelamenduaren 15.7 artikuluan eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 15.7 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ezesteko ebazpenaren proposamena jakinarazi zitzaion titularrari, eta hamabost eguneko gehieneko epea eman zitzaion, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitzan.

2022ko abuztuaren 25ean, titularrak 2022ko abuztuaren 10ean aurkeztutako eskaerari erantzunez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2021eko abuztuaren 2ko txostena helarazi zitzaion, beste entzunaldi izapide batean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera, egokitzat jotzen zituen alegazioak aurkez zitzan hamabost eguneko epean.

2022ko abuztuaren 29an eta 2022ko irailaren 15ean, titularrak alegazioen idazkiak aurkeztu zituen, eta eskatu zuen Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 759E/2022 Ebazpena, zeinaren bidez formulatu baitzen ingurumen eraginaren kontrako adierazpena, ezeztatzekoa, eta, gainera, eskatu zuen jarduketak atzera eramateko, organo eskudunak arroko erakundeari txostena eta ingurumen eraginaren beste adierazpen bat eskatu behar zion unera, argudiatuta, batetik, organo substantiboak ez zuela une hartan eskatu Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 759E/2022 Ebazpenerako oinarria izan zen txostena, eta, bestetik, ingurumen eraginaren adierazpena oinarritu zela Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txosten orokor batean –proiektukoa moduko abeltzaintzarako instalazioen ukipenari buruzko batean–, eta ez, ordea, ingurumen eraginaren adierazpen honen xede den eta GAM Ganadera SLUren instalazioa handitzeko helburua duen proiektu zehatzari buruzko berariazko txosten batean.

2022ko urriaren 4an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinarazi zion berriz eskatu zela txostena. Eskaera horri erantzunez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak aurkako txostena eman zuen 2022ko azaroaren 24an.

2022ko abenduaren 9an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko azaroaren 24an egindako txosten berria helarazi zitzaion titularrari, entzunaldi izapidearen beste epe batean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera, egokitzat jotzen zituen alegazioak aurkez zitzan.

2022ko abenduaren 31n, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko azaroaren 24an emandako txostenari buruzko alegazio idazkia aurkeztu zuen titularrak. Alegazio horiek aipatu arroko organoari helarazi zitzaizkion, balora zitzan, 2023ko urtarrilaren 9an jakinarazitako jakinarazpenaren bidez. Aurkeztutako alegazioei eta erantzunari dagokienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak kontrako beste txosten bat egin zuen 2023ko apirilaren 28an.

Ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 545E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpen osagarria egin da, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 759E/2022 Ebazpenaren osagarria. Kontrako txostena izan da, eta, horren arabera, bideraezina da proiektua.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako funtsezko aldaketa egiteko baimena.

Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon zen 15 egunez. Sustatzaileak aurkeztutako alegazioen ondorioz, bigarren entzunaldi izapide bat egin zitzaion beste ebazpen proposamen bati hamabost egunez, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2021eko abuztuaren 2an egindako txosten bat erantsi zitzaion. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2022ko abenduaren 1ean egindako beste txosten bat jaso ondoren, hirugarren ebazpen proposamen bat egin zen. Horri ere entzunaldi izapidea egin zitzaion hamabost egunez. Hirugarren entzunaldi izapidean jasotako alegazioen ondorioz, beste ebazpen proposamen bat egin zen, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2023ko apirilaren 25ean egindako beste txosten bat erantsi zen. Txosten hori laugarren entzunaldi izapidean jarri zen hamabost egunez, eta ez zen aurkeztu proposamen horri buruzko alegaziorik.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea Barasoain udal-mugarteko zerri ustiategi baten (umetarako zerramak) instalazioaren funtsezko aldaketarako baimena –Gam Ganadera SLU da titularra–, 1.536 umetarako zerrama izatetik 3.456 izatera igarotzeko handitze proiektua gauzatu ahal izateko.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Gam Ganadera SLUra, Barasoaingo Udalera, Greenpeacera, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Basozainen Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko uztailaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2406742