102. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24E/2024 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez abian jartzen baita Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos oroitu eta omentzeko monolitoa Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien figura.

Ondoren, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko inskripzioa egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta, hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoriaren Institutuak uste du Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos oroitu eta omentzeko monolitoak Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen dituela eta, horregatik, bidezkoa dela hura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzea.

Francisco Franco diktadorea hil eta sei hilabetera, garai hartako tentsio sozial eta politiko gogorren esparruan, 1976ko maiatzaren 9an ekitaldi karlista tradizionala egin zen Montejurran. Aurreko urteetan bezala, ekitaldian Carlos Hugo Borboikoaren aldeko sektore gehienak bildu ziren, erregimenaren aurkako oposizio demokratikoaren ekimenetan parte hartzen zutenak. Mendiaren magalean, halaber, talde ultraeskuindarrak bildu ziren, Espainiako zein beste herrialde batzuetako indarkeriazko elementu armatuekin. Sixto Borboikoa eta haren aldekoak zituzten buru. Estatuko zenbait aparatuk babesa ematen zieten kasu batzuetan, eta, beste batzuetan, berriz, ez jakinarena egiten zuten, horri buruz bildutako dokumentazio ugariak erakusten duenez. Talde armatu horiek hainbat eraso egin zituzten ekitaldira bertaratu zirenen aurka, eta eraso horien ondorioz Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos hil ziren.

1978an, Iratxeko monasteriotik gertu dagoen zelaigunean, bi biktimak oroitzeko eta omentzeko monolitoa inauguratu zen, eta plaka bat jarri zen, honako inskripzio honekin: "Ricardo eta Aniano. Zuen odola askatasun hazia da (1979-5-9). Alderdi Karlista". Auzitegi Nazionalak, 2003ko azaroaren 5eko epaian, terrorismoaren biktima izaera aitortu zien eraildako bi pertsona horiei.

Espedientean jasota daude Nafarroako Memoria Institutuaren proposamen txostena, bai eta txosten juridikoa ere, Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos oroitu eta omentzeko monolitoa Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko.

Adierazitakoarekin bat, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 65/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos oroitu eta omentzeko monolitoa Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedura abiatzea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan prebentziozko haren idatzoharra egitea, LM-2024-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ez zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera ematen ahalko hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Aiegiko Udalari eta Euskalerriko Karlista Alderdiari (EKA) helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 22an.–Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA.–TOKIAREN IDENTIFIKAZIOA
(DESKRIBAPENA ETA KOKAPENA)

Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos oroitu eta omentzeko monolitoa. Katastroko erreferentzia: 310000000002401547PO. 2. poligonoa, 1386. lurzatia.

–Ondasunaren ukitutako zatiak:

Monolitoa eta plaka.

–Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

578.324, 4.722.462.

578.327, 4.722.463.

578.326, 4.722.469.

578.320, 4.722.468.

–Balioen identifikazioa:

Monolitoa eta plaka dira, zeinak 1978an jarri baitziren Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos oroitu eta omentzeko. 1976ko maiatzaren 9an hil zituzten, eskuin muturreko talde eta terroristek, Estatuko aparatuen laguntzarekin, Montejurrako urteroko elkarretaratze karlistari egindako erasoaren ondorioz.

–Titulartasuna:

  • Monolitoa eta plaka:

Euskalerriko Karlista Alderdia (EKA).

IFKa: G31709173.

  • Lurra:

Aiegiko Udala.

IFKa: P3104100G.

–Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

–Kautelazko babes neurriak:

Ez dira behar.

Iragarkiaren kodea: F2406955