Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22E/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita aisialdiko hezkuntza eskolek ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 755493.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, bere 14. artikuluan (Gazteriaren arloko berariazko politikak), gazteria arloko hezkuntza ez-formalaren eremua azaltzen du. Gazteria arloko hezkuntza ez-formala arautu gabeko jardueren multzo bat da, helburu duena pertsonaren garapena bultzatzea. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak irakasten ahalko du (NGJE) –ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen eskola–, hori baita gazteen bizitzan hezkuntza ez-formala bultzatzen duen erakundea, bai eta ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ere.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak aisialdiak gaztaroan duen garrantzia nabarmentzen du. Aisialdi hezigarri eta komunitarioa zera da: elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonen oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Alderdi ekologiko bat ere bai, behartzen baitu inguruneari begiratzera eta hura zaintzera, eta estutzen gaitu ingurumenean uzten dugun inpaktuaren inguruan. Aisialdi hezigarriko lokalak eta erakundeak sozializaziorako espazioak dira, erreferentzia positiboko figurak dituztenak eta oinarri hartzen dutenak borondatezko partaidetza automotibatua eta atsegingarria, baina errealitate eta esperientzia desberdinak dituzten beste pertsona batzuekin lotuta, hezkuntza ekintza eta komunitatearen garapena sustatzeko asmoz.
Halaber, uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean aisialdiko hezkuntza eskolak eta horien irakaskuntzak aitortzeko bidea arautzen da.
Ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolei laguntzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du norgehiagokako deialdi bat onestea aipatu eskolei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko, 2024. urtean zehar ekipamendua eros dezaten.
Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek 2024an ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 13.000 euroko gastua baimentzen da, Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorretako 340002 34100 7819 232100 "(E) Aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" partida ekonomikoaren kargura, eta 2.000 eurokoa, 340002 34100 7609 232102 "Toki erakundeen aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" partida ekonomikoaren kargura.
4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondoren.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, dagozkion ondorioetarako.
Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José M.ª Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–OFIZIALKI ONARTUTAKO AISIALDIKO HEZKUNTZA ESKOLEK EKIPAMENDUA EROSTEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek ekipamendu informatikoa, informazioaren teknologia berriak, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria eros dezaten 2024. urtean.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.
Dirulaguntzen helburua da ofizialki onartutako aisialdiko hezkuntza eskolei laguntzea, ekipamendu informatikoa, informazioaren teknologia berriak, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria eskuratzeko gastuak finantzatuz 2024an. I zan ere, onura publikokotzat jotzen da eskola horiek hezkuntza ez-formaleko lanak behar bezala egin ahal izateko behar dituzten bitartekoak eskaintzea. Aisialdiko hezkuntza eskolek punta-puntako ekipamendua izateak eragin zuzena du ematen duten prestakuntzaren kalitatean.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
2. Erakunde onuradunak.
2.1. Onartutako aisialdiko hezkuntza eskolek jaso ahalko dituzte deialdi honen xedeko dirulaguntzak, aisialdiko hezkuntza eskolak aitortzeko bidea arautzen duen uztailaren 5eko 56/2023 Foru Dekretuarekin bat.
2.2. Aisialdiko hezkuntza eskolek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:
–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
–Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.
2.3. Baldintza horiek betetzen direla frogatuko da deialdiaren III. eranskinaren bidez.
3. Aurrekontua.
Deialdiari aurre egiteko 15.000 euroko aurrekontua erabiliko da guztira; horietatik 13.000 euro toki erakundeetakoak ez diren aisialdiko hezkuntza eskolentzat izanen dira, eta 340002 34100 7819 232100 "(E) Aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" partida ekonomikoaren kargura ordainduko dira, eta 2.000 euro toki erakundeetakoak diren aisialdiko hezkuntza eskolentzat; kasu horretan, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 340002 34100 7609 232102 "Toki erakundeen aisialdiko hezkuntza eskoletarako ekipamendurako dirulaguntzak" partida ekonomikoaren kargura dira.
4. Kontzeptu diruz lagungarriak.
4.1. Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten aisialdiko hezkuntza eskolek ekipamendu informatikoaren, informazioaren teknologia berrien, altzarien, tresneriaren eta material inbentariagarrien erosketa gastuen kontzeptuarengatik eskuratzen ahalko dituzte dirulaguntzak.
Ekipamendu informatikoaren gastutzat hartuko dira beren jarduerak egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneraketa, web orriak sortzea eta mantentzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki eta bideo makina, USBak, GPSak eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipamendu informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.
Altzarien eta tresnen gastutzat hartuko dira jarduerak egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, etab.
Halaber, material inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira ondasun suntsigarrienak: koadernagailuak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, praktikak egiteko material ez-kontsumigarria (kanpin-dendak, manikiak...).
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluaren arabera, aisialdiko hezkuntza eskolek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, bi urtez gutxienez. Horretarako, bi urteko epea igaro ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta, bertan, adierazi beharko dute ezen, dirulaguntza eman zitzaien unetik, eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili direla (V. eranskina).
4.2. Diruz lagungarriak izateko, ekipamendu informatikoa, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak eskabidea aurkezten den egunetik aurrera egin beharko dira.
4.3. Deialdi honen esparrutik kanpo geratuko dira 4.1 apartatuan adierazitakoarekin parekatu ezin diren ekipamendu informatikoa edo altzariak erosteagatik sortutako gastuak, bai eta material kontsumigarri eta inbentariaezin guztia ere.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Erakunde eskatzaile bakoitzak ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko jasoko duen gehieneko dirulaguntza izanen da kostuaren % 100era artekoa, betiere gehieneko muga 7.3 oinarrian ezarritakoa izanda.
5.2. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du behin ere gainditzen ahalko ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erostearen kostua.
6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
6.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako dokumentazioa eta justifikazioarena Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta nahitaez telematikoki aurkeztu beharko dira erregistro orokor elektronikoaren bidez, ahal dela "Tramiteak" erlaitzaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan (www.nafarroa.eus).
6.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.3. Dirulaguntzen eskabideak honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:
6.3.1. Eskabide orri orokorra (II. eranskina).
6.3.2. Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau dioena: onuradun izateko debekurik ez duela; gardentasun betebeharrik ez duela edo horretarako ezarritako dokumentazioa jakinarazten duela; eta erosiko diren ondasunak dirulaguntza emateko xede zehatzerako gutxienez bi urtez erabiltzeko konpromisoa hartzen duela (III. eranskina).
6.3.3. Eskaerekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontuak aurkeztu beharko dira, eta, aurrekontu horietan, eskuratu nahi den materiala agertu beharko da, bai eta horien laburpena ere, IV. eranskinean agertzen den moduan.
7. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpidea.
7.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 7.2 oinarrian ezarritako balorazio irizpidearekin bat.
7.2. Dirulaguntza eskatzen duten aisialdiko hezkuntza eskolen artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, tituludunen kopurua (aisialdiko begiraleak eta zuzendariak) izanen da oinarri gisa balioko duen irizpidea; puntu 1 emanen da 2023ko tituludun bakoitzeko. Berdinketarik egonez gero, azken kalifikazioaren akta lehenago aurkeztu duenaren alde ebatziko da. 2023an tituludunik ez duten eskolen kasuan, deialdi honetan parte hartzeko eskaera erregistroan sartu zen egunaren arabera ezarriko da lehentasun hurrenkera.
7.3. Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoari eta zenbatekoari dagokienez, irizpide honi jarraituko zaio:
7.3.1. Ekimen pribatuko aisialdiko hezkuntza eskolentzat:
–Tituludun gehien daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 3.400 euro gehienez.
–Tituludunen bigarren kopuru handiena daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 3.000 euro gehienez.
–Tituludunen hirugarren kopuru handiena daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 2.600 euro gehienez.
–Tituludunen laugarren kopuru handiena daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 2.200 euro gehienez.
–Tituludunen bosgarren kopuru handiena daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 1.800 euro gehienez.
Emakidaren zenbatekoak esleitu ondoren, adierazitako irizpideari jarraikiz, kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori zati berdinetan banatuko da aurreko eskolen artean, eta gehieneko zenbatekoak gainditzen ahalko dira lehentasun hurrenkeraren arabera, baina inola ere gainditu gabe aurkeztu den defizit guztiaren zenbatekoa.
Kreditu erabilgarriaren lehen banaketa hori egin ondoren ere kreditua balego, aurkeztutako gastuen zenbateko osoa oraindik jaso ez luketen eskolen artean banatuko litzateke. Bigarren banaketa honetan aurrekoan bezala jokatuko da, hau da, zati berdinetan eta aurkeztutako defizit guztiaren zenbatekoa gainditu gabe.
Berdin jokatuko da kreditua dagoen bitartean edo eskola horietako bakoitzari emandako zenbatekoa aurkeztutako gastuen zenbateko osora iristen den bitartean.
7.3.2. Toki erakundeetako aisialdiko hezkuntza eskolentzat:
–Tituludun gehien daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 1.500 euro gehienez.
–Tituludunen bigarren kopuru handiena daukan eskolak % 100eko dirulaguntza jasoko du, 500 euro gehienez.
Emakidaren zenbatekoak esleitu ondoren, adierazitako irizpideari jarraikiz, kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori zati berdinetan banatuko da aurreko eskolen artean, eta gehieneko zenbatekoak gainditzen ahalko dira lehentasun hurrenkeraren arabera, baina inola ere gainditu gabe aurkeztu den defizit guztiaren zenbatekoa.
Kreditu erabilgarriaren lehen banaketa hori egin ondoren ere kreditua balego, aurkeztutako gastuen zenbateko osoa oraindik jaso ez luketen eskolen artean banatuko litzateke. Bigarren banaketa honetan aurrekoan bezala jokatuko da, hau da, zati berdinetan eta aurkeztutako defizit guztiaren zenbatekoa gainditu gabe.
Berdin jokatuko da kreditua dagoen bitartean edo eskola horietako bakoitzari emandako zenbatekoa aurkeztutako gastuen zenbateko osora iristen den bitartean.
8. Antolamendua eta instrukzioa.
8.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala organo eskuduna da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatzeko eta bideratzeko.
8.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NGIk erakunde eskatzaileei.
Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
Dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko errekerimendua egitean, Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritakoa beteko da, erakunde onuradunak behartuta baitaude harreman elektronikoa izatera administrazioarekin (lege horren 14. artikulua). Horrez gain, ohar bat ere bidaltzen ahalko da posta elektronikora, adierazteko eskuragarri jarri dela jakinarazpen bat egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean (lege horren 41.6 artikulua).
8.3. Jakinarazpen elektroniko oro gaitutako helbide elektronikora (GHE) eta herritar karpetara eginen da.
Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).
9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
9.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza emateko ebazpena, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
9.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten erakunde eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.
10. Justifikatzeko epea eta modua.
10.1. Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa (diruz lagundutako gastuaren % 100):
2024ko irailaren 30a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira.
Gastuak justifikatzeko, dirulaguntza eskatzen duen aisialdiko hezkuntza eskolaren aldeko fakturak aurkeztuko dira. Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen erakundea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.
Fakturak egin behar izatetik salbuetsirik egon arren ziurtagiriak egiten dituzten erakundeek, ziurtagirian berean adierazi beharko dute zer arauren arabera dauden salbuetsirik, modu frogagarrian.
Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.
Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate orriak, autofakturak eta froga baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.
11. Ordainketa.
Justifikazio agiriak aurkeztu ondoren ebatziko da ordainketa, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera. Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ordainketa ebazpena onetsi ondoren, gastuen justifikazioa behar bezala aurkeztu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.
12. Betebeharrak.
12.1. Dirulaguntzen onuradun den erakundeak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, gutxienez bi urtez, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.
12.2. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.
12.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren erakundeek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.
12.4. Era berean, erakunde onuradunek derrigorrez adierazi beharko dute erositako ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak finantzatu dituela. Diruz lagundutako jardueraren publizitatean eta hedapenean Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa erabiltzeko, bete beharko da Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoa, hura aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako idazketari jarraikiz.
13. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten aisialdiko hezkuntza eskolek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ez dute gastuaren % 100 gainditzen ahalko, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.
Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten aisialdiko hezkuntza eskolek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, ordezkariak sinatua, dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino txikiagoa dela adierazteko.
14. Ez-betetzeak.
Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
15. Gardentasunaren arloko berariazko betebeharrak:
15.1. Aisialdiko hezkuntza eskola onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4. artikuluan aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.
Aurreko apartatuko inguruabarrak ez gertatzeagatik, aisialdiko hezkuntza eskola onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak (VI., VII. eta VIII. eranskinak).
Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, I. eranskinaren 12.1. oinarrian ezarritakoak.
15.2. Apartatu honetan aipatzen den informazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendua.
15.3. Erakunde onuradunak informazio arloko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, apartatu honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
15.4. Erakunde onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
16. Errekurtsoak.
NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
17. Aplikatzekoa den legedia.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2406886
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
