102. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez, toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdia onesten baita, jubiloteka programak garatzeko eta adinekoen sareak sustatzeko, 65 urtetik gorako pertsonen eskubideen babesa eta egikaritzea bermatze aldera, bai eta biztanleria horren zaurgarritasun, babesgabetasun eta/edo bakardade egoerak detektatzeko ere. DDBN identifikazioa: 757916.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, desgaitasun fisiko, psikiko eta sentsoriala duten pertsonak tratatzeko, bizkortzeko, integratzeko eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute agintari publikoek.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak emate prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da prozedura arrunta norgehiagoka bidezkoa izanen dela. Salbuespenez, foru legeak aurreikusten du ezen, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko dela. Horixe da deialdi honetan gertatzen den kasua; izan ere, nahi dena da toki erakunde onuradunen kopurua ahalik eta handiena izatea.

Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktibotzat jotzen du bizitza osasungarria izateko itxaropena handitzeko prozesua. Zahartze prozesu horrek osasun, segurtasun eta parte hartze aukerak optimizatzea dakar, pertsonak zahartu ahala bizi kalitatea hobetzeko ikuspegi integral batetik, hartara beren garapen biologiko, psikologiko eta sozialari eusteko aukerak eta ahalbideak izan ditzaten.

Prozesu horri esker, adinekoek beren ongizate fisikoa, soziala eta mentala indartzen ahalko dute beren bizi ziklo osoan, eta gizartean parte hartuko dute beren behar, nahi eta gaitasunen arabera, zainketak direla medio, betiere laguntza behar dutenean babesa, segurtasuna eta zainketa egokiak emanen baitzaizkie.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, herrialdeek zahartzeari aurre egiten ahalko diote baldin eta gobernuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibilak «zahartze aktiboko» politikak eta programak aldarrikatzen badituzte, herritar zaharrenen osasuna, parte hartzea eta segurtasuna hobetzeko.

Nafarroari dagokionez, Zahartzaro aktibo eta osasungarrirako 2017-2022 aldiko Estrategiaren barruan, zahartze aktiboa landu da arlo estrategiko eta jarduketa ildo guztietan, laguntza zerbitzu komunitario, hurbil, malgu eta eskuragarrien eskaintza bat garatzeko. Zerbitzu horiek bidea ematen dute pertsonak nahi duten tokian segurtasunez zahartzeko eta deserrotzea saihesteko. Jubilotekak tarteko baliabide ez-finalistak dira. Haien bitartez adinekoak beren ingurunean atxiki nahi dira, eta horretarako sustatzen da komunitatean txerta daitezen, modu aktiboan parte har dezaten eta baloratzen dituzten gauzak egiten jarrai dezaten, baita gaitasuna galtzen hasten direnean ere. Zaharrei ikusgaitasuna eta protagonismoa emanez aurrea hartzen zaie adinarengatiko bereizkeria edo adinkeriari, abusuari eta tratu txarrei, eta tratu onean oinarritutako jardunbideak sustatzen dira.

Zahartzaro Osasungarrirako 2020-2030 Hamarkadarako Planak dioenez, familia ereduaren aldaketek zainketen krisia ekarri dute, adinekoei eman behar zaien arretaren desoreka eragin baitute. Epe luzeko zainketei buruzko egungo ikuspegiek egituratu gabeko laguntza dute oinarri hein handian, hau da, gehienbat familiek eta bereziki emakumeek emandako laguntza. Zaintzaileek presio handia jasan behar izaten dute, eta batzuetan ez daukate zaintzarako behar den prestakuntzarik, ezta laguntza neurririk ere.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak laguntza eman nahi die ahalmen ekonomiko txikiagoa duten erakundeei, zahartuak eta geografikoki sakabanatuak eta zerbitzu komunitarioetatik urrun dauden herrietako biztanleen beharrei erantzuten dietenei, beren proiektuak finantzatzen lagunduz.

Horregatik guztiagatik, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du politika horiek hobetzeko lan egitea, erantzun egokia emateko, autonomia pertsonala, prebentzioa eta mendekotasuna dutenen arreta sustatuz.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onestea, alde batetik, zahartze aktiboa sustatzen duten jubiloteka programak garatzeko, eta, bestetik, 65 urtetik gorako pertsonen eskubideen babesa eta egikaritzea bermatuko duten adinekoen sareak sortzeko, bai eta 2024an zaurgarritasun, babesgabetasun eta/edo bakardade egoerak detektatzeko ere. Eranskinetan jaso dira.

2. Horretarako gastua baimentzea 2024ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura edo helburu bererako gaitzen diren antzeko partiden kargura:

AURREKONTUKO PARTIDAK

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005 93100 4609 231B02 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako

2024

200.000,00

920005 93100 4609 231B11 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, adinekoei eta mendekotasuna dutenei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko

2024

100.000,00

Partida bakoitzerako baimendutako zenbatekoa programa bakoitza ebazteko erabiliko da. Bi programa horietako baterako dirulaguntzekin agortzen ez bada modalitate horretarako erreserbatutako zenbateko osoa, soberakina beste programarako dagoen zenbatekoari gehituko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, TOKI ERAKUNDEEI 2024AN JUBILOTEKA PROGRAMAK FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO, AHULTASUNA EDO DESGAITASUNA DUTEN ADINEKOEN AUTONOMIAREN SUSTAPENERAKO ETA MENDEKOTASUNAREN PREBENTZIORAKO

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

Deialdi honen xedea da arauak ezartzea toki erakundeei dirulaguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatean 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean jubiloteka programak gara ditzaten adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko.

Bigarrena.–Toki erakundeek bete beharrekoak.

Dirulaguntza hauen onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak izanen dira, 2024. urtean adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko eginen diren jubiloteka programak aurkezten dituztenak.

Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden toki erakundeak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak.

Erakunde bakoitzak jubiloteka programa bakarra aurkezten ahalko du. Programaren bat beste toki erakunde batzuekin batera aurkezten duten erakundeek ez dute bakarka beste programarik aurkezten ahalko.

Hirugarrena.–Jubiloteka programek bete beharreko baldintzak.

a) Jubilotekek gutxienez zortzi hilabetean garatuko dituzte beren programak 2024an.

b) Programako saioen gutxieneko iraupena: egunean hiru ordu, astean hiru egunetan, gutxienez.

c) Jubiloteka programan arlo hauek guztiak landuko dira:

c.1) Jarduera fisikoa eta gaikuntza funtzionala. Programen helburua izanen da autonomia fisikoa sustatzea edo mantentzea, eta horretarako jarduera fisikoak diseinatu eta eginen dira: giltzadurak mugitzea, muskuluak luzatu eta indartzea, koordinazio orokorra, oreka, gorputz jarrera zuzendu eta doitzea. Azken batean, tonu muskularrari eutsi eta giltzaduren mugimendua zabaldu edo mantentzea izanen da xedea, bai eta osasunaren hobekuntza eta erorikoen prebentzioa sustatzea ere.

c.2) Kognitiboa. Programetan goi mailako gaitasun kognitiboak estimulatu eta birgaituko dira, hala nola arrazoimena, adimenaren mantentzea eta buru-zalutasuna, kontzentrazioa, hizkuntza edota oroimenaren entrenamendua. Horrela lortu nahi da narriadura kognitiboa atzeratzea, pertsonek lehendik dituzten gaitasunak garatuz, eguneroko jarduerak egin eta erabakiak hartu ahal ditzaten ahalik eta autonomia handienarekin.

c.3) Emozional-afektiboa eta soziala. Programen helburua adinekoen erresilientzia eta ongizate emozionala eta mentala sustatzea izanen da, behar diren tresnak eskainiz ongizate emozional handiagoa izan dezaten laguntzeko.

Era berean, adineko eta/edo mendeko pertsonen zaintzaile ez-profesionalei aholkularitza, prestakuntza eta informazioa emateko programak diseinatzen ahalko dira. Programa hauek diseinatzean, informazioa eta aholkularitza sustatzea bilatuko da, bai eta taldekako esku hartze psikoedukatiboak ere familia zaintzaileentzat. Tratu onean oinarritutako jardunbideak sustatuko dira.

Jubiloteka programetan kontratatu behar dira, batetik, osasunaren edo gizartearen arloko titulazioa duten unibertsitateko profesionalak, programa diseinatzeko, eta bestetik, programa gauzatuko duten profesionalak, erabiltzaileak zuzenean artatuko dituztenak; azken horiek prestakuntza arautu soziala eta/edo sanitarioa izanen dute gutxienez.

Laugarrena.–Jubiloteka programen hartzaileek bete beharrekoak.

Programa hauen hartzaileak izanen dira mendekotasunik ez baina ahultasun zantzuak badituzten 65 urtetik gorako pertsonak eta desgaitasuna duten 60 urtetik gorako pertsonak.

Salbuespen gisa, eguneko zentrorik ez duten herri txikietan, mendekotasuna duten pertsonentzako proiektuetarako dirulaguntza ematen ahalko da. Programa hauek beste edozein proiektutatik bereiz gauzatu behar dira. Proiektu propioa aurkeztuko da, kasuan kasuko banakako arreta-programan ezarritako arretarekin bat eginda eta koordinatuta. Ez dira diruz lagunduko erabiltzaileen etxeetan gauzatzen diren programak.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

Jubiloteka programak gauzatzeko gastu diruz lagungarriak hauek izanen dira: erakunde onuradunak 2024ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuen %50. Langile horiek zuzenean jardunen dute adinekoekin, eta prestakuntza arautu soziala eta/edo sanitarioa izanen dute gutxienez.

Ez dira gastu diruz lagungarriak izanen modu presentzialean garatzen ez diren jubiloteka proiektuak, zuzeneko arretarako langilerik ez dutenak edota jubilotekaren lokaletan garatzen ez direnak.

Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoaz bestelako kontzepturik.

Jubilotekako zuzeneko arretarako langileen gastuetarako, toki erakunde bakoitzak 20.000,00 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez ere.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztu behar dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskaera webgunean dagoen ereduaren arabera aurkeztu behar da (3. eranskina).

2. Eskatutako dirulaguntzaren xede den proiektu teknikoa, honako hauek zehaztuta: helburu orokorrak eta espezifikoak, erabilitako metodologia, jardueren deskribapena, proiektuaren onuradunen azalpen argia, parte hartuko duten pertsonen kopurua, proiektuaren plangintza eta egutegia, aurrekontua eta abar, bai eta ebaluazio adierazleen deskribapena ere. Proiektua prestatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

3. Diruz lagundu beharreko programa bakoitzeko oinarrizko deskribapen fitxa bat, 4. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, 5. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

5. Dirulaguntzaren xede izanen diren adineko pertsonentzako programetan zuzenean esku hartzen duten profesionalen titulazioaren kopia.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, erakunde interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari haietan sartzeko.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko funtzioak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak du eskumena dirulaguntzak emateari buruzko prozedura ebazteko.

2. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 2024ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako langileen gastuaren %50 izanen da, baldin eta horretarako behar adinako aurrekontu kontsignazioa bada. Langile horiek adinekoei edo mendeko pertsonei zuzeneko arreta emanen diete, eta aurkeztutako proiektua gauzatuko dute. Langile horiek, gutxienez, prestakuntza arautu sozial eta/edo sanitarioa izanen dute.

4. Ezein erakundek jaso dezakeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inoiz 20.000,00 eurotik gorakoa izanen.

5. Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

6. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin, toki erakunde interesdunari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

Bederatzigarrena.–Balorazioa eta prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, egiaztatu eginen da proiektuak arreta arlo guztiak garatu dituela eta artatu beharreko pertsonen ezaugarriak deialdiaren oinarrietan ezarritakoarekin bat datozela.

Deialdi honen 3. eta 4. oinarriekin bat datorren proiektua aurkezten duten erakundeek dirulaguntza jasoko dute. Oinarri horiekin bat ez datorren proiektua aurkezten dutenei ez zaie dirulaguntzarik emanen.

Eman beharreko zenbatekoa ezarriko da erakunde bakoitzak aurkezten duen langileria gastuaren arabera, eta aurrekontu kontsignazioa eta eskaera kopurua ikusita aplikatzen den hainbanaketaren arabera.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta honako hauek jasoko dituzte: zein oinarriren arabera hartzen diren, zein eskatzaileri ematen zaien dirulaguntza, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, erakunde onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki erakundeek deialdi honetako 13. oinarrian eskatzen den publizitate maila beteko dute, egoki iritzitako bitartekoak erabiliz.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, erakunde interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hamargarrena.–Bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

Hala ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gainditzen ahalko erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua, ez bakarrik, ez beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

Ordainketa erakunde onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez. Erakunde onuradunak ezin badu bere kontua esteka horretan erregistratu ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik ez duelako, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du, behar den inprimakia helbide honetatik hartuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Erakundeek gastuen justifikazioa aurkeztu beharko dute, beranduenik kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langile gastuen zerrenda.

Proiektua erakundeko langileekin egiten bada, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nominak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak; langileen zerrenda izenduna (RNT), diruz lagundutako programak garatzen dituzten profesionalak jasotzen dituena; kotizazioen likidazio agiriak (RLC), eta erakundeak agiri horiek ordaindu izanaren ordainagiriak. Justifikatutako aldiei dagozkien PFEZaren hiru hileko ordainketa gutunak ere aurkeztuko dira (715 eredua), zerga horren konturako diru sarrerei dagozkienak.

Gastuen zerrenda hori telematika bidez igorriko dute erakundeek, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez gauzatzen bada, zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidaliko die erakundeei onartutako gastuen zerrenda, gastuen aldaketak barne (halakorik baldin badago), eta onartutako dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izana ziurtatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeari begira.

Gainera, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, erakundeek memoria tekniko bat eta gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola adierazten duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; eta horri guztiari programarekin loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programak gauzatzeari buruzko memoria teknikoa. Gehienez ere hamar folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Memorian, egindako programaren ezaugarri guztiak azaltzeaz gain, programaren erabiltzaileen banakako jarraipena jaso beharko da, eta, gainera, adierazi beharko da nola aplikatu den genero ikuspegia programa gauzatzean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Legearekin bat.

Gainera, toki erakundeak adieraziko du zer publizitate egin duen programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela esanez, Nafarroako Gobernuaren ikur ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzaren erabiltzaileen zerrenda, sexuaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak). Diru sarreren kapituluan, erakundeak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2025eko otsailean, erakunde onuradunak erakundearen memoria tekniko bat aurkeztuko du –aurre­tik aurkeztu ez badu–, jarduera egin izana justifikatzeko dokumentazio gisa, non deialdi honetan diruz lagundutako programak agertuko diren. Memoria horretan azalduko da nola aplikatu den jardueran genero ikuspegia, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Memoria horrek gehienez ere hogeita bost folio (50 orrialde) izanen ditu, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

Hamahirugarrena.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea erakundeak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala.

b) Eranskin honen 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera bidezkoak badira.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak erakunde onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Oro har, diruz lagundutako jarduerari buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsi beharko da deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua partez aldatu zuen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Erakunde onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, erakunde onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik onena egiten duenarekin sinatuko du. Erakunde onuradunak kontsulta-izapide horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

Hamabosgarrena.–Baldintzen aldaketa.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako inguruabarretan gertatzen diren aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Diruz lagundutako erakundeek, salbuespen gisa, diruz lagundutako oinarrizko jarduketen edo programen edukia edota haiek gauzatzeko modua eta epeak aldatzeko eskatzen ahalko dute baldin eta ezusteko inguruabarrek oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldarazten edo zailtzen badute, edo, baliabideak efizientziaz erabilita, diruz lagundutako jarduerari aplikatu gabeko soberakinak lortu badira eta soberakin horiek erabili nahi badira diruz lagundutako proiektuko jarduerak handitzeko.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

Hamaseigarrena.–Itzulketak eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, erakundeak bere borondatez eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze interesik aplikatuko, eta ulertuko da erakundeak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, erakunde onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzeratzen den seigarren egunetik aurrera, %1 gehituko da egun bakoitzeko, epe hori bukatu eta, gehienez, hurrengo 15 egun naturalez.

Hamazazpigarrena.–Arau hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hemezortzigarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

2. ERANSKINA.–LURRALDEKO INSTITUZIO, GIZARTE ERAKUNDE, ORGANIZAZIO ETA SALTOKIEK OSATUTAKO ADINEKOEN SAREEN GARAPENA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, 65 URTETIK GORAKO PERTSONEN ESKUBIDEAK SUSTATU, BABESTU ETA EGIKARITZEKO ETA ZAURGARRITASUN, BABESGABETASUN ETA/EDO BAKARDADE EGOERAK DETEKTATZEKO

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, adinekoen sare bat eratu, ezarri, martxan jarri eta mantentzeko. Sare hori toki erakundearen lurraldeko instituzioek, gizarte erakundeek, organizazioek eta saltokiek osatuko dute. Programa horiek 2024. urte osoan garatu behar dira Nafarroako Foru Komunitatean.

Zehazki, dirulaguntza honen helburua da finantzaketari dagokionez lankidetzan aritzea Nafarroako udalerriekin eta/edo mankomunitateekin, adinekoen sareak sortzeko, eragile guztiak ordezkatuta egon daitezen (oinarrizko gizarte zerbitzuak, osasun zerbitzuak, gizarte erakundeak, saltokiak...). Hauxe da xede nagusia: 65 urtetik gorako pertsonen eskubideak sustatu, babestu eta egikaritzea, bai eta biztanleria sektore horretan egon daitezkeen zaurgarritasun, babesgabetasun eta/edo bakardade egoerak detektatzea ere.

Ildo horretan, adinekoen saretzat hartuko ditugu elkarrekin lan egitea erabakitzen duten baliabide, profesional, administrazio, gizarte erakunde, saltoki eta abar guztiak. Sarearen helburua eragileen arteko topagunea izatea da. Horri esker, arreta integralagoa izanen da, baliabideak gehiago optimizatzen dira, zaurgarritasun, bakardade eta/edo babesgabetasun egoeren detekzioa lantzeko modu berriak lortzen dira, baita prebentzioa eta adinekoen sustapen orokorra ere, eta, gainera, bideratzeak eta kasuak batera lantzen dira. Sareko lanari esker, arreta gertuagokoa da; izan ere, pertsona gehiagorengana iristen da, eta premia gehiagori heltzen zaio batera.

Adinekoen sareak, neurri batean edo osorik, honako helburu espezifiko hauek bete beharko ditu:

–Adinekoen eskubideak sustatzeko eta defendatzeko gizarte kontzientzia bultzatuko duten ekintzak sustatzea. Horretarako, toki mailan hedapen eta sentsibilizazio jarduerak, proiektuak, programak eta kanpainak garatzea.

–Behar diren mekanismoak jartzea abian, adinekoek izan ditzaketen zaurgarritasun, hauskortasun, babesgabetasun eta/edo bakardade egoera ahalik eta gehien detektatzeko eta horietan esku hartzeko.

–Toki mailan urteko lan plan bat garatzea eta ezartzea, adinekoen eskarietan eta beharretan oinarrituta.

–Adinekoen kasuetan arreta ematen duten erakundeen artean sareko lana egin ahal izatea, eta lan metodologia gisa, informazioa eta lan metodoak partekatu eta datuak kontrastatzea, baliabideen arteko laguntza eskainiz, koordinazioak arinduz eta kasuei modu integralean heltzeko hainbat ikuspegi emanez, batez ere gizarte zerbitzuen eta osasun zerbitzuen artean. Hori guztia sarean lan egitea erakundeen arteko koordinazio soila baino gehiago dela ulertuta; izan ere, elkarrekin lan egiteko, jomugak eta programak partekatu, baterako jarduerak diseinatu eta baliabideak eta emaitzak partekatu bhar dira.

–Adinekoen sarean beharrezkoak diren bilerak egitea, proposatutako helburuak lortu ahal izateko.

–Adinekoen berezko premiak asetzera bideratutako zerbitzuak, baliabideak eta jarduerak sortzea eta abian jartzea sustatzea, haien bizi kalitatea hobetze aldera.

–Elkarte sarearen garapena sustatzea.

–Toki erakundeen partaidetza egituretako kide diren adinekoen topaketak egitea.

Bigarrena.–Toki erakundeek bete beharrekoak.

Dirulaguntza hauen onuradun izan ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, baldin eta adinekoen sare bat sortzeko edo sendotzeko proiektuak aurkezten badituzte, adinekoen eskubideak sustatu, babestu eta egikaritzeko eta zaurgarritasun, babesgabetasun eta/edo bakardade egoerak detektatzeko.

Ez dira onuradun izaten ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden toki erakundeak.

Erakunde bakoitzak programa bakarra aurkezten ahalko du. Programaren bat beste toki erakunde batzuekin batera aurkezten duten erakundeek ez dute bakarka beste programarik aurkezten ahalko.

Horretarako, erakundeek maila teknikoko profesional bat kontratatuko dute, lanaldi erdikoa, gizartearen adarreko prestakuntzarekin (gizarte lana/gizarte hezkuntza), helburu hauekin:

–Herriko gizarte ehunarekin eta beste eragile komunitario batzuekin harreman loturak sortzea, horien arteko komunikaziorako eta lankidetzarako mekanismoak ezarriz, bai eta errealitate komunitarioari buruzko informazioa biltzeko eta sistematizatzeko ere.

–Gizarte ehunaren eta udal administrazioaren arteko topaketak dinamizatzea, lan saioen errelatoretza eginez, eta horien analisia, ikuspegi kritikoa eta balorazioa eginez, horiek hobetzeko helburuarekin.

–Eragile komunitarioen eta sareen arteko elkarlana ahalbidetzea, lankidetza proiektuak garatzeko informazio erabilgarria eta interesgarria emanez.

–Udalerriko erakunde, instituzio edo kolektiboen partaidetza maila identifikatzea, administrazioarekin komunikazioa eta elkarlana errazteko.

Hirugarrena.–Programetan bete beharrekoak.

Oinarri hauetako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Proiektuaren deskribapena jasoko du: Identifikazioa eta oinarria, xedea, biztanleria onuradunaren deskribapena eta esku hartzeak eginen zaizkien zaurgarritasun egoerak, garatuko diren ekintzak eta jarduerak, kokapen geografikoa, metodologia, exekuzio egutegia, erabilitako baliabideak (materialak, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak), ebaluazio tresnak eta mekanismoak, komunikazio eta hedapen ekintzak eta sarearen funtzionamendu protokoloen diseinua.

–Proiektua hizkera inklusiboan idazteaz gain, proiektuan genero irizpidea txertatzeko eta askotariko pertsonek parte hartzeko aurreikusitako neurriak zerrendatu beharko dira.

–Programatutako jardueren eta sarearen beraren bileren egutegia ezarriko da, bai eta, sarearen barruan, azpitaldeena ere, egoki jotzen bada.

–Erakundeari balorazioa eta amaierako memoria teknikoa egiten lagunduko dioten adierazle kualitatiboak eta kuantitatiboak jasotzeko balioko duten alderdiak deskribatuko dira proiektuan. Sareak duen ibilbide mailaren araberakoak izanen dira. Antzinatasuna alde batera utzita eta proposatutako helburuen arabera, honako hauek izanen dira:

–Lurraldean sustatzen den edo existitzen den sarean parte hartzen ahal duten instituzioak, erakundeak eta saltokiak.

–Sarearen barruko azpitaldeak (horiek izatea beharrezkoa bada).

–Sareak eta sarea osatuko duten azpitaldeek aurreikusitako bilerak.

–Eginen diren prestakuntza ekintzak.

–Egin nahi diren dibulgazio saioak/tailerrak.

–Gogobetetze inkestak, sarearen funtzionamendua baloratzeko, bai sareko kideenak, bai artatuko diren biztanleenak.

Laugarrena.–Bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

Hala ere, diru zenbatekoak ez du inola ere gainditzen ahalko erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua, ez bakarrik, ez beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

Adinekoen sare bat sortu, sendotu eta/edo mantentzeko proiekturako gastu diruz lagungarriak hauek izanen dira gehienez ere: 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko aldian kontratatutako lanaldi erdiko langile baten gastuen %50. Langile horrek sarea ardaztu, gidatu, dinamizatu eta koordinatuko du; maila teknikoa eta gizartearen adarrean prestakuntza izanen du (gizarte lana edo gizarte hezkuntza).

Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoez bestelako kontzepturik.

Programa hauetako langileen gastuetarako, toki erakunde bakoitzak 8.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez ere.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Telematika bidez aurkeztu behar dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskaera webgunean dagoen ereduaren arabera aurkeztu behar da (3. eranskina).

2. Dirulaguntzaren xede den proiektu teknikoa, eranskin honetako hirugarren oinarrian jaso den bezala.

3. Diruz lagundu beharreko programa bakoitzeko oinarrizko deskribapen fitxa bat, 4. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, 5. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

5. Erakunde eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua, 6. eranskineko ereduaren araberakoa.

6. Sarea gidatuko duen profesionalaren titulazioaren kopia.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, erakunde interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari haietan sartzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak antzematen badira, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun naturaleko epean osatu edo zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduan.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko funtzioak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak du eskumena dirulaguntzak emateari buruzko prozedura ebazteko.

2. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 2024ko urtarriletik urrira bitartean kontratatutako lanaldi erdiko langileen gastuaren %50 izanen da, baldin eta horretarako behar adinako aurrekontu kontsignazioa bada. Langile horiek adinekoen sarearen sorrera eta sendotzea bultzatu, sustatu, gidatu eta koordinatzeaz arduratuko dira, eta profil soziala izanen dute.

4. Ezein erakundek jaso dezakeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inoiz 8.000,00 eurotik gorakoa izanen.

5. Aurreikusita dagoen gehieneko dirulaguntzaren eta eskatzen den dirulaguntzaren arabera esleituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

6. Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

7. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin, toki erakunde interesdunari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

Bederatzigarrena.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, behin betiko balorazioa eginen da. Proiekturako eta toki erakundeetarako ezarritako baldintzak betetzeagatik balorazio positiboa izan duten proiektuetan, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko da, erakunde bakoitzak aurkezten duen langileria gastuaren, oinarrietan ezarritako gehieneko zenbatekoaren eta aurrekontu kontsignazioa eta eskaera kopurua ikusita aplikatzen den hainbanaketaren arabera.

Eskatutako baldintzak ez betetzeagatik balorazio negatiboa jaso duten eskabideetan ez da dirulaguntzarik emanen.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie, adierazita ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ezesteko arrazoiak. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, erakunde onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki erakundeek, bestalde, deialdi honen 12. oinarrian publizitateari buruz eskatzen dena bete dela jakinaraziko dute egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, erakunde interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hamargarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez. Onuradunak ezin badu bere kontua esteka horretan erregistratu ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik ez duelako, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du, behar den inprimakia helbide honetatik hartuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 11. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Erakundeek gastuen justifikazioa aurkeztu beharko dute, beranduenik kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langile gastuen zerrenda.

Proiektua erakundeko langileekin egiten bada, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nominak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak; langileen zerrenda izenduna (RNT), diruz lagundutako programak garatzen dituzten profesionalak jasotzen dituena; kotizazioen likidazio agiriak (RLC), eta erakundeak agiri horiek ordaindu izanaren ordainagiriak. Justifikatutako aldiei dagozkien PFEZaren hiru hileko ordainketa gutunak ere aurkeztuko dira (715 eredua), zerga horren konturako diru sarrerei dagozkienak.

Gastuen zerrenda hori telematika bidez igorriko dute erakundeek, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez gauzatzen bada, zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidaliko die erakundeei onartutako gastuen zerrenda, gastuen aldaketak barne (halakorik baldin badago), eta onartutako dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izana ziurtatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeari begira.

Gainera, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, erakundeek memoria tekniko bat eta gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola adierazten duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; eta horri guztiari programarekin loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programak gauzatzeari buruzko memoria teknikoa. Gehienez ere hamar folio izanen ditu, zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik. Bertan, egindako programaren ezaugarri guztien berri eman beharko da. Memoriak gutxienez emaitza hauen berri eman beharko du:

–Azkenean sarean sartu diren instituzio, erakunde eta saltokien kopurua, balio absolutua eta ehunekoa adierazita.

–Sarearen barruan sortu diren azpitaldeen kopurua.

–Sareak izandako bileren kopurua.

–Egindako prestakuntza ekintzen kopurua.

–Prestakuntza ekintzetan parte hartu duten pertsonen kopurua, balio absolutua eta gauzatze-ehunekoa adierazita, aurreikusitakoaren aldean.

–Sarea zabaltzeko zenbat saio/tailer egin diren.

–Sarearen ezagutza maila komunitatean.

–Sarearen funtzionamenduaren inguruko gogobetetze maila, bai sareko kideena, bai biztanleena.

–Sareak zaurgarritasun, bakardade eta/edo babesgabetasun egoerei buruz jaso dituen jakinarazpenen kopurua.

–Esku hartze soziala eta/edo sanitarioa behar izan duten kasuen kopurua.

–Sarean landu diren banakako kasuen kopurua.

Gainera, toki erakundeak adieraziko du zer publizitate egin duen programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela esanez, Nafarroako Gobernuaren ikur ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzaren erabiltzaileen/erakundeen zerrenda, generoaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru sarrerak eta gastuak).

Diru sarreren kapituluan, erakundeak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2025eko otsailean, erakunde onuradunak erakundearen memoria tekniko bat aurkeztuko du jarduera egin izana justifikatzeko dokumentazio gisa, non deialdi honetan diruz lagundutako programak agertuko diren. Memoria horretan azalduko da nola aplikatu den jardueran genero ikuspegia, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Memoria horrek gehienez ere hogeita bost folio (50 orrialde) izanen ditu, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroartea bakuna izanen da. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ez dute orrialde osoa hartzen ahalko. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

Hamabigarrena.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea erakundeak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala, edozein jarduketa arlotan.

b) Eranskin honen 11. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera bidezkoak badira.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak erakunde onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Oro har, diruz lagundutako jarduerari buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsi beharko da deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua partez aldatu zuen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

Hamahirugarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea haiek gauzatu dezatela, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, erakunde onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik onena egiten duenarekin sinatuko du. Erakunde onuradunak kontsulta-izapide horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

Hamalaugarrena.–Baldintzen aldaketa.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako inguruabarretan gertatzen diren aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Diruz lagundutako erakundeek, salbuespen gisa, diruz lagundutako oinarrizko jarduketen edo programen edukia edota haiek gauzatzeko modua eta epeak aldatzeko eskatzen ahalko dute baldin eta ezusteko inguruabarrek oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldarazten edo zailtzen badute, edo, baliabideak efizientziaz erabilita, diruz lagundutako jarduerari aplikatu gabeko soberakinak lortu badira eta soberakin horiek erabili nahi badira diruz lagundutako proiektuko jarduerak handitzeko.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

Hamabosgarrena.–Itzulketak eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduerak gauzatzen ez badira, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, erakundeak bere borondatez eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze interesik aplikatuko, eta ulertuko da erakundeak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, erakunde onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera mailakatuko dira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzeratzen den seigarren egunetik aurrera, %1 gehituko da egun bakoitzeko, epe hori bukatu eta, gehienez, hurrengo 15 egun naturalez.

Hamaseigarrena.–Arau hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hemezortzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Iragarkiaren kodea: F2406096