1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
46/2024 FORU DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretua, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
Esleituta dituen eginkizunak zorroztasun eta eraginkortasun handienarekin garatzeko eta barne-antolaketa ezin hobea izateko, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du aldaketa egitea Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuaren egituran, Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala hari atxikitzeko. Lehen, Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoaren egiturari atxikita zegoen, zuzendaritza nagusiaren mende.
Atalaren atxikipen berriak aldaketa dakar Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuan. Hortaz, 35. artikulua aldatu behar da eta 37 bis artikulua gehitu, Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala arautzeko.
Bestalde, foru dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aipatzen diren erregulazio onaren printzipioekin. Zehazki, premia- eta eraginkortasun-printzipioak betetzen ditu, tresna beharrezkoa eta egokia baita interes orokorrari laguntzeko eta Gobernuak Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren eskumeneko gaietan dituen politika publikoak benetan gauzatzeko. Proportzionaltasun printzipiora ere egokitzen da, ez baitago beste aukerarik departamentu horren egitura organikoa aldatzeko. Segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioei dagokienez, araua bat dator printzipio horiekin, koherentea baita gainerako ordenamendu juridikoarekin, eta hortik ez da karga administratibo berririk eratortzen. Era berean, arauan argi eta garbi identifikatzen dira lortu nahi diren helburuak.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 30ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretua aldatzea.
Bat. 35. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:
"35. artikulua. Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuaren egitura.
Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuak atal hauek ditu:
a) Plangintza Estrategikoaren Atala.
b) Erabakiak Hartzen Laguntzeko Atala.
c) Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala".
Bi. 37 bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita agertuko da:
"37 bis artikulua. Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.
Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Berrikuntza publikoko proiektuak sustatzea.
b) Administrazio publikoaren zerbitzuen kalitatea hobetzeko xedea duten berrikuntza publikoko proiektuak garatzea.
c) Berrikuntza publikoa eta lankidetza eremuak bultzatzen dituzten plataforma irekiak sustatzea.
d) Nafarroan ere egin daitezkeen berrikuntza publikoko jardunbideen eta esperientzien zabalkundea.
e) Sistematizazioko, ikuskapeneko eta parte hartzeko foro profesionalak indartzea, zabaltzea eta lotzea.
f) Topaketak, biltzarrak, jardunaldiak eta bestelako ekitaldi profesional eta/edo zientifikoak antolatzea eta haiek egiteko laguntza ematea.
g) Berrikuntza publikoaren arloko Europar Batasuneko proiektuak sustatzea.
h) Praktika berritzaileak sustatzea eta trukatzea Europako programen esparruan".
Lehen xedapen gehigarria.–Izendapena berrestea.
Berretsi egin da, egin zen baldintza berberetan, Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Ataleko buruaren izendapena.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko apirilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2406980