102. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

45/2024 FORU DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita urriaren 11ko 217/2023 Foru Dekretua, Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituena.

Esleituta dituen eginkizunak zorroztasun eta eraginkortasun handienarekin gauzatzeko eta barne-antolaketa ezin hobea izateko, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du aldaketa bat egitea Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuaren egituran, Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala atxikitzearen bidez. Atal hori Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoaren egiturari atxikita dago, zuzendaritza nagusiaren mende.

Era berean, zuzendaritza nagusi horrek proposatu du Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoan atal berri bat sortzea, lehendik zeuden bi bulego ezabatu ondoren, eta eskumenak eta dauden atalen izenak berrantolatzea.

Berrantolaketa horrek urriaren 11ko 217/2023 Foru Dekretua aldatzea eskatzen du, Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onetsi dituena, estatutuen 17.1, 18. eta 19. artikuluei dagokienez.

Foru dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aipatzen diren erregulazio onaren printzipioekin. Zehazki, premia- eta eraginkortasun-printzipioak betetzen ditu, tresna beharrezkoa eta egokia baita interes orokorrari laguntzeko eta Gobernuak Analisi eta Prospekzio Bulegoaren eskumeneko gaietan dituen politika publikoak benetan gauzatzeko. Proportzionaltasun printzipiora ere egokitzen da, ez baitago beste aukerarik erakunde autonomo horren egitura organikoa aldatzeko. Segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioei dagokienez, araua bat dator printzipio horiekin, koherentea baita gainerako ordenamendu juridikoarekin, eta hortik ez da karga administratibo berririk eratortzen. Era berean, arauan argi eta garbi identifikatzen dira lortu nahi diren helburuak.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 30ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Urriaren 11ko 217/2023 Foru Dekretua aldatzea, zeinaren bidez Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onetsi baitziren.

Bat. Estatutuen 17. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"17. artikulua. Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuaren egitura.

1. Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Analitika Aurreratuaren eta Prospekzioaren Atala.

b) Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atala".

Bi. Estatutuen 18. artikuluaren testua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"18. artikulua. Analitika Aurreratuaren eta Prospekzioaren Atalaren esparru materiala eta funtzionala:

Analitika Aurreratuaren eta Prospekzioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako gizartearen egungo egoera, gizarte-eraldaketako prozesuak eta aldaketa-joerak aztertzea, Nastat-ekin eta departamentuekin lankidetzan, behar diren irizpideak edo ikuspegiak txertatuz ezagutza hobea izateko, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, sexu orientazioaren arloan, genero-adierazpenaren edo sexu-identitatearen arloan eta irisgarritasunaren eta desgaitasunaren arloan.

b) Analisi prospektiboa, identifikatzeko zer erronka eta aukerari egin beharko dien aurre Nafarroak epe ertain eta luzean (demografikoak, ekonomikoak, geopolitikoak, ingurumenekoak, sozialak, hezkuntzakoak, etab.) eta haietarako prestatzen laguntzeko.

c) Erabaki estrategikoak hartzeko aholkularitza, dakartzaten ondorioak kontuan hartuta.

d) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, bai eta agintzen zaizkionak ere".

Hiru. Estatutuen 19. artikuluaren testua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"19. artikulua. Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atalaren esparru materiala eta funtzionala.

Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuaren estrategia operatiboa diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta haren jarraipena egiten laguntzea.

b) Politika publikoen plangintza operatiboa egiten laguntzea.

c) Aholkularitza ematea Nafarroako Gobernuko departamentuei politika publikoen diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan.

d) Nafarroako Gobernuaren berrikuntza publikoko prozesuen plangintzan, jarraipenean eta ebaluazioan lagun egitea eta orientatzea.

e) Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuaren urteko lan-planean esleitzen zaizkion ebaluazioak egitea eta gainbegiratzea.

f) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, bai eta agintzen zaizkionak ere."

Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Berretsi egiten da, egin zen baldintza berberetan, Analitika Aurreratuaren, Prospekzioaren, Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Ataleko buruaren izendapena, baina aurrerantzean Analitika Aurreratuaren eta Prospekzioaren Ataleko burutza beteko du.

Bigarren xedapen gehigarria.–Atalak kentzea.

Honako atal hauek kentzen dira Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoaren egituratik:

–Analitika Aurreratuaren, Prospekzioaren, Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atala.

–Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari atxiki baitzaio, Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atal gisa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko apirilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2406979