101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Udal ordenantza fiskala, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Udal ordenantza fiskala, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2024ko otsailaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena.

Iragarkia 2024ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 5ean, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Urraulbeitin, 2024ko apirilaren 22an.–Alkatea, María José Beaumont Aristu.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ezaugarriak eta zerga-egitatea

2. artikulua.

1. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga da zuzeneko tributu bat, karga ezartzen diena horrelako ibilgailuen titularrei, ibilgailuok bide publikoetan ibiltzeko gai badira, edozein izanik ere mota eta kategoria.

2. Zirkulatzeko gai den ibilgailutzat hartzen da egoki den erregistro publikoetan matrikulatutakoa, horietan baja ematen ez zaion bitartean. Zerga honen ondorioetarako, zirkulatzeko gai diren ibilgailutzat hartuko dira, orobat, aldi baterako baimenak eta matrikula turistikoa dituztenak.

3. Ibilgailuek ez dute zerga hau izanen, baldin erregistroetan baja eman bazaie modeloa zaharregia izateagatik, nahiz eta baimena izan salbuespenez zirkulatzeko, erakustaldietarako, lehiaketetarako edo horrelako ibilgailuetara mugatutako lasterketetarako.

Salbuespenak

3. artikulua.

1. Honako hauek daude zerga honetatik salbuetsiak:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren eta toki-erakundeen ibilgailu ofizialak.

b) Bulego kontsularren eta Espainian akreditazioa duten karrerako funtzionario kontsularren ibilgailuak, baldin horiek beren herrialdeetako herritarrak badira, eta, orobat, baldin kanpotik identifikaturik badaude eta elkarrekikotasunik bada hedaduran eta graduan.

Era berean, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak, bai eta haietako funtzionarioen edo estatutu diplomatikoa duten kideenak ere.

c) Anbulantziak eta osasun laguntza emateko zuzenean erabiltzen diren gainerako ibilgailuak, Espainiako Gurutze Gorriarenak eta DYA Elkartearenak direnak.

d) Desgaitasuna duten pertsonak eramateko ibilgailuak, irabazi-asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutakoak.

e) Bereziki egokitutako ibilgailuen titularrak. Salbuetsirik egonen dira, halaber, %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenen izenean matrikulatutako ibilgailuak baldin, desgaitasunaz gain, ezaugarri hauetakoren bat badute:

1.–Mugikortasun murriztua izatea, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin (Desgaitasun gradua aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko Errege Dekretua).

2.–Funtzio mentalen urritasuna izatea, gutxienez ere jardueraren %25eko muga aitortzea dakarrena.

3.–Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

4.– Adingabea izatea.

Salbuespenak ibilgailu bat hartuko du pertsona bakoitzeko.

f) Garraio publikoari atxikitako hiri barneko autobusak, baldin kontzesio administratiboaren araubidea badute eta araubide hori onartu badie zerga ezartzen duen udalak berak edo, zerbitzu hori zenbaiten artean ematen denean, araubide hori onartu badie udala kide den toki-erakunde batek.

g) Nekazaritzako inskripzio txartela duten traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makinak.

2. Baliatu ahal izateko artikulu honen 1. apartatuko e) eta g) letretan aipatzen diren salbuespenak, interesdunek eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onura izateko arrazoia. Toki-erakundeak salbuespena deklaratu ondoren, hala dela frogatzen duen agiri bat eginen da.

3. e) apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, interesdunek aurkeztu beharko dituzte, eskabidearekin batera (hartan adieraziko da zerga-salbuespenerako ibilgailuaren matrikula), honako agiri hauek:

–Nortasun agiriaren fotokopia: NANa edo AIZa.

–Desgaitasun mailaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emana.

–Mediku fakultatibo espezialista baten ziurtagiri medikoa, alegatutako beste edozein zirkunstantzia egiaztatzen duena.

Subjektu pasiboak

4. artikulua.

Zergaren subjektu pasiboak honako hauek dira: pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak eta bestelako erakundeak, baldin eta, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia badira eta zirkulazio baimenean haien izenean agertzen bada ibilgailua.

Kuota

5. artikulua.

1. Zerga eskatuko da urte bakoitzean indarrean den tarifa-koadroaren arabera.

2. Udalak honako hobari hauek ezartzen ditu zergaren kuotan:

a) %25eko hobaria ECO ibilgailuendako.

b) %50eko hobaria 0 isurpeneko ibilgailuendako.

3. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.

4. Hobaria jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute hobaria eskatzeko, Trafiko Burutzan alta ematen dutenetik, urte horretan bertan ondorioak izateko.

5. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean egotea zergaren ordainketan; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.

Zergaldia eta sortzapena

6. artikulua.

1. Zergaldia, oro har, bat etorriko da urte naturalarekin. Ibilgailuak lehen aldiz erosten direnean, erosketarekin batera hasiko da aldi hori.

2. Zergaldiaren lehen egunean sortuko da zerga.

3. Hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko da zerga-kuota, lehen erosketaren kasuan edo ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean.

4. Transferentzia egiten bada, edo helbide aldaketarik bada eta horrek eraginik badu tributazioan, kuota ezin izanen da murriztu, eta zerga ordaintzera behartuta dagoena izanen da urtarrilaren 1ean ibilgailuaren zirkulazio-baimenean agertzen den titularra, eta, lehen erosketaren kasuetan, erosketa egiten den egunean zirkulazio-baimenean agertzen den titularra.

Kudeaketa

7. artikulua.

Urraulbeitiko Udalari dagozkio kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta diru-bilketa, bai eta tributu-kudeaketan izandako egintzak berrikustea ere, baldin ibilgailuaren zirkulazio-baimenean ageri den helbidea Urraulbeitiko udal-mugartean badago.

8. artikulua.

1. Autolikidazio araubidean kudeatuko da zerga hau ibilgailuek tributuan alta ematen dutenean matrikulatzearen eta birgaitzearen ondorioz, ibilgailuak baja ematen duenean –aldi baterakoa nahiz behin betikoa– Probintziako Trafiko Burutzaren Erregistroan, edo zergaren ordainketa frogatu behar denean, baldin Udalak ez badu oraindik likidatu.

2. Zerga ordainduko da autolikidazioa aurkezten denean edo zenbatekoa sartuz Udalak baimendutako finantza-erakundeetan.

3. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga ordaindu izanaren frogagiria, edo hura ordaintzetik salbuetsia egotearena, Probintziako Trafiko Burutzan aurkeztu beharko dute ibilgailua matrikulatu, birgaitu edo transferitu nahi dutenek.

4. Autolikidazioa behin-behinekoa izanen da, harik eta udal administrazioak egiaztatzen duen arte behar bezala egin dela, zergaren araudiak egoki aplikatuta.

9. artikulua.

1. Ibilgailua jada matrikulaturik badago edo zirkulaziorako gai deklaraturik aurreko ekitaldietan, ordainagiria emanez kobratuko dira kuotak, oinarri harturik urteroko errolda edo matrikula bat, non agertuko baitira zergari lotutako ibilgailu guztiak; horiek, hain zuzen, bat etorriko dira Urraulbeitiko udal-mugartean egoitza duten pertsonen edo erakundeen izenean inskribatutako ibilgailuekin, behar den erregistro publikoan inskribatuta betiere.

2. Ordainagiriak ordainduko dira Udalak baimendutako finantza-erakundeetan.

10. artikulua.

1. Ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean, edo behin-behineko likidazioan gehiegi ordaindu denean, subjektu pasiboaren aldeko kuota proportzionalak itzuliko zaizkie subjektu pasiboei, ibilgailuaren behin betiko bajaren eta matrikulazioaren frogagiriak aurkezten dituztenean.

2. Orobat, behar den erregistro publikoan ibilgailuari aldi baterako baja ematen bazaio, ebasketagatik, galtzeagatik edo borondatezko bajagatik, halakoetan ere kuota hainbanatu eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2406447