101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2024ko otsailaren 15ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Iragarkia 2024ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 5ean, baita Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jo da eta ondotik ematen da argitara.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta bete dadin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Otsagabian, 2024ko apirilaren 22an.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

29. artikulua. Adjudikatzeko aldia 21. artikuluan ezarritako berbera da.

Adjudikaziodunek bi aukeretako bat hautatu beharko dute adjudikaziorako:

a) Urte natural guztirako adjudikazioa.

b) Urtean 9 hilabeteko adjudikazioa izatea. Bigarren modalitatea hautatzen dutenek aukera izanen dute adjudikazioa urte natural guztira luzatzeko, horretarako abisua emanez aurretik Udalari, idatziz, urte bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen. Halakoetan, behar den kuota-diferentzia pagatu beharko dute.

Berariaz aukerarik egiten ez bada bi adjudikazio-modalitateen artean, pentsatuko da 9 hilabeterako adjudikazioa aukeratu dela.

Bederatzi hilabeterako adjudikatzen diren lurrak enkante bidez adjudikatuko dira, bazkatzeko, gainerako denborarako, urte naturala egin arte.

"III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduei dagokienez, Udi eta Berrota parajeen arteko eremua ezartzen da horretarako; hain zuzen ere, ordenantza honen 17. artikuluan zehaztu diren Landa-lurreko Ondasunen Katastroko poligono eta lurzatietan.

Halaber, herri-larreetarako adjudika daitezke 9 hilabeterako bakarrik adjudikatu diren laborantzako lurzatiak.

44. artikulua. Otsagabiko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua eginen da honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan:

1.–Ohitura tradizionalaren arabera, barne hartzen dira honako lurzati hauek:

1.1. Udi parajeko 4. eta 5. lurzatiak, itxiak eta ur-hornidurarekin:

Lurzati horiek adjudikatzeko hasierako prezioa Otsagabiko Udalak ezarriko du, eta 2024an honako hau izanen da:

–4. lurzatia: 500,00 euro.

–5. lurzatia: 650,00 euro.

Adjudikazioa eginen da ordenantzaren 55. eta 56. artikuluetan ezarritako ordenaren arabera.

1.2. Udiko gainerako lurzatiak eta Berrotako lurzati bat:

Udiko eta Berrotako lurzatiak adjudikatzeko, laborantzarako urtebeteko emakida-aldiarekin, ordenantzaren 55. eta 56. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Udiko eta Berrotako lurzatiek 9 hilabeteko emakida-aldia izanen dute laborantzarako, eta 40 euroko kostua izanen dute urte naturala osatu arte.

Apartatu honetan sartutako lurzati guztiak adjudikatzeko prezioa urtero berrikusi ahal izanen du Udalak.

2.–Enkante publikoaren bidez adjudikatzea.

45. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren antzinako ohituraren araberako adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundeen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

47. artikulua. Hona hemen adjudikazio epea:

Udiko 4. eta 5. lurzatiak, itxiak eta ur-hornidurarekin: 8 urterako emakida.

–Udiko gainerako lurzatien kasuan, eta Berrotako lurzatiaren kasuan, emakida urtebetekoa (1) izanen da, salbu 9 hilabeterako adjudikatzen diren labore-lurrak; horiek bazkatzeko adjudikatuko dira, gainerako denborarako, urte naturala egin arte.

48. artikulua. Otsagabiko Udalak zehazten ahalko du herri-lur bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua.

49. artikulua. Kontuan hartuz zenbat abelburu har daitezkeen, zein den larreen kalitatea, eta lurzatietan baden edo ez den eskortarik, itxiturarik eta urik, Otsagabiko Udalak hasierako prezio bat ezarriko du larreen aprobetxamendua adjudikatzeko.

50. artikulua. Urtero ezarriko da adjudikatzeko hasierako prezioa, Otsagabiko Udalaren erabaki baten bidez, eta betiere kontuan harturik urtero zenbat lurzati erabil daitezkeen bazkatzeko.

51. artikulua. Urteko, kanonaren zenbatekoa ordainketa bakarrean egin beharko da, urte bakoitzeko abenduaren 1a baino lehen.

52. artikulua. Onuradunak adjudikazio prezioaren %4 jarri beharko du, fidantza gisa, adjudikazio egunetik hasita 15 eguneko epean.

53. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatu dadin betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak (foru lege horrek tratatzen du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesa), eta bete beharko ditu foru lege horretako eta bere erregelamenduetako baldintza guztiak, baita indarrean dauden eta aplikatzekoak diren lege guztiak ere.

54. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak saihesteko, Otsagabiko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

Irailaren 1etik abenduaren 1era bitarte eginen da Udi eta Berrota parajeetako larreen aprobetxamendua, eta laboreak errespetatu beharko dira baldin eta oraindik ez bada uzta bildu.

55. artikulua. Prozedura. Otsagabiko Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 eguneko epea hasiko da, larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki-erakundearen iragarki-taulan.

56. artikulua. Antzinako ohiturari jarraikiz, adjudikazioa enkante bidez eginen da familia-unitateen titularren artean, betiere betetzen badituzte ordenantza honen 45. artikuluan ezarritako baldintzak, eta kontuan hartuta honako alderdi hauek:

a) Ordenantza honen 27. artikuluan ezarritako epean, eskabidearekin batera, eskatzaileek agiri batzuk aurkeztu beharko dituzte, erakusteko betetzen dituztela ordenantzaren 45. eta 27. artikuluetan ezarritako baldintzak, proposamen ekonomikoarekin batera, gutun-azal itxi batean. Proposamen hori enkantearen hasierako prezioaren adinakoa izanen da, gutxienez.

b) Proposamen ekonomiko onuragarriena aurkeztu duen eskatzaileari adjudikatuko zaio, behin-behinekoz.

57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 3 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

58. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatzen ahalko dira zortzi urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

Larreen aprobetxamendua enkante publikoaren bidez adjudikatu ahal izanen da, herri-aprobetxamendurako eskubidea duen bizilagunik ez dagoenean.

V. KAPITULUA.–LURZATIAK APROBETXATZEA EGURRA BILTEGIRATZEKO

67. artikulua. Otsagabiko Udalak etxerako egurra biltegiratzeko lurzati bat emanen die familia-unitateei, baldin ordenantza honen 16. artikuluan ezarririko baldintzak betetzen badituzte.

68. artikulua. Egurra biltegiratzeko lurzatiak zuzenean gozatu beharko dira, eta ezinen zaizkie hirugarrenei laga edo alokatu. Adjudikaziodunen artean lurzatiak trukatu nahi badira, Udalari jakinarazi behar zaio, parte hartzaileek idatzitako eta sinatutako ohar baten bidez.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

69. artikulua. Lurzati horien aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona izanen da emandako espazioarekiko proportzionala, metro koadro bakoitzeko 0,15 eurotik aurrera.

70. artikulua. Bi urtez jarraian biltegiratzeko espazioa erabiltzen ez duten onuradunek lurzatiaren emakida galduko dute, eta beste eskaera baterako libre egonen da.

71. artikulua. Eskubidea dutela uste duten pertsonek udalean aurkez dezakete eskabidea. Lurzati librerik badago, unean bertan emanen da, eta libre ez badago, lurzatiak libratzen direnerako itxaron-zerrenda batera igaroko da. Lurzatien banaketan, eskaera-ordenaren irizpideari jarraituko zaio.

72. artikulua. Adjudikaziodunen erantzukizuna da ingurumena eta ikusmena kutsa dezaketen materialak garbitzea eta kentzea (plastikoak, sokak, uralitazko xaflak eta abar kentzea).

73. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraikiz 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei, eta, betiere, jarraikiz martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari (foru lege horrek hizpide du basa fauna eta haren habitatak babestea eta kudeatzea) eta arlo honetan aplikatzekoa den gainerako legeei.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

74. artikulua. 1. Otsagabiko Udalak indarrik gabe utzi ahal izanen ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Otsagabiko Udalaren erabakia, edo toki-erakundeko gobernu eta administrazio organo gorenarena, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta Otsagabiko Udalak osoko bilkuran erabakia hartzea aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Foru Komunitateko Administrazioak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sortzen zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

75. artikulua. Toki-erakundeak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA.–ADJUDIKAZIODUNEN BETEBEHARRAK

76. artikulua. Laboreko herri-lurzatien adjudikaziodunek bete beharko dituzte legeetan eta erregelamenduetan ezarritako betebehar guztiak, eta, gainera, honako hauek:

a) Udalak ikuskapen eta egiaztapen lanak egiten baditu, lurzatiak ongi daudela egiaztatzeko, lan horiek erraztea.

b) Adjudikazioa zertarako eman den, horretarako erabiltzea lurra.

c) Urtero, lurzatiak egoera onean mantentzea, erabiltzeko prest, bermatuz ez dela sasitzarik izanen eta ongi daudela itxiturak eta ongi dabilela uraren hoditeria.

d) Itxiturak egoera onean mantentzea.

Baldin betetzen ez bada artikulu honen c) eta d) apartatuetako betebeharra, Udalak behar diren konponketak eta garbiketak eginen ditu, eta kostua adjudikaziodunari jasanaraziko dio.

Baldin itxituretan kalteak izaten badira eguraldiaren ondorioz edo halabeharrez, nahi gabe, konponketak auzolanean egin daitezke, edo Udalak esaten duen bezala.

77. artikulua. Adjudikaziodunak adjudikatutako lurzatiak bakarrik sar ditzake Nekazaritza Politika Erkidean, eta, horretarako, Udal idazkaritzak ziurtagiri bat emanen die, emandako lurzatien datuekin.

Baldin dirulaguntzen eskabidean sartzen badu adjudikaturik ez daukan lurzatirik, lurzati horiek kendu eginen dira Nekazaritza Politika Erkidetik, eta pertsona hori desgaituta geldituko da herri-lurren eta -larreen adjudikazioduna izateko.

VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

78. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Otsagabiko Udalak finkatzen dituen epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Labore lurzatiak egoera onean ez uztea, urtero eta adjudikatzeko aldia bukatu baino lehen.

h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

i) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Ez errespetatzea bazkatzeko eremuak eta/edo herri-larreen aprobetxamendurako ezarritako aldiak.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

79. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.

g) eta h) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 300 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Otsagabiko Udalean zerbitzu anitzetako kargua duenak, larreen batzordearekin batera (adjudikaziodun guztiek osatua), ikuskatuko ditu urtean behin edo bitan herri-lurrak, egiaztatzeko behar bezala erabiltzen ari direla eta betetzen direla ezarritako betebeharrak.

VII. TITULUA.–ERREKURTSOAK

80. artikulua. Honako errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira ordenantza hau interpretatzean gertatzen diren gorabehera guztiak, edo Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren guztiak:

a) Legeria orokorreko jurisdikzioaren edo administrazioaren arloko errekurtsoak, organo eskudunetan.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian, kapitulu honetako bigarren atalean ezarri bezala. Aipatutako auzitegi horren ebazpen espresu edo ustezkoek bukaera emanen diote foru bide administratiboari, eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunei zuzendurik.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

1. Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onesteko, bete beharko da uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), honako prozedura honi jarraikiz:

a) Toki-erakundearen osoko bilkurak hasierako onespena ematea.

b) Jendaurrean jartzea, onespen erabakiaren iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta erakundeko iragarki-taulan, hogeita hamar egunez gutxienez, epe horretan herritar eta interesdun legitimoek aukera izan dezaten espedientea aztertzeko eta erreklamazioak, kexak edo oharrak egiteko.

c) Aurkezten diren erreklamazio, kexa edo oharrak ebaztea, eta a) apartatuan aipatu den organoak behin betiko onestea.

Nolanahi ere, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, behin betiko testuarekin batera.

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duten ordenantzak onesteko, beharrezkoa da aldeko botoa ematea Udalbatza osatzen duten kideen legezko kopuruaren gehiengo osoak.

Ordenantza aldatzeko egin beharreko izapideak onespena emateko berberak izanen dira.

2. Toki-erakundeek onetsitako ordenantzek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen dituzte testua oso-osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, salbu eta ordenantza fiskalen kasuan, eta iragandakoan Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea.

Iragarkiaren kodea: L2406583