101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza fiskala, hirigintzako izapideak egiteko tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2024ko otsailaren 15ean egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Hirigintzako izapideak egiteko tasa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2024ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 5ean, baita Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jo da eta ondotik ematen da argitara.

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta bete dadin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Otsagabian, 2024ko apirilaren 22an.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO IZAPIDEAK EGITEKO TASA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da babes duelarik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta ondoko artikuluetan xedatutakoa.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Ordainarazpen honen xede da hirigintzako edozein jarduketa izapidetzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugarteko edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Udalaren honako hirigintza-jarduketa hauek daude tasei loturik:

a) Arau subsidiarioetan aldaketa puntualak izapidetzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak izapidetzea.

c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun-azterketak izapidetzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak izapidetzea.

e) Lur banantzeak izapidetzea.

f) Birpartzelazioak edo kudeaketarako beste figura batzuk izapidetzea.

g) Urbanizazio proiektuak izapidetzea.

h) Hirigintza arloko argibide eskaerak.

i) Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak.

j) Jarduera sailkatuetarako lizentziak, irekitzeko, jarduera kaltegabeetarako eta abarretarako.

k) Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, aurri-adierazpeneko espedienteak izapidetzeko, eta betearazpen aginduak emateko espedienteak izapidetzeko.

l) Eta, oro har, aurrekoen artean ez dagoen hirigintzako beste edozein izapide, baldin eta sartzen bada uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren babespean (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Izapideen bukaeran ez bada ematen lizentziarik edo beste ebazpenen bat, dela uko egiteagatik edo beste arrazoiren batengatik, edo bukatzen badira lizentzia ukatuta, hala ere tasa kobratuko da, baldin txosten teknikoak egin badira edo aholkularitza eman bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Tasa ordaindu beharra sortzen da hirigintzako izapidetzea eskatzen den unean berean.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Dagokion hirigintzako izapidetzea eskatzen duten pertsona natural edo juridikoek ordaindu behar dute.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-tasak ageri dira ordenantza honen tarifen eranskinean.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta dagokion osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Izapidetzea

7. artikulua. Hirigintzako izapideen eskaera orok berekin ekarri beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta determinazioak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamenduari lotutako espedienteak izapidetzeko arduradunek, udal teknikariek aldeko txostena eman ondotik, likidatzeko bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio tasak erregelamenduzko epean ordaindu beharko dituela.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

TARIFEN ERANSKINA

Aplikatu beharreko tarifak izanen dira udal aholkularitzak, egindako txosten teknikoek eta prentsan argitaratzen diren iragarkiek duten kostuaren %40, ordenantzaren 3. artikuluan aipatzen diren hirigintzako jarduketei dagokienez.

Iragarkiaren kodea: L2406476