101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Kultura, kirol eta gizarte jardueren arloan Udalaren eta irabazi asmorik gabeko elkarteen arteko lankidetza arautzen duen Ordenantzaren behin betiko onespena

Ledeako Udalaren Osoko Bilkurak, 2023ko otsailaren 20an egindako bileran, hasiera batez onetsi zuen kultura, kirol eta gizarte jardueren arloan Udalaren eta irabazi asmorik gabeko elkarteen arteko lankidetza arautzen duen Ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2024ko apirilaren 17an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

KULTURA, KIROL ETA GIZARTE JARDUEREN ARLOAN UDALAREN ETA IRABAZI ASMORIK GABEKO ELKARTEEN ARTEKO LANKIDETZA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Udal ordenantza honen xedea da Ledeako Udalaren eta, irabazi asmorik gabe, kultura, kirol eta gizarte izaerako jarduerak garatzen dituzten edo garatzeko asmoa duten elkarte eta entitateen arteko lankidetzaren oinarri arautzaileak ezartzea, jarraian adierazitako baldintzetan.

2. artikulua. Lankidetza motak.

Aurreko atalean aipatutako lankidetza gauzatu ahal izateko, Ledeako Udalak honako hauek jarri beharko ditu:

a) Laguntza publikoak: ekarpen ekonomiko gisa gauzatzen direnak, bai udal aurrekontuen kontura, bai beste administrazio, erakunde edo entitate eskudunetatik datozen funtsak, behar bezala baimenduta bideratuz.

b) Lankidetza gauzatzea materialak, zerbitzuak edo langileak utziz xede hauetarako:

–Ekipamenduen (ibilgailuak, makinak eta abar), tresneriaren (agertokiak, hesiak, aulkiak eta abar) eta, oro har, Udalaren beraren bitarteko materialen erabilera.

–Zerbitzuak, bai udal titulartasunekoak (edateko ura, saneamendua eta abar), bai Udalak kudeatutakoak edo xede horretarako kontratatutakoak (argiteria eta abar).

Bi lankidetza motak aldi berean gerta daitezke, eta jarduera beraren barruan.

3. artikulua. Udalaren laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Ordenantza honetan araututako lankidetzaren xede izateko, jarduerek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Udal intereseko kultura, kirol eta gizarte arloko helburuak lortzera bideratuta egon behar dute, udal gobernuak eta administrazioak bere eskumeneko arloetan ezarrita dauzkaten jarraibide eta helburuen esparruan.

2. Ledeako udalerriko bizilagunentzat izatea eta guztion intereserako edo udalerriko kultura, kirola eta/edo gizartea sustatzeko onura nabarmena izatea.

4. artikulua. Elkarte eta entitate onuradunak.

Ordenantza honetan araututako udal lankidetzaren onuradun izan daitezke baldintza hauek betetzen dituzten elkarte, klub eta irabazi asmorik gabeko bestelako entitateak:

–Indarreko legeriaren arabera eratuta egotea.

–Egoitza Ledean edukitzea eta Ledean egitea laguntzaren xede izan behar duten jarduerak.

–Ordenantza honetan jasotako jarduerak irabazi asmorik gabeko xedetzat izatea estatutuetan behar bezala egiaztatuta.

5. artikulua. Lankidetza deialdiak eta motak.

Hauek dira udal lankidetzarako deialdi motak:

1. Norgehiagoka araubidea: Udalak, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, urteko deialdiak egiten ahalko ditu, eskumen arloen arabera edo elkarte eta entitate onuradunen ezaugarrien arabera.

2. Tradizio, herri-sustraitze eta gizarte-intereseko ezaugarri bereziak dituzten beste jarduera espezifiko batzuetan: salbuespen gisa, eta Udalak nahikoa baliabide badu, laguntza ematen ahalko du, ezarritako baldintzak bete eta eskaera egiten duten elkarte eta irabazi asmorik gabeko entitateek antolatzen dituzten jardueretarako, ordenantza honetan aurreikusitako baldintzetan. Jarduera mota honetarako laguntza eskuratzeko, ez da beharrezkoa ordenantza honetan eskatutako dokumentazioa aurkeztea. Aitzitik, udalaren organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarriko du zein diren bete beharreko baldintzak prestazioa jaso ahal izateko.

6. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Deialdiak adieraziko ditu eskaerak aurkezteko epea, lekua eta eredua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7. artikulua. Laguntza publikoak.

1. Aurrekontu-aplikazioa eta kreditua: aurrekontu-aplikazioa eta, halakorik bada, laguntza eta dirulaguntza hauek finantzateko kreditua izanen dira Ledeako Udalaren Aurrekontu Orokorrean horretarako aurrekontu-ekitaldi bakoitzean onetsitakoak, haietan zehaztutako zenbatekoekin.

2. Emakida araubidea: 5.2 atalean aurreikusitakoaren kalterik gabe, norgehiagoka araubidearen bidezko deialditik kanpo dirulaguntzak eta laguntzak emateko, ezinbesteko kausak edo ezustekoak jazo beharko dira, eta behar bezala justifikatuta egon.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen kasuan, gehieneko zenbatekoa dirulaguntza jaso dezakeen jardueraren aurrekontuaren %50ekoa izanen da, eta udal administrazioak aldez aurretik onetsi egin beharko du. Gehieneko zenbatekoa urtero finkatuko da dagokion deialdian.

Udalaren ekarpen ekonomikoen baturak ez du gainditzen ahalko jarduerarako onetsitako aurrekontuaren guztizko zenbatekoa. Ordainduko den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako justifikazioaren arabera kalkulatuko da. Hala, aurkeztutako justifikazioa dirulaguntza jaso dezakeen jarduketa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

4. Laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

Laguntza jasotzen ahalko dute Ordenantza honetan aurreikusitako baldintzetan, honako hauen ondoriozko gastuek:

a) Herritar arruntei zuzendutako ikastaroak ematen dituzten irakasleak kontratatzea, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

b) Programatutako jarduerak egikaritzea, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

c) Programatutako jarduerak zabaltzea, BEZa barne, entitateak ezin badu konpentsatu.

Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Bidaiekin zerikusia duten gastuak (diruz lagundu daitezkeen jarduera programatuetan bidaiariak garraiatzeko gastuak izan ezik), otorduak, ostatuak eta dietak.

b) Lehiaketetako epaimahaiei ordaintzea.

c) Kultur jarduerak egiteko agertokiak edo lokalak alokatzea.

d) Udal eskaintzaren lehiakoak diren jarduerak.

e) Elkarteek diruz lagundutako beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

f) Eskaintza proposatzen duen elkarteko bazkideentzat bakarrik den edozein jarduera.

8. artikulua. Instrukzioa eta ebaluazioa.

1. Prozeduraren instrukzioa espedientea kudeatzen duen unitateari dagokio.

2. Eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntzak emateko irizpideak: norgehiagoka araubideko deialdien ondorioz aurkeztutako laguntzetarako eskaerak, irizpideen ordena kontuan hartuta baloratuko dira, onartutako urteko deialdiaren oinarriak ezartzen dituzten eskatzaile guztiekin alderatuta.

9. artikulua. Ematea edo ukatzea.

1. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie. Alkateari edo gastua baimentzeko eta eskuragarri jartzeko eskumena eskuordetua daukan zinegotziari dagokio laguntza ematea edo ukatzea. Dirulaguntzen zerrenda jendaurrean jarriko da.

2. Eskatutako laguntza eman edo ukatzen duen prozeduraren ebazpena eman aurretik, espedientea aztertu eta txosten bat eginen da. Horretarako, prozedura ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio edo dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da.

3. Dagokion deialdiaren babespean dirulaguntza bat eman izanak ez dio betebeharrik sortzen Ledeako Udalari hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak emateko antzeko proiektuetarako.

4. Ebazpena arrazoitua izanen da eta bai onuradunei eta bai ukatu zaienei jakinaraziko zaie, kasu horretan ukatzeko arrazoiak azalduz. Administrazio bidea amaitzen duen ebazpen horren kontra, une bakoitzean indarrean dagoen legerian ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

10. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Ordenantza honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste laguntza batzuekin, haien izaera ematen duen administrazio edo entitatea kontuan izan gabe, baldin eta haien guztien baturak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua.

2. Eskatzaileak deklaratu egin beharko ditu eskatu eta eskuratu dituen laguntzak, bai espediente administratiboa hastean bai prozeduraren edozein unetan, hori gertatzen bada.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dagokion deialdiaren bidez diruz lagundutako jardueretarako bakarrik erabiliko da laguntza eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 38/2003 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

–Ledeako Udalari justifikatzea diruz lagundutako jarduerak eta garaiz eta behar bezala egindako gastuak egin direla.

–Ledeako udalari jakinarazi beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den gorabehera oro, baldin eta gertatzen den unean jarduerak aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Ledeako Udalaren adostasuna beharko da aurretik. Baimena ofizioz emanen da, baldin eta, udalaren iritziz, aldaketak diruz lagundutako jardueraren funtsezko aldaketarik eragiten ez badu.

–Programan, kartelean, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean aipatzea diruz lagundutako jarduera Ledeako udalaren laguntzarekin eta/edo babesarekin egin dela, eta udalaren armarria ere jarri beharko da. Aipamen horiek jarduera zabaltzen den bitartean egin beharko dira.

–Ledeako Udalari jakinaraztea, jakin bezain laster eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen, diruz lagundutako edozein jarduera finantzatzen duen beste edozein diru-laguntza edo laguntza publiko nahiz pribatu jaso duela.

–Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Era berean, hizkera inklusiboa erabiltzeko ahalegina eginen da sortzen diren dokumentu guztietan.

2. Laguntzak jasotzen dituzten elkarte eta entitate onuradunei finantzak kontrolatuko dizkie Ledeako Udalaren Kontu-hartzailetzak eta bestelako organo eskudunek, onuradunek administrazioaren ordenamendu juridikoaren aurkako ekintzengatik bidezko jarduketak hasteko edo egotzi dakizkiekeen erantzukizunak eskatzeko aukeraren kalterik gabe.

12. artikulua. Publizitatea.

Ordenantza honek arautzen dituen laguntzen onuradun diren elkarte eta entitateak behartuta daude Ledeako Udalaren partaidetza zehaztera memoria, argitalpen, prentsa-ohar, edizio, iragarki edo diruz lagundutako jardueren beste edozein zabalkunderen bitartez, jarduera horiek irauten duten bitartean.

Oro har, diruz lagundutako jardueren idatzizko material guztiak honako lelo hauetako bat eramanen du inprimatuta ongi ikusteko moduko tokian eta, ahal dela, udal armarriaren azpian edo ondoan, eta letra larriz idatzita:

–Udalaren laguntza materialak, zerbitzuak eta langileak uztera mugatu bada, honako lelo hau: "La­guntzailea: Ledeako Udala".

–Laguntza dirulaguntza moduan gauzatzen bada, honako lelo hau: "Ledeako Udalak diruz babestua".

–Bi laguntza motak izanez gero, honako lelo hau: "Laguntzailea eta babeslea: Ledeako Udala".

13. artikulua. Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Azkenean ordaindutako laguntzaren zenbatekoak ez du gainditzen ahalko behar bezala justifikatutako eta, hala badagokio, egiaztatutako diruz lagundutako jardueren gainean emandako laguntzaren ehunekoa aplikatuz ateratzen den zenbatekoa, arestian ezarritako baremoen arabera.

2. Ordainketa aurreratuak egiten ahalko dira, baldin eta kasuan kasuko deialdiak hala aurreikusten badu eta bertan azaltzen den moduan.

3. Halaber, konturako ordainketak egiten ahalko dira, laguntzaren azken justifikazioa egin baino lehen benetan justifikatutako zenbatekoekin, dagokion deialdian hala aurreikusten bada.

4. Emandako laguntza justifikatzeko, onuradunek, deialdian aurreikusitako gehieneko datara arte, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Gastuak justifikatzeko taula.

b) Diruz lagundutako helburuak betetzeko gauzatutako jardueren eta kontratatutako langileen memoria.

c) Diruz lagundutako jarduera egiteko jasotako bestelako laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrerei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Deialdian eskatutako beste edozein dokumentu.

14. artikulua. Dirulaguntza itzultzea edo galtzea.

1. Laguntza jaso eta laguntza hori, osorik edo partzialki, eman zaien xederako erabiltzen ez duten elkarte eta entitateek, eskubidea galduko dute etorkizunean antzeko deialdietan parte hartzeko eta udalari itzuli beharko diote jasotako laguntza.

2. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta, nolanahi ere, Estatuko edo nazioarteko edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako laguntzak edo dirulaguntzak eskuratzen badira edo 10. artikuluko baldintzak betetzen ez dituen diru-sarreraren bat lortzen bada, emandako laguntza aldatzen edo eta, are, kentzen ahalko da, eta haren zenbatekoa udalari itzuli beharko zaio.

3. Jarraian aipatuko diren inguruabarretako bat jazotzen bada, laguntzen onuradunek Udalari itzuli beharko dizkiote kontzeptu horregatik jasotako zenbatekoak, zati batean edo osorik, dagozkion txosten teknikoek xedatzen dutena kontuan hartuta, laguntza ordaindu zitzaienetik sortutako berandutze-interesekin eta Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 36. artikuluan ezarritako zenbatekoan:

a) Laguntza jasotako jarduerak osorik egiten ez badira edo eskaera egiterakoan aurkeztutako proiektu edo memoriari jarraituz egiten ez badira, haiek ematea baimentzen duen ebazpenean adierazitako zehaztapenak barne.

b) Beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuekiko bateragarritasun-eskakizunak betetzen ez direnean. Kasu horretan, jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoa itzuli beharko da.

c) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

d) Laguntza eskuratzea eskatutako baldintzak bete gabe.

4. Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira (ez dira tributu arlokoak).

15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hausteak.

–Arau-hauste arintzat joko dira:

  • Epez kanpo aurkeztea jasotako funtsen erabilera justifikatzeko agiriak.
  • Funtsen erabilera justifikatzeko agiri guztiak ez aurkeztea edo zehaztasun falta justifikazioan.
  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 56. artikuluan ezarritako beste guztiak.

–Arau-hauste astuntzat joko dira:

  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 57. artikuluan ezarritako beste guztiak.

–Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

  • Dirulaguntza hura lortzeko eskatzen diren datuak edo baldintzak faltsututa lortzea.
  • Jasotako zenbatekoak bestelako helburuetarako erabiltzea, osorik edo zati batean.
  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 58. artikuluan ezarritako beste guztiak.

2. Zehapenak: arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute. Arau-hauste astunen zehapena izanen da bi urteko gehieneko epean laguntzarik jaso ezin izatea. Arau-hauste oso astunen zehapena izanen da bost urteko gehieneko epean laguntzarik jaso ezin izatea.

16. artikulua. Erantzukizuna eta zehapena.

Udal-lankidetzaren elkarte edo erakunde onuradunaren legezko ordezkariak bere gain hartzen du antolatzaile gisa duen legezko erantzukizuna, eta eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan jasotako datuen zehaztasunaz erantzuten du, bai eta emandako baliabideak aurreikusitako helburuetarako behar bezala eta esklusiboki erabiltzeaz ere. Eskabideetan eta udal-lankidetza emateko eskatzen diren gainerako agirietan datu faltsuak ematen badira, edo ordenantza honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, sortutako gastuak ordaindu beharko dizkio entitateak udalari, eta jasotako laguntza guztiak itzuli beharko ditu, bestelako erantzukizunak eskatzearen kalterik gabe. Kasu bietan, gainera, esan gabe doa elkarte horrek ez duela udalaren bestelako laguntzarik jasotzen ahalko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egunean, eta hamabost egunera aplikatzen hasiko da, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluetan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan. Ordenantzak indarrean jarraituko du espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2406805