101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Artem Exporta 2024. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin ditzaten eta azoketan parte har dezaten". DDBN identifikazioa: 754167.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, zeinetan honako hauek proposatu baitira: "Artem Exporta 2024. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin ditzaten eta azoketan parte har dezaten" deialdia eta oinarri arautzaileak onestea; 40.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastuen aurrekontuko A20002-A2500-4709-334103 partidaren kargura, "Artem Exporta: Arte eszenikoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta sariketetarako laguntzak" izenekoarenera; eta foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Hori guztia, kontuan izanik betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko legez ezarritako betebeharrak, baldintzak eta xedeak, eta kontu-hartzailetza delegatuaren onespena dagoela espedientean.

Nafarroako Gobernuak, 2024ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi hau baimendu zuen, banakako ebaluazioaren araubideko deialdia baita.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: "Artem Exporta 2024. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin ditzaten eta azoketan parte har dezaten".

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, aurrekontu-kreditua baimentzen da 2024ko aurrekontuaren kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334103: ARTEM EXPORTA: Arte eszenikoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak

2024

40.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–"ARTEM EXPORTA 2024. ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKALETAKO PROFESIONALENTZAKO LAGUNTZAK, BIRAK EGIN DITZATEN ETA AZOKETAN PARTE HAR DEZATEN" DIRULAGUNTZAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da artisten eta arte eszenikoen arloko enpresen mugikortasuna sustatzeko laguntzak arautzea banakako ebaluazioaren araubidean, besteek beren produkzioak Nafarroatik kanpo kontrata ditzaten, eta parte har dezaten Nafarroatik kanpo egiten diren eta pertsona edo entitate eskatzaileak antolatuta programatzaileentzat edo banatzaileentzat egiten diren azoka edo erakustaldi itxietan.

1.2. Deialdi honen xedea da Nafarroako sektore artistiko profesionala babestea eta Foru Komunitatetik kanpo proiektatzea, bai eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari laguntzea ere, bai kulturaren sektorean, bai herritarren artean, oro har.

1.3. Aurkezten ahal diren proiektuak Nafarroako konpainien, ekoizleen edo artisten arte eszeniko eta musikalen produkzioak izanen dira, performatiboak barne.

1.4. Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Oinarri hauen ondorioetarako, proiektu bakartzat joko da bira bat edo azoka batera edo batzuetara joatea, edo biak, eskaera bakarrean aurkezten badira.

1.5. Deialdi honen xedeko jarduerak 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 1era bitarte eginen dira, biak barne.

Gastua eta ordainketa frogatzeko agiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

2. Pertsona edo entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan behar dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik.

Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean jarduera eszeniko edo musikalak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Dirulaguntza hauetatik berariaz baztertzen dira honako pertsona edo entitate hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten pertsona edo entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Pertsona edo entitate onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

Eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Aurrekontu-egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (40.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, ez eta 3.000 eurotik gorakoa ere.

Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren neurrian eta hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.5. Pertsona edo entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo pertsona edo entitate eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

3.6. Aurrekontu-baliabideak deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen badira, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxita deklaratuko du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan, baita Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren iragarki-taulan ere.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2024ko irailaren 20ra arte (egun hori barne).

4.2. Pertsona juridikoek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez edo, bestela ere, www.nafarroa.eus webguneko dirulaguntza deialdiaren fitxaren bitartez (Artem Exporta 2024. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin ditzaten eta azoketan parte har dezaten). Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.3. Pertsona fisikoek, ahal dela, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dituzte, aurreko puntuan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39.ean dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Agiri bakoitza bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da dokumentazioa.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (erakunde ofizial eskudunak emana):

1. ATALA (enpresa jarduerak): 96. edo 99. multzoak.

2. ATALA (jarduera profesionalak): 85. multzoa.

3. ATALA (jarduera artistikoak): 1., 2. edo 3. multzoak.

b) Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileek, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren kopia aurkeztu beharko dituzte.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailearen IFZ/IFKren kopia.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskripzio-memoriak ez du 30 folio baino gehiago beteko, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Folio kopuru horretatik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean aurkeztu beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

f) Kontratuen egiaztagiriak, edo, hala badagokio, azoketan izena eman izanaren egiaztagiriak edo, erakustaldi itxien kasuan, hura egiteko espazioa erreserbatu edo alokatu izanaren egiaztagiria.

4.5. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko beste deialdi batzuetan parte hartu duten enpresek eta profesionalek ez dituzte aurreko puntuko b) eta c) apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non agiri horietan ez den aldaketaren bat izan.

4.6. Dirulaguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkeztu ahala ebaluatuko dira eskaerak eta esleituko da dirulaguntza, ebaluazio horretatik ondorioztatzen den neurriaren araberakoa, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.7. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak eta 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 1era bitarte egiten badira, biak barne. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Ondorio horietarako, honako hauek joko dira gastu diruz lagungarritzat:

1.–Langileak kontratatzeko gastuak eta gastu sozialak (Gizarte Segurantza eta antzeko beste batzuk), baldin eta kontratazioa lan araubidean egiten bada, edo cacheak edo zerbitzu-emateen kostuak, baldin eta kontratazioa merkataritza araubidean egiten bada.

2.–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrien gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren elementuak garraiatzekoak ere, kopuru hauek gainditu gabe:

a) Ostatua: gehienez 75 euro gau bakoitzeko.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria baino ez) 20 euro ordainduko dira gehienez. Ez dira onartuko gosariak, kafeak, hamaiketakoak edo antzeko kontzeptuak.

Mantenu gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da emanaldia/bira dela-eta mugitu diren pertsonen, artisten edo teknikarien kopurua.

c) Joan-etorria:

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,35 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat, norberarena, erabiliz gero, 0,44 euro kilometro bakoitzeko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

–Ibilgailua alokatzen denean, alokairuaren kostua ere onartuko da.

–Autobide gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Oinarri honetan araututakoa betetzen den baloratu ahal izateko, entitate onuradunak gastu horien xehetasunak aurkeztu beharko ditu justifikazio fasean, V. eranskinean horri buruz eskatutako informazioaren arabera.

Joan-etorrien gastuak lotuta baldin badaude emanaldi bat baino gehiago duen bira batekin, pertsona edo entitate onuradunak joan-etorri bakarra sartzen ahal du kontzeptu horretan.

Bira baterako laguntza eskatzen baldin bada produkzio bat hainbat herritara eramateko, kilometrajea kalkulatzeko tarteko ibilbideak gehituko zaizkio joan-etorriaren distantziari.

3.–Proiektuko jarduerak zabaltzeko, digitalizatzeko eta merkaturatzeko gastuak (onartutako guztizko gastuen %15 gehienez ere).

4.–Azoketan parte hartzeko gastuak: izen-emateak eta erakustokia, erakustokiko zerbitzuak eta erakustaldiak egiteko guneak alokatzeko kostuak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

b) Zeharkako zergak (BEZa, adibidez), berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

c) Ondasun higiezinak, azpiegiturak eta ekipamendu-ondasun inbentariagarriak eskuratu, erabili eta finantzatzearekin zerikusia duten guztiak.

d) Jardunbide egokiekin eta gardentasunarekin bateragarriak ez diren guztiak.

e) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino gehiago badira.

f) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

g) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

h) Gosariak, kafeak, hamaiketakoak eta antzeko beste kontzeptu batzuk.

6. Tramitazioa eta ebaluazioa.

6.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatu eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioaren araubidean.

Ebaluazio prozesu osoan zehar, pertsona edo entitate eskatzaileen agerraldia eskatzen ahal da, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du.

6.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusirik, laguntzak ematea proposatuko du.

7. Proiektuen balorazioa.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian beteko da.

7.1. Ondoko irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak (guztira 100 puntu):

a) Proiektuaren ezaugarriak (50 puntu gehienez).

–Ekintzen edo emanaldien kopurua: 10 puntu, emanaldi bakoitzeko.

–Espazio eszenikoen edo azokako egoitzaren kokalekua:

  • Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania Berria eskualdea): 5 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko.
  • Estatuko gainerako lurraldeak: 8 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko.
  • Estatutik kanpo (Akitania Berria eskualdea izan ezik): 10 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko.

b) Eskaera egiten duen artistaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea eta jarduera (gehienez 25 puntu).

–Ibilbidea eta jarduera (gehienez 15 puntu):

  • Jarduera: 1 puntu azken 4 urteetan eginiko produkzio bakoitzeko.
  • Ibilbidea: 1 puntu konpainiak edo artistak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (gehienez 10 puntu).

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 4 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua (10 puntu gehienez).

  • Pertsona edo entitate eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko: 2 puntu.

c) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea.

  • %40 arte: 15 puntu.
  • %40 baino gehiago eta %50 arte: 12 puntu.
  • %50 baino gehiago eta %60 arte: 7 puntu.
  • %60 baino gehiago eta %70 arte: 5 puntu.

d) Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu):

  • Nafarroako kultura zabaltzea bere egileak sustatuz: 2 puntu gehienez.
  • Euskararen presentzia proiektuan edo haren zabalkundean eta sustapenean: 3 puntu gehienez.

e) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea, bai entitatearen antolamenduan (rol profesionalen banaketa sexuaren arabera, eta barne-ekintzak), bai programaren helburu eta ekintzetan (5 puntu gehienez).

  • Desparekotasunaren gaiari modu espezifikoan eta kritikoan heltzen dioten proiektuak, edo genero-rolak eta -estereotipoak haustearekin eta gizonen eta emakumeen berdintasun eraginkorrari ekarpena egitearekin zuzenean lotutako ekintza positiboak garatzen dituztenak: 2 puntu.
  • Sorkuntzako, zuzendaritzako eta kudeaketako rolen banaketa parekidea aurreikusten duten proiektuak: 2 puntu.
  • Desparekotasun egoerak detektatzen eta zuzentzen laguntzen duten barne ekintzak egiten dituzten entitateak (prestakuntza, berdintasun planak, jazarpenari aurre egiteko protokoloak, familia-kontziliaziorako erantzunkidetasuna sustatzea eta antzekoak): 1 puntu.

7.2. Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.3. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, pertsona edo entitate eskatzaileak eskaera eginen du deialdi honen II. eranskinean deskripzio memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian aurkeztuko da.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak emateko ebazpena Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena pertsona eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta, orobat, deialdiaren fitxan argitaratuko da, www.nafarroa.eus webguneko tramiteen biltzailean (Artem Exporta 2024. Arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalentzako laguntzak, birak egin ditzaten eta azoketan parte har dezaten).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona zein entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, pertsona eta entitate interesdunek Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera jotzen ahal dute, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina), deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak gizarte interesekotzat hartuko dira legegintzako foru dekretu horretan ezarritako zerga-pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako, baldin eta haren 25.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten badituzte. Horretarako, entitate eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzean, bete beharko da maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoa (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten pertsona edo entitate onuradunek 11.3.f) oinarrian aipaturiko bukaerako memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

10. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Gardentasun betebeharrerako ereduak tramiteen bilatzaileko "Artem Exporta 2024" deialdiaren fitxaren bidez bete ahal izanen dira, www.nafarroa.eus web-orrian.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

10.4. Pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektuak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

10.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, karteletan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: "Diruz lagundua", Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

10.11. Pertsona edo entitate onuradunek konpromisoa hartu beharko dute hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzeko jardueraren komunikazioa eta zabalkundea egiteko publizitate- edo informazio-euskarrietan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11. Justifikatzeko epea eta modua.

V. eranskina betetzea eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera.

11.1. Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko da laguntza, proiektua amaitu ondoren.

11.2. Dirulaguntza likidatzeko, pertsona edo entitate onuradunek jarraian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2024ko azaroaren 8a baino lehen (egun hori barne).

11.3. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda:

a) Eskaera, azken likidazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (zerga-oinarriarena, BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori V. eranskinean ageri den Excel txantiloian igorriko da, eredu horretan proposatzen den egitura aldatu gabe.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Berariaz baztertzen dira ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak, bai eta fakturatutako ondasunaren, obraren edo zerbitzuaren xedea argi eta garbi eta bereizita ezartzen ez duten fakturak ere.

5. oinarrian ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuei buruz araututakoa betetzen den baloratzeko, entitate onuradunak gastu horiei buruz V. eranskinean ezarritako xehetasunak eman beharko ditu.

d) Egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. 100 euroko edo hortik gorako gastuen ordainketak banku-ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiri hori banku-erakundeak emanen du, eta bertan identifikaturik ageriko dira jaulkitzailea, hartzailea, ordainketa-data eta zenbatekoa. Zenbateko hori baino txikiagoak badira, honako hauen bidez justifikatzen ahalko dira: banku-ordainagiriak, "ordaindua" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuta eta zigilatuta, edo dagokion faktura edo gastu-frogagiria ordaindu dela egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2023ko azaroaren 2tik 2024ko azaroaren 8ra artekoak izan behar dute, biak barne.

e) Jarduerak, deialdi honekin ez ezik, baliabide propioekin, kanpoko baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin ere finantzatu badira, diru-sarrerak egiaztatzen dituen frogagiria bidaliko da, eta V. eranskineko Excel plantillan ageri den zenbakitutako zerrendan zehaztu beharko dira, funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten erabilera adierazita.

f) Proiektuaren bukaerako memoria. Proiektuaren baitan erakustaldi itxirik baldin bada, erakustaldira joan diren programatzaileen edo banatzaileen zerrenda erantsi beharko da, baita erakustaldiaren material grafikoa ere (argazkiak).

g) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Dokumentazio hori erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztuko da, 4.2 oinarrian araututakoaren arabera.

Gastu diruz lagungarrien barruan 2024ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2024ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak, beranduenez 2025eko otsailaren 15ean, dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; hala egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

11.4. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

12.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

12.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osorik edo partzialki.

Pertsona edo entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Justifikazio-betebeharra 11.2 oinarrian aurreikusitako epearen barruan betetzen ez bada, honako mailakatze-irizpide hau hartuko da kontuan bereziki:

–Egiaztagiriak azaroaren 8a baino geroago baina azaroaren 18a bitarte (egun hori barne) aurkezten badira, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da gehienez, epez kanpo aurkeztu arte igaro diren egunen kopuruaren proportzioan.

–Egiaztagiriak azaroaren 18a baino geroago aurkezten badira, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

17. Eredu edo txantiloien zerrenda.

Eskaeraren eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen bilatzaileko "Artem Exporta 2024" deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri, www.nafarroa.eus web-orrian.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Eskabidea aurkezteko fasea.

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Eskaeraren datu ekonomikoak.

Laguntzak emateko fasea (pertsona edo entitate onuradunek soilik).

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoa.

Gardentasunari buruzko adierazpena, pertsona fisikoek izan ezik (deialdiaren fitxaren bidez bete behar da). Atal hauek ditu:

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

–Hala badagokio:

Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena.

Karguen ordainsariei buruzko adierazpena.

Urteko azken kontuen kopia.

Justifikazio fasea (pertsona edo entitate onuradunek soilik).

V. eranskina.–Justifikazioen informazio ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: F2406129