2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GALARKO KONTZEJUA
Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubideak eta tasak arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onespena
Galarko Kontzejuko Batzarrak, 2009ko apirilaren 4an egindako bilkuran, hasierako onespena ematea erabaki zuen Galarko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzearen eta zerbitzu-ematearen eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzari (2024ko martxoaren 12ko 52. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua).
Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betiko bilakatu eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluari jarraikiz.
Galarren, 2024ko apirilaren 15ean.–Kontzejuko burua, Maialen Iriarte Armendariz.
ORDENANTZA, GALARKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA BERTAKO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA.–HILERRIA ERABILTZEKO ESKUBIDEAK
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4., 29. eta 39. artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Galarko Kontzejuari dagozkio kontzejuko hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, beste administrazio batzuek xede horretarako esleituta izan ditzaketen legezko eskumenen kalterik gabe.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dituzte:
a) Hilerriko higienearekin, osasungarritasunarekin, garbiketarekin eta mantentze orokorrarekin zerikusia duen guztia.
b) Hilotzak eramateari eta hilerriaren barne araubideari dagokion guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko eskubideen tasak jasotzea.
3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.
Horren barruan sartzen dira:
–Ehorzketak eta berrehorzketak, eta hobitik ateratzea, hiru hilobi motatan: lurrean (panteoian edo ez), nitxoan edo kolunbarioan.
–Hilerriaren garbiketa eta mantentze-lanak.
Ez dira sartzen:
–Hilobien barrualdea garbitzea.
–Hilerritik eta hilerrira lekualdatzea.
4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, Kontzejuko biztanleen erroldaren arabera.
5. artikulua. Kontzejuari ehorzteko aurkezten zaizkion hilotz guztiak lurperatzen ahalko dira hilerrian, baldin eta legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren hilerria erabiltzeko eta ehorzketa-zerbitzuengatiko eskubideak ordaindu beharko dira, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. Artikuluan oinarrituta.
Lurreko hilobia Galarko erroldan dauden pertsonen hilotzetan baino ez da eginen.
6. artikulua. Hilotzak hilerrian bertan lekualdatzeko atera daitezke hobitik, bai eta beste hilerri batera eramateko ere.
Nolanahi ere, indarrean dauden osasunari buruzko xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera egiaztatuko dira, behar diren osasun-neurri guztiak hartuz.
7. artikulua. Ehorzketa berriak egiteko hobitik ateratzeak.
Ahal izanez gero, hilobi zaharrenak dauden hilerriko aldetik hasiko da. Kasu horretan, nahikoa leku utziko da libre Kontzejuko biztanleen zentsuaren araberako hilobi kopururako.
Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hala eskatu dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.
Epea iraungitzearen ondorioz hustu behar diren hobiei dagokienez, ez da beharrezkoa izanen inolako abisurik ematea hilobitik ateratzen direnen familiakoei.
Eskatzaileak ez ditu bere kontura kontratatzen ahalko hobitik ateratzeko, ehorzteko edo berrehorzteko lanak. Zerbitzu horiek guztiak Kontzejuaren ardura dira.
8. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak nitxoetan jarri beharko dira.
9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak honela ateratzen ahalko dira hilobitik:
a) Lurpean ehortzita eta erabat hezurtuta dauden gorpuen kasuan: lurperatu eta bost urteko epean, gutxienez.
b) Hilobi mota guztietan, ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen ahalko da, baldin eta hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.
Epaile baten aginduz izan ezik:
–Ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen adierazitakoak baino epe laburragoetan.
–Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako.
Baita hilabete horietan ere: Hil berria den pertsona bat ehortziz gero, bizi ziren bitartean haren ezkontidea edo 2. mailako ahaidea izandakoaren gorpuzkiak hobitik ateratzen ahalko dira, gorpuzkin horiek ehortziko diren pertsonarekin batera berriro ehortzi ahal izateko. Nolanahi ere, ehorzketa hori egin ahal izateko artikulu honetako a) edo b) baldintzak bete beharko dira.
10. artikulua. Nitxoetan ehortzitako hilotzak ateratzeko, 25 urteko epea izanen da ehortzi zirenetik. 10 urteko luzapena eskatzen ahalko da. 12 euroko tasa ordaindu beharko da luzapen urte bakoitzeko + KPI (urtero eguneratuko da).
11. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahalko da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.
12. artikulua. Bai lekualdatzeko hobitik ateratzeak, bai berrehorzketak egiten direnean, Kontzejuak idatzoharra jasoko du dagozkien liburuetan. Horretarako, eskatzaileek lekualdaketaren ziurtagiria aurkeztu beharko diote Kontzejuari.
13. artikulua. Lurpeko hobiak berritzea:
Ez da berritu behar.
14. artikulua. Hilobiak segurtasun, higiene eta apaintasun baldintza egokietan edukitzea titularren betebeharra da.
Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Kontzejuak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrak egiteko. Obrak bi hilabeteko epean amaitu beharko dira.
Behin epea bukatuta, Kontzejuak obren ordezko betearazpena egin eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunak ordaindu beharko du eta hilobien gaineko eskubidea galduko dute.
Lurreko hilobiekin zerikusia duten elementuen edozein aldaketa edo eraikuntza berri (plakak, hilarriak, eskulturak, etab.) aldez aurretik Kontzejuari jakinarazi beharko zaio. Horrek disonantzia estetikoa galarazi behar du.
15. artikulua. Kontzejuak eremu bat du hilerrian (kolunbarioa) hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).
Errauts horiek ehorzteko nahiz hilotzak ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.
16. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.
II. KAPITULUA.–TASAK, ZERBITZUAK EMATEAGATIK
17. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek ematean:
1.–Ehorzketak eta berrehorzketak.
2.–Hobitik ateratzeak.
3.–Hilerriaren garbiketa eta mantentze orokorra.
18. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, eta nortasun juridikorik ez izan arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak.
19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen kuoten eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketak behar bezala mugarrituta badaude, baina hilotz bakarra lurperatzea gainditzen duten lanak eskatzaileak berak egin beharko ditu bere kontura, eta gastuak ordaindu.
21. artikulua. Hilerri honetako hilobietatik gorpuzkiak atera eta berriro ehortziz gero, hilobitik ateratzeari eta ehorzteari dagozkion tasak ordaindu beharko dira. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.
22. artikulua. Eranskinean aurreikusitako zerbitzuen tasak zerbitzua eman baino lehen ordainduko dira edo, gehienez ere, 15 egun geroago.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoaren arabera, tasak autolikidazio bidez eskatzen ahalko dira.
Azken xedapena.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan oinarrituta, Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu arau horretako 325. artikuluan jasotako izapide guztiak egin, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
ERANSKINA.–TASAK
| a) Galarren erroldatuak | b) Galarren erroldatu gabeak | c) Galarren jaio baina Galarren erroldatu gabeak |
Ehorzketak eta berrehorzketak | 1.–Hilotzak lurrean (panteoian edo ez) edo nitxoan |
Hilobi berrietan edo lehendik dauden hilobietan | 1.1. Lurrean (panteoian edo ez) | a) Hilerria erabiltzeko eskubideak | 0 euro (*) | Eskubiderik gabe (5. artikulua) |
b) Ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua |
1.2. Nitxoan | a) Hilerria erabiltzeko eskubideak | 0 euro (*) | 600 euro + KPI (urteko berrikuspena) | 300 euro + KPI (urteko berrikuspena) |
b) Ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua | Gainera, ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua ordaindu beharko da. |
2.–Edozein hilobi motatan (kolunbarioa, lurra -panteoia edo ez- edo nitxoa) erraustutako gorpuzkien ontziak |
Hilobi berrietan | a) Hilerria erabiltzeko eskubideak | 0 euro (*) | 300 euro + KPI (urteko berrikuspena) | 200 euro + KPI (urteko berrikuspena) |
b) Ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua | Gainera, ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua ordaindu beharko da |
Lehendik dauden hilobietan | a) Hilerria erabiltzeko eskubideak | 0 euro |
b) Ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua | Ehorzketaren edo berrehorzketaren kostua ordaindu beharko da |
Edozein motatako hobitik ateratzea (gorpuzkiak edo hilotzak): | 0 euro (*) | Hobitik ateratzearen kostua ordaindu beharko da |
(*) Kontzejuak ordaindua. |
Prezio horiek urtero eguneratuko dira, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera.
Iragarkiaren kodea: L2406889