101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LESAKA

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren 2024ko apirilaren 23ko 228. Ebazpenaren bidez, onetsi dira deialdia eta oinarriak oposizio-lehiaketa bidez bete dadin administrariaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Lesakako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizialaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, 4 zenbakia duena Lesakako Udalaren plantilla organikoan, Udaleko bulegoetan aritzeko.

Aipatutako lanpostua 2023ko ekitaldiko lan-eskaintza publikoaren barruan sartzen da, zeina argitaratu baitzen 2023ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan.

1.2. Izendapenak Lesakako Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, eta kidetuko da Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta, hala behar badu, hartan alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak izanen ditu C mailako ordainsariak, bat etorrita abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuarekin (horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina), 1984ko uztailaren 4ko Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin, eta, orobat, izanen ditu plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.

1.4. Lesakako Udalak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.5. Oinarri hauetan ezarri ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari (onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez); eta aplikatu beharreko gainerako arauei.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Honako hauek izanen dira bete beharreko eginkizunak: bere mailari eta kategoriari dagozkionak, jendeari arreta ematea eta udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea, eta, hala badagokio, udalaren kontabilitate-kudeaketa, bai eta, bere kategoriari dagozkionak izanik, esleitzen zaion beste edozein eginkizun ere, goragoko mailetan gauzatzeko eta laguntzeko zereginak barne hartuta.

Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

3. oinarria.–Izangaien betekizunak.

3.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, parte-hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu kide batekoa, edo langileen zirkulazio askearen aplikazio-eremukoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Euskaraz jakitea. Horretarako aurkeztu behar da C1 titulua edo baliokidea, edo, bestela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, jarraikiz ezarritakoari oinarrietako 9.5 apartatuan.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

3.2. Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

3.3. Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean edo, bestela, aurkez daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), kontuan izanik ezen, epe hori bukatzen baldin bada egun baliogabean, hurrengo egun balioduna izanen dela eskabideak aurkezteko azken eguna.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Lesakako Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan dago: https://sedeelectronica.lesaka.eus/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=639.

4.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) Deialdi honen 3. oinarriko c) apartatuan eskatutako tituluen kopia.

c) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztien kopiak.

d) Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa: 15,00 euro.

Ordaintzeko modua: zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan: ES88 3008 0054 1507 1153 2911.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izangaiaren izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.

Honako kasu hauetan ez da tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan ezarritako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketaren eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbestekoa izanen da aurkezteko izapidea garaiz eta behar bezala egitea.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.5. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena izangai onartuen eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan, web-orrian, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Lesakako Udaleko erregistro orokorrean.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioak ebatzirik, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Ladis Satrustegui Alzugaray, Lesakako Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Argiñe Ordoki Urkixo, Lesakako Udaleko alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Bigarren epaimahaikidea: Estibaliz Iparraguirre Madariaga, Lesakako Udaleko ordezkari sindikala.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Mikel Gotzon Ortiz de Urbina Olaetxea, Lesakako Udaleko ordezkari sindikala.

Hirugarren epaimahaikidea: Begoña Alzugaray Lecuona, Lesakako Udaleko administrari-ofiziala.

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Iñigo Urdangarín Zurutuza, Lesakako Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaikide idazkaria: María José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Mikel Belarra Telletxea, Berako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude indarreko araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean, eta izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte, arrazoi horietako bat gertatuz gero.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketa hasiko da behin iraganik, gutxienez, bi hilabete deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik; lehenik lehiaketaldia izanen da, eta, ondoren, oposizioaldia, oinarri hauen arabera.

8. oinarria.–Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldian, kalifikazio-epaimahaiak baloratuko ditu lehiakideek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatutako eta frogatutako merezimenduak, merezimenduen baremo honekin bat:

–Esperientzia:

a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

b) Gainerako administrazio publikoentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei.

Aurreko bi atalen batura ez da izanen 15 puntu baino handiagoa.

–Prestakuntza:

Izangaiak jarraian ageri diren puntuak eskuratuko ditu gai hauei buruzko ikastaroak eginak izateagatik (5 puntu gehienez ere). Ez da punturik emanen 5 ordutik beherako ikastaroengatik.

–Ofimatikako ikastaroak (Word, Excel, Access, Webmail, Outlook):

  • 0,05 puntu, 5 eta 15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,10 puntu, 15 ordu baino gehiagoko eta 30 ordu arteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu, 30 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko.

–Deialdiaren xede den lanpostuarekin lotutako ikastaroak eta udalen berariazko aplikazio informatikoei buruzko ikastaroak egiteagatik (biztanleen udal-errolda, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, zirkulazioaren gaineko zerga, katastroaren kudeaketa, gainbalioak, kontribuzioa, diru-bilketaren kontrola, erregistro elektronikoa, espediente elektronikoa, mantentze-lan orokorrak):

  • 0,10 puntu, 5 eta 10 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu, 10 ordu baino gehiagoko eta 20 ordu arteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,20 puntu, 20 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko.

8.2. Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 20 puntukoa izanen da.

8.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

8.4. Lanean zer administraziotan aritu diren, administrazio horien ziurtagirien bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dira nahitaez:

–Bete den lanpostua eta zer administraziotan aritu den.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, hasierako egunetik bukaerako egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

8.5. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

9. oinarria.–Oposizioaldia.

9.1. Alkatetzak ebazpen baten bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ebazpena argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Gainerako proben iragarkiak argitara emanen dira soilik Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.

9.2. Oposizioko ariketak, horretarako aukera ematen badute, gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen dira eta gehienez 80 puntu lortzen ahalko dira. Honako ariketa hauek izanen ditu:

9.2.1. Lehen ariketa: teorikoa: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean adierazitako gai-zerrendako 1etik 16ra bitarteko puntuei buruzkoak izanen dira.

Proba honetan, epaimahaiak 40 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 20 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrak zigortu eginen dira, kalifikazio-epaimahaiak zehaztutako moduan.

9.2.2. Bigarren ariketa: proba informatiko praktikoa: proba praktiko bat edo batzuk egitea deialdiko II. eranskinean adierazitako gai-zerrendako 17tik 23ra bitarteko puntuei buruzkoak.

Ariketa honek, gehienez 40 puntu izanen ditu guztira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa horiek egiteko ez da inongo hiztegirik erabiltzen ahal, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere; bolaluma urdin edo beltza baino ez.

Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

Behin behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

9.3. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.

Desgaitasun frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

9.4. Epaimahaiak, egokitasuna bilatuz eta ariketetan ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabaki dezake ariketa bat baino gehiago egun berean egitea edo haien ordena aldatzea, eta ariketaren bat egiteko zailtasunagatik, zehazki, informatika ariketaren zailtasunagatik, beharrezkoa bada, egun batean edo gehiagotan egiten ahalko dira, kontuan harturik zenbat diren aurreko probak gainditu dituzten izangaiak eta ariketa egiteko zenbat toki behar den, baita segurtasun-tartea izateko neurriak hartu beharra ere, parte-hartzaileen, epaimahaikideen eta aholkularien artean.

9.5. Hizkuntza-maila zehazteko proba.

Euskara jakitea frogatzen duen C1 mailako titulua edo baliokidea ez dutenek aukera izanen dute jakite-maila hori egiaztatzeko, eskatutako hizkuntza-maila zehazten duen probaren bidez.

Maila-proba hori egin nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute.

Euskarabideak eginen du hautapen-prozesua, eta bi ariketa izanen ditu.

Lehenengoa idatzizko ariketa izanen da, eta irakurriaren ulermena eta idazteko trebetasunak baloratuko dira (gramatika, hiztegia, diskurtso-egokitasuna, antolaketa eta koherentzia, etab.).

Bigarrenean, ahozko ariketa bat eginen da, hizkuntzaren ahozko ezagutzaren ulermena eta irismena baloratzeko (gramatika-errepertorioa, jariotasuna, interakzioa, ahoskera eta intonazioa, diskurtso-kohesioa, etab.).

Bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek bakarrik frogatuko dute euskararen ezagutza, eta hautaketa-prozesuan parte hartzen ahalko dute.

10. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

10.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera, Lesakako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Lesakako Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena.

Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta udaletxeko iragarki-taulan jarriko.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, ariketen batuketan puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da; berdinketak jarraitzen badu, oposizioko bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraitzen badu, lehiaketako puntuazioarekin ebatziko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, erabiliko da Lesakako Udalean maila horretako kontratuak egiteko, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, barnean direla bitarteko kontratuak, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

10.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu proposatutako izangaiak Lesakako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Euskaraz jakitearen frogagiria.

d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik administrari-ofizialaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

e) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

g) Lesakako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

10.3. Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

10.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaia izendatuz beteko da hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

11. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Lesakako Udaleko alkate udalburuak Lesakako Udaleko funtzionario izendatuko du administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.

11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Lesakako Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 8.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

12. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna:

Identitatea: Lesakako Udala.

Posta helbidea: Herriko Plaza 1, 31770, Lesaka.

Telefonoa: 948 637005.

Posta elektronikokoa: udala@lesaka.eus.

Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta udal web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

13.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

13.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lesakan, 2024ko apirilaren 23an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: Biztanleria eta errolda. Ebazpena, 2020ko apirilaren 29koa, Idazkariordetzarena, ebazpen hau argitaratzen duena: Ebazpena, 2020ko otsailaren 17koa, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzarena eta Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiarena, Udalentzako udal-erroldaren kudeaketari buruzko jarraibide teknikoak ematen dituena.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio egintzak: Baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Hiritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu duena aurrekontuen eta herri gastuaren arloan. II. kapitulua: 1. atala: Aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: Gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: Gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzkoa.

11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua, V. kapitulua: Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea; 3. eranskina.

13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua: III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak; II. titulua: I., II., III., VI. eta V. kapituluak; III. titulua: I., IV. eta V. kapituluak.

14–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutakoak.

15.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.

16.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa: I. titulua: II., III., IV. eta V. kapituluak. II. titulua eta III. titulua.

17.–Windows 10 sistema eragilea: blokeo-pantaila; mahaigaina eta bere elementuak; "hasi" menua; tresna-barra; jakinarazpenen eremua; mahaigain anitzekin lan egitea; Start Screen; kontrol-panela; sistemaren informazioa aurkitzea; fitxategiak, karpetak eta liburutegiak; erabiltzaile kontuak kudeatzea; Windows 10 pertsonalizatzea.

18.–Word 2016 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

19.–Excel 2016 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea Excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

20.–Access 2016 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

21.–Ziurtagiri elektronikoa eta sinadura digitala.

Oinarrizko kontzeptuak, ziurtagiriak lortzea eta kudeatzea, ziurtagiri motak, ziurtapen-agintaritzak, instalazioa.

22.–Administrazio elektronikoa eta egoitza elektronikoa.

Oinarrizko kontzeptuak. Utilitateak.

23.–Posta elektronikoa: Outlook eta Webmail. Outlook: posta elektronikoa, egutegia, kontaktuak. Webmail-intranet eta extranet, webmail zerbitzaria, posta elektronikoko erabiltzailea.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.

III. ERANSKINA.–LESAKAKO UDALEKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LAN-POLTSA KUDEATZEKO ARAUAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Xedapen honen helburua da arauak ezartzea Lesakako Udalean administrari-ofizialaren lanpostuak (C maila) aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.

2. artikulua. Zerrenda eratzea.

1. Hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, puntuazioaren arabera.

2. Izangaien zerrendako lehentasuna ezarriko da lehiaketaren zati osoan eta oposizioaren zati osoan lortutako puntuazio handienaren arabera.

3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

4. Kanpainarako kontratazioen edo dirulaguntzekin lotutakoen kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan.

5. Udalak, efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, hala behar badu, lanaldi partzialeko kontratuak egiteko aukera sartzen ahalko da.

Esan beharra dago, administrari-lanpostua aldi baterako betetzeko izangaiei deitzeko, kontuan hartuko dela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin bateragarria dela egiaztatzen badute.

3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Udalak hautapen prozesuan parte hartzeko eskaera-orritik eskuratuko ditu datu horiek. Dena den, interesdunak berariaz eskatzen ahalko du datu horiek aldatzeko eta/edo eguneratzeko.

2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.

4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

6. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete behar izan gabe.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan izan ezik, horietan ahaleginak eginen baitira udal berean bete beharreko beste premia batzuekin osatzeko lanaldia, betiere kontratu beraren barruan posible bada eta interesdunaren adostasuna badago.

8. Kasu bakoitzean ezarritako epean jakinarazi beharko du izangaiak kontratua onartzen duela, eta epe hori ez da 24 ordu baino gehiagokoa izanen, deia jasotzen denetik hasita, udalak hala erabakitzen badu. Erantzuten ez badu, interesdunak kontratuari uko egiten diola ulertuko da.

4. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 eguneko epearen barruan, zerbitzu berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

5. artikulua. Presako deiak.

Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.

6. artikulua. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

1. Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia (ez, ordea, aitatasunarena) hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

7. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik uko egitera behartua egotea.

b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, parte hartzeko eskabidean aukera hori hautatu ez bazuen. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 3.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

c) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz aktibo egotera itzuliko, ukorako arrazoia amaitu dela behar bezala frogatzen ez duten bitartean.

d) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

f) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

2. Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, g) letretakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, gertaera eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

3. Artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako egoeretako batean, g) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia izangaia Lesakako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartu dela baldin bada, maila bereko edo apalagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo arau honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Lesakako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.

g) Lanpostua bertan behera uztea.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

Iragarkiaren kodea: L2406661