101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22/2024 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2024ko apirilaren 29rako aurreikusitako greba orokorraren deialdia dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.

CGT sindikatuak greba orokorrerako deia egin du 2024ko apirilaren 29rako (apirilaren 29ko 06:00etatik apirilaren 30eko 06:00etara). Greba horrek eragina izanen du Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoaren barruan ezarritako enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publiko guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztietan.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen zerbitzu publikoen eremuan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko egoitza zentroek, pisuek eta zentroek berehalako erantzuna ematen dute larrialdiko egoeretan, oinarrizko eta funtsezko arreta eskainiz. Horren ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri behar dira erabiltzaile diren emakumeei eta haien seme-alabei egunero behar bezalako arreta emateko ezinbestekoak diren zerbitzuak, programak eta tratamenduak bermatzeko, funtsezko zainketak eskaintzen jarraitzearren.

Adierazi beharra dago gutxieneko arretaren barruan erabiltzaileen oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, norberaren zainketari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesteari lotutako behar guztiak estaltzekoak.

Bestalde, Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroak arreta espezializatua ematen die sexu-indarkeriaren biktima izan diren edo bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, hala gaur egunekoei nola lehengoei, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Horrenbestez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. 2024ko apirilaren 29rako egindako greba deialdia dela-eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da grebarako eskubidea:

–Genero-indarkeriaren biktimentzako harrera baliabideak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopuru bera arituko da.

–Sexu-indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa (CAIVS): jaiegunetarako aurreikusitako langile kopuru bera arituko da.

2. Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Ebazpen hau Xilema Programas SLri, Gizain Fundazioari eta CGT sindikatu deitzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Lan Harremanen Atalera igortzea.

5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2024ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

Iragarkiaren kodea: F2406812