101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, 2024ko apirilaren 29rako deitutako greba orokorra dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

CGT-LKN sindikatuak greba orokorrerako deia egin du. Erakunde sustatzaileak egindako deialdiaren arabera, grebarako deia egin da 2024ko apirilaren 29rako, 2024ko apirilaren 29ko 06:00etatik 2024ko apirilaren 30eko 06:00etara.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, lanuzterako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honek hauxe du xede: 2024ko apirilaren 29rako deitutako greba orokorra dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.

Apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainen kolektiboaren Plan Zuzentzaileak hau dio 2.4 puntuan: "Ingurumen larrialdiak. Gaur egun, Nafarroan ingurumen larrialdiei behar bezalako arreta emateko, 3 talde operatibo antolatzen dira, eta bakoitzean bikote bat aritzen da, goiz eta arratsaldeko txandetan eta urteko 365 egunetan aritzen direnak. Talde horietako bakoitza Nafarroa banatzeko ezarritako eskualdeetako batez arduratzen da. ... "Talde horiez gain, barruti bakoitzak, gutxienez, goizeko basozain bat eta arratsaldeko beste bat izan beharko ditu suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa denean eta klimatologiagatik hala erabakitzen denean, eta horiek zuzenean lagunduko diote kasuan kasuko larrialdi taldeari beharrezkoa bada".

Hori dela eta, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak erabaki du beharrezkoa dela Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren mendeko koordinazio unitateetan gutxieneko zerbitzuak izatea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2024ko apirilaren 29an, zehazki, 2024ko apirilaren 29ko 06:00etatik 2024ko apirilaren 30eko 06:00etara, egitekoa den greba orokorra dela eta, greba eskubidea honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Basozain bat koordinazio unitate eta txanda bakoitzeko.

2. Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuak izendatuko ditu aurreko artikuluan adierazitako funtsezko zerbitzuak beteko dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau igortzea greba batzordeari, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2024ko apirilaren 26an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2406824