101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena larrialdiak kudeatzeko hirugarrenek aire bitartekoekin ematen dituzten zerbitzuetarako, 2024ko apirilaren 29rako deitutako greba dela-eta.

Lanaren Konfederazio Nazionala erakundeak (CGT) greba orokorrerako deia egin du 2024ko apirilaren 29rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Greba deialdiaren ondorioz larrialdien kudeaketaren arloan hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ezin dira gelditu, kontuan hartuta osasun laguntza, larrialdietako garraioa, suteak itzaltzeko lanak eta abar behar bezala egiteko zerbitzu osagarriak direla, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubideekin lotura estua dutenak eta, horrenbestez, botere publikoek bermatu behar dituztenak.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abenduaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean eta Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz bere gain hartu dituen eskumenen indarrez.

Azaldutakoaren arabera, foru agindu honen xedea da hirugarrenek ematen dituzten funtsezko zerbitzuak arautzea zenbait arlotan (osasun ebakuazioa larrialdi egoeran, larrialdietako operazioak, babes zibileko lanak eta suteen kontrako borroka), larrialdietako zerbitzuek funtzionamendu egokia izan dezaten 2024ko apirilaren 29rako deitu den greba dela eta; funtsezko zerbitzu horiek ezartzeko arrazoia da zerbitzu horiek nahitaez bete beharrekoak direla herritarrek larrialdi egoeretan dituzten beharrei babesa eta erantzuna emateko.

Funtsezko zerbitzuak zehazteko, kontuan hartu da zein diren administrazio honek aire bitartekoen zerbitzurako kontratuaren bidez itunduta dituen eginkizun publikoak, eta horietatik kanpo utzi dira pertsonen eta agintarien garraio zerbitzu funtzional hutsak, segurtasunarekin eta larrialdiekin loturarik ez dutenak.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. apartatuan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Legearen 41. artikuluan xedatutakoa,

AGINTZEN DUT:

1. 2024ko apirilaren 29rako deitutako greba dela eta, greba egiteko eskubidea erabiliko da funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

a) Larrialdietako osasun arloko aire garraioa, larrialdietako egoeretako osasun ebakuazioak barne. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

b) Erreskateak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

c) Babes zibileko lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

d) Su-itzaltzea. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

e) Nafarroako Foruzaingoaren patruila eta behaketa lanak. Kontratatutako zerbitzua ehuneko ehunean emanen dela bermatuko da.

2. Foru agindu honetan jasotzen diren funtsezko zerbitzuak zerbitzu bakoitza esleitua duen enpresak horretarako izendatzen dituen langileek beteko dituzte.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaritzari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaritzari eta Nafarroako Foruzaingoaren burutzari, eta jakinaraztea Greba Batzordeari eta Eliance Helicopter Global Services SLri.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

Iragarkiaren kodea: F2406676