101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horietan arreta emateko behar diren langileak 2024ko apirilaren 29rako iragarritako greba orokorrerako deialdia dela eta.

Nafarroako Lanaren Konfederazio Nazionala erakundeak (CGT) greba orokorrerako deia egin du 2024ko apirilaren 29rako.

Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Begien bistako segurtasun arrazoiak direla eta, ezinbestekoa da Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzea; izan ere, zerbitzu hori babes zibilaren arloko funtsezko zerbitzu publikoetako bat da, eta ezinbesteko bermea da larrialdi-egoerei aurre egiteko, etengabe erabilgarri dagoelako eta espezializatuta dagoelako. Horretarako, suhiltzaile-etxe bakoitzean gutxieneko operatibo bat hartu da oinarri gisa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren urriaren 20ko 112/2020 Foru Aginduan ezarri zena (foru agindu horren bidez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren lurralde egitura osatzen duten suhiltzaile-etxeak eta eskualdeak zehaztu ziren).

Justiziako Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, bidezkoa da Justizia Administrazioari dagozkion funtsezko zerbitzuak ematea bermatuko duten gutxieneko zerbitzuak zehaztea, zerbitzuaren etenaldiak herritarrei kalte konponezina ekar diezaiekeen alderdietan, dela haientzako babes jurisdikzionala ezinezkoa egiteagatik, dela herritarrek auzitegietan jardutean behar duten segurtasun juridikoaren printzipioaren aurkako egoera bat sortzeagatik; izan ere, bi kasuetan, Konstituzioaren 24. artikuluak bermatzen duen benetako babes judizialerako eskubidea urratuko litzateke. Ildo horretan, Justizia Zuzendaritza Nagusian gutxieneko zerbitzutzat hartu behar dira herritarrei eta profesionalei organo judizial eta fiskaletara iristea errazten dietenak, bai eta Justizia Administrazioaren funtsezko zerbitzuekiko lankidetza atzeratu ezin deneko kasuak ere.

Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,

AGINTZEN DUT:

1. 2024ko apirilaren 29rako iragarrita dagoen greba orokorrerako deialdia dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuan:

–Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua: (S.O.S. Nafarroa).

  • Segurtasun arloko 2 teknikari.
  • Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoko burua.
  • Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.
  • Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.
  • Goizeko txandan, aretoko buru bat eta koordinazioko 7 operadore laguntzaile.
  • Arratsaldeko txandan, aretoko buru bat eta koordinazioko 8 operadore laguntzaile.
  • Gaueko txandan, aretoko buru bat eta koordinazioko 4 operadore laguntzaile.

–Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua:

  • Ofizial edo ofizialorde bat Nafarroa osorako.
  • Ofizialorde bat edo sarjentu zentral bat.
  • Eskualdeko ofizialorde edo sarjentu bat.
  • Cordovilla: 11 langile (kaboak zein suhiltzaileak).
  • Iruña: 7 langile (kaboak zein suhiltzaileak) 8:00etatik 21:00etara, eta 6 langile (kaboak zein suhiltzaileak) 21:00etatik hurrengo eguneko 8:00etara.
  • Tutera: 5 langile (kaboak zein suhiltzaileak).
  • Altsasu, Auritz, Lodosa, Nabaskoze, Azkoien eta Zangoza: 3 langile (kaboak zein suhiltzaileak).
  • Lizarra, Oronoz eta Tafalla: 4 langile (kaboak zein suhiltzaileak).

–Justizia Zuzendaritza Nagusia:

  • Herritarrentzako Argibide eta Arretarako Bulegoa: Zerbitzu orokorretako 2 langile.
  • Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutua: Autopsietako laguntzaile bat.
  • Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala: Psikologo bat edo gizarte-langile bat.

2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.

3. Foru agindu hau Greba Batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura, Barne Zuzendaritza Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Justizia Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

Iragarkiaren kodea: F2406672