101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

145/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2024ko apirilaren 29rako iragarritako greba orokorraren deialdia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen arloan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

CGT sindikatuak greba orokorrerako deia egin du 2024ko apirilaren 29rako (apirilaren 29ko 06:00etatik apirilaren 30eko 06:00etara). Greba horrek eragina izanen du Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoaren barruan ezarritako enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publiko guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztietan, zeinahi delarik ere langile horien enpresaren edo administrazioaren eremua.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak eta eguneko arretarako zentroak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte-larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago ezen gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba orduetan.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Azkenik, Departamentuko Erregistroa zainduko duen pertsona bat egotea ere aurreikusten da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Estatuko araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko prozedurari buruzko foru araudiak herritarren eskaerak aurkezteko aitortzen duten eskubidea erabiltzen ahalko dela bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Greba Batzordeari igorri dio gutxieneko zerbitzuen proposamena.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2024ko apirilaren 29rako (apirilaren 29ko 06:00etatik 2024ko apirilaren 30eko 06:00etara) iragarritako greba orokorra dela eta, greba eskubidea honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da gizarte zerbitzuen eremuan:

A) Zentroen eremuan:

a) Gizarte zerbitzuen arlo guztietako egoitza zentroetan, etxebizitzetan eta eguneko arretarako zentroetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Egoitza zentroak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

–Etxebizitza gainbegiratuak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

–Jaiegunetan egoitzako arretarik ez duten zentroetan eta etxebizitza gainbegiratuetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko beharrezkoak diren zuzeneko arretarako langileak beharko dira.

–Etxebizitza funtzionalak: langile baten etengabeko arreta, zentrotik kanpora egiten diren eguneko jardueren orduetan izan ezik, jarduera horien ondorioz erabiltzaile bakar bat ez bada gelditzen etxebizitza funtzionalean.

–Eguneko arretarako zentroak: gutxienez zaintzaile bat zazpi erabiltzaileko, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Gainera, garraio zerbitzua mantendu beharko da, greba ordu horietan beharrezkoa bada.

–Etxeko laguntza zerbitzuak: Elikadura eta banaketa bermatuko dira, baita ezinbesteko arreta pertsonala ere.

B) Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7):

Pertsona batek nahitaez egon behar du Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Erregistro Orokorrean.

2. Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau jakinaraztea egun horretan zerbitzua emateko izendatutako langileei, Greba Batzordeari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2406830