101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez Iruñerrian egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrerako gutxieneko zerbitzuak ezartzen baitira, 2024ko apirilaren 29rako (apirilaren 29ko 06:00etatik apirilaren 30eko 06:00etara) deitutako greba orokorra dela eta.

Nafarroako CGT sindikatuak greba orokorrerako deia egin du 2024ko apirilaren 29rako (apirilaren 29ko 06:00etatik apirilaren 30eko 06:00etara). Greba horrek eragina izanen du Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoaren barruan ezarritako enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publiko guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztietan, zein den ere langile horien enpresa edo administrazioen eremua.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba orokorrerako deia dela eta, Foru Komunitatean bidaiari-garraioaren zerbitzuak ezin dira osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, deitutako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren apirilaren 23ko 193/2024 Ebazpenaren bidez (Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuaren titulartasuna erakunde horri dagokio), Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatu zaio gutxieneko zerbitzuak ezar ditzala, Nafarroako CGT sindikatuak 2024ko apirilaren 29an, zehazki, apirilaren 29ko 6:00etatik apirilaren 30eko 6:00etara, greba orokorra egiteko iragarritako deia dela-eta.

Ebazpen horren arabera, antzeko ezaugarriak zituzten beste greba batzuetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira grebarako dei honetan. Horrela, deialdi hauetan aurkitzen ditugu aurrekari hurbilenak:

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 45/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 24ko 424/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 45/2009 Foru Agindua.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 44/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 4ko 327/2011 Epaiak ez zuen onartu 6/2011 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2010eko irailaren 29rako greba orokorrerako deia, CCOO, UGT, CGT eta Confederación Intersindical sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren irailaren 16ko 57/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 6/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 13ko 389/2011 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 6/2011 Foru Agindua.

–2012ko irailaren 26rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 42/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren apirilaren 17ko 352/2013 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 42/2012 Foru Agindua.

–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (cobas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 9/2018 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2020ko urtarrilaren 30erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urtarrilaren 21eko 4/2020 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren ekainaren 25eko 99/2020 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 4/2020 Foru Agindua.

–2023ko apirilaren 28rako greba orokorrerako deialdia, Confederación General de Trabajadoresek (CGT) aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren apirilaren 24ko 17/2023 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2023ko maiatzaren 18rako greba sektorialerako deialdia, Confederación General del Trabajo (CGT) sindikatuaren Errepideko Garraioaren Sektore Federalak aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren maiatzaren 11ko 32/2023 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2023ko azaroaren 30erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren azaroaren 22ko 85/2023 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

Ebazpen horrek, halaber, Iruñerriko hiri garraioaren ezaugarri bereziak hartzen ditu kontuan, zeinak Iruñerriko Mankomunitateko Garraioaren Arloko zuzendariak berariaz egindako txostenean zehazten baitira eta aipatu espedientean jasota baitaude. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira, bai eta greba zehatz-mehatz zer egunetarako deitzen den ere.

Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira, eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.

Iruñerrian ez dago hiri garraio kolektiborako bestelako alternatibarik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan.

Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiri garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez da inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (151.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).

Deitutako grebak, batez ere, bestelako garraiobiderik (norberaren autoa edo bidaide gisa joateko aukera) ez duten erabiltzaileek egunero garraio publikoan egiten dituzten 83.000 bidaiei eraginen die, eta, ondorioz, pertsona horiek zuzenen jasanen dituzte grebaren ondorioak.

Era berean, erabiltzaileei eman beharreko argibide egokiak kontuan hartu behar dira, edo, berdin dena, zehazten den zerbitzu mailak erabat ikusgai izan behar du.

Hiri garraioaren erabilera, neurri handi batean, garraio horri buruz ematen den informazioaren menpe dago. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, eskuragarri dagoen informazioaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabiltzailea "ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain" (maiztasun handiko zerbitzuetan ohiko portaera da hori), ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea guztiak arrazoizko tarteetan iritsiko direla eta informazio hori ulergarria izanen dela.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren aipatu ebazpenean jasotzen dira hiri garraioak lanegun arrunt batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak.

Hala, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

a) Eguneko sareak 23 linea ditu: 19 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 zirkular, honako maiztasun hauek dituztenak:

–Maiztasun handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 9 linea (3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).

–Maiztasun ertaina edo handia: 15 eta 20 minutu arteko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (2, 5, 6, 11, 15, 17, 19, 20 eta 25).

–Maiztasun txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (1, 10, 14, 22 eta 23).

Lanegun batean 132 autobus ibiltzen dira, gutxi gorabehera:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 117.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 13 inguru.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.

b) Gaueko sareak 10 linea ditu: 9 erradial eta zirkular 1. Maiztasunak eta lineak diferenteak dira astegun batetik bestera. Greba 29ko 6:00etan hastekoa denez, eta 30eko 6:00ak arte iraunen duela aurreikusten denez, kontuan hartu beharko da apirilaren 29tik 30era bitarteko gaueko zerbitzua, hots, astelehen gauetik asteartera bitartekoa. Hala, apirilaren 29ko greba orokorraren eraginpeko aldiari dagokionez, honako hau litzateke eskaintza:

Astelehenetako eskaintza (laneguna edo jaieguna izan) 22:45etik 00:30era izaten da, gutxi gorabehera:

–30 minutuko tartea autobus batetik bestera: 4 linea (N2, N5, N6 eta N10).

–30-60 minutuko tartea autobus batetik bestera: 5 linea (N1, N3, N4, N7 eta N8).

–N9 lineak ez du zerbitzurik ematen.

Gaueko zerbitzuan autobus gutxiago daude martxan, nabarmenki, egunekoan baino:

–13 autobus finko.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak ordezteko: 1.

Jarraian, aipatu ebazpenean jasotzen dira eskualdeko hiri garraioak eskola eta lan egun batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak:

a) Eguneko sarean, 151.000 bidaiari daude batez beste.

Eskola eta lan egun baterako garraio-eskariak puntako hiru tarte ditu:

–Goizeko puntako orduak: 6:30etik 9:30era; 12.400 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,7 inguru biltzen du.

–Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 15.700 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %20,9 inguru biltzen du.

–Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 10.300 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %21,8 inguru biltzen du.

–Gutxien erabiltzen diren orduei eta haraneko orduei dagokienez, goizeko haraneko orduan (09:30-13:00) arratsaldekoan (15:30-17:00) baino bidaia gutxiago daude.

Bestalde, hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan eskualdeko hiri garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik atereak eta ehunekotan emanak:

LANA

IKASKETAK

KUDEAKETAK EGITEA

EROSKETAK

MEDIKUA,
OSPITALEA

BESTELAKOAK

GUZTIRA

%38,3

%20,4

%13,2

%6,6

%6,3

%15,1

%100,00

Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoiek garraio publikoan egindako joan-etorrien bi heren biltzen dute.

Egun tartearen arabera arrazoien banaketari dagokionez, lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen dira batez ere, eta mediku eta ospitaleengatik egindakoak egunean zehar banatzen dira.

Erabiltzaileek berek betetako inkestako datuen arabera, lanegunetako bidaiarien %55ek ez du bestelako garraiobiderik.

b) Gaueko sarean, hau da bidaiarien batez besteko kopurua:

–Igandetik asteazkenera: 1.000 bidaiari gau bakoitzeko (ordubete eta erdiko zerbitzua, gutxi gorabehera).

–Osteguna: 2.500 bidaiari gau bakoitzeko (5 ordu eta erdiko zerbitzua, gutxi gorabehera).

Kontuan hartuz goian esandakoa eta Iruñerriko hiri garraioak duen eskaintzaren eta eskariaren ezaugarriak, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpen horretan, gutxieneko zerbitzuen honako proposamen hau egiten da:

a) Eguneko sarean gutxieneko zerbitzuen banaketa aldakorra proposatzen da, eskaria aldatu egiten baita egunean zehar.

Prozedura hori gauzatu ahal izateko, tarte homogeneoen arabera zehaztu dira gutxieneko zerbitzuak, puntako orduen eta haraneko orduen eskemari jarraituz:

–Goizeko puntako ordua: 06:30etik 09:30era.

–Eguerdiko puntako ordua: 13:00etatik 15:30era.

–Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era.

–Haraneko orduak gainerakoak izanen dira.

–Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, ikasketak, medikua, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, garai horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definitua, neurri horretakoa izan beharko litzateke.

Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 73 autobus finko eta erreserbarako autobus bat, bai eta errefortzuko 6 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 117 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 13 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da.

Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 14 lineatan (3, 5, 6, 9, 10, 11, 14, 15, 16, 19, 20, 21, 22 eta 25 zenbakidunetan), 8 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (1, 2, 4, 7, 8, 12, 17 eta 18 zenbakidunetan) eta linea batean handiagoa da (23 zenbakidunean).

Haraneko orduetako gutxienekoa ezartzeko, haraneko orduaren eta puntako orduaren arteko erlazioa hartzen da kontuan, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Erlazio izanen litzateke 7.298 zati 10.752 bidaiari/ordu. Emaitza, beraz, puntako orduaren %67,87 da. Erlazio hori puntako orduan finkatutako gutxienekoari aplikatuz gero, %67,87 bider %60 izanen genuke; hau da, %40,73ko emaitza.

Portzentaje hori zehazteko zerbitzu operatiboetan adierazten bada, 53 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko dira, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.

Beraz, lanegunetako ohiko zerbitzuarekin alderatuta, gutxieneko zerbitzuak %60koak izanen dira puntako ordurako (ordu tarte hauetan: 06:30etik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era), eta %40koak haraneko orduetan (ordu tarte hauetan: 09:30etik 13:00etara, 15:30etik 17:00etara eta 20:30etik 22:30era). Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen I. eranskinean ikus daitekeen moduan.

Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

b) Gaueko sareak zerbitzu murriztua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko maiztasuna du. Horregatik, gutxieneko mugikortasuna bermatzeko, funtsezko zerbitzu hauek proposatzen dira:

–2024ko apirilaren 29ko (astelehena) gauetik apirilaren 30eko (asteartea) goizaldera arteko txandarako: linea bakoitzaren lehen eta azken zerbitzua egitea, burualde bakoitzetik.

Horrenbestez, kontuan harturik bai Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, bai martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua, bat etorrita Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin eta erabilita Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako CGT sindikatuak 2024ko apirilaren 29rako, zehazki, apirilaren 29ko 06:00etatik apirilaren 30eko 06:00etara, deitu duen greba orokorra egitean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean:

a) Eguneko zerbitzuan: %60 puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40 haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, foru agindu honen eranskinean zehaztutako zerbitzuaren arabera.

Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

b) Gaueko zerbitzuan, gutxieneko zerbitzu hauek eginen dira:

–2024ko apirilaren 29ko (astelehena) gauetik apirilaren 30eko (asteartea) goizaldera arteko txandarako: linea bakoitzaren lehen eta azken zerbitzua egitea, burualde bakoitzetik.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina jakinaraztea CGT sindikatuari, Garraioaren Plangintza eta Modernizazio Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal SAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 25ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

ERANSKINA.–GUTXIENEKO ZERBITZUAK 2024KO APIRILAREN 29KO 6:00ETATIK APIRILAREN 30EKO 6:00ETARA EGINEN DEN GREBA DELA-ETA.
LANEGUNAK (%40 - %60)

LINEA

HARANEKO ORDUETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA (%40)

(9:30etik 13:00etara; 15:30etik 17:00etara; 20:30etik 22:30era)

PUNTAKO ORDUETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA (%60)

(6:30etik 9:30era; 13:00etatik 15:30era; 17:00etatik 20:30era)

Ibilgailu kop.

Tarteak autobus
batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

Ibilgailu kop.

Tarteak autobus
batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

L-1

1

60

60

2

30

60

L-2

2

30

60

3

20

60

L-3

2

20

40

3

15

45

L-4

9

12

108

9

12

108

L-5

2

30

60

2

30

60

L-6

1

60

60

2

30

60

L-7

4

30

120

8

15

120

L-8

2

30

60

3

20

60

L-9

2

40

80

3

24

72

L-10

2

45

90

2

45

90

L-11

3

30

90

3

30

90

L-12

2

35

70

4

20

80

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

1

60

60

2

30

60

L-16

5

20

100

5

20

100

L-17

2

40

80

4

20

80

L-18

3

30

90

6

15

90

L-19

2

45

90

3

30

90

L-20

2

30

60

2

30

60

L-21

2

20

40

3

15

45

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

1

120

120

1

120

120

L-25

1

40

40

1

40

40

Erreserbak

1

1

Errefortzukoak

6

54

80

Iragarkiaren kodea: F2406825