101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak 2024ko apirilaren 29rako iragarritako greba orokorrerako deialdia dela eta.

CGT sindikatuak greba orokorrerako deia egin du 2024ko apirilaren 29rako.

Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horietan arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea eta zerbitzu publikoetarako berdintasunezko sarbidea babesteko asmoz –biak ala biak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortuak daude, eta bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 102., 106. eta 108. artikuluetan–, erregistro zerbitzuaren funtzionamendua bermatu behar da, gutxieneko eta ezinbesteko langile kopurua zehaztuta. Bestalde, goian aipatutako ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatu beharra dagoela ezartzen du.

Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2024ko apirilaren 29rako iragarrita dagoen greba orokorrerako deialdia, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuan:

Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia:

Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoan: administrari bat.

2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.

3. Foru agindu hau Greba Batzordeari eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren titularrari jakinaraztea, eta igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2024ko apirilaren 26an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2406823