101. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1304E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, aldatzen duena abenduaren 18ko 7963E/2023 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira 2024rako dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak egiteko.

Deialdiari buruzko aipatu ebazpen horren 4. puntuan adierazten da gehienez 200.000 euro gehiago baimentzen ahalko direla.

Kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzetarako eskaera gero eta gehiago dagoenez, hasieran esleitutako zenbatekoa agortzen ari da. Gainera, SNE-NL prospekzio-lanak egiten ari da eskura dituen zerbitzuak ezagutzera emateko, eta SODENAk ere laguntzen dio horretan, Nafarroan instalatutako enpresa handietara egiten dituen programatutako bisitetan zehazki programa hau aurkezten ari baita. Horren ondorioz, hainbat enpresak adierazi dute konpromisoa atxikia duen prestakuntzarako dirulaguntza hau erabiltzeko interesa dutela, langabeak prestatzeko eta kontratatzeko eta beren taldeetan sartzeko helburuarekin. Planteatzen ari diren proiektuetako batzuk garrantzi handikoak dira, eta pertsona askorentzako prestakuntza izanen dute atxikia; beraz, hasiera batean deialdia handitzeko ezarritako zenbatekoa (200.000 euro) ez da nahikoa izanen aurreikusitako eskaerei aurre egiteko.

Horregatik guztiagatik, aipatutako ebazpenaren 4. puntua aldatzea proposatzen da, eta 1.500.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria baimentzea. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, baimena eman beharko da, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatu delako.

Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria aplikatuz, zehazki, 3.a) 2. kasua, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua handitzeagatik kreditua sortu, handitu edo gehitu delako.

Azaldutako guztiagatik, egokia iruditu zaigu baimendu beharreko gehieneko zenbateko gehigarria (1.500.000 euro) aldatzea, deialdiari buruzko ebazpenean adierazitako 200.000 euroko zenbatekoaren ordez.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 18ko 7963E/2023 Ebazpena, eta baimentzen ahal den gehieneko zenbateko gehigarria handitzea, 1.500.000 eurokoa izan dadin.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 2an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2407227