10. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

937E/2023 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 733784.

Industria funtsezko elementua da ekonomia mugiarazteko eta enplegua sortzeko. Industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, eta ETE-en hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko, neurri hau onesten da: dirulaguntzak ematea produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten Nafarroako industriako ETE-ei.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 8ko erabaki baten bidez hartu zuen 2026rako urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa, 10.000.000,00 eurokoa.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdiko konpromisoei erantzuteko, 10.000.000,00 euroko gastua baimentzea honako partida honen kargura: 2023ko gastuen aurrekontuko "Industrian inbertsioak egiteko dirulaguntzak" izeneko 810007-81200-7701-422205 partidaren baliokide den 2026ko aurrekontu partida. Gasturako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810007-81200-7701-422205: Industrian inbertsioak egiteko laguntzak

2026

10.000.000

Halaber, 6.000.000,00 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 14an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Laguntzen xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako industriako ETE-etan inbertsioak egin daitezen sustatzea, enpresa horien hazkunde jasangarria eta lehiakortasuna sendotzeko eta haietan enplegua sortzeko.

2. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra –KSEO–).

b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskaturik izatea, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru agindu horren bidez sortu baitzen Nafarroako Industria Erregistroa (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa). Inskribaturik egotea beharrezkoa ez bada, industria erregistroaren arloan eskumena duen organoaren frogagiria aurkeztu behar da.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

e) "Krisian dagoen enpresa" ez izatea; krisian dagoen enpresatzat joko da KSEOren 2. artikuluko 18. definizioarekin bat datorrena. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

f) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Laguntza eskatzearekin batera baimena emanen zaio organo emaileari zuzenean eskura ditzan eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten egiaztagiriak; laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean izan beharko dituzte egunean aipatutako betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

3. Oinarri honetako betekizunak laguntzen fitxan dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

4. Enpresa onuradunean egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak laguntza ordaintzeko ebazpenean baimendu beharko du, behar bada, enpresa onuradunaren aldaketa. Hori egin baino lehen, laguntzaren intentsitatearen ehunekoa berriro kalkulatuko da, 8. oinarriarekin bat, eta ezin izanen da inoiz izan hasiera batekoa baino handiagoa.

5. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren sektore publikoko entitateak.

6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren adinakoa edo handiagoa.

Nahi izanez gero, 6. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiri hori eskuratutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. oinarria. Inbertsio proiektuek bete beharrekoak.

Aktibo material eta immaterialetan inbertitzeko proiektuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Honako arlo hauetako jardueraren batera bideratuta egotea:

–Manufaktura-industria (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren –aurrerantzean EJSN– C taldeko 13. mailatik 33.era, biak barne).

Salbuespena izanen dira EBFTren I. eranskinean zerrendatutako produktuak (arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko sektorea izan ezik), bai eta nekazaritzako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko jarduera guztiak ere.

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (2009ko EJSNren D taldeko 353. jarduera).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (2009ko EJSNren E taldeko 382., 383. eta 390. jarduerak).

–Salgaien gordailutzea, biltegiratzea eta manipulatzea, eta garraioarekin loturiko beste jarduera batzuk (2009ko EJSNren H taldeko 521., 5224. eta 5229. jarduerak).

–Informazioa eta komunikazioak (2009ko EJSNren J taldea), salbu eta banda zabaleko sareak garatzeko inbertsio proiektuak.

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak, aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk eta saiakuntza eta analisi teknikoak (2009ko EJSNren M taldeko 7112. eta 712. jarduerak).

–Ikerketa eta garapena (2009ko EJSNren M taldeko 72. jarduera).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (2009ko EJSNren M taldeko 741. jarduera).

b) Helburu hauek izatea:

1. Establezimendu berri bat sortzea.

2. Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

3. Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

4. Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

5. Establezimendu baten aktiboak erostea, ondoko baldintza hauek betetzen direnean:

i. Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxiko bazen.

ii. Aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosiak izatea.

iii. Eragiketa merkatu-baldintzetan gertatzea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo enplegatu batek hartzen dutenean enpresa txiki bat, aktiboak eroslearekin harremanik ez duen hirugarren bati erosteko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa batek akzioak erostea ez da inbertsioa izanen.

c) Gutxieneko aurrekontu diruz lagungarri bat izatea, 2.1.a) oinarriaren arabera enpresak duen tamainari dagokiona:

ENPRESAREN NEURRIA

GUTXIENEKO AURREKONTUA

Mikroenpresa

15.000 euro

Enpresa txikia

50.000 euro

Enpresa ertaina

100.000 euro

d) Nafarroan kokatuta egotea. Ulertuko da proiektuen kokalekua dela inbertsioak fisikoki egiten diren tokia. Ez bada posible proiektuen kokaleku fisikoa zehaztea, ulertuko da eskatzailearen egoitzan dagoela, hots, jarduera garatzen duen zentroan. Eskatzaileak egoitza bat baino gehiago baditu edo jarduera zenbait zentrotan garatzen badu, proiektua zertara bideratzen den, jarduera hori garatzen duen zentroa izanen da proiektuaren kokalekua.

e) Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du. Baldintza hori frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena eginen da; laguntzen eskaerari erantsi beharko zaio, eta aditzera eman beharko du proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari.

f) 6. oinarrian ezarritako epean gauzatzea.

4. oinarria. Kostu diruz lagungarriak.

1.–Aktibo material eta immaterialetan egiten diren inbertsioen kostuak izanen dira diruz lagungarriak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1.1. Inbertsioak proiektuari badagozkio zalantzarik gabe eta honako hauetan badautza:

a) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, zenbatekoa ez bada proiektuaren kostu diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

b) Ondasun higiezinak eta instalazio orokorrak eskuratzea, eraikitzea edo hobetzea.

c) Makineria, ekipo-ondasunak eta ondoko instalazioak eskuratzea.

Finantza-errentamenduaren bidez eskuratzen badira, 7. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

d) Aktibo immaterialak eskuratzea: patenteak, lizentziak, ezagutza teknikoak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk.

e) Beste kostu batzuk, b), c) eta d) letrei loturikoak, esate baterako, obra-, jarduera- eta irekiera-lizentziak eskuratzeagatik izandako kostuak, edo arkitektura eta ingeniaritza enpresen edo aholkularitzakoen zerbitzu-sariak. Hauen kontura, jatorriko kostuen %20 izanen da diruz lagungarria gehienez.

1.1 apartatu honetako letra bakoitzari dagozkion inbertsio moten informazioa laguntzen fitxan argitaratuko da.

1.2. Lursailak eta ondasun higiezinak eskuratuz gero, zenbateko diruz lagungarria ezin izanen da izan horien merkatu balioa baino handiagoa, eta hori egiaztatzeko, behar bezala akreditatuta dagoen eta dagokion erregistro ofizialean izena emana duen tasatzaile independente baten ziurtagiria beharko da, edo bestela, behar bezala baimendutako erakunde publiko batek emandakoa. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

Eskuratutako lursailak edo ondasun higiezinak enpresarenak badira edo KSEOren arabera hari zuzenean nahiz zeharka loturiko edo elkarturiko beste enpresa batenak badira, edo haienak izan badira azken 10 urteetan, eskuratze horiek ez dira diruz lagungarriak izanen.

1.3. Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasatzaile independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko gastuak, baldin inbertsioaren kostu handiagoaren gisa kontabilizatzen badira.

1.4. Aktibo immaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.

Ulertuko da hodeian kudeatzeko software programek edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu direnek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.

b) Aktibo amortizagarritzat hartuko dira.

c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiko zaizkie, merkatuko baldintzetan.

2. Diruz lagungarriak izan daitezen, inbertsioak enpresaren ibilgetuaren kontu espezifikoetan aktibatu behar dira.

3. Enpresak bere merkataritza-jardueraren ondoriozko kostu diruz lagungarriak izan baditu, kostu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-aldietan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epealdietan.

4. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

d) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

e) Aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

f) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak; horiek diruz lagungarriak izanen dira.

g) Zorren interesak eta bestelako finantza-gastuak.

h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

i) 6. oinarrian adierazitakoa betetzen ez duten kostuak (hots, inbertsioak gauzatzeko aldian fakturatu eta ordaindu ez direnak)

j) Laguntza-eskaeraren eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketekin egindako inbertsioak.

k) 500 eurotik beherako inbertsio elementuak. Mikroenpresen kasuan, 100 eurotik beherakoak.

l) 500 eurotik beherako zenbatekoaz kontabilizatu edo fakturatzen den inbertsio elementuaren zatia. Mikroenpresen kasuan, 100 eurotik beherako zenbatekoaz.

5. oinarria. Hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa.

1. Kostu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan eta arkitektura, ingeniaritza edo aholkularitza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Onuradunek ez dituzte hiru eskaintza horiek aurkeztu beharko "Hornitzailea aukeratzeko jarraibideak" agirian adierazitako kasuetan (laguntzen fitxan eskuragarri); hala ere, inguruabar hori justifikatu beharko dute aipatu inprimakian.

2. Inprimakia eta, kasua bada, hiru eskaintzak, inbertsioen justifikazioarekin batera aurkeztuko dira, 13. oinarrian adierazitako moduan.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, inbertsio horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.

6. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

1. Inbertsioak laguntza eskatzen den egunetik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

Ondorio horietarako, inbertsioa kasuan kasuko aldian gauzatutzat joko da honako baldintza hauek betetzen direnean:

–Inbertsioa fisikoki burututa egotea; 14.2 oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko da hori.

–Inbertsioa osorik fakturatuta egotea gauzatze aldiaren barruan.

–Inbertsioa ordainduta egotea gauzatze aldiaren barruan (fakturaren bat ez bada aldi horretan ordaintzen, faktura hori baizik ez da laguntzatik kanpo geratuko).

Ordaindukoak, confirmingak, kanbio-letrak edo bestelako kanbio-efektuak erabiltzen badira, laguntzaren onuradunak gauzatze aldiaren barruan egin beharko du ordainketa.

2. Laguntzek duten izaera pizgarria bermatzearren, zeina jasota baitago KSEOren 6. artikuluan, ez dira diruz lagunduko laguntzen eskaera eguna baino lehen hasitako edo gauzatutako inbertsioak. Hori egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat egiten ahalko du enpresaren establezimendura.

Aipatu erregelamendu horren 2.23) artikuluaren arabera, "lanen hasiera" da inbertsioko eraikuntza-lanen hasiera, edo, bestela, ekipamendu eskaerarako egiten den lehen konpromiso irmoa edo inbertsioa atzeraezina egiten duen beste konpromiso bat, data hori lehenagokoa bada. Inbertsioa egiteko baimenak lortzea ez da inbertsioaren hasieratzat hartuko. Laguntza eskatu baino lehenagoko baimenen zenbatekoa ez da izanen diruz lagungarria. Eskualdatzeen kasuan, ulertuko da inbertsioak hasten direla erositako establezimenduari zuzenean lotutako aktiboak eskuratzen diren unean.

3. Proiektuak gauzatzeko epea (2023ko maiatzaren 31) handitzea eskatzen ahalko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta enpresari egotz ez dakizkiokeen kausengatik bada. Epea handitzea baimentzen da, 2026ko abuztuaren 31ra arte luzatuko da gehienez.

Epea handitzeko eskaera 2026ko apirilaren 15ean aurkeztuko da beranduenez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez, eta organo kudeatzaileak ebatziko du.

7. oinarria. Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez eskuratzea.

1. Instalazioetan edo makinerian inbertitzeko diren finantza-errentamendu bidezko eskuratzeen gastua soilik izanen da diruz lagungarria, honako baldintza hauek betetzen direnean:

a) Onuradunak konpromisoa hartu beharko du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du.

b) Inbertsioaren fakturaren data, finantza-errentamenduaren kontratuarena eta eragiketaren BEZa ordaindu izanarena 6. oinarrian ezarritako gauzatze aldiaren barrukoak izanen dira.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

3. Inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoak muga bat izanen du, zehazki, laguntzak ordaintzeko proposamena egiten den egunean ordainduta dagoen amortizazioaren zenbatekoa.

8. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, honako ehuneko hauek aplikatuko zaizkie inbertsio proiektuaren guztizko kostu diruz lagungarriei, 2.1.a) oinarriarekin bat enpresak duen tamainaren arabera:

ENPRESAREN NEURRIA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Enpresa ertaina

10

Enpresa txikia

18

Mikroenpresa

20

2. Gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa enpresa bakoitzeko 500.000 euro izanen da.

9. oinarria. Laguntzak eskatzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es /eu/hasiera).

3. Eskaera telematikoari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, behar denean, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia.

b) Memoria tekniko eta ekonomikoa, enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituena. Uste bada inbertsio-proiektua S4ko lehentasun edo lan-ildoetako batean sartzen dela, hori frogatzen duen memoria aurkeztu beharko da.

c) Enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Enpresa ertainek eta enpresaren bat loturik edo elkarturik dutenek tamainari buruzko ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori merkataritza ganbera batek eman beharko du, edo "eginkizun publiko administratiboak" (horien barruan halako ziurtagiria ematea) legez esleiturik dituen zuzenbide publikoko beste erakunde batek. Horretarako, behar den dokumentazioa helarazi beharko zaio ziurtagiria egin behar duen erakundeari.

Gainerako enpresek zer aurkeztu aukeratzen ahalko dute: aipatu ziurtagiria edo enpresaren 2020., 2021. eta 2022. ekitaldietako urteko kontuak, itxita, sinatuta eta merkataritzako erregistroan gordailututa (auditatuak, nahitaezkoa denean).

e) Kasua bada, 17. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako, jasotako beste laguntza batzuen egiaztagiriak.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita betetzen direla onuradun izateko gainerako betekizunak (2. oinarria) eta inbertsio-proiektuak ez diola kalte nabarmenik eragiten ingurumenari (3.e oinarrian eskatzen denarekin bat).

g) 10. oinarriaren 1.1.2 eta 2.4 apartuetan ezarritakoa baloratzeko, enpresa eskatzailearen 2020., 2021. eta 2022. ekitaldietako urteko kontuak, itxita, sinatuta eta merkataritzako erregistroan gordailututa (auditatuak, nahitaezkoa denean).

h) 10. oinarriko 1.1.3 apartatuan ezarritakoa baloratzeko: 2023ko abenduaren 31ko lan-bizitzaren txostenak, enpresak Nafarroan dauzkan kotizazio kontuei dagozkienak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak.

i) 10. oinarriko 1.1.4 irizpidea baloratu ahal izateko ("Langileen prestakuntzaren sustapena"): prestakuntza hobariduna tramitatu den urte bakoitzeko "Enpresa txostena" edo "Laburpen txostena - ekitaldia". Txosten horiek www.fundae.es webgunean daude eskuragarri.

j) 1.1.5 irizpidea baloratu ahal izateko ("Genero berdintasunaren sustapena"): 10. oinarriko neurriren bat egiaztatzeko agiriak.

k) 1.2 irizpidea baloratzeko ("Ekoizpen ezarpen berria"): 10. oinarriaren araberako egiaztagiriak.

l) 10. oinarriko 2.2 irizpidea baloratzeko ("Inbertsioak fabrikazio aurreratuko sistemetan-4.0 Industria"): eraldaketa digitalerako plana.

4. Ez da beharrezkoa izanen g) letran adierazitako agiriak aurkeztea industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen aurreko deialdietan aurkeztu badira. Halakoetan, adierazi beharko da agiri horiek zer espediente-zenbakiren harira aurkeztu ziren.

5. Eskaerak ez baditu betetzen oinarri honetako a) letratik f) letrara bitarte adierazitako baldintzak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten duela ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Bestalde, h) letratik l) letrara bitarte adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da hori zuzendu, eta hortaz, ezin izan da punturik lortu 10. oinarrian ezarritako irizpideetan.

10. oinarria. Laguntza eskaerak baloratzeko irizpideak.

Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira; gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

1.–Proiektua eginen duen enpresa baloratzeko irizpideak:

1.1. Nafarroan 2024ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik diharduten enpresak:

1.1.1. Enpresaren tamaina eta mota:

ENPRESA

PUNTUAZIOA

Enpresa ertaina

4

Enpresa txikia

6

Mikroenpresa

8

Ekonomia sozialeko enpresak (*)

8

(*) Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten enpresak.

Enpresaren tamaina KSEOren I. eranskinean jasotakoaren arabera zehaztuko da. Behar denean, 9.3.d) oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztuko da.

1.1.2. Enpresaren hazkundea:

2022ko NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA / 2021eko NEGOZIO-ZIFRAREN ZENBATEKO GARBIA

PUNTUAZIOA

≥ 1,00 eta < 1,10

1

≥ 1,10 eta < 1,20

3

≥ 1,20 eta < 1,50

5

≥ 1,5

7

Negozio-zifraren zenbateko garbia enpresa eskatzailearen 2021eko eta 2022ko ekitaldien galeren eta irabazien kontuetan agertzen dena izanen da.

1.1.3. Enpresa eskatzaileak Nafarroan duen enplegu mugagabearen ehunekoa, 2023ko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABEA DUTENEN KOP. /
GUZTIRAKO KONTRATU KOP.

PUNTUAZIOA

≥ %85 eta < %90

4

≥ %90 eta < %95

6

≥ %95

8

Kontratu mugagabea dutenen kopurua eta guztirako kontratu kopurua Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanen dituen lan bizitzako txostenetan (2023ko abenduaren 31ra artekoak) ageri direnak izanen dira, eta enpresak Nafarroan duen kotizazio-kontu bakoitzarenak izanen dira.

1.1.4. Langileen prestakuntzaren sustapena:

Baloratuko da enpresak prestakuntza sustatu eta egin duen azken hiru urteetan (2021, 2022 eta 2023) hobari programaren bidez, FUNDAE bitartez. Prestakuntza hori tramitatu den urte bakoitzeko bi puntu emanen dira, eta 5 puntu gehienez.

Eskatzaileak eskaerarekin batera aurkeztuko du "enpresa txostena" edo "laburpen txostena - ekitaldia", prestakuntza hobariduna tramitatu duen urte bakoitzarena. Txosten horiek www.fundae.es-en eskuratu ditzake eskatzaileak.

Baloratuko da "Prestakuntza ekintzetarako erabilgarri" atala (lehen txostena bada) edo "Kreditu erabilgarria" atala (bigarren txostena bada) positiboa izatea.

1.1.5. Genero berdintasuna sustatzeko neurri hauetakoren bat hartzea: 2 puntu.

a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).

b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, merkataritza erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak, ahaldundutako pertsonak edo administratzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

c) Plantillan 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

–Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste batzuk aplikatu izana; hori, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da.

–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

1.2. Ekoizpen-ezarpen berria Nafarroan: 30 puntu, oinarri honen 1.1 apartatuen guztizkoari dagozkionak. Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da:

a) Enpresa Nafarroan ekoizten hastea 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

b) Proiektuaren xedea izatea uholde, sute edo beste natura-hondamendien ondorioz edo enpresaren nahiarekin zerikusirik ez duen istripu batengatik hondatutako nabeak, makinak eta instalazioak berreraikitzea. Kasu horietan, berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi emandako laguntzak ez dituzte kostuak gaindituko.

Ekoizpen ezarpen berrien kasuak eta egiaztagiriak laguntzen fitxan zehaztuko dira.

2.–Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak:

2.1. 4.1.1 oinarriko c) eta d) letretan sartutako inbertsioen ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

C) eta D) LETREN INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %0 eta < %25

5

≥ %25 eta < %50

10

≥ %50 eta < %75

15

≥ %75

20

2.2. Trantsizio digitala: fabrikazio aurreratuko sistemetan (4.0 Industria) egindako inbertsioaren ehunekoa, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %10 eta < %25

5

≥ %25 eta < %50

10

≥ %50 eta < %75

15

≥ %75

20

4.0 Industrian egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialduna.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazio edo biki digitala.

–Big data, analitika aurreratua eta adimen enpresariala.

–Gauzen Internet.

–Hodei-konputazioa.

–Zibersegurtasuna.

–AGV.

Aipatu puntuazioa lortzeko beharrezkoa izanen da enpresak eraldaketa digitalerako plan bat edukitzea, eta horren irismena izatea "Industria aktiboa 4.0 programa" edo "4.0 Ibilbideak" laguntzen programan aurreikusitakoa edo UNE 0061:2019 arauan (4.0 Industria. Digitalizaziorako kudeaketa sistema. Baldintzak ebaluatzeko irizpideak) ezarritakoa; enpresaren egoera arau horretan ezarritako irizpideekin eta arloekin bat ebaluatu beharko da. (Arloak: Negozio-estrategia eta testuingurua, Azpiegitura teknologikoa, Antolamendua eta pertsonak, Prozesuak eta Produktuak eta zerbitzuak).

2.3. Proiektua bat etortzea zuzenean Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) lehentasun tematikoetako edo trantsizioetako batekin.

LEHENTASUN TEMATIKOAK / TRANTSIZIOAK

PUNTUAZIOA

Mugikortasun elektrikoa eta konektatua eta Energia Berdearen Industria

10

Gainerako lehentasun tematikoak / trantsizioak (ekologikoa eta digitala)

5

2.4. Inbertsio ahalegina: Ratio bat da, inbertsio proiektuaren guztirako kostu diruz lagungarriaren eta 2022ko ekitaldiko urteko kontuetan ageri den negozio-zifraren artekoa.

Puntuazioa (osoko zenbakia) lortutako balioaren %50 izanen da (inbertsio diruz lagungarria / negozio-zifra %), gehienez 20 puntu.

Inbertsio ahalegina = Osoko zk. [(Inbertsio diruz lagungarria/negozio-zifra) % / 2]

Oinarri honen 1.2 apartatuaren arabera ezarpena berria dela jotzen bada, enpresek 20 puntu lortuko dituzte apartatu honetan.

3.–Lortutako puntuazioan berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

a) Laguntzarik jaso ez izana industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen azken deialdian.

b) Ondoko irizpideetan puntuazio handiagoa lortu izana:

1. Trantsizio digitala (2.2 irizpidea).

2. Inbertsio ahalegina (2.4 irizpidea).

3. Inbertsio proiektua baloratzeko irizpideak (2. apartatuko irizpideen guztirako puntuazioa).

c) Eskaera aurkeztu den eguna.

11. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 8. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.

2. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, laguntzak emateko proposamena eginen du, eta bertan adieraziko du onuradunek laguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskaerak ebaluatu bitartean, organo kudeatzaileak zilegi izanen du beharrezko jotzen dituen egiaztapen jarduketak egitea, eta beharrezko jotzen duen nahi beste informazio osagarri edo argigarri eskatzen ahalko die eskatzaileei, eta ohartaraziko die ezen, ez badiote egindako errekerimenduari 10 egun balioduneko epean erantzuten, aurkeztutako dokumentazioaren arabera ebatziko dela laguntza ematearen gainean.

3. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak ebatziko du laguntzen deialdia. Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea (9. oinarrian) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, inbertsioak gauzatu eta justifikatzeko beste epe bat finkatzen ahalko da.

12. oinarria. Inbertsio proiektua aldatzea eta ez-gauzatzeak jakinaraztea.

1. Laguntzak ematearen gainean ebatzi ostean, inbertsio proiektuetan honako aldaketa hauek egitea baimentzen ahalko da:

a) Inbertsio proiektuaren kokalekua Nafarroako beste udalerri batera aldatzea.

b) Inbertsio berriak eranstea. Inbertsio horiek 4. oinarrian kostu diruz lagungarrietarako eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

c) Inbertsio baten unitate kopurua aldatzea, gorantz edo beherantz.

d) Inbertsioak aurreikusitakoa baino kostu txikiagoan edo handiagoan eskuratzea.

Aldaketa horiek egiteko baimena inbertsioen justifikazioa (13. oinarria) aurkezten denean eskatu behar da. Ordainketa ebazteko eskumena daukan organoak emanen du aldaketa egiteko baimena, bidezkoa denean.

2. Eskaeran sartutako inbertsioren bat kentzen bada laguntzak emateari buruz ebatzi baino lehen, jakinarazi beharko da, laguntzaren fitxaren bidez; hori ez da proiektuaren aldaketatzat joko, baina kontuan hartuko da laguntza ematerakoan.

3. Aldaketak baimentzeak ez du inola ere ekarriko emandako laguntza handitzea, eta gerta liteke laguntza kobratzeko eskubidea galtzea, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Proiektuari 10. oinarriarekin bat emandako puntuazioa birkalkulatu ostean egiaztatzen bada ez dela onuradun izateko gutxienekora iristen.

b) Gauzatu ez denaren zenbateko garbiak (gauzatu gabeko inbertsioen zenbatekoa ken onetsitako inbertsio berrien zenbatekoa eta laguntza emateko ebazpenean onetsitako inbertsioen kostu gehigarria) laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontuaren %30 gainditzen badu.

Ondorio horietarako, "ez-gauzatzea" izanen da diruz lagundutako inbertsioak ez egitea.

4. Aurreko apartatuko b) letran ezarritakoa ez da aplikatuko onuradunak 2025eko ekainaren 30a baino lehen jakinarazten badu gauzatuko diren inbertsioen aurrekontua txikiagoa dela laguntza emateko ebazpenean onetsitakoa baino. Jakinarazpen hori laguntzen fitxaren bitartez egin beharko da, bertan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.

Kasu honetan, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, jakinarazi eta gauzatu gabeko inbertsioari dagokion laguntzaren zenbatekoa kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko.

13. oinarria. Gauzatutako inbertsioen justifikazioa.

1. Onuradunek laguntzen fitxaren bitartez aurkeztu beharko dute gauzatutako inbertsioen justifikazioa. Horretarako epea laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da, eta 6. oinarrian proiektua gauzatzeko adierazitako aldia amaitu eta hilabete beranduago bukatuko da.

2. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gauzatutako inbertsioen zerrenda, Excelen: onartutako inbertsioen Excel fitxategia laguntzak kudeatzen dituen organoak bidaliko du, onuradunek behar bezala bete dezaten.

b) Proiektua gauzatzeko aldian egindako inbertsioen fakturak eta ordainagiriak.

c) Laguntza emateko ebazpenean onetsitako proiektuari dagokionez izan diren desbideratzeen memoria xehea eta arrazoitua.

d) Ibilgetuaren liburu handiak (2. taldea), zeinetan inbertsioak kontabilizatu baitira.

e) 2. taldeko batura eta saldoen balantze osoa (amortizazio kontuak barne), ahalik eta xehakatuen, 2024 eta 2025eko ekitaldien abenduaren 31n eta 2025eko abenduaren 31ren ostean eskuragarri dagoen azken egunean.

f) Itxitako azken bi zerga-ekitaldietako urteko kontu erregistratuak (auditatuak, beharturik egonez gero).

g) Hornitzailearen hautaketari buruzko egiaztagiriak, 5. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

h) Laguntza ordaindu aurreko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

i) 60.000 euro arteko laguntzen kasuan, gauzatutako inbertsioen argazkiak, eta, kasua bada, identifikazio plakenak, 14.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

j) Lursailak eta ondasun higiezinak erosi badira: salerosketaren eskritura eta behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoen tasatzaile independentearen ziurtagiria edo behar bezala baimendutako erakunde publikoarena. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, edo konkurtso-prozesu batean eskuratzen badira, prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada. Halaber, ondasun higiezinak eskuratuz gero, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokien likidazioa aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita eskuratzearen zenbatekoarekiko adostasuna.

k) Obra zibileko proiektuen kasuan: obra bukaerako ziurtagiria, udalean erregistratua, eta obra-lizentzia.

l) Ekipamendu-ondasunak edo bigarren eskuko ondasunak eskuratuz gero: ondasunen jatorriari buruzko saltzailearen adierazpena, non aditzera emanen baitu ondasun horiek ez direla izan Espainiako edo Europako ezein dirulaguntzaren xede, eta tasatzaile independentearen ziurtagiria.

m) Inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzen badira: finantza-errentamenduaren kontratua, erosteko aukera erabiltzeko konpromiso irmoa, eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaindu izanaren ordainagiria eta sorrarazitako lehen eta azken kuotaren ordainagiriak.

3. Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez bada betetzen edo justifikazioa nahikoa ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo laguntzaren zenbatekoa doituko da, zein den kasua.

Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea. 11.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, haientzako beste gauzatze- eta justifikazio-epe bat ezartzen bada, laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.

14. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1. Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunek aurkeztutako justifikazioa aztertu eta ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Horretarako, onuradunei eskatzen ahalko die beharrezko jotzen duen informazio osagarri eta argigarri guztia, eta adieraziko die ezen, ez badiote errekerimendu hori erantzuten 10 egun balioduneko epean, aurkeztutako dokumentazioarekin ebatziko duela laguntzaren ordainketa.

2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egin aurretik. Horretarako, bisita bat eginen da inbertsioak egin diren enpresaren establezimendura, eta bisita hori egiaztapen txosten batean jasoko da.

Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurora bitartekoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiari igorriko dio ordainketa proposamena, non adieraziko baitu onuradunak bete dituela bai dirulaguntzaren xede ziren helburuak, bai dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen dioten baldintzak.

Ordaintzeko ebazpena inbertsioen justifikazioa aurkeztu ondoko sei hilabetean emanen da.

4. 6.3 oinarriaren arabera gauzatzeko epea luzatzea baimentzen zaien proiektuen kasuan edo, hala badagokio, 11.4 oinarriaren arabera diruz laguntzen diren proiektuen kasuan, laguntzak ordaintzeko prozedura honako hau izanen da:

a) 13.2. oinarrian ezarritako justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea honako hau izanen da: inbertsioa gauzatzeko epea luzatzeko ebazpenean ezartzen dena, edo laguntza emateko ebazpenean ezartzen dena, kasuan kasukoa. Dokumentazioa aurkeztu ondoren, 2026ko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntzaren konturako ordainketa egiteko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioei dagokiena, eta deklaratuko da justifikatu ez diren inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

b) 2027ko ekainaren 30a baino lehen, aipatutako justifikazioa aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, konturako ordainketa likidatzeko ebazpena emanen da.

Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Azken zenbateko hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da.

15. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Inbertsio proiektua gauzatzea 6. oinarrian adierazitako epean.

c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak (2.6 oinarrian adierazita daude).

d) Inbertsioak enpresaren ibilgetuan kontabilizatzea.

e) Gauzatutako inbertsioak justifikatzea 13. oinarrian aurreikusitako moduan.

f) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari atxikita mantentzea, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, inbertsioak amaitzen direnetik aurrera.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.

g) Industria Sustatzeko Zerbitzuari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasunen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

h) Konpromisoa hartzea enpresa ez deslokalizatzeko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen denarekin bat, eta deslokalizatzen bada, jasotako laguntza itzultzeko konpromisoa, arau horretan ezarritako moduan.

i) Behar bezalako publizitate publikoa egitea inbertsio proiektuaren finantzaketari buruz, enpresaren webgunean, ikusteko moduko toki batean, honako esaldi hau jarriz: "‘xxx’ inbertsio proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2024ko dirulaguntza deialdiaren bitartez". Betebehar hau nahitaez bete behar da dirulaguntzaren ordainketa egin dadin.

j) Proiektuari lotutako egiaztagiri guztiak lau urtez gordetzea, laguntza ordaintzen den urteko abenduaren 31tik aitzina.

k) Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko Ministerioak edo beste edozein kontrol eta fiskalizazio organo eskudunak egin ditzaketen kontrolak onartzea eta horietan laguntzeko prest agertzea.

l) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri eta, betiere, proiektua gauzatu dela justifikatu baino lehen.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

17. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta metaketa arauak.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

18. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako laguntza araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108. artikuluaren 3. apartatuan ezarria), betetzen baititu Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta III. kapituluaren 17. artikuluan ("ETE-en aldeko inbertsiorako laguntzak") ezarritako baldintzak, zeinak barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

19. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

20. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaileen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2317901