10. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

911E/2023 EBAZPENA, azaroaren 29koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia. DDBN identifikazioa: 730764.

Nafarroako eskualde batzuk, tokiko agenteak buru izanik –publikoak zein pribatuak–, hainbat jarduketa diseinatzen ari dira beren eremuko ekonomia, enplegua eta enpresa-ehuna suspertzeko; Nafarroako Gobernuak positiboki baloratzen du hori, eta ekimen horiek sendotu egin nahi ditu. Babes hori gauzatzeko, zortzigarren urtez jarraian onetsiko da eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen deialdia. Dena delako eskualdeko entitateen –publiko eta pribatuen– ordezkaritza zabala beharko dute izan plan horiek.

Suspertze planak eskualde bakoitzaren erritmo eta inguruabarren arabera gara daitezela errazteko, hiru babes ildo mantendu dira, aurreko deialdietan bezala: A ildoa eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko da; B ildoa, berriz, plan horietan aipatutako jarduketak gauzatzea finantzatzeko; eta C ildoa, aldiz, eskualdeko estrategia bakoitzean adostutako inbertsio proiektuak finantzatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, gastu hau baimendu da 2024ko Gastuen Aurrekontuaren kargura A eta B ildoak finantzatzeko:

810001 81100 4819 422203 Eskualdeetako plan estrategikoak: 1.000.000,00 euro.

Orobat, C ildoa 2025eko Gastuen Aurrekontuaren kargura finantzatuko da, 2024ko aurrekontuko partida honen baliokide izanen den partidaren kargura, hain zuzen:

810001 81100 7819 422200 Eskualdeetako plan estrategikoak. Proiektuak: 500.000,00 euro.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko azaroaren 29an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako garapena eta lurralde kohesioa sustatzea. Horretarako, Foru Komunitateko eremu guztietako eskualdeak suspertzeko planak prestatzen eta gauzatzen lagunduko da, genero ikuspegia aintzat hartuta.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) "Eskualdea suspertzeko plana": lurralde bateko jarduera ekonomikoa garatzen laguntzen duen plana, balorazio ekonomikoa duten jarduketak eta gauzatze egutegi bat biltzen dituena, eta honako ezaugarri hauek dituena:

–Oinarri honen b) letran definitutako eskualde-organo ordezkatzailea osatzen duten tokiko agente publiko eta pribatu gehienek babestuko dute plana.

–Planaren lurralde eremua bat etorriko da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean ezarritako eskualdeekin. Hala ere, behin-behinean, dagoeneko onetsita dauden planen lurralde eremua mantenduko da, Nafarroako eskualdeak foru lege baten bidez behin betiko onesten diren artean.

–Planak lerrokatua egon behar du Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) berriarekin, zeina 2021eko abenduaren 1ean onetsi baitzuen Nafarroako Gobernuak. S4 estrategian, bi erronka handi hauek batu zaizkie S3 estrategiako lehentasun tematikoei: trantsizio ekologikoa eta trantsizio digitala. Horiek aldaketa handiak dakartzate ekoizpen-sistemetan, kontsumitzaileengan eta merkatuetan.

–Gure gizarteko hainbat esparrutan emakumeen eta gizonen artean dauden desberdinkeriak murriztera bideratutako jarduerak sartuko dira, hala nola lanbide-, lan- edo ekonomia-esparruetan, legez nahitaez bete beharrekoak direnak izan ezik.

b) "Eskualde-organo ordezkatzailea": gutxienez, suspertze planaren lurralde eremuan ordezkaritza handiena duen udalez gaindiko organoa edo bertako udalen gehiengoa biltzen duen entitatea. Komeni da organo horrek toki garapeneko agentziak, enpresa elkarteak eta sozietate publikoak biltzea. Halaber, ulertuko da eskualde-organo ordezkatzailea dela suspertzeko plana onetsi aurretik hura prestatzeko lanetan eginkizun hori betetzen aritu den entitatea.

Organo hori oinarri honen a) letran definitu den eskualdea suspertzeko plana baloratu eta onesteaz arduratuko da.

c) "Prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldea": eskualde-organo ordezkatzaileak jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko izendatutako entitatea edo entitateak.

Deialdi honen aurretik suspertzeko plan bat onetsia duten lurraldeetan, b) eta c) letretan zehaztutako eginkizunak betetzen dituzten entitateak hartuko dira eskualde-organo ordezkatzailetzat eta prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldetzat, hurrenez hurren.

3. oinarria.–Jarduketak eta gastu diruz lagungarriak.

Jarduketa diruz lagungarriek eskualdea suspertzeko planetan jasota egon behar dute eta bideratuta egon behar dute eskualdeen ekoizpen-gaitasunak indartzera eta enplegua sortzera.

1. Jarduketa diruz lagungarriak ildo hauetakoren batean sartuko dira:

A.–A ildoa, "Suspertzeko plana prestatzea": eskualdea suspertzeko plana prestatzeko laguntza teknikoko gastuak lagunduko dira diruz. Planak prestatzeko prozesuan, Lehiakortasunaren Zerbitzuak –hura da laguntzak kudeatzen dituen organoa– jarraipena eginen du, eta begiratuko du planaren edukiak koherentzia duela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

B.–B ildoa, "Proiektu estrategikoak": diruz lagunduko da eskualdea suspertzeko planean sar daitezkeen proiektuak gauzatzea, baldin behar bezala identifikatuta badaude, aurrekontua badute eta jarduera ekonomikoa sortzen badute.

Proiektu horien barruan, ez dira diruz lagunduko honako jarduera hauek:

–Energiaren ekoizpenari, kontsumoari eta efizientziari lotutako jarduerak. Izan ere, horiek Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren Zuzendaritza Nagusiak berariaz onesten dituen dirulaguntza deialdietan egiten ahalko dute eskaera.

–Ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak emateari dagozkionak. Izan ere, horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enpleguko eta toki garapeneko agenteak kontratatzeko dirulaguntzen deialdietan egiten ahalko dute eskaera.

–Turismo-garapenera eta -marketinera bideratutakoak.

–Tokiko nekazaritzaren produkzioa ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzea bultzatzekoak.

Diruz lagunduko diren gastuak hauek izanen dira:

a) Gauzatutako proiektuei egotzitako zuzeneko gastuak.

Bidaia-gastuetan, kilometraje kostuak 0,35 eurokoak izanen dira gehienez kilometro bakoitzeko, eta ibilbide bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 100 eurokoa izanen da. Ostatu gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 eurokoa izanen da gehienez.

b) Proiektuak gauzatzen aritzen diren pertsomal-gastuak.

C ildoan, aurreko deialdietan egindako eta diruz lagundutako inbertsioen funtzionamenduari eta mantentze operatiboari dagozkien gastuak inbertsioa egin eta hurrengo bi ekitaldietan soilik laguntzen ahalko dira diruz.

C.–C ildoa, "Inbertsio proiektuak": diruz lagunduko dira eskualdeko plan batean sartutako inbertsioak, baldin eskualde-organo ordezkatzaileak estrategikotzat jo baditu eta eskualdea suspertzeko planaren helburuekin eta ildo estrategikoekin bat badatoz.

Ibilgetu material eta immaterialetako inbertsioak diruz lagungarriak izanen dira inbertsioak abiarazi arte, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxieneko inbertsioa 50.000 eurokoa izanen da.

b) Gastuak ibilgetuan aktibatu beharko dira inbertsio proiektuaren berariazko identifikazio-kontuetan.

c) Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Lurren erosketekin lotuak daudenak.

–Finantza errentamenduaren bidez egindako erosketak.

–Bigarren eskuko ekipo-ondasunen erosketa.

–Luxuzko gastuak.

–Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

–Diruz lagunduriko jarduketaren izaerarekin bat ez datozenak.

–Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

–Zor-interesak.

d) Deialdi honetan, inbertsio proiektu bakarrerako ematen ahalko da dirulaguntza eskualdeak suspertzeko plan bakoitzeko.

2. Ildo bakoitza laguntza eskaera bakarraren xede izanen da. A eta C laguntza ildoetan, proiektu bakarra aurkeztu ahalko da eskabide bakoitzeko; B lerroan, berriz, proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahalko dira eskabide berean.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, honako hauek izaten ahalko dira onuradunak:

a) A ildoa: eskualde-organo ordezkatzaileak prozesua sustatzeko eta dinamizatzeko izendatzen dituen mankomunitateak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak.

b) B ildoa: a) letrakoak, baldin eta eskualdea suspertzeko plan bat onetsita badute eta gauzatzen ari badira.

c) C ildoa: eskualdea suspertzeko planean sartutako inbertsio proiektuak gauzatzen dituzten mankomunitateak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak.

Eskualdea suspertzeko plan bakoitzeko erakunde bakarra aurkezten ahalko da.

2. Dirulaguntza eskatzen den unean, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere. Eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori. Entitate publikoak adierazpen hori aurkeztetik salbuetsita daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea hura ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea edo inskripzioa eskatu izana, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

3. Onuradunaren eta beste entitate baten artean idatzizko akordioa badago beste entitate horrek diruz lagundutako jarduketa bat osorik edo zati batean gauzatu dezan, hori ere onuradun bihurtuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarrien baldintzak eta gauzatzeko epea.

1. Hirugarren oinarrian aipatutako jarduketen gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza zerbitzuak emateko kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" formularioan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta:

–Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta zerbitzu hori ematen duten entitateak aski ez badira merkatuan.

–Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

b) BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria (zati batean zein osorik) egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori justifikatuko da Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiri egokia aurkeztuta edo 2023ko 4. hiruhilabeteko BEZaren aitorpenen bidez, hainbanaketaren araua aplikatzen den kasuetan.

c) Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aplikatu behar zaien entitateek lege hori bete beharko dute.

2. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:

a) A eta B ildoak: 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era, egun hori barne.

b) C ildoa: 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era, egun hori barne.

Ondorio horietarako, jarduketa gauzatu dela ulertuko da baldin eta gastuak epe horien barrenean fakturatu eta ordaindu badira. Baldintza hau betetzen ez dutenak ez dira diruz lagunduko.

6. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntza gastu diruz lagungarri guztien %100ekoa izanen da, baina onuradun bakoitzeko diru-muga hauek gainditu gabe:

a) A ildoa: 45.000 euro.

b) B ildoa: 250.000 euro.

c) C ildoa: 200.000 euro.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. 3. oinarriko ildo bakoitza laguntza eskaera bakarraren xede izanen da. A eta C laguntza ildoetan, proiektu bakarra aurkeztu ahalko da eskabide bakoitzeko, eta B ildoan, berriz, proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahalko dira eskabide beraren barruan (proiektu horiek modu independentean ebaluatuko dira, 8. oinarrian ezartzen den bezala).

4. Laguntzak eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da (dokumentu bereizietan eskaneatuta eta izenarekin behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Eskualde-organo ordezkatzailearen eratze-agiria edo -akta eta estatutuak. Eskualde-organo ordezkatzailea eratu ez bada, suspertze plana prestatzeko eginkizuna betetzen ari den entitatearen estatutuak aurkeztu beharko dira.

c) Eskualde-organoaren bilkura-akta edo bestelako agiri bat, 2.c) oinarriak aipatzen duen izendapena frogatzen duena.

d) B ildoko dirulaguntza eskaerek honako hauek ere erantsi beharko dituzte:

–Proiektu bakoitzaren aurrekontua eta memoria xehatua, egin beharreko jarduerak deskribatuko dituena.

–Eskualde-organoak eskualdea suspertzeko plana onesteko egindako bilkuraren akta, aurrekontua duten ekintzak zehaztuta.

–Eskualde-organo ordezkatzaileak onetsitako eskualdea suspertzeko planaren kopia.

–Behar bada, jarduketak gauzatzeko akordioa, esku hartzen duten alderdiek sinatua, non hartutako konpromisoak adieraziko baitira, 4. oinarrian aipatutako edukia zehaztuta.

e) C ildoko dirulaguntza eskaerek honako hauek ere erantsi beharko dituzte:

–Inbertsio proiektuari buruzko memoria, laguntzen fitxan adierazitako edukia barnean duela.

–Eskualde-organo ordezkatzailearen batzarraren akta, inbertsio proiektua eskualderako estrategikotzat deklaratzen duena.

5. Aurreko deialdietan laguntza eskatu duten entitateek ez dute aurkeztu behar 4. apartatuko dokumentazioa, aurkeztua baldin badute. Dena den, horren berri eman beharko dute eskaeran.

6. Aurkeztutako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura eta irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, 3. oinarriko laguntza ildo bakoitzean lehentasunak ezartzeko.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie lehentasun bakoitzean balorazio handiena lortu duten proiektuei, deialdi honetan ildo bakoitzerako eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte (45.000 euro A ildoko laguntzetarako, 955.000 euro B ildorako eta 500.000 euro C ildorako). A ildoko kreditua agortzen ez bada, B ildoko proiektuak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

Aurrekontuetan behar adina kreditu ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Proiektuak baloratzeko irizpideak, jarduera-ildoen arabera bereizita, honako hauek izanen dira:

2.1. A ildoa:

a) Planak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin duen koherentzia: 0-5 puntu.

b) Planean dauden proiektuek jarduera ekonomikoa sortzeko duten gaitasuna. 0-3 puntu.

c) Eragin sozioekonomikoa eta ingurumen inpaktua. Planean genero-berdintasunera, gizarte-inklusiora eta jasangarritasunera bideratutako jarduerak baloratuko dira. 0-2 puntu.

2.2. B ildoa:

1.–Proiektuaren balorazio orokorra. 0-6 puntu.

a) Planteatutako helburuen zehaztasun eta egokitasun maila (gehienez puntu 1).

b) S4arekin bat etortzea (gehienez 1,5 puntu).

c) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta argitasuna (gehienez puntu 1).

d) Proiektuaren kostuaren eta kalitatearen arteko erlazioa (gehienez puntu 1).

e) Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gaitasuna (gehienez 1,5 puntu).

2.–Proiektuaren eskualdeko espezializazio adimentsua. Eskualdeko ekonomia arloetakoren batzuetan identifikatu diren lehia abantaila esanguratsuak ustiatzeko proiektuak baloratuko dira. 0-1,5 puntu.

3.–Eragin sozioekonomikoa eta ingurumen inpaktua. Planean genero-berdintasunera, gizarte-inklusiora eta jasangarritasunera bideratutako jarduerak baloratuko dira. 0-1 puntu.

4.–Gastuaren banaketa. Proiektuei egindako kanpoko ekarpenak baloratuko dira (azterlanak edo lan teknikoak). 0-1,5 puntu.

a) Kanpoko ekarpena aurrekontuaren %10 eta %20 artekoa izatea (gehienez 0,30 puntu).

b) Kanpoko ekarpena aurrekontuaren %20 eta %30 artekoa izatea (0,75 puntu gehienez).

c) Kanpoko ekarpena aurrekontuaren %30etik gorakoa izatea. (1,5 puntu).

2.3. C ildoa:

1.–Proiektuaren balorazio orokorra. 0-8 puntu.

a) Proiektuaren kalitatea. 0-3 puntu.

b) Eskualdeko garapen ekonomikoan eragiteko gaitasuna. 0-3 puntu.

c) Proiektuaren kostuaren eta kalitatearen arteko erlazioa. 0-2 puntu.

2.–Aurreko deialdian ildo honetako dirulaguntzarik jaso ez izana baloratuko da. 2 puntu.

3.–5 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei baizik ez zaie dirulaguntzarik emanen. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 1) eta 2) irizpideen puntuazioaren arabera ebatziko da, hurrenez hurren; berdinketak jarraitzen badu, aurrekontu txikiena duen proiektuari emanen zaio lehentasuna.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Lehiakortasunaren Zerbitzuak) aipatutako irizpideen arabera ebaluatuko ditu proiektuak, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarri edo argigarri oro eskatu ahalko dio eskatzaileari. Eskaera horri ezarritako epean erantzun ezik, ebazpen bat emanen da eskatutako laguntzak ukatzeko.

Aztertu ondoren, aipatu organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

10. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko epea eta modua.

1. Diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko epea egun hauetan amaituko da:

–A eta B ildoen kasuan: 2024ko azaroaren 30ean, egun hori barne.

–C ildoaren kasuan: 2025eko uztailaren 31n, egun hori barne.

2. Justifikazio-agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako proiektuen eta lortutako emaitzen memoria, proiektu bakoitzean egindako gastuak zehaztuta.

Memoria horretan emakumeen eta gizonen berdintasunari lotutako betekizunak betetzeari buruzko atal bat ere sartuko beharko da; 12.1 oinarriko c), d) eta e) letretan daude ezarrita betekizun horiek.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel liburu batean. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) B ildoko pertsonal-gastuak honela justifikatuko dira: nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, xehakapenak eta ordainagiriak aurkeztuz. 2025eko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira 2024ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen ordainagiriak eta 2024ko azaroko Gizarte Segurantzarenak.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak, b) letrako Excel liburuko gastuen hurrenkerari jarraikiz. Laguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dute. 4.3. oinarriarekin bat onuradun ateratzen diren entitateen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

e) Gastu diruz lagungarriek 5.1 a) oinarrian ezarritako zenbatekoak gaindituz gero, "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" formularioa aurkeztu beharko da (eskura dago laguntzen fitxan).

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 10. oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emanen du 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Justifikazioa aztertu ezin bada, eta A eta B ildoetako laguntzak ordaintzeko ebazpenak 2024an eman daitezen, 2024ko azaroaren 30era arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa eginen da (salbu eta dirulaguntza osoa 3. apartatuan adierazitako moduan ordaindu bada). Konturako ordainketa hori egiteko, laguntzen organo kudeatzaileak 10.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako egiaztagiriak aztertuko ditu.

3. Bestalde, diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, A eta B ildoetako laguntzen onuradun diren entitateek 2024ko azaroaren 30era arte eska dezakete ordainketa bat edo bi egin dakizkiela epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (epe diruz lagungarria 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era artekoa da).

Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta egindako gastuen zerrenda aurkeztu beharko dituzte, 10.2 oinarriko b) letran adierazitako moduan.

4. 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako konturako ordainketak egiten badira, dirulaguntza likidatzeko ebazpena emanen da eta espedientea amaitutzat joko da.

Ebazpen horretan, hala badagokio, behar bezala justifikatu ez diren ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatuko da. Kasu horretan, egoki diren berandutze-interesak eskatuko dira, zeinak kalkulatuko baitira konturako ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera arte.

5. C ildoaren kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztapen materiala eginen du ordainketa egin aurretik.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Makomunitateak ez diren onuradun guztiek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra duenean (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez duenean ere (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru dekretu horren 4.1 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 10. oinarrian ezarritako moduan.

c) Eskualdea suspertzeko planak prestatu eta gauzatzeko prozesuetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela bermatzea, bai parte hartzeko prozesuetan, baita erabakiak hartzeko orduan ere (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 16. artikulua).

d) Begiratzea dirulaguntzaren xedeari lotutako agiri, publizitate, irudi edo material guztietan hizkera ez-sexista erabiltzen dela eta berdintasunaren eta rol aniztasunaren balioetan oinarrituriko irudi bat sustatzen dela (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikulua).

e) Diruz lagundutako jarduketei lotutako datuak sexuaren arabera banakatuta aurkeztea, pertsona fisikoei buruzkoak badira (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikulua).

f) C ildoko dirulaguntzaren xede diren inbertsioak martxan izatea zazpi urtez bederen, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

g) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xede diren gastuen eta inbertsioen finantzaketa publikoa izan dela. Diruz lagundutako jarduketen zabalkunde publikoa egiten denean eta entitatearen webgunean leku nabarmen batean adierazi beharko da jarduketa horiek diru publikoarekin finantzatu direla.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Diruz lagundutako proiektua %60 baino gutxiago baina %40 baino gehiago gauzatzen bada, %50 murriztuko da gauzatutakoaren zatiari dagokion laguntza.

b) Baldin aurrekontuaren %40tik behera gauzatu bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, kasua bada, itzultzeko eskatuko da.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gastu beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo partikularrenak, nazionalak nahiz nazioartekoak. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako C ildoko dirulaguntzak ("Inbertsio proiektuak"), baldin eta helburu badute jarduera ekonomiko bat gauzatzea, "de minimis" laguntzak izanen dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu-kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.es) izapideen katalogoko laguntzen fitxan.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2317386