10. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena aprobetxamendu bereziak egiteko eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoruan, lurgainean eta lurpean. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2023ko irailaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, tasak arautzen dituena aprobetxamendu bereziak egiteko eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoruan, lurgainean eta lurpean.

Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik jaso (jendaurreko aldia ireki zen iragarkia argitaratuz 2023ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 10ean).

Argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeina indarrean jarriko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2023ko azaroaren 24an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA APROBETXAMENDU BEREZIAK EGITEKO EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORUAN, LURGAINEAN ETA LURPEAN

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezartzen da honako arau hauen babespean: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikulua eta hurrengoak (erregelamendua onetsi zen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez); eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egitea bide publikoko eta herri-lurretako lurzoruan, lurgainean eta lurpean; hots, honako aprobetxamendu edo erabilera pribatibo hauetarik edozein egitea:

1. Erabilera publikoko lurretako lurpea okupatzea.

2. Erabilera publikoko lurrak okupatzea salgaiekin, materialekin edo antzeko instalazioekin.

3. Bide publikoan kokatutako kioskoak.

4. Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

5. Erabilera publikoko lurrak okupatzea arrapalekin edo beste elementu batzuekin, helburua izanik minusbaliotasun organiko edo zirkunstantzial bat dutenei irisgarritasuna eta erabilera bermatzea erabilera publikorako eraikinetan, lokaletan eta zerbitzuetan, jarraikiz oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei.

6. Mahaiekin, aulkiekin edo bestelako elementuekin okupatzea Udalak karpekin edo toldoekin estalitako lurzoru publikoa. Udalak beretako gordetzen du beti karparen erabilera, zenbait jarduera egiteko, hala nola kontzertuak, dantzak, jatorduak eta abar.

7. Bestelako aprobetxamenduak, inguruabar bereziak dituztenak, hots: arriskugarritasuna, erabilera-maiztasuna, errentagarritasun berezia edo horien antzeko beste zenbait.

Ordaindu beharra

3. artikulua.

Ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean, eta aurretik eskatu behar da egoki den baimena.

Udalaren nahitaezko lizentzia izan gabe hasten bada erabilera edo aprobetxamendua, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez du legeztatuko egindako erabilera edo aprobetxamendua, eta instalazioak kentzeko agindu daiteke, kalte-ordainik eman gabe.

Ordenantza honen xede diren erabilera pribatuak edo aprobetxamendu bereziak eskatzen badute tasa aldizka sortzea, tasa urtero sortuko da, urtarrilaren 1ean, eta zergaldiak urte naturala hartuko du. Aprobetxamendua hasi edo bukatzen diren kasuetan, horren arabera moldatuko da zergaldia, halako eran non kuota hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko baita, barnean dela hasierakoa edo bukaerakoa ere.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua.

Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko nahiz juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten erakundeak, baldin eta egiten badute tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, edo hari onura ateratzen badiote.

Zehazki, honako hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentziarik edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

c) Aprobetxamendua utzirik, toki-erakundeari haren baja aurkezten ez diotenak.

d) Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat.

Salbuespenak

5. artikulua.

1. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.

2. Dagokien ordenantza fiskalaren arabera edo aplikagarri diren udal erabakien arabera arautuko dira erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak, baldin hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabiltzen edo aprobetxatzen badute lurzorua, lurgaina eta lurpea.

3. Baldin Caparrosoko udal-mugarteko bide publikoan eta erabilera publikoko ondasunetan ezartzen badira terrazak eta beladoreak, aldi baterako, establezimendu legeztatu baten osagarri, aplikatzekoa izanen da ordenantza hau: ordenantza, arautzen dituena terrazak eta beladoreak ezartzea eta erabiltzea.

Sortzapena

6. artikulua.

Tasa ordaindu beharra sortzen da aprobetxamendua onartzen denean, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe egiten bada aprobetxamendua, tasa ordaintzeak ez ditu legeztatuko egindako aprobetxamenduak, eta, beraz, agindu daiteke instalazioak kentzeko, kalte-ordainik eman gabe.

Zerga-oinarria

7. artikulua.

Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko dira aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera, jarraikiz ordenantza honen tarifen eranskinean xedatzen denari.

Erabilpera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki-erakundearen jabari publikoa suntsitzea edo narriatzea, onuraduna beharturik dago ordaintzera jabari publikoa berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa, bai eta aurretik zenbateko hori gordailu uztera ere; hori dena, galarazi gabe behar den tasa ordaintzea.

Kalteak konponezinak badira, segun eta desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari.

Toki-erakundeak ez ditu inola ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru-itzulketak.

Tarifak eta kudeaketa

8. artikulua.

Ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira aplikatuko diren tarifak.

9. artikulua.

Ordenantza honetako tasei lotutako aprobetxamenduak, baldin eta ohikoak eta etengabeak badira, behar den errolda edo zentsua izanen dute.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua.

1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez, eta zehapenekin ikusteko duten afera guztietan, aplikatuko dira honako arau hauek: Tributuei buruzko Lege Orokorra, Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorra, eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Hala, toki-erakundeak, modu betearazlean, bide publikotik kentzen ahalko ditu lizentziarik edo baimenik gabeko instalazioak, eta udal biltegietara eraman. Jabearen kargura izanen dira instalazio horiek desmuntatu, garraiatu, eta biltegiratzeko gastuak eta sortzen diren beste gastu guztiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indargabetzen dira lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, ondoko hau:

1.–Ordenantza, prezio publikoak arautzen dituena aprobetxamendu bereziak egiteko bide publikoko eta herri-lurretako lurzoruan, lurgainean eta lurpean, argitaratu zena 2016ko 160. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 19an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, aplikatuko dira, osagarri, Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorra eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean sartuko da, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, honen testua osorik argitaratzen denean Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 eta 326. artikuluei (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurzoruaren erabilera edo aprobetxamendu bereziak:

I.1.–Azoka txikiak, metro lineal edo zati bakoitza:

–Saltoki finkoak: 2 euro/metroa/eguna.

–Saltoki ez-finkoak: 2 euro/metroa/eguna.

Zenbateko hauek hasierako preziotzat hartzen dira. Adjudikazioa enkante bidez egiten bada.

I.2.–Karabanak, atoiak eta, orobat, automobilak ez diren gainerako ibilgailuak, espresuki emandako baimena dutenean, nahiz eta tasa ordaintzeak ez duen esan nahi baimena badenik. Egun edo zati bakoitzeko: 9 euro eguneko.

I.3.–Ostatu-ibilgailuak:

Zenbateko hau kobratuko da baldin instalaziorako tokia ez bada enkante bidez adjudikatu.

Egunean: 40 euro.

I.4.–Okupatzea, obrengatik:

Bide publikoko lurzorua okupatzea, bertan paratzeko obretako materialak, aldamioak, garabiak eta abar, horien neurriak edozein izanik ere: 6,00 euro eguneko.

Bide publikoko lurzorua okupatzea, zirkulazioa erabat kendu behar denean, lehen 6 hilabeteetan: 13,00 euro eguneko.

Lurzorua okupatzea, zirkulazioa erabat kendu behar denean, 7. hilabetetik aurrera: 20,00 euro eguneko.

I.5.–Arrapalekin eta/edo sarbidea bermatzeko elementuekin okupatzea: 25 euro, metro koadroko edo zatiko eta urteko, edo zatiko.

I.6.–Mahai, aulki edo bestelako elementuekin okupatzea Udalak karpekin edo toldoekin estalitako lurzoru publikoa: 25 euro metro koadro bakoitzeko, edo 25 euro mahai batez eta lau aulkiz osatutako multzo bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2316789