96. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Ordenantza fiskala, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Igantziko Udalak, 2023ko otsailaren 10ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, 2023ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, otsailaren 28an, bai eta Igantziko Udalaren iragarki-taulan ere. Jendaurreko aldian inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu.

Beraz, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), behin betiko onesten da Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketa.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Igantzin, 2023ko apirilaren 17an.–Alkatea, Juankar Unanua Navarro.

ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga honen zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin eta hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik nahiz izan gabe, edo eskatzen bada erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteko, betiere Igantziko Udalari badagokio lizentzia ematea edo kontrol-jarduera egitea.

Zergari atxikitako zerga-egitatetzat har daitezke honako hauek, besteak beste:

a) Mota guztietako eraikin eta instalazioak eraikitzeko obrak, eraikuntza berrikoak badira.

b) Lehendik eginak dauden mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.

c) Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo berritzekoak, edozein motatakoak direla ere.

d) Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

e) Behin-behinean egin beharreko obrak.

f) Zerbitzu publikoak paratzeko obrak.

g) Lur-mugimenduak, hala nola lur-erauzketak, hondeaketak eta betelanak, baldin eta ez badira zehaztu eta programatu onetsia edo baimendua den urbanizazio edo eraikitze proiektu baten barneko obra gisa.

h) Eraikinen eraispena, hurre-hurreko aurri egoeran deklaratuena izan ezik.

i) Merkataritza jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

j) Lurpea ukitzen duten obrak edo instalazioak.

k) Finken itxiturak eta hesiak.

l) Eremu publikotik ikusten diren publizitate kartelak paratzea, baldin eta lokal itxietan ez badaude.

m) Obra txikiak.

n) Eguzki-energia aprobetxatzeko autokontsumorako instalazioak, eraikin edo egituren nahiz aparkaleku-pergolen gainean paratuak, potentzia-mugarik gabe.

o) Eraikinen barrenean dauden ibilgailu elektrikoetarako karga-puntuak, non eta ez duten eraginik kultur interesekotzat deklaratutako ondasunetan edo beste edozein babes-araubideren pean dauden ondasunetan.

p) Zernahi obra, eraikuntza edo instalazio, berekin dakarrena inbertitzea ahalmen ekonomiko baten adierazgarri diren baliabide ekonomiko batzuk, eta obra edo hirigintza lizentziari lotua, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duena.

3. artikulua. Salbuespenak.

1. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da, baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hirietako saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziokoa.

Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea, baldin eta, etxebizitzen jabeak Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak izanik, eta horiek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

2. Salbuetsirik egonen dira, orobat, honako jabe hauek dituzten eraikuntzak, instalazioak eta obrak:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoak, baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak erabilera edo zerbitzu publiko bati loturik badaude.

b) Udalen mankomunitateak eta batasunak, baldin eta Igantziko Udala kide bada, bai eta horiek beren helburuak betetzeko sortu dituzten entitate juridikoak ere.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.

Aurreko paragrafoan aurreikusi ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat hartuko da bere gain hartzen dituena haiek egitearen ondoriozko gastuak edo kostua.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin berezitasun edo nortasun propiorik ez badute lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntza, instalazio edo obrarekiko. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsia, ez araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, ez tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, baldin horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu, baldin ez bada aipatu den gauzatze materialaren kostuaren barnekoa.

6. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa izanen da Igantziko Udalak urte bakoitzerako onetsitakoa.

7. artikulua. Kuota.

Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

8. artikulua. Hobariak.

Eraikuntza, instalazio edo obrek %95eko hobaria izanen dute EIOZaren kuotan, baldin eta autokontsumorako sistemak ezartzen badituzte eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako.

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Hobari hori soilik aplikatuko da energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemetara bideratutako gauzatze materialaren kostuaren zatian, betiere sistema horiek instalatzea nahitaezkoa ez denean, arloaren gaineko araudi espezifikoaren arabera.

Horretarako, aurrekontuan helburu espezifiko horrekin bat ez datozen obrak jasotzen badira, obra horietako bakoitzari dagokion zenbatekoa behar bezala xehatua aurkeztu beharko da.

9. artikulua. Sortzapena.

Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten denetik, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

10. artikulua. Kudeaketa.

Aginduzko lizentzia ematen denean, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean –edo, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, lizentzia eskatu, eman edo ukatu baino lehen edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen–, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan, horretarako ezartzen dituen indizeen edo moduluen arabera.

2. Ikusirik benetan egin diren eraikuntza, instalazio edo obrak, bai eta horien kostu erreal eta benetakoa ere, Igantziko Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, beharrezkoa bada, eta dagokion behin betiko likidazioa eginen du; hala bada, subjektu pasiboari behar den zenbatekoa eskatu edota itzuliko dio, kasuan kasukoa.

11. artikulua. Atzera egitea.

Lizentziaren titularrak edo aitortzaileak uko egiten badio baimendutako eraikuntza, instalazio edo obrak egiteari, espresuki eta idatziz egin ere, udal administrazioak zerga honen kontura ordaindutako zenbatekoak itzuliko dizkio.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betez.

Iragarkiaren kodea: L2305997