96. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2023 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien figura.

Ondoren, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko inskripzioa egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta, hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoriaren Institutuak uste du Urozko Oroimenezko Parkeak Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen dituela eta, horregatik, bidezkoa dela hura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzea.

Urozko parkea gune biribila da, 2018an inauguratu zen, 1936ko kolpe militarraren ostean Lizoainibar-Ibargoitin eraildakoen aitortzarako. Monumentu multzoan jarrita dagoen plakan adierazten den moduan, 1936ko abuztuaren 15ean Caparrosoko hiru herritar –Teófilo Jiménez Ladrón, Juan Merino Navarro eta Santiago Moreno Alba– erail eta lurperatu zituzten Urozko hobian. Haien gorpuak 1980ean errekuperatu zituzten, baita talde berean atera zuten Cortesko Matilde Ruiz Remón herritarrarena ere, zeina Etxalazen erail eta lurperatu baitzuten. 1936ko abuztu berean –ez dago jakiterik egun zehatza– leku horretan erail zituzten Agoizko Valentín Carlos Beroiz, Iruñeko Pablo Gastesi Expósito eta Azparrengo Mariano Inda Navaz. Beren gorpuak 1976an aurkitu eta desobiratu zituzten, eta Agoizko hilerrira eraman. Gainera, memoriagune honek gogoan izan nahi du 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako gotorlekutik ihes egindako pertsonetako bat: ez da jakin nor den, Zalban erail eta lurperatu zuten, baina haren gorpua ez dute egundaino aurkitu.

Felix eta Julián Lizarraga anaiek egin zuten parke biribila, eta ekialdera begira dauden Corten altzairuzko zortzi eskultura ditu. Multzoa harrespiletan dago inspiratuta, eta memoriaren betierekotasunaren sinboloa da: emakume bat da aurrean, eta gizonak eguzkia irteten den tokirantz daramatza, birsortzearen energia sinbolizatuz.

Espedientean jasota daude Nafarroako Memoria Institutuaren proposamen txostena, bai eta txosten juridikoa ere, Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedura abiatzea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan prebentziozko haren idatzoharra egitea, LM-2023-0002 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Memoriaren Institutura, eta jakinaraztea Lizaoainibar-Arriasgoitiko Udalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Urozko Oroimenezko Parkea.

Katastroko erreferentzia: 310000000001262275KP.

3. poligonoa, 88. lurzatia.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Zortzi eskulturak eta menhirra.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

–623.001, 4.740.013.

–623.001, 4.740.004.

–623.015, 4.740.003.

–623.011, 4.739.999.

Balioen identifikazioa:

2018an sortutako memoriagune bat da, leku horretan zein Lizoianibar-Arriasgoitiko udal-mugarte osoan erail zituzten zortzi pertsonen ohorez. Zenbait herritakoak ziren biktimen gorpuak desobiratze goiztiarrak izeneko prozesuan desobiratu zituzten, Trantsizioaren garaian. Guneak irudikatzen du ideologia eta militantzia hutsean oinarriturik arerio politikoak deuseztatze sistematikoak eragindako izugarrikeria, baina memoriaren betierekotasunaren sinboloa ere bada.

Titulartasuna:

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udala.

IFK: P3115500E.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira zehaztu

Iragarkiaren kodea: F2306678