95. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

54/2023 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira Lodosako udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko 7,3 MW-eko "Lamparilla" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko.

1.–2020ko abenduaren 23an egindako eskaera.

2020ko abenduaren 23an Albayalde Renova SLk, Solar Fotovoltaica Navarra SL ordezkatuz, aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Lodosako udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko 7,3 MW-eko (8,18 MWp) "Lamparilla" eguzki instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz.

Aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, egitura finkoen gaineko 15.290 modulu fotovoltaikok osatuko dute "Lamparilla" instalazio fotovoltaikoa.

Beste espediente baten xede den "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoarekin batera edukiko ditu ebakuazio instalazioak: 20/66 kV-eko transformazio zentroa eta 66 kV-eko linea elektrikoa egungo 66 kV-eko "Quel-Alcanadre" linea elektrikoraino, horrekin konektatuko baita. Egungo linea hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUrena da.

2.–Aurreproiektua jendaurrean jartzea.

Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solar Fotovoltaica Navarra SLren eskaera, iragarkia argitaratuz 2021eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18koan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean ere.

3.–Kontsulten izapidea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.3 artikuluarekin bat etorriz, 2021eko martxoaren 2an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Ingurumen Eraginaren Atalera igorri zuen Solar Fotovoltaica Navarra SLk ingurumen inpaktuaren ebaluazio erraztua hasteko aurkeztutako eskaera eta erantsitako agiriak.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuari jarraikiz, kontsulta egin zitzaion Lodosako Udalari.

Halaber txostena eskatu zitzaien Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalari.

4.–Jasotako txostenak eta alegazioak.

Eskatutako txostenen, egindako kontsulten eta jendaurreko izapidearen esparruan, txosten eta alegazio hauek jaso ziren:

–Txostenak:

  • 1. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzuarena, 2021eko ekainaren 15ekoa.
  • 2. txostena.–Lodosako Udalarena, 2021eko martxoaren 18koa.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Alegazioak:

  • 1. alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioarena, 2021eko apirilaren 30ekoa.
  • 2. alegazioa.–Gurelur elkartearena, 2021eko maiatzaren 4koa.
  • 3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko maiatzaren 5ekoa.
  • 4. alegazioa.–Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartearena, 2021eko maiatzaren 5ekoa.

Alegazio horien edukia ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen da.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko txostenak eta alegazioak bidali zizkion Solar Fotovoltaica Navarra SLri 2021eko abuztuaren 24an.

6.–Epez kanpo jasotako txostenak.

Aurreko 4. apartatuan aipatutako txosten eta alegazioez gain, Ondare Arkitektonikoaren Atalaren 2021eko abuztuaren 26ko txostena ere jaso zen (3. txostena), eta sustatzaileari helarazi zitzaion 2021eko abuztuaren 30ean.

7.–Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 130. artikuluarekin, 2021eko azaroaren 22an Solar Fotovoltaica Navarra SLk eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen. Proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa erantsi zituen, Ingurumen Eraginaren Atalak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak ezarritako betekizunen arabera aldatuta (hurrenez hurren, 000100492021000010 eta 0003-OT12-2021-000061 espedienteak), eta dokumentazio hori aipatu atalei igorri zitzaien.

Aurkeztutako dokumentazioan adierazten da "Lamparilla" instalazio fotovoltaikoa azkenik Lodosako 6. poligonoko 321. lurzatian eta 1. poligonoko 1814. lurzatian kokatuko dela. Halaber, aldatu egiten dira energia ateratzeko azpiegiturak, 66 kV-eko lurpeko linea elektrikoa planteatuz, 1.810 metrokoa, barneko TAEtik egungo "Lodosa" transformazio azpiestazio banatzaileraino (Redes Eléctricas Inteligentes SAUren jabetzakoa azken hori).

8.–Jendaurreko bigarren aldia.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat etorriz, jendaurrean jarri zen "Lamparilla" eta "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoen ebakuazio azpiegitura aldatzen zuen dokumentazioa, iragarkia argitaratuz 2023ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 14koan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean ere.

9.–Kontsulten bigarren izapidea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluekin bat etorriz, 2023ko otsailaren 13an kontsulta egin zitzaien Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuari jarraikiz, kontsulta egin zitzaion Lodosako Udalari ere.

Egun berean, "Lamparilla" eta "Alba Renova C1" instalazio fotovoltaikoen lurpeko ebakuazio linearen proiektuaren separatak izapidetu ziren, txostena eskatuz Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Eólica Lodosa SLri.

10.–Jasotako txosten eta alegazioak (jendaurreko bigarren aldia).

Txosten eta alegazio hauek jaso ziren:

–Txostenak:

  • 2 bis txostena.–Lodosako Udala.
  • 3 bis txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.
  • 4. txostena.–Eólica Lodosa SL.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Alegazioak: ez zen alegaziorik jaso.

11.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko txostenak eta alegazioak bidali zizkion Solar Fotovoltaica Navarra SLri, 2023ko martxoaren 30ean.

12.–Ingurumen inpaktuaren txostena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluarekin bat, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena eman zen. Haren arabera, Lodosa C1 eta Lodosa Lamparilla eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuek "ez dute eragin adierazgarririk izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, eta, beraz, ez dute ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren beharrik". Baldintza hauek ezarri ziren, besteak beste:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Lurraren topografiak moduluen ezarpena errazten du, eta ez da eginen eremuaren inongo aldaketa topografikorik, edo oso txikiak izanen dira. Obra zibilaren lur mugimenduak obraren sarbideak prestatzeko behar direnak bakarrik izanen dira; lurzorua soiltzea, sasi garbitzea, eta landare-lurrak kendu, bildu eta ondoren berriz jartzea; azpiestazioa, moduluak eta ebakuazioko egiturak zimentatzeko indusketak; barne bideak; zangak ireki eta ixtea eta ingurua hesitzea.

–Ebakuazioko goi tentsioko linearen lur azpiko kondukzioa han dauden bideen ondotik eramanen da, eta obra bukatuta bideak leheneratuko dira, haien baliagarritasuna erabat berreskuratzeko. La Tejería erreka zeharkatzeko lanak udan eginen dira, eta saihestuko da materialak, hormigoia edo solidoak ur-ibilgura eramatea.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

Geroago, 2022ko maiatzaren 5ean, Ingurumen Eraginaren Atalak flora mehatxatuari buruzko txostena eman zuen. Bertan "sustatzaileari eta organo substantiboari jakinarazten zaie Narcissus dubius landare espezie katalogatua badela eguzki parke fotovoltaikoa ezarri nahi den inguruan". Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren Lizarra Hegoaldeko Barrutiak ofizioz egindako ikuskapenaren akta erantsi zen, detektatutako populazioen kokapena azaltzen zuena, eta proiektua gauzatzekotan hartu beharreko neurriak azaldu ziren.

13.–Lurzoru urbanizaezineko baimena.

2022ko urtarrilaren 26an, Solar Fotovoltaica Navarra SLk lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatu zuen. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera hori Lurraldearen Antolamenduaren Atalari helarazi zion.

2022ko maiatzaren 10ean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0001-OT02-2022-000065 errekerimendua eman zuen, eta sustatzaileak 2022ko abuztuaren 4an erantzun zion.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 17ko 153E/2023 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak egiteko baimena eman zen proiekturako.

14.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko proposamena.

Espedientean egiaztaturik dago Solar Fotovoltaica Navarra SLk baduela lege gaitasuna, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa.

Era berean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, Solar Fotovoltaica Navarra SLk banaketa sarearen kudeatzailearen baimena du sareratzeko eta konexioa egiteko.

Espedientean dagoen dokumentazio guztia aintzat hartuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan adierazitakoaren arabera informatu du.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea, Solar Fotovoltaica Navarra SLk eskatu dituenak.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Solar Fotovoltaica Navarra SLri aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko 7,3 MW-eko (8,18 MWp) "Lamparilla" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Lodosako udal mugartean. Baimena ematen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 17ko 153E/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Aurkeztutako proiektuak onestea, alegia, "Lamparilla eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektua", Aitor Rodríguez Centenok sinatua; "20 MVAko Alba Renova izeneko 66/20 kV transformazio azpiestazio berriaren proiektua", David Remírez de Ganuza Satrusteguik sinatua, eta "66 kV-eko goi tentsioko lurpeko linearen proiektua Alba Renova C1 eta Lamparilla parke fotovoltaikoetatik energia ateratzeko", David Remírez de Ganuza Satrusteguik sinatua; eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematea obrak egiteko.

3. Instalazioak aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra amaierako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian adierazitako gainerako dokumentazioa ere.

5. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Solar Fotovoltaica Navarra SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Sustrai Erakuntza fundazioari, Gurelur elkarteari, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari, Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteari eta Eólica Lodosa SLri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Lodosako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 18an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Kontsulten izapideen eta jendaurreko aldien ondorioz jaso diren txostenak behean ageri dira zerrendatuta eta laburbilduta:

1. txostena.–Lurraldearen Antolamendua.

2021eko ekainaren 15ean, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2021-000061 txostena eman zuen.

2. eta 2 bis txostenak.–Lodosako Udala.

Lodosako Udalak bere bi txostenetan adierazi du proiektua bateragarria dela indarrean dagoen hirigintza planeamenduarekin. Hirigintzaren ikuspegitik, lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak dira eta, haiek ezarri ahal izateko, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) 117. artikuluan ezarritako prozedura bete beharko da.

3. eta 3 bis txostena.–Ingurumen Eraginaren Atala.

Atal horrek bere bi txostenetan hau adierazi du: "Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, jakinarazten dizut ez dagoela ukipenik Ondare Arkitektonikoaren Atal honen eskumeneko arloan".

4. txostena.–Eólica Lodosa SL.

Eólica Lodosa SLk honako hau adierazi du 2023ko martxoaren 17an eta 21ean aurkeztutako idazkietan:

1. Eguzki instalazio fotovoltaikoaren ezarpena, haize-parkeari dagokionez:

La Lomba haize-parkearen eta aurkeztutako proiektuen arteko hurbiltasuna dela-eta, ulertezina da Eólica Lodosa SLri lehenago jakinarazi ez izana.

2. Eólica Lodosak etorkizunean hobetzeko eta garatzeko dituen aukeren gaineko ukipena.

Proiektatutako azpiegiturek La Lomba haize-parkearen hibridazio proiektuak egiteko aukera kenduko liokete Eólica Lodosa SLri. Era berean, Eólica Lodosa SLren instalazioa birpotentziatzeko aukerak galduko lirateke.

3. La Lomba haize-parkearen ebakuazio azpiegituraren gaineko ukipena.

"Lamparilla" eta "Alba Renova C1" eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetako ebakuazio lineari dagokionez, ez dirudi zentzuzkoa bietarako trazadura bera aukeratzeak non eta lehendik dagoen azpiegitura baten (La Lomba haize-parkearen ebakuazio linea) trazaduraren gain-gainean. Beste alde batetik, separatan irudikatutako lurpeko ebakuazio linearen trazadura ez dator bat egun ustiatzen ari den lurpeko ebakuazio linearen trazaduraren errealitatearekin.

Hori guztia dela eta, Eólica Lodosa SLk hau ondorioztatzen du:

–Bateraezintzat jotzen du "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak baimentzea proposatu den kokalekuan. Era berean bateraezintzat jotzen du sustatzaileak bere instalazio fotovoltaikoaren energia ateratzeko diseinatu duen trazadura baimentzea, bai eta "Lodosa" transformazio azpiestazio banatzailearekin konektatzeko proposatutako lotura ere.

Aurkeztutako planteamenduak arazo larriak sortzen ditu haize-parkearen funtzionamenduan, arrisku nabarmena pertsonentzat, eta gatazka nabarmena instalazioek matxurak edo kalteak izanez gero.

Otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuko ITC LAT-07 jarraibidean ("Aireko lineak eroale biluziekin") ezarritako irizpide orokorraren arabera, instalazio fotovoltaiko berriak ezin dira kokatu haize-sorgailu bakoitzaren oinarritik 122 metrora baino hurbilago.

Horregatik guztiagatik, Eólica Lodosa SLk organo eskudunari eskatzen dio ez dezala baimenik eman aurkeztutako proiektuen araberako instalazioetarako, eta beste kokaleku eta trazadura batzuk aurkezteko eska diezaiola Solar Fotovoltaica Navarra SLri.

–Solar Fotovoltaica Navarra SLk proposatutako instalazioak baimentzen badira, Eólica Lodosa SLk dio eskubidea izanen duela egokitzat jotzen dituen legezko akzio guztiak baliatzeko eta Fotovoltaica Navarra SLri era guztietako erantzukizunak eskatzeko instalazioen hurbiltasunak istripuren bat eragiten badu, eta mozkin galeraren ondoriozko kostu guztiak Solar Fotovoltaica Navarra SLri jasanaraziko zaizkiola, Eólica Lodosa SLk egindako kuantifikazio egokienaren arabera, ekoizpenaren eta jatorri-bermeen galeragatik, ekoizpen aurreikuspenaren desbideratzeengatik, instalazioak geldialdian izandako kostu finkoengatik, lanesku propioaren (edo azpikontratatuaren) kostuengatik, kudeaketa lanengatik, aseguruengatik, geldialdi luzeen ondorioz enpresaren irudia hondatzeagatik, geldialdiaren ondoko abiatze kostuengatik edo aipatu instalazioak eragindako beste edozein ondoriorengatik.

Erantzuna:

Proiektatutako 66 kV-eko lurpeko lineak lehendik dagoen La Lomba haize-parkearen ebakuazio azpiegituraren gaineko ukipena sor dezakeela eta, sustatzaileak adierazi du bidearen zabalera nahikoa dela egungo linea eta proiektatutako linea hartzeko. Otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuko ITC-LAT 06 jarraibidean ezarritako segurtasun distantziak beteko dira; hain zuzen ere, 5. kapituluan ("Gurutzatzeak, hurbiltasunak eta paralelismoak") ezarritakoak.

Instalazio fotovoltaikoei buruz egindako gainerako alegazioei dagokienez, sustatzaileak honako hau adierazi du:

–Ingurumena zaintzeko planak ezartzen du haize-sorgailu bakoitzaren prospekzio eremua biribila izanen dela. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino % 10 handiagoa izanen da gutxienez. Sustatzailearen arabera, La Lomba haize-parkeko haize-sorgailuen errotorea 82 metrokoa da (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dituen datuen arabera, txikiagoa da), eta, beraz, ingurumena zaintzeko planak prospekzio eremuaren 45 m-ko erradioa eskatzen du. Sustatzaileak plano bat erantsi du non bai instalazio fotovoltaikoa bai haren inguruko hesia 1. eta 2. haize-sorgailuen inguruko 45 m erradioko eremutik kanpo dauden.

–Otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuko ITC-LAT 07 jarraibideak dioenez, eroale biluziak dituzten aireko linea elektrikoen segurtasunagatik, ezin da haize-sorgailu berririk instalatu honela definitutako lur zerrendan: haize-sorgailu bakoitzaren hegalen zortasun eremua gehi haize-sorgailuaren guztizko altuera, hegala barne, gehi 10 metro. Sustatzaileak argitu du inondik ere ezin direla eroale biluziko aireko linea elektrikotzat jo plaka fotovoltaikoak, haien egiturak edo hesiak, eta horregatik ITC-LAT 07 jarraibidea ez dela aplikatzekoa.

–Sustatzailearen arabera, egungo haize-sorgailuen eta etorkizuneko parke fotovoltaikoko hesiaren artean geldituko den ustiapeneko maniobra eremua nahikoa da Eólica Lodosa SLren txostenean adierazitako maniobrak egiteko. Haize-sorgailuetarako sarbidea haietatik iparralderago dago, eta parke fotovoltaikoa hegoaldean dago.

–Eólica Lodosa SLk hobetzeko eta garatzeko dituen aukeren gaineko eraginari dagokionez, ez da bidezkoa oraindik tramitatu gabe dagoen balizko hibridazio edo birpotentziazio proiektu baten gaineko eragina ebaluatzea.

II. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Kontsulten izapideen eta jendaurreko aldien ondorioz jaso diren alegazioak behean ageri dira zerrendatuta eta laburbilduta:

1. alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioa.

Sustrai Erakuntza fundazioak honako hau adierazi du 2021eko apirilaren 30eko alegazioetan: "Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa saihestu nahian, proiektua bi proiektutan zatitu da modu artifizialean eta ez da aipatu kontserbazio bereziko eremu batean duen eragina".

Erantzuna: sustatzaileak adierazi duenez, "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" proiektuak ez daude bitan zatituta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa saihesteko, baizik eta urte desberdinetan egin zirelako sareratze eta konexio baimenen espedienteak (sareratze eta konexio baimena 2019ko ekainean eman zen "Alba Renova C1" proiekturako eta 2020ko urtarrilean "Lamparilla" proiekturako).

Espedientean ingumen inpaktuaren azterketa jaso zen, legeria indardunak eskatzen duen bezala, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio erraztua egin da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin.

Aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketan eremu guztietako ingurumen ondorioak aztertu ziren, kontserbazio bereziko eremuak barne.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen inpaktuaren txostena eman zen "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" proiektuetarako.

2. alegazioa.–Gurelur.

Gurelur elkarteak honako hau dio 2021eko maiatzaren 4ko alegazioetan: "Ez dago proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egiten duen dokumenturik, eta, beraz, proiektua ezetsi egin behar da".

Erantzuna: espedientean ingumen inpaktuaren azterketa jaso zen, legeria indardunak eskatzen duen bezala, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio erraztua egin da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen inpaktuaren txostena eman zen "Alba Renova C1" eta "Lamparilla" proiektuetarako.

3. alegazioa.–Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, eta 4. alegazioa, Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartea.

Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz-Ekologistak Martxan elkarteetatik 2021eko maiatzaren 5ean jasotako alegazioak berdin-berdinak dira, eta sei zati dituzte. Lehenbiziko hirurak jendaurrean dauden energia berriztagarriko proiektu guztiez ari dira, eta azterketa orokorra egiten dute (Nafarroako energia egoera, proiektuen inpaktuak eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko ekarpena); laugarrenak proiektatutako "Alba Renova C1" eguzki instalazio fotovoltaikoa du aztergai; bosgarrenak ordezko aukerak azaltzen ditu; eta azkenik, seigarrenean Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen aldaketa eskatzen da.

Erantzuna: proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Era berean, adierazi behar da 2030erako Nafarroako Energia Planak aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat.

Ingurumenaren arloko kontuak aintzat hartu dira Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 130E/2022 Ebazpena ematerakoan. Ebazpen horren bidez aldeko ingurumen inpaktuaren txostena egin zen.

Iragarkiaren kodea: F2306095