95. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

61E/2023 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaizkien dirulaguntzen 2023ko deialdia onesten duena, zeinak Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera banatzen baitira. DDBN identifikazioa: 687333.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduaren bidez, sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezarri zen, zeinak Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera banatzen baitira.

Ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Agindu horren lehen xedapen gehigarriak ezartzen du horrelako dirulaguntzen deialdia urtero onetsiko dela, lanaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpenaren bidez.

Bestalde, adierazi behar da dirulaguntza hori Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 239 laguntza-zenbakiarekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz

EBAZTEN DUT:

1. Sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaizkien dirulaguntzen 2023ko deialdia onestea, zeinak Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera banatuko baitira.

2. 2.200.000 euroko gastua baimentzea deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2023ko gastu-aurrekontuko "Sindikatuei ordezkari kopuruaren arabera egindako transferentziak" izeneko 810012 81500 4819 494108 partidaren kargura.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak telematika bidez jaso nahi direla. Horretarako, eskatzaileek gaitutako helbide elektroniko bakarra izan beharko dute (DEHu delakoa).

Eskatzaileek gaitutako helbide elektroniko bakarrik ez badute, Administrazioak ofizioz sortuko die bat eta han jasoko dituzte jakinarazpen guztiak.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Urteko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

4. Gastu diruz lagungarriak egiteko aldia 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartekoa izanen da. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Zerga-tratamendu hori dagokion ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

5. Nafarroako enpresetan eta administrazio publikoetan ordezkarien %10 edo gehiago lortu duten sindikatuek dirulaguntzaren konturako ordainketa eskatzen ahal dute 2023ko ekainaren 30a baino lehen, 2022ko abenduaren 1etik 2023ko maiatzaren 30era arte egindako jarduera sindikalagatik. Horretarako, aldi horretan egindako jarduera baloratzen duen memoria aurkeztu beharko dute eskaerarekin batera.

6. 20.000 euroko dirulaguntza edo handiagoa jasotzen duten sindikatuek Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduaren 7. artikuluan aipatutako azalpen-memoria aurkeztu beharko dute, gastuen azken justifikazioarekin batera.

7. Aurreko ataletan arautu ez diren gaietarako, Garapen Ekonomikorako kontseilariak ekainaren 16an emandako 26E/2017 Foru Aginduan xedatutako oinarri arautzaileek arautuko dute deialdia.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 11n.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2305852