95. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

125/2023 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, arauak ematen dituena 2023ko maiatzaren 28an udaletarako, kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako eginen diren hauteskundeetan, egun horretan jairik ez duten besteren konturako langileek errazago izan dezaten botoa emateko duten eskubidea erabiltzea.

Nafarroako Foru Komunitateko presidentearen apirilaren 3ko 3/2023 Foru Dekretuaren, apirilaren 3ko 207/2023 Errege Dekretuaren eta martxoaren 34/2023 Foru Dekretuaren bidez, hurrenez hurren, hauteskundeetarako deialdiak egin dira Nafarroako Parlamenturako, udaletarako eta kontzejuetarako; 2023ko maiatzaren 28an eginen baitira. Horiek horrela, Hauteskunde Prozesuen Arau Osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezko da egun horietan asteko atsedenaldirik ez duten langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Honako arau hauek ematea udaletarako, kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak eginen diren egunean, 2023ko maiatzaren 28an, asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten:

1. Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2023ko maiatzaren 28an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko, norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izan dezan, alegia, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita dagoena. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpide berberak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.

Kasu horietan guztietan, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileen kasuan, beren lanaldia ohikoa baino laburragoa baldin bada, baimenaren iraupena murriztuko da langileak duen lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera.

Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak banatzea egunean zehar.

2. Hauteskunde-mahaietako buru edo kide, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.

Hauteskunde-mahaietako buru edo kide diren langileek, baita artekari daudenek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Atal horretan aipaturiko langileek lan egin beharra baldin badute hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan, enpresak, interesdunak eskatuta, txanda aldatu beharko die, hauteskunde-egunaren aurreko gauean atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.

3. Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, botoa eman izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko apirilaren 11n.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2305746